www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Loramendi
1930-1933, 1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerkiak, Loramendi. Loramendi Kultur Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

MOISESEN ESKER-ABESTIA

 

                (Exod. 15,1-19)

                (Biurtz-antzera)

 

Abestu dizaiogun, abestu Jaunari,

orren bioztun gutaz goretsi danari.

 

Erdibitu zenduen itsas-beitasuna

ta iruntsi zitun batez zaldi ta zalduna.

 

Jauna da nere indarra, Jauna da abestia,

gaizkatu ninduen-da, beiturik etsaia.

 

Zu zera nere jabe, Zuri gorapena,

gogoz Zuri damaitzut txalorik gorena.

 

Gurekin izan ziñan esku aundikoa.

Izen bat dagokizu: «Almenguztikoa».

 

Gudozte, gurdi eta Faraon berbera

jaurtiki zinituen itxas barrunbera.

 

Gudari zangarrenak istillu gorrian

barrendu ziran, beingoz, errai-gezalian.

 

Ondoratu ziraden, ari bat bezela.

Lertu zenizkigun ba orru zeriela.

 

Ondatu zinituen; ziñez zera bikain!...

Denak erre zinitun, galbizar bat bezain!

 

Orruka batu ziran asarre ugiñak,

uren eraso beltzak adiskide egiñak,

 

t'amildu zitzaizkien, gainka, ur-mendiak,

iruntsi naiez sumin Jaunaren etsaiak.

 

Zerragengu, beretzat gizonki ziola:

«erauziko diet nik amorruz odola,

 

arrapatuko ditut, laster atzemango,

burrukatuz zartaka bertan ditut ilko.

 

Erdituko dizkiet beren ondakiñak»...!

Baño... ai! gure etsaien ameskai ziztriñak!

 

Etzakiten, zitalak, Jaunaren indarra;

etzuten, ez nabaitu azkonen dardara!

 

Askatu zinituen eraso nastuak.

Gainkatu zitzaizkien ekaitz askatuak.

 

Sarrerazi zituzten gudariak bela,

beruna ur-azpira sartzen dan bezela.

 

Nor ote da, nere Jaun, Zu bezin indartsu?

Eres ta deuntasuna Zuri zor zaizkizu...

 

Gorrotatzen zaitunai beldurgari zera.

Maite zaituztenentzat guztiz biotz-bera.

 

Jaso zendun eskua ta ito zitun lurrak;

gezal biurtu ziran etsaien ezurrak.

 

Eraman ziñituen zureak zuzenik,

gaizkaturik errukor etsaien mendetik.

 

Zuzendu ziñituen zure etxe donera,

zerorrek gertutako mendi-magalera.

 

Jeiki ziran erriak, gudai otska zeuden...

Baño orain ari dira gorriak ikusten!

 

Noralde gabe dabiltz Edongo jabeak,

Moabek daralbiltzki estu naigabeak.

 

Kanaango gudariak igikor dagerzi;

gure Jaunak zigorka urrun daramatzi...

 

Eroriko al zaie zure esku zorrotza;

zimurtu zaiotezu beldurrez biotza.

 

Arri biurtu bitez zure etsai zitalak,

auxe arrentzen dizu maitasun-egadak.

 

Sartu zaiezu erri au zure aterpean;

gorde zazu zintzoki Jauregi donean.

 

Irauntasun osoan, eunkiak ondiño,

azkendurik guziok, dirauzu betiro.

 

Zaldiz zerraiztegun-ta, ekaitz beazunak

lertu zituen batez zaldi ta zaldunak.

 

Irauli zitzaizkien lerkoi ur-mendiak...

Bañan...legor zerraizten zure gudariak!!

 

Agur Maria

Iruña 1930-II-1

 

Zeruko Argia 177, 1933ko iraila, 140.or.

 

aurrekoa hurrengoa