Santa Engrazi
Junes Casenave

2006

 

 

11. jelkaldia

 

Jeiki Bonifazio, Joanes, Paule, Petiri, Modesto, Laurentx,
Primitibo, Lupertze, esküin; Daziano, Turibio,
Alfonso,
Onesimo, Adriano, Marzelo, Katulo, Kupertino exker

 

         Daziano

Ene güdülari honak,

egün joaldi berri bat

Orano hasiko dügü:

üken güziek albidat.

 

         Turibio

Zure zerbütxari haütü

gütüzü gü betidanik;

Egürükitzen dizügü

erabaki zureganik.

 

         Bonifazio

Ez dizügü, kirixtiek,

sekülan gaixkirik egin.

Ezagütüko dügüa

bizian bakerik behin?

 

         Alfonso

To! To! Entzüten diagü;

oi! Hire bürüazpia!

Uste düka gure goitzea?

ükenen dük erauntsia.

 

         Joanes

Züen alteko dütüzüe

mehatsü eta indarrak;

Gük, aldiz, horien kontre

biltzen bihotzeko karrak.

 

         Onesimo

Ixilik ago, ezdeüsa,

eta hortxe egon ttatit;

Hitz ederrek ez gitie

gibelaraziko etxit.

 

         Paule

Halere jakin behar dük

nahi dügüla batarzüna,

Gure bizitzeko orotan

ezarteko maitarzüna.

 

         Petiri

Maitarzün hori, bestalde,

ez diagü zokoalatzen,

Bena bai beti zabaltzen

eta etsaiak maitatzen.

 

         Adriano

Hau diagü hau, pittoliata,

guri bürüz arrazua!

Zer menskeriak dütük hor:

ixil ezak arraprua!

 

         Modesto

Ez dütük ez ele hütsak

hor erraiten dütügünak.

Horien bidez ditiagü

gük hasperritzen gure egünak.

 

         Marzelo

Bai, segür, entzüten haigü:

horik dütük hitz ederrak!

Bena gure herrietan

irauzten ditie bazterrak.

 

         Laurentx

Taigabe züer deizüegü

eskatzen libertatea!

Zeren eta hori gabe

ez dük ükenen bakea.

 

         Katulo

Hau diagü hau entzüten:

orano libertatea!

Lehen lehenik zerbütxa

gure enperadorea.

 

         Daziano

Arren, haren izenean,

eman gogorki gizonak!

Horien hobekiago,

traukatzeko, elk azkonak.

 

Güdüka egin. Gorri bat eho. Kirixti bat eho, besteak zauritürik.
Oro joan; gorriek zauritüak eraman. Satanek gorri hila ziloalat.
Kirixtiek hila karkanoetan eraman.

 

Santa Engrazi
Junes Casenave

2006