www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki-lan guztiak
Alejandro Tapia Perurena
1925-1956

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

Iturria: Olerki-lanak, Alexander Tapia Perurena (Joxemiel Bidadorren edizioa). Iruñeko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

MIREN JOSUNE
 

            1.

 

Neguko atsalde bat da.

Eguzkia sartaldeko

Mendietan jausten ai da,

Eta bere izpi epelaz

Ludiari, dardaraka,

Azken muña dagorkio.

Soil-soilik dagoz zugatzak;

Udaberrin sortutako

Osto eze orlegiak,

Arango apaingai txukun

Gutxi dala izan ziranak,

Beiko loitan zikindurik,

Lurrez iraulkatzen dira

Aize-jostailu egiñak.

Beren abesti samurraz

Len oiana alaitu zuten

Txoritxu abeslariak,

Joan ziran urrun-urrun

Bero ta pozaren bila.

Gelditu diran pitzarrak

Itunki txio dagite:

Negu beltzaren atzapar

Otz-ankerrak izoztu zun

Beren bioztxu samurren

Maitetasun berritxua.

Ta maitasunik ez daukan

Biotzak, ezin abestu;

Zugatza muñarik gabe,

Ur eztaukan iturria,

Su gabeko labe bat da.

 

Iratzeak, gorrituta,

Arrandi, margo ederra

Galdurik, makurtzen dute

Lurrara azubil idorra.

 

Bide ondoko iturria,

Betiko lelo samurra

Abesten, jauzika doa

Uberka legartsuz zear.

 

Ilunabarra gozatsu!

Maitasunaren garaia!

Amets goxoak eiteko

Gabeukik egokiena!

 

Amaika biotz gaztetxu,

Euzkiak azken izpiak

Jaurti ostez; eguna ta

Itzalak liskar gogorran

Burrukan diñardutela,

Beren barren-barrenian

Itzez azal ez ditezken

Lei berri-bizi-goriak,

Itzautzi sakon-sakonak

Nabaiturik, intziritu

Dira lertzeko zorian

Amesteko aldi ortan!

 

 

            2.

 

Bide-pean ziltzen da

Iturri goxo-ozpil bat;

Bi bideskaz jexten da

Iturri ortara.

Udan aritz ederrak

Itzala damayote;

Esi usu bat dauka

Aurreko aldean.

Esiak bilesten du

Islegin edatzen dan

Belai eder-eder bat

Erdiz zatitua,

Samurki marmaratzen,

Jauzikor, zaratatsu,

Iturritik iradu

Jexten dan lastxoaz.

 

Ura bai toki eder

Udako beroetan

Lasai atsegiteko

Zugatzen itzalan!

 

Orain berriz ituna

Negu-ituntasunakin,

Beltzur itsu ta otza

Negua bezala!

 

Tutu ondoan bada

Arrizko jarleku bat,

Ta neskatil lirain bat

An dago jarrita.

Berantetsi, joraintsu

Dago, ta bat-batean,

Arrizko jarlekutik

Arin zutitzen da.

 

Eguzki iletsiaren

Azkeneko erlantzak

Laztantzen du neskaren

Gorputza liraña.

Motots oraila dauka

Uztail-garia legez,

Itxas baretsu bezin

Begi naro-oztiñak.

Kolko bat aberatsa,

Arro ta ziltzagile,

Esnearen margoko

Lepo zut-lerdena.

Izteak erdiraño

Gonak destalzkiote,

Ta espe oskietan

Dagoz oin txikiak.

Erriko neskatilik

Ederrena da, baiki,

Beraz, so dagiote

Irritsaz mutilak.

 

Iñoren zai ote da

Neskatila ederra?

Leiaz begiratzen du

Erriko bidera.

 

Urrats batzuk egiñik

Zugatz baten zubilan

Ezarri zan, ta gero

Asi zan izketan.

 

 

            3.

 

—Iluntzen ai da,

Laister da gaua;

Oraindik, baña,

Ez dator.

Doi-doi dakusdan

Bide ortara

Begira nago

Eta..., iñor!

 

Ene! Atzendu

Ote da nitaz?

Au bai oldozpen

Mingotsa!

Ilko nintzake

Ordun oñazez,

Eun zati ein-ta

Biotza!

 

Ez, ez daiteke!

Bere biotza

On utsa baida.

Ezin du,

Gaizkin bat legez,

Itz eman dion

Neskatil batez

Nausatu.

Ez, ez daiteke!

Alde, bada, arin

Oldozpen ori

Nigandik!

Etorriko da

Ta bera eldu

Arte, ez noake

Emendik.

 

Itun izkila...!

Bakarrik emen,

Oi, bildur nago.

Jaun ona,

Erator zazu

Lenbailen, arren,

Nere maitea

Nigana.

 

Elurra asi da.

Au otz gogorra!

Aizto bat bezin

Zorrotza,

Ipar aldetik,

Ulu ta uluka,

Aizea dator,

Au otza!

 

Nere bildurra!

Ipar aizeak

Darabilzkian

Aritzak,

Ni laztantzera

Laister dalzkidan

Ezurruts otz ta

Margulak

Dirudite. Ai!

Jon, Jon, etorri...

Ene maitea,

Non zaude?

Zu ez-pa-zatoz,

Otz ta bildurrez,

Laister ilko naiz

Ementxe.

 

Atsalde batez

—Zoragarria!—

Iturri onen

Ondoan,

Ementxen bertan,

Ikutzen nagon

Zugatz sendo onen

Azpian,

Exeri giñan.

Il agiñean

Zagon atsalde

Ederra;

Urril-atsalde

Otzan-goxoa,

Olertiz bete-

Betea.

 

Altxatzen ai zan

Euzki izpitsua

Mendaurko gailur

Ostean.

Maitasunezko

Bere itz samurraz,

A! Zoratuta

Nendukan.

 

Bere eskuetan

Nerea arturik,

Muñ egin zion

Maiteki.

Estutu zidan

Biotz gainean,

Ta esan zidan

Oldarki:

 

—Miren Josune

Maite-maitea,

Ene begien

Argia;

Gotzontxu eder

Zu zara nere

Biotz gaxo onen

Alaia.

 

Txoritxioka

Dagon txoriak,

Abesten jausten

Dan urak,

Zugatz-kukulak

Erabilirik

Susmurtzen duan

Aizeak,

Itz dagidate,

Gogo barruan,

Nere biotzan

Jabea;

Zutaz, Mirentxu

Maite-kutuna,

Orok dagite

Itz zutaz.

 

Zure irudia

Irarria det

Nere izateren

Zingoan;

Beraz, urruti

Juan bear naizen

Arren, zakusket

Beti an.

 

Nere ikaskuntzak

Oin deitzen naute

Urrutiko iri

Batera;

Laister, ordea,

Etorriko naiz

Zu laztantzeko

Onera.

 

Gaur bi ilabete,

Garai berontan,

Iturri onen

Ondora,

Pozaz beterik,

Natorkikezu,

Bai, zin dagitzut,

Ikustera—.

 

Arreta aundiaz

Zenbatu ditut

Orduntxedanik

Egunak.

Gaur bete dira,

Gaur, eskier naiz,

Epetutako

Bi ileak.

 

Ez dator, baña...

Au nere otza!

Ormatu zaizkit

Gogoa,

Biotza, oñak,

Esku-besoak,

Ni naizen guzti-

Guztia.

 

Burua galtzen

Ari naiz, zutik

Egon ezin det.

Jaun ona,

Erruki nitaz!

Il arteraño

Iraun... nai... det... ni...

Jo... ne... na—.

 

 

            4.

 

Zutik egon eziñik,

Toleztu zitzazkion

Iztak, eta jautsi zan

Neskatil yaioa.

 

Zugatzaren zainetan,

Enborran irozota,

Jarrita gelditu zan

Oin otzen gañean.

 

Nastuta irudimena,

Ikuskantz izugarrik

Agertu zitzazkion

Begien aurrean.

 

Ezurruts biloizetan

Zugatzak aldatuta,

Neskatil bilaldean

Asi ziran dantzan.

 

Bere ondora zelzen

Astiro ixil-ixilik,

Ia-ia besarkatzera

Beren beso zailaz.

Ta algara izugarri bat

Bat-batean egiñik,

Urruntzen ziran, berriz

Dantzan ekitera.

 

Andik eta emendik

Agertu ziran gero

Anei argi izpitsuak

Bira ta biraka.

Guztiak, bat-batean,

Geldi ta itzaltzen ziran,

Berriro piztutzeko,

Berrasten laisterra...

 

Ikusi zuan gero

Bere etxe-sukaldea.

An bai egote goxo,

Epel ta atsegiña!

 

Su ondoan jarrita

Zeuden an gurasoak,

Amona, anai-arrebak,

Katu ta txakurra.

 

Bañan bazan jarleku

Bat utsik zegoana;

Ta jarleku uts ura zan

Miren Josunena...

 

Elurra bera baño

Zuri-garbiagoak

Ziran gozontxu eder-

Eder artean,

Bere burua gero

Ikusi zuan. Aiek

Abesti zoragarri,

Samur ta eztiak!

Liliz apaindutako

Bide batez zoazen

Eskutatik atzirik

Menditxo baterantz.

 

Eguzki leñuruak

Baño bizkorragoak

Mendi aren ostetik

Agertzen ziranak.

 

Donokiaren argi

Zan argi eder ura.

Donokira bai zoan

Gure neskatila.

 

Bat-baten gelditu zan

Jon'taz oroiturikan,

Ta atsekabez beterik,

Atzera beiraka.

 

Toki itzaltsu itun baten

Jon lo-zorroan zegon.

—Jon, Jon—, ots egin zion

Biotza taupaka.

 

Jauzi batez zutitu

Zan mutila orduan,

Laisterrari ematen,

Bere indar guziaz.

 

Bañan, au bai tamala!

Amil izugarri bat

Edatzen zan lazkorra,

Ai, bien artean.

 

Etzan ageri bere

Zingo beltz eta iluna,

Ta udol baten oskarra

Aundia aditzen zan.

 

Amilaren ertzean

Jon, zorabiaturik,

Mireni begiratzen,

Ertzo gelditu zan.

 

Ta onek bere eskuaz

Goia erakutsirik

Irri-parra zegion

Begi gotilunaz.

 

Aurrera jarraitzeko

Gune egin zuan gero,

Agur zegorkiola

Jon'i bere eskuaz.

 

Oñazez itsututa,

Aritz-adar larri bat,

Erraldoi-indar gaitzez,

Jonek autsi zuan.

 

Jausi erazi zuan

Aurreko ertzeraño,

Ta abiatu zan laister

Zubi ura-zear.

 

Bañan onen erdira

Eldu zalarik, ene!

Bira adarrak ein zuan,

Ta amilaratu zan...

 

 

            5.

 

Elurra jauts ala ai da,

Ipar aizea darrai

Zugatzen adarretan

Noiz beinka txistuka.

Jualeak astiro

Amabiak jotzen du;

Eun zuri-zuri batek

Lur guztia destal.

 

Ezta otsik entzuten,

Ixil-ixilik dago,

Lo goxo baretsuan,

Ludian guztia.

 

Izadia dirudi

Il dala, ta bildurik

Bere il-oial zurian

Osoro dagola.

 

Zugatz-pean bai datza

Neskatila ederra;

Izurtua besoa

Ukondoan dauka;

Ta beronen gainean,

Gozaro atsedeten

Buru bikaina, lotan

Ba-lego bezala.

 

Musuan margoztuta

Oinaz atz arin dauka;

Malguturik, ordea,

Ezpain me-garbiak,

Emetasun gozoaz,

Eztitasun otzanaz,

Betetzen dute aren

Aurpegi zurbila.

 

Bidatz aldakor-zear

Isituki darorzen

Elur maro aundiak

Kopeta gainera,

Berau bezin garbiak,

Berau aina zuriak

Errugabe ta aratzak

Iinondik ez dira.

 

Urztiren bilaldean

Zaudeten gotzontxuak,

Zuen ereskinakin

Etorri ludira,

Neskatil ederrari,

Usotxu bakunari,

Maite ziñop oneri

Abes egitera!

 

                        Euskal Esnalea, 1927

 

aurrekoa hurrengoa