www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
Bas-herrietako zoriona

 

        Bozkak iragan ziren beraz herrian, deskantsurik ederrenean.

        Igande arrats hartan halere, kataska-biderik ez hartzeko nehorenganik, Piarres, bertze aldietan ere baino goizago itzulia zen etxera.

        Etxe hura egundaino baino maiteago zuen. Maitasun bero bero horrekin, loria bat heldu zitzaion beraz, ilhun-nabar hartan. Gau bat ederra zen. Gora bazoan ilhargia, urdin urdina egiten zuela zerua, xuri xuria kanpo guzia. Uso ilhunak laster iragan behar ziren bide zabalean, Jon Doni Jakoberen izarrak eta bertzeak, milaka eta milaka, dir dir, argi argia ezagun ziren, lurrari keinuka.

        Inthari gora, kantuz heldu zen Piarres:

 

                Zein den eder, arratsean.

                Izar ante garbia,

                Ipharretik agertzean

                Mariñelen argia!

                Bai, handizki eder dago

                Zeru-zola handia...

 

        Jenderik othe da izar pullit hetan? Arimak harat joaiten othe dira, beren gorphutzak uztean, hegaldaka? Eta arima hek, suz eta argiz eginikako untzi handi hetan ibilki othe dira, gain hatan, zeruko itsaso urdinean?...

        Eta, ibar muthurrean gelditurik, bultatto bat beha egon zitzaioten Piarres. Mila harrabots heldu zitzaizkon herritik, oihanetik, urruneko uhaitzetik, itsasotik beretik. Behi-zain oraino tenore hartan, gizon gazte bat kantu errepiketan ari zen, han nonbeit, ipular batean. Zeru gain hetan, aldiz, deus ez zen mogitzen, urhezko izarrez bertzerik. Eta bethi bezala, ttiki, biziki ttiki kausitu zuen Piarresek bere burua, holako gauzak egin dituen Jainko handiaren aintzinean. Ezen, ederki sumatzen zuen tenore hartan, uhartzeak... lurra bezala, Jainko horrek alde orotarik inguratzen zuela... gizona...

        Berriz begiak beheititu zituelarik, gaineko argi eztiak xoratu pitta bat balu bezala, deus ez zezaken lehenik ikus muthil gazteak alde aldeko gauzetarik. Halako ikare goxo batek inharrosi bezala zuen zangoetarik eta kaskoraino. Gauazko har xuri bati sasi batean oharturik, zonbeit urhats egin zituen; eta, ilhunbeari berriz begiak trebaturik, hurbil hurbila, han zuen, aintzinean, Oihanaldea, bere etxe maitea. Eta ilhuntxe hezean, bertze aldietan ere baino beroagoa iduritu zitzaion.

        Zonbeit aste lehenago, burrunbaka zabilan erle-ume bati oihanean oharturik, hosto, xixtapur eta harri kixkolak ahutaraka aintzinera arthiki ziozkan Piarresek, oihurik amultsuena ere ba: Bil Maria, Bil Maria! Eta, erle-umea finkatu zen haitz-ondoari, bi haizkora ukaldiz, kurutze bat egin zion berehala. Erle-umea harena zen handik harat, nehor sekulan ez baitzen erle-pilotari atrebituko herrian, eta, norbeit atrebitzekotz, segur hilen baitzitzaizkon hari erle maiteak. Kofoin bat ederra ekarri zioten gero Piarresek eta haitz-ondoari hurbil hurbila eman. Eta erle gaixoak pulliki sartu ziren kofoinean, xoriak beren ohantzean bezala, osoki berehala etxekotuak, kofoinetik loreetara, loreetarik kofoinera xaflaka hegaldatuak, beren lan zinez eztiari kuxean emanak.

        Eta, han, Oihanaldeari hurbil, gogoratu zitzaion Piarresi, erle-ume hura kofoinera baino maitekiago bazoazila hek beren etxera. Ihes-leku hoberik ez zuten nahi, ez herrian zaudenek, ez eta ere herritik urrun, itsasoz itsaso, Ameriketarat egun batez joan zirenek, noizpeit oraino harat bererat berriz itzultzekotan. Hilak berak han gaindi ibilki ziren, biziek zonbeit aldiz sumatzen bezala baitzituzten, ohiko tokietarat ixil ixila jinak; nehor sekulan izitu gabe, hainbertze maite izan zituztenen laguntzera berriz ethorriak... Eta sukalde beroan sartu zen Piarres, gogoeta goxo horiek bihotzean.

 

* * *

 

        Biharamun goizean, eta goiz guziez hala hala, ez zen ttikiagoa Piarresen zoriona, artizarra iguzkiak histen zuen tenorean, Hergaraiko kaskoan iguzki hura zelarik jalitzen. Argi-zirrintak bere lehen musu goxoaz jotzen zuen Oihanaldea, etxea bere itzalaz gerizatzen zuen eltzaur-ondoari dir-diran emaiten ziozkala hostoak. Sorroa, dena su, urheztatzen zen beherala, zilarreztatzen aldiz berho-sasietako ihintza, baratzeko irmi-armu sare pullitak.

        Begiek, ikus ahala urrun, bazuten zertaz ase, herriraino lehenik, mendi handietaraino gero. Eta Larrune, Peña-Plata, Ibanteli, Hartzamendi, Mundarrain aita-alabak, orenetik orenera zeruarekin mudatuak agertzen zitzaizkon, ostixoan baino ere orai ederrago. Eta mendi heien artean, zelaiik ederrena, iguzkiaren argi, su eta indar guziak, hedoietako lanho eta uriak bildu behar zituen untzi handi bat erranen baitzen, Oihanaldeko gainetarik behatu eta. Eta gauza horiek oro, beren buruak indarka altxatuz eta goratuz, Jainkoarenganat gaki guziak!

        Bai, goxo zitzaion Piarresi, heien guzien erdian hura bizi baitzen; eta ez zitzaion gogoratzen ere, halako kofoin maitetik, erle-umea bezala athera zitekela sekulan. Haurrideek berek egun guziez gehiago josiko zuten etxeari, eskualdun garbiak egiazki zirelakotz, eta eskualdun garbiek etxeei lehen emaiten dutelakotz bethi, etxe hura, zatikaturik, auzoko edo urrungo arranoeri utzi gabe behinere.

        Hazteko behar zituenak oro han zituzkeen bethi, hel menean, eskupean, Jainkoaren ahurretik jali bezala, garbi eta argi. Eskualdun hats on eta nasaia harturen zuen bethi Oihanaldean; eta hiritar hetika dohakabeeri, diruaren puntan baizik ez diren jan-edan nahastekatuekin, utziko zioten beren hirietako hats erhaustatua, zerurik eta izarrik ez balitz bezala bizi diren etxe mehar ilhunetan. Zer ziren hiritar heien, atseginak deitzen dituzten harat-hunat guziak, bere mendiaren kaskoan zituen zorionen aldean, pilota partida eder baten beraren aldian, herri gauza lekuko, han hura agertzen zenean?

        Hirian, hala da, beribil, ximixt-argi, aireko xori eta gizonen bertze asmu asko kausi ziteken, herrian guti halakorik izaten baitzuen muthil gazteak. Bainan horiek oro nahiz ez ziren heldu debruaren oldetik, nahiz Jainkoaren nahitik atheraiak ere ziren edo bederen haren baimenetik, horietaz orotaz ez othe zen Etsaia baliatzen? Horiek orok, bere lurretik, bere aztura on guzietarik kanpo, erroz gora, gizona ez othe dute emaiten? Gizonak, hola, ez duke ez astirik, ez tokirik, Jainkoak harentzat zadukan biziaz bizitzeko, arbasoak lehenago zoriontsu egin dituzten gauza beren, hek bezala, sumatzeko, aditzeko eta maitatzeko. Aberatsago diteke behar bada jendea, ez ordean dohatsuago; eta gauza gutiagorekin biziki, zorion handiagoaren jabe zen lehenagoko jendea. Sukar gehiago egungo egunean, ez ordean gozo gehiago. Jendea arinago bakarrik.

        Eta horiek guziak hola, bizi hau bardin dorpe gelditua; dorpeago ere ez balin bazen bilakatua. Lur huntako bizi-pidea, ohiko nigar-bideen pean, ozke berean egoki bethi; jendeak bakarrik mudatuak, urriago sortuak, zonbeit urthez doi doia, bizi, bethi zainetan; eta gero, hain laster ehortziak! Intha hertsieri gora orgetan, edo bide-xendra meharretan oinez, gizonak ez othe zoazin maltsokiago heriotzeari buruz, ezen ez orai beribil edo pirripitetan, eta ixtantean aireko xori-burdinazkoetan? Fur-furian orori behaturik, deus ikusi edo egiazki maitatu gabe ez othe doazi gizon horiek, parrapatakan eta —lasterka hek ere— heldu diren bertze batzueri toki egiteko? Biziaren bihurgune guzietan iduri baitu, zinez eta egiazki, herioa han dagola, beren oldez hari buruz lehenago baino zaluago heldu zaizkon guzien iresteko!...

        Ororen buruan, honbertze harat-hunat, honbertze inguru, holako sukarra, ez othe dira zorionari bizkarrez ilzultzeko? Eta lur-gain huntan izan diteken zorion pitta ez othe du hobeki beretzen, bere mendi-kasko eta ibarmuthurretan edo oraino aran-xiloetan, athorra mahunketan izerditzen den artzain edo laborari eskualdunak, eskalapoinetan maizenik baitabila, maltsokiago heriotzeari buruz joaiteko bezala?

        Pairatuko zuen harek ere zonbeit aldiz, lurrik ederrena lur bethi gelditzen delakotz, hedoiik gabeko egunik nehorentzat ez delakotz zeruan baizik. Bainan, hirietan baino Jainkoari hurbilago biziko ere delakotz, Jainko hoi maitatuko du pairamen hetan beretan; badaki ezen, lurra hola maitatuz, eta hola bakarrik, doakela egun batez zerura.

        Eta gero, pairamen horien aldean, aiphatu zorion handiez kanpo, bertzerik ere ez othe dauka Jainkoak harentzat? Jainko on horrek begirltzen balio, bihotz zola zolan berak ongi dakien maite bat paregabekoa?... Hirietako panpina guziak ez othe ditu balioko, Oihanaldeari hurbil hurbila, egun oroz gehiago zabalduz heldu den pinpirina garbiak? Lurrezko eltzerik urrun urrun bilhatu gabe, alde aldean, Lizartzako Goaña ez othe da harek behar duen eltze urhezkoa?... Ama-Birjinaren soin-xuri pullit hartan ez othe du, bere ondoan, mahain Sainduaren aintzinean, meza beraren entzuten, egun batez ikusiko?...

        Bainan, zer?... Badu asti oraino! Hogoita lau urthe ez ditu! Badu zorion, badu gozo, bihotzaren bethe. Egunean egunekoa gozaturen du anhartean, eta geroa emanen du guzi guzia Jainko onaren eskuetan.

 

* * *

 

        Bai, Piarres, molde berrieri neurriz ohartuko zitzaiotelarik, bere hartan bethi egonen zen bizkitartean, aitaren, aitaxoren, lehenagoko aitaxo guzien ozkean. Eta ez zitzaion batere idurituko bertzeak baino gutiago zitekela, hola jokatuz. Guzien buruan, nornahik bezenbat zorion beretuko zuen hemen berean, eta nehortaz ez zuen zeren bekaizti. Eta gero, bizi-molde hainitz eta hainitz mende huntan izanagatik, gure onetan guziek bildu behar dugun hel-burua... bardina gelditzen bethi, eta buru hortarik beraz, gizonak oro bardinak izaki!

        Oihanaldean sortua, Oihanaldean biziko zen beraz eta Oihanaldean hilen, Jainkoak nahiko zuelarik. Hiritarreri bereri baliatuko zitzaioten bas-herrietan hola, xinhaurriak iduri, gelditu baitziren hura bezalako hainitz; ezen, zorigaitz hiriari, lan-sari handiaren gose eta egarriz, bas-herritarrak oro, edo gehienak, hiri hartara jautsiko direlarik! Harenak egin du egun hartan; eta noizpeit beraz, goseta ez jitekotz, noizpeit, beharko du hiritarrak berak bere lehenagoko mendi-alhorretarat itzuli.

        Oihanaldean bethi hola gelditzen, elizaren, etxearen eta hilherrien gainean bermatuko da.

        Elizan, Jainkoa aurkituko du bethi jainkozko indarrekin, zeruko Amaren laguntza amultsuarekin, arbasoen hats eta erakaspenekin.

        Etxean, bere aitaren eta amaren aldean, Oihanaldeko nausi ohi guzien on-bideak hartuko zituen, etxe hura hazkar bethi begiratu zuten on-bideak oro. Bere aitari behatzera askiko zuen, errege amultsu, errege oso, egun batez hura bezala izaiteko.

        Eliz hilherrietan gero hazkartuko zen, nahiz ez ziren gehiago hilherri baizik, Jainkoar ekarria zaion herrak eta bertze bizitze baten beldurrak elizaren aldetik urrundu dituelakotz, bi mila arima bederen dituzten herrietan. Lurpean usteldu hilak galbide omen ziren bizientzat; usteldura handiagorik ez balitz bezala etxeetan beretan, eta non nahi kanpoetan! Eskualdunak, herraren orde, maitetasuna du Jainkoarentzat; eskualdunak, jainkozko gauzeri maiz behatzen ere diotelakotz, ez du heriotzearen beldurrik. Heriotzearen ez ikusteko begien hesteak ez dio fedegabe xoroari mugarik gibelatzen; heriotzaren ikusteko begien idekitzeak ez dio hala hala muga hoi hurbilago nehori emaiten. Begiak ideki ditu beraz eskualdunak. Kaskoz jokatu da bethi. Ikusi du; gisa hartara moldatu ere du bere bizia. Eta horra zertako izan den eta bethi izanen den egiazki fededun: beldurrik gabe zeren dion behatzen herioari... Guzia hortan datza fededun eskualduna.

        Piarresek behatuko dio beraz, beldurrik gabe, Oihanaldeko hil-hobiari, eta hobi hartan ephe labur batentzat ihartu eta erhaustu eskualdun garbiez orhoiturik, hek bezala higatuko da... Oihanaldean.

 

aurrekoa hurrengoa