www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki-lan guztiak
Alejandro Tapia Perurena
1925-1956

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

Iturria: Olerki-lanak, Alexander Tapia Perurena (Joxemiel Bidadorren edizioa). Iruñeko Udala, 1999

 

 

aurrekoa hurrengoa

OLERKARIAREN GAUA

 

                «Beseligend war ihre Nahë

                und alle Herzen wurden weit»

                        SCHILLER, Das Mädchen aus der Fremde

 

Gau ilunaren ixiltasunan

Maiz ta sarritan gogaltzen,

Nere erriaren etorkizuna

Begi zorrotzez aztertzen,

 

Oñazearen egal larriak

Nere inguruan sumatzen,

Onen atsaren goibel lodiak

Gogoa didate itotzen.

 

Maiz ta sarritan begietara

Negar mingotsa zait igan,

Ta okondoak, orduz ta orduz,

Josi oi ditut lan-maian.

 

Bañan maizeski, gau ilunean,

Ikuskantz eder-goxoa

Etorri oi zait atseden-gentzez

Betetzen nere gogoa.

 

Neska gazte bat, lerden liraña,

Udaberri lez garbia.

Begi urratu ta ederretan

Du ortzearen argia.

 

Bere aurpegi zurbil-gorria

Euzki bezala istatzen du.

Zitorearen ezetasuna

Espain me-gorrietan du.

 

Bere uledia, urrezko ibaia lez,

Darorkio uin leunetan,

Guzietara edatuz gero

Sorbalda borobiletan.

 

Irriño baten ao gozoa

Alai idekitzen zaiola,

Altxor aundi bat esan liteke

An altxaturik dagola,

 

Ortzen pitxiak dagerzelako,

Dirdiratsu, bi lerrotan,

Goiko mendiko marrubi bezin

Gorri diran ezpainetan.

 

Gorputz liraina miesa zuri

Ta arinaz dauka jantzia.

Esan liteke gotzon bat dala

Donokitatik jautsia.

 

Gau ilunean dagerkidala,

Dirudi, zinez, usoa,

Ekaitz erdian ego zabalik,

Datorkidana aizek, joa.

 

Ozti beltz beltzan margo politez

Dagerkidan ortzadarra,

Biotz minduan berpiz dakidan

Itxaropena ta indarra.

 

Beso zabalik ta irri ezpaintan

Aurrerontz datorkidala,

Goiz aratzaren argitasuna

Nesake beregan dala.

 

Nere ondoan zutik geldirik,

Jartzen dit esku arina

Buru gainean, nai baleza lez

Ezereztu nere mina.

 

Ao zabalik gero dantzuiot

Abotsaren eresia.

Eresi samur, goxo-goxoa,

Bere ezpaintako eztia.

 

        BERAK

Olerkari gaxoa, ziñez errukarria

Esango al didazu zein dan zure mina?

Zure gogo samurra orrela bizitzeko

Atsekabez betea ote da egina?

 

Begiak lainotuak, makurturik burua,

Muturik eztarria, sutan bekokia;

Ta gogaketa beltzez josirik oldozmena...

Zinez errukarria, zu, olerkaria!

 

Leiaz banatorkizu oinazea arintzera,

Nere maitasunakin dakartzut alaia.

Argitu nai dizkitzut zure begi itun oiek,

Zure minarendako dakar sendakaia.

 

Eme gain arin baten mukertasun ankerrak

Birrindu ote ditzu zure gogo ituna?

Edo, ikusi zenuen norbaitek zeramala

Zure maitasunaren bitxi ikuz-kutuna?

 

Idoro ote dituzu ludiko basoetan,

Ezpainetan irrino aizkide maltzurrak,

Laister, baina, urratzeko, pizti goseti legez,

Zure isate osoa: gogo ta ezurrak?

 

Esan, esan, lenbailen zein dan zure larria;

Uxatzeko gerturik nagokizu bertan.

Zein, zein da iluntzen zaitun goibel izugarria?

Beazun mingots ori, zertan dago, zertan?

 

        OLERKARIAK

Zure itz ederraz bide zatorkit gogo minduan

Oinazeak berritzera?

Ai, utzi, arren, utzi nazazu beazun ontan,

Minok sendakaitzak dira.

 

Oinaze ontan, ni naiz neguko zuaitz biluzi

Ta izoztuai idurikoa.

Aize gogorrak astintzen ditu, ta aien azalez

Euria doa ta doa.

 

Alaxen, bada, oinazearen aize gogorrak

Jotzen du nere gogoa,

Ta atsekabean euri samina, gelditu gabe,

Daror beti oparea.

 

        BERAK

Olerkari gaxoa, zinez errukarria!

Ordun, ezesten dezu nere maitasuna?

Ordun, naiago dezu arantz oien artean

Bizitzea, bakarrik, beti itun-ituna?

 

Maitasuna dakartzut, ta, itsu, ezesten dezu,

Zoriona daskeinzut, bainan ez dezu nai,

Agur, bada, banoa; entzun, bainan, lenago:

Zure zoritxarraren, zu, baiki, zera gai.

 

        OLERKARIAK

Ez inondik, ez inondik! Egon, arren, egon emen!

Zu zera gelditu zaidan adiskide bakarra.

Galduko bazindut, bada, nork eman lizazbidake

Kemena goarentzat biotzandako indarra?

 

Zuri atsegin eiteko berriz urratzera noa

Esku anker ta gogorraz nere zauri bizia.

Eta berrikusiko det nere odolaren uina

Igotzen, lenago bezin gorri, bere, joria.

 

Maitetasun bat biotz gaxo onen erdi-erdian

Neukan ongi altxatua,

Oroitz samurra! Nere maitale kutun-kutuna

Nendukan liluratua.

 

Esan nezake ludi ontako eder guziak

Bere izatean zeuzkala.

Ozkarbiaren urdin txukuna ta itxasoaren

Apar zuri ta makala;

 

Ondartza alaiak ta uztailke gari jori-onduak

Daukaten eritasuna;

Udaberrian sortzen diraden iratze ezeak

Duten orlegitasuna;

 

Zuaizti arro ta mendi izurrak udazkenean

Janzten duten soinekoa;

Urretxindorran abots samurra; zurrunbilo ta

Itxas nastuen orroa;

 

Iturritxoen lelo biguina, lili-usaia;

Tximist-leinotu beroa;

Uri aundien zarata gaitza ta baserrien

Bare ta gentza goxoa;

 

Ortze ta lurra, aize ta itxaso, euzki ta argia

Beragau zeukan guzia.

Bera zan eder nere maitale kutun-kutuna!

Bera zan maitagarria!

 

        BERAK

Ordun, olerkaria, zure maite-kutuna,

Biotz orren jabea, sumatu det nor dan.

Aberriarendako maitetasun bizkorrak

Surik ipini ditzu biotz-ezpainetan.

 

        OLERKARIAK

Bai, egia da! Entzun zadazu. Aldi artan zan

Bakaldun on-emakorra

Urreko iledi edergainean zeukan burestun

Aberats ta diztikorra.

 

Sorbaldetatik, zabal-zibuka, zerorkan beira

Bakaldunen janzkorria.

Eguerdiko euzki bezala dirdiratzen zun

Bere bekoki garbia.

 

Bainan, ai-gero! Bai aldaketa mingots-mingotsa!

Nork sinetsi zezakean?

Bitxi ederrez apaindutako burestun ura...

Irabioka lurrean!

 

Ez darama, ez, bere soinean, bakalduna lez,

Antzinako janzkorria.

Bialdu zuten bakaltegitik, eta itzali zan

Bere edertasun-argia.

 

Orra non dagon! Orra, badakuts! Goiko Jaun Ona!

Bera dan kupigarria!

Musu minduan, ai ene! Ipini dio oinazeak

Bere atzapar larria.

 

Aize zakarrak guzietara darabilkio

Gogorki iledi nasia.

Begietako argi itzalia, da lainoetan

Il urren dagon euzkia.

 

Zintzil zarpailez jantzia doa; ez dezake ere

Bere gorputza estali.

Zakur goseti amorratuen talde aundi bat,

Artega joan ta itzuli,

 

Sainga ta uluka, gelditu gabe, alboan dauzka,

Maltzur-maltzurrak itxoiten

Aragietan ortzak sartzeko, bere burua

Noiz itzuliko ote duen.

 

Uxatu zuten aranetatik, ta orron dabil

Orain goiko aitz latzetan,

Iges eta iges, gorago beti, orein bezala

Ote ta pagodietan.

 

Era itun ortan ipini duten esku guziak

Ez dira, ez, arrotzenak.

Lan donge ortan leiatu dira —nola sinetsi?

Baita gure anaienak.

 

Ekentzat gorroto! Gorroto bizia!

Amaren altzoan aizto sartzeko

Bere errainetatik atera ziranei

Gorroto bizia beti betiko!

 

Bere esne goxoaz aletu ziranei

Urratzeko gero bular maite ura,

Gorroto samina berorkie beti!

Betikoz gorroto, amaika aindura!

 

Bere ezpainetatik ostu ziotenei

Maitasun-muso ta itzen eztia,

Aurpegia gero ta ttuka estaltzeko,

Gorroto ta aindura bizi-bizia!

 

        BERAK

Geldi, geldi, olerkari; eutsi, eutsi sumin ori;

Bestela galduko dezu, noski, zure burua

Kupigarria da, ziñez, aberri maite-maitea

Era ortan ikustea gogorki zauritua.

 

Badakuskit, ala ere, euzkotar multzo batzuek

Beti gerturik daudenak aberri gaizkatzera

Zabaldu, bada, biotza itxaropenaren argira,

Gurenda eguna, agian, laister doa urratzera.

 

Eta, gainera, abes egin, olerkari maite orrek.

Ez bekizu, ez inondik, ixildu estarria,

Abestu gelditu gabe, eresertia izango zaizu

Gogoaren atsedena, biotzaren eztia.

 

Eta poztu zaite. Ara: zelaia zuritzen zuen

Elurrezko estalkia, gailurrera itzuli da.

Maitagarri irritsu legez, argiz ta margoz jantzia,

Udaberri txukunaren aurpegia ageri da.

 

Arek, begiratze batez, eguzkia piztuko du

Ta beronen musuz bela urtuko dira elurrak.

Ta jantzi diztikorretan darozke gailurretatik;

Baita bere laina, berriz, irentsiko du lurrak.

 

Baino iturri gardenetan berriro ere dagerzke

Ta zilarrezko matasa lez, doazke abesten,

Ta adituz urretxindorrak eken otsa gau minean,

Beren maite leia asiko dira bertan edesten.

 

Zugatzak jantziko dira berriz orri orlegiaz

Ta aien kimu berrietan txori abeslariak

Dituzte antolatuko, udaberriarendako

Opari eder bezela, bein ta berriz kabiak.

 

Itxaron! Ara: belardi ta sagardiak badoaz

Arin-arin apaintzera lili mardul ederrez

Atsonez-uin goxo batek ludia usainztatuko du.

Bete bezaitza uin orrek alai ta itxaropenez!

 

Itxaron! Egunabarra sortaldeko mendietan

Gau beltzeko iluntasuna oraikotz ai da urratzen.

Ta oro alaitzen dala, zu itun-itunik zagokez,

Oinazeari emana, zure mina txestatzen?

 

Poztu zaite eta abestu! Lur naroan errainetan

Diraki, agertu naiez, nonnai, eurrez bizia.

Poztu zaitez eta abestu! Zure eresia izan bedi

Berpizte garailearen ereserki aundia!

 

Esku leunetan artu zun gero

Nere burua maiteki,

Ta donokiko begi ederrak

Josi zizkidan samurki.

 

Ta gero musu bero-bero bat

Ezarri zidan kopetan;

Eta txinkarzko labe goria

Piztu zitzaidan bet-betan.

 

Lili mardulen orri ezeaz

Eindako ezpain garbiak,

A! Gero musu goxo-goxoaz

Laztandu zuzten neriak.

 

Ordun barrengo gar bizi ura

Eztarrira igo zitzaidan.

Eta barruan ezin idukiz,

Aotik iges ein zidan.

 

Agur, olerti eder-ederra,

Nere ortzeko argia!

Bitxi aratza, lili mardula

Goi txukunetik jautsia!

 

Gau ilunean aizaro beltzak

Berrertsiko nautenean,

Atorkit berriz, ta urgaztearren,

Agokit aldamenean!

 

                        Eusko Olerkiak, 1931

 

aurrekoa hurrengoa