www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki-lan guztiak
Alejandro Tapia Perurena
1925-1956

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

Iturria: Olerki-lanak, Alexander Tapia Perurena (Joxemiel Bidadorren edizioa). Iruñeko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEASKA ONDOAN
 

                «Viens, nous serons heureux ensemble;

                La terre est indigne de toi»

                        REBOUL, L'ange et l'enfant

 

                1.

 

        Din, dan, boleran

        Gure aurra aserrean.

 

Elurra jauts ala ari da; zuritu da mendia.

Arditxoak sartu dira otz-otzez etxol zarran.

 

        Din, dan...

 

Aizea txistuka ari da. Ori aize zakarra!

Eraman nai ote dek, ba, ero orrek, tximinia?

 

        Din, dan...

 

Ez bildurtu: aingerua bialiko Jainkoak

Geiegi arrotzen bada, kate latzez lotzera.

 

        Din, dan...

 

Lainopean dabiltzaten itzal aiek, zer dira?

Ai ene, bai ote dira otso beltz-gosetiak?

 

        Din, dan...

 

Nik badaukat arditxo bat emen seaskatxoan

Bainau auxe jango duan atsorik, ez ludian.

 

        Din, dan...

 

Axatuko bai nioke gure Beltxa indartsua

Ta biotza zilatuko, ba-letor, izkiluaz.

 

        Din, dan...

 

Eman, neska loti orrek, suari beste enborra,

Ta, i, Beltxa itxusi orrek, utzak geldi katua.

 

        Din, dan...

 

Elurra jauts ala ari da. Au elurketa gaitza!

Txoriak jasango dute orain otz ta gosea.

 

        Din, dan...

 

Bainan ene txorinoak, ez inondik, ordea:

Len ukatuko bai diot nere aoari jana.

 

        Din, dan...

 

Aurra loak artu digu. Jango nuke musuka!

Aingerurik baldin bada, ona emen, ona bat!

 

        Din, dan...

 

 

                2.

 

Urtu zan elur zuria euzkiaren musuaz;

Ta mendiko aitz bakotxan, sortu zan iturri bat.

 

        Din, dan...

 

Bainan berriz eldu ziran ilun-ilunak

Ta asi zan elurra berriz jauts ta jauts, jautsi ala.

 

        Din, dan...

 

Eta bein aingerutxoak, elur bezin zuriak,

Sartu ziran sukaldean, amatxo lo zegola.

 

        Din, dan...

 

Ta aurtxoa eraman zuten besoetan esanaz:

«Ator beian bizitzeko, ederregi aiz eta».

 

        Dilin din, dilin dan,

        Dilin din, dalan.

        Aingerutxo onak

        Zeruran.

 

                        Eusko Olerkiak, 1931

 

aurrekoa hurrengoa