www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki-lan guztiak
Alejandro Tapia Perurena
1925-1956

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

Iturria: Olerki-lanak, Alexander Tapia Perurena (Joxemiel Bidadorren edizioa). Iruñeko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

AZKATASUN
 

                «Wer reitet so spät durch Nacht und Wind?»

                        GOETHE, Der Erlköning

 

Egun batean itun nengoan,

Itun sarritan bezala;

Ta alaitzearren nere biotza

Uxatzen odei zitala.

 

Etxea utzirik baso itzaltsurontz

Arin abiatu nintzan.

Suzko odeietan euzki epela

Mendi ostean sartzen zan.

 

Urrats ariñaz ta gelditzeka

Gero igo nintzan goi-gora,

Gailurretatik laister berriro

Jausteko, nork daki nora?

 

Pozarik, baña, ez nun arkitzen.

Itun, artege, oldozkor,

Ustekabetan idoro nintzan

Basoz nendilela atsalkor.

 

Zabal-zabala zan baso ura;

Zabal bezin itzaltsua.

Sasi-artean eta ilunpetan

Nenbilen arras galdua.

 

Orduko gaua etorria zan;

Ta bere musu zurbilez,

Agertzen ai zan geldi-emeki

Ilargia, mendi-gañez.

 

Bere argia, zilar motots lez,

Jausten zan goitik lurrera,

Ostai-artetik nekez igaroz,

Sartzen zan baso barnera.

 

Aize sendoa gero jeiki zan

Bere abotsa zoliaz,

Eta basoko zoko guziak

Bete zituan orroaz.

 

Abots latz arek bazirudien

Erraldoi-abestelia,

Batean lertzen diraden anei

Ortotsen orro larria.

 

Latzikara aundiz arras zurtua

Nentzuan oskar uzu ura

Eta arriturik nenkusan aizen

Oldar eta abiadura

 

Indar aundiaz astintzen zitun

Zugaitzen zubil sendoak.

Austen zituen adar lodiak

Sakabanatuz ostoak.

 

Jasotzen zitun goibel lodian,

Orbel ustelaz batera,

Ta irrada arinan ta txirimilka

Zeramazkien aurrera

 

Ordun, baturik indar guziak,

Oju zoli bat ein nuan:

«Aize zakar ta erraldoi orrek,

Zer bilatzen dek basuan?

 

Nai dek, agian, aritz sendo iek

Erro-errotik atera?

Zergatik ago amorratua

Zauri-dun lunan antzera?

 

Ta orro latz bat aditu nuan

Ortotsa bezin aztuna:

«Aritz-artean atzitua nauk.

Nai diat azkatasuna!»

 

Larritasun bat asi zitzaidan

Biotz erdian zizt-eiten:

Zuaitz oitatik bat balerorkit,

Arras galdua nengoen.

 

Ariñeketan atera nintzan

Iradu baso artatik.

Ta aize zakarrak zerraien beti

Orroka zuaitz azpitik.

 

Ilargi eder-zuri-aratzak

Dir-dir eiten zun ortzean

Nere laisterra jarraitu nuan

Basoa utzirik atzean.

 

Mendi egalez jexten nintzala,

Dantzut zarata gogorra.

Nere oinetan edatzen dakust

Amil ilun-zemakorra.

 

Nere laisterra jarraitzen det, ta

Jautsi amilondoraino

Ilargiaren argi naroa

Ez zan barrentzen araino.

 

Bainan ikusi al nuan aisa

Urolde sumin-sumina,

Arkaitz-artean ongi ertsia

Jexten zala arin-arina.

 

Bere ur nasiak, oldar gogorraz,

Aitzeko uberkan zerorzen,

Bizkar borobil-zemagarria

Beti aunditzen ta aunditzen.

 

Aitz gogorretan eginalean

Zarrast-egiten ari zan;

Eta gaineko apar ariña

Odolezko zirudian.

 

Bazterretako adar batzuek,

Arriturik balegoz lez,

Makurtzen ziran ukitzeraino

Ur ezkaitz ura ostoez.

 

Bainan beronek adarretatik

Erauzten zitun orroka,

Laister, ordea, jaurtikitzeko

Amurruz arkaitzen aurka.

 

Uroldearen amurru arrek

Ikaratua nendukan.

Bildur-mamua buru gainean.

Zebilkidan so zibukan.

 

Zenbait tokitan uberka latza

Zabaltzen zan bat-batean;

Eta uroldea bertan asten zan

Baretzen osin batean.

 

Laister, ordea, len bezin uzu,

Len bezin zaratatsua,

Turrusta aundian zerorren berriz

Aitz-artean amildua.

 

Bere oskarra, eten gabeko

Orroa bezin larria,

Beti dirauen, akitzen ez dan

Ortots latz bati irudia.

 

Nere kemena berriz baturik,

Oju larri bat dagiot:

«Urolde ori, zergatik ago

Orren aserre?»— dasaiot.

 

Eta belaxe, amilondotik

Datorkit orro aztuna:

«Uberka ontan beti ertsia,

Lei bat det: azkatasuna!»

 

Orduko ilargi garbia zagon

Ortzalde garaienetan

Eta gauaren ezetasuna

Sartzen zan neure ezurretan.

 

Samintasun bat nere biotzan

Gelditzeka ari zan sartzen.

Urolde-ertzean itun-itunik

Gelditu nintzan gogaltzen.

 

Leize artatik, nolapait ere,

Nai izan nuan atera.

Ta lipar artan zaldi bat dakust

Zetorrela edatera.

 

Elurra bezin zuri-zuri zan;

Belarriak zut-ariñak,

Anka-me, bainan arras sendoak,

Laisterrerako eginak.

 

Urbil nintzaion eta nere eskuz

Zurda azkarki atzi nion.

Jauzi batekin bizkarran igo

Ta aztalak josi nizkion.

 

Abere urenak jauzi-ein zuan,

Tximistak joa bezala,

Ta abiatu zan; laister bizkorran,

Oldozkun lez zijoala.

 

Zuaitz sendoak irrada gaitzan

Mamuak lez zigarozen

Ta uroldearen orro iraunkorra

Ia ez nuan aditzen

 

Mendi egalez zegoen bide

Zar ta erdi atzenduan

Sartu zan sutsu nere zaldia

Bere laisterketa uzuan.

 

Lepo izerditsu-edatuari

Arras azkarki itxekia,

Ta nere eskua zurdileari

Iñal guziaz atzia,

 

Mauma tzar batek jabetua lez,

Banoa gora ta gora.

Nora ordea? Laister gaitz onek

Nora naramake, nora?

 

Odei-zerrenda baten atzean

Ezkutatu da ilargia.

Noizbeinka dantzut nere alboan

Ontzaren oju zolia.

 

Bañan zer dira zoko ilun artan

Agertzen diran txindiak?

Esan liteke aizaro-pean

So dagozkidan begiak.

 

Egiñal larri batez lortzen det

Zaldia gelderaztea,

Ta geratzen naiz ikaratua.

Zer dakust, Jainko maitea!

 

Zubil urtetsu baten zuloan

Ontza zeken bat zegoen.

Begi izkidunak zoko ilunean

Oker diztiatzen zuten.

 

Bere atzapar latz-zorrotzetan

Urretxindor bat bazuan

Ta moko okerra odol gorriaz

Zikindua ikusten nuan.

 

Txori gaxoa, minaren-minez,

Zegoen txio-txioka.

Bular txikarra zarrastatua,

Biotza ageri taupaka.

 

Zalditik jautsi ta jaurti nion

Arri bat inal guziaz;

Bainan ukitu baino len, ontza

Itzuri zitzaidan egaz.

 

Ixil-ixilik aienatu zan

Lapur jazarkatua lez,

Zulo ilunean utzirik bere

Arrapakia iltzer minez.

 

Nere eskuetan, arreta aundiaz,

Urretxindorra artu nuan.

Bere eztarriko adia ituna

Nolako minaz nentzuan!

 

Oinaz larriak dardarazten zun

Osoz bere gorpuztxoa.

Txori gaxoa! Oraindikan bein

Ideki zun mokotxoa.

 

Ta urrezko lumak inarrosi-ta

Azkeneko oldar batean,

Il zitzakidan, ura bai mina!

Nere esku oken artean.

 

Ez ongi-aldi nabari batek

Napurtzen zuan osoro

Nere izatea. Zaldi gainera

Jauzi dagiot berriro.

 

Ta berrasten det nere laisterra

Len baino erokiago.

Lauoinka doa nere zaldia

Gero ta oldarkiago.

 

Lauoinka doa nere zaldia

Bere larrua oketan

Ta lurrinezko zurruztak ziltzen

Zaizko sudur zabaletan.

 

Lauoinka doa nere zaldia

Oldozkun bezin arina,

Lur gogorrean josten duala

Bere ointoko burdina.

 

Lauoinka doa nere zaldia

Bere laisterra gogorran,

Ta apatzen oskar izugarriak

Durundi dagi aitzetan.

 

Ta ango ixiltasun agurgarrian,

Arkaitzez-arkaitz doala,

Bein ta amaika aldiz diola uste det

Lekaro artan onela:

 

«Lakemen ederra,

Zatozkit lenbailen.

Azkatu, azkatu,

Lakemen, lakemen».

 

Nere zaldia, lauoinka beti,

Abiatu zan su ta gar

Meaka baten. Ilun zegoan;

Oro zan ari ta legar.

 

Aitzinxeago, bide zakarra

Tolezten zan eskubira,

Ta ara jo zuan nere zaldiak,

Beti lauoinka goitira.

 

Ukondo ura oinaztura bat

Bezin arin igaro-ta,

Top! Bat-batean geldi zitzaidan,

Lurrean oinak josi-ta.

 

Maturra gora, lepoa zut-zut

Eta pitin bat atzera;

Anka sendoak luze-luze einta,

Arrantzezkian antzera.

 

Igige-zurrun geldi zitzaidan.

Bearrik buru jasoa;

Laister oldarrez, arkaitz zorrotzen

Aurka bestela banoa.

 

Lotu nintzaion, inal guziaz,

Amilan eror ez nendin

Bearrezkoa zan ortarako

Lepoa zut egon zedin.

 

Ura larria! Bide zakarra

Zagon tupustez moztua,

Ta oinkada bat aitzinxeage

Nenkusan amil-burua.

 

Arkaitzen karel zorrotz ta izurrak

Jexten ziran sakonera,

Gerturik beren ortz larriekin

Zerorkiena urratzera.

 

Lengo izualdi ura igaro-ta,

Begitzea zabaldurik,

Ikuskin eder ta arrigarria

Ikusi nuan gelkurik.

 

Antxe zegoen itxas larria

Arkaitz gogorren onean;

Antxe zegoen, neurge, ortzekin

Beti musuka urrunean.

 

Uste izan nuan baretasunik

Zabaltze artan bedere

Narkikeala. Ez zan, ordea,

Baretasunik an ere.

 

Ortze zabalez gau-bakalduna

Geldiki jexten zijoan.

Laister letzake, neskutz lotsor lez,

Itxasoaren alzoan.

 

Odei ludi bat urratu-ata,

Zurruztaka ixuri zuan

Bere argi ikuz-zilarrezkoa

Itxaso asaldatuan.

 

Ordun ikusi al izan nuan

Etortzen, beronen gainez,

Uinen lerroak, laister gogorran

Bazterreko aitzen aurkez.

 

Mendiak bezin zerdenak ziran

Ta arin ertzerontz zetozen,

Beren kopetan galdur zuri bat

Zeramatela irakiten.

 

Nere zaldi izuarena baino

Bizkorrago zan biziki

Beren lauoinka. Ta ozantzaren

Oskarrarekin, oldarki.

 

Amiltzen ziran arkaitz gainera

Elkar oldartzen zutela,

Luna goseti-suminarekin,

Bi mendi-lerro bezala.

 

Bainan arkaitzen ortz zorrotzetan

Erruki gabe urratuak,

Itzultzen ziran, sumin gogorraz,

Uin izugarri-uzuak.

 

Itxas-azala aienatzen zan

Une batean aparrez.

Ta nork lezake ango zarata

Itxasoaren oskarrez?

 

Erraldoi larri-zaurituaren

Ots garratza ulertu nuan.

Azkatasuna-bila zebilen,

Arresirik nai ez zuan.

 

Bainan tupustez iduritzen zait

Dardarka dagola lurra.

Goiko Jaun ona! Ezurretaino

Sartu zitzaidan bildurra.

 

Nere zalditik jauzi eginik,

Belauniko jarri nintzan;

Nere eskuekin ukitu nuan

Ta ene, bai, egia zan!

 

Eskuz ukitu dezute noizbait

Joale bat miaz joa?

Dardar arin bat eskupe edatzen

Menasta osoaz doa.

 

Alaxen, bada, oartu nintzan

Lur done aren ikaraz.

Azkatasun leiz erri oso bat

Zebilen, ene, dardaraz.

 

Azkatasuna, goiko alaba

Islatsu-garden-gardena;

Gizadiaren edergailurik

Uren, eder ta aundiena!

 

Azkatasunoi, euzki bezala

Gizon-bekoki gainean,

Argitzen dezu erlantz biziaz

Bere bidea lurrean.

 

Abere gainez jasotzen dezu

Goiko mailara gizona:

Zuregatik au izaten baita

Naiz gaizto edo naiz ona.

 

Ez zera inondik lizunkeritan

Dabilen emagaldua,

Neskutza baizik txukun-txukuna

Jantzi zuriz apaindua.

 

Gotzon garbia bezin ederra

Zure irudia ikusirik,

Gurtzen zaituzte Jainko bezala

Zure ederrez zoraturik.

 

Bainan Urtziren eskuetatik

Atera zeran ezkero,

Bere aurrean makurtu bear

Zure burua apalkiro.

 

Gizona, baiki, galdu deiteke

Zure lorratza jarraitzen:

Zure musuko argitasuna

Baidu-ta zorabiotzen.

 

Eguzkiari aurrez-aurrez so

Dagionaren antzera,

Zure irudia jarraika beti

Doakio guzitara.

 

Ordun ausarki bere kopeta

Donokira jasotzen du

Ta, gokaiztoa bezin dongea,

Arroki ots egiten du:

 

—Ez det onartzen jabetasunik;

Ni naiz neronen jabea.

Non ago, bada, goiko Urtzi ori?

Ez nauk ire mirabea!—

 

Une bateko ustekeria!

Egun batean, gaizoa!

Urtzi aurrean aurkituko da

Zerorren gogo arroa.

 

Eta azkatasun-euzki ederra

Itzaliko da betiko.

Nai izan ta ere alik ez dezu

Ordun gauz onik eiteko.

 

Azkatasunoi, goiko alaba

Eder-eder ta islatsua;

A, zenbat aldiz, gizonen grinaz,

Zakusagun lizundua!

 

Lore txukuna bezin aratza

Zeran azkatasun ori,

A, zenbat aldiz biurtzen zeran

Loietan datzan zitori!

 

Gizadiaren gaiztakeriak

Zure jantzia, ondikotz,

Zikindu zizun, ta bekokia

Lañotu ludiko lertzoz.

 

Gurutz Deunatik ixuritako

Odol garbi ta bikainak

Berriz zuritu egin zizkizun

Zure soineko apainak,

 

Ta jeiki zinan, txukun ta eder,

Argizko gotzon antzera,

Ta zure egalak zabal eginta

Bazter batetik bestera,

 

Aien gerizpe ta babesean

Apetaldu zenituan

Gizon guziok, oiloak bere

Txitoak lumatartean

 

Zaitzen ditun lez. Ta ordudanik

Oro izan ginan anaiak:

Urre-seaskan sortutakoak

Ta eskarien semiak.

 

Odol ber-beraz gizon guziok

Izan ginan erosiak

Ta egun batez goiko ateak

Zitzaizkigun idekiak.

 

Zein kazkarra dan gizadiaren

Izakera auxe, ordea,

Beti baidabil, katamotza lez,

Ezin asetuz gosea

 

Gizon guzien anaitasuna

Dengeki ostikaturik,

Erri batzuek jeikitzen dira

Bestiez jabetu nairik.

 

Odolezko ibai lazkagarria

Ludi onen edestia.

Erri arroek artan nai dute

Ito erazi txikia.

 

Urtzi Altsua, erri gaxo au

Atera zazu lenbailen

Bein jaurti zuten amiltegitik

Berriz zoruntsu izan daiten.

 

Eta entzun, i, goiko alaba,

Azkatasun bikain ori ori;

Donokitako lilitegitan

Irazandako zitori

 

Ator ire egaz Aberriaren

Bekokia laztantzera;

Ta uso zuri lez, gero oakio

Magalean ezartzera.

 

                        Euzko Olerkiak, 1932

 

aurrekoa hurrengoa