www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Loramendi
1930-1933, 1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerkiak, Loramendi. Loramendi Kultur Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

ESPAK

 

                «Popule meus, quid feci tibi?»

                Zertan gaitz egin dizut, ene Erria?

 

Norañoko miñaldi, nolako atsekabe,

biotz onek bakarrik esango lizuke.

 

Oinperatua nago guzien aldetik

ta atzindu naian dabiltz lurraren gañetik.

 

Euskal-erri mamia, erririk maitena,

zergatik damaidate gaur damaidatena?

 

Zertan gaitz egin diet? Zertan ditut mindu?

Zerorrek, ene erria, erantzun zaidazu.

 

Erri guzien gaindi autetsi ziñudan

ta aspaldi nere eskua sumatu zenduan.

 

Garaille izandu zera egundo Nerekin...

Etzaitezela zu gaur batu etsaiekin.

 

Zure asaba zarrak maite bai-ninduten

ta aurrerapen-aziak ixuri nizkien.

 

Ta alaz ere zuk orain, bein itsumusturik,

baztertuko al nauzu lur maite ortatik?

 

Euskal-erri mamia, zertan gaitz egin dut?

Orain Ni ez artzeko, zertan mindu zaitut?

 

Eman nizun euskera, eman nizun garra

ta amaika aldiz izan naiz euskoen indarra.

 

Ta ara nola gaurkoan norbaitzuk dabiltzan

nere uztarri leuna kentzeko asmotan...

 

Ara nola, gordean, piztitzar maltzurrak

malmutz ito nairikan usotxo xamurrak.

 

Zertan bada, erria, zertan dut gaitz egin

maitatzea ezpada maitasun onekin?

 

Noiztik-nora gaurdaño ezertan Nik mindu?

Erri maite-kutuna, erantzun zaidazu.

 

Eman nizukeana, oro eman nizun...

erantzun ba, oraintxe utzi nazakezun.

 

Aintziñatik izan-da nere begikoa,

ezaidazula gaur zuk atera malkoa.

 

Geroratu baño len zentzuratu zaitez

ta alkartasun estuaz berriz lotu gaitez.

 

Jaso zazu lepora nere uztarria

ta arinduko dizut Nik zure min-larria.

 

Ez nazazu baztertu, ez utzi atzera

ta askatua zu laister ikusiko zera...

 

Euskal-erri mamia, Burutzat ar nazu.

Zure Buru naizela, zorioneko zu.

 

Zeruko Argia 159,. 1932ko martxoa, 37.or.

 

aurrekoa hurrengoa