www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Loramendi
1930-1933, 1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerkiak, Loramendi. Loramendi Kultur Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

RAPTRIX CORDIUM

(URRUNGAITZA)

 

    Auxe, bai, lana,

    Andra Maria,

auxe lan eziñezkoa!

    Biotzik gabe

    nai bizitzea!...

Biotz gabe!... Gaxoa!...

 

    Goiz nabarrean,

    lotan nengola,

nigana zera alboratu;

    ta ixil-ixilik,

    laztan beroaz,

barrendik ostu didazu.

 

    Aldendu ziñan.

    orpo puntetan!...

Etzaitut geroz ikusi!...

    Bakar soraio

    lerro soil ontan

negarra darit lerzori.

 

    Doakabea!...

    Malko samiñez

emen naukazu, ia illik!...

    Zure begiak!!...

    Zure biotza!...

Ez det nik, ez, beste nairik!...

 

    Zure zai nago

    egun osoan...

Zuri aieska larriro!...

    Itzali zaizkit

    begi-txingarrak...

Barrenak odol jario!...

 

    Ez ba, oi Ama!

    ez izan netzat

orren samin ta gogorra!...

    Bestela, ene!

    agertuko zait

zaunkaka etsai dollorra.

 

    Kupitu zaitez!...

    Atoz lenbailen,

nere argi ta zoruna!...

    Atoz, amarik

    maiten-maitena!...

Atoz, atozkit kutuna!...

 

    Biotzik gabe

    ezin nezake...

Biotzik gabe ezin bizi!...

    Biotzik gabe,

    ene maitea,

biotz gabe ilko naiz ni!!...

 

Zeruko Argia 146, 1931ko otsaila, 25. or.

 

aurrekoa hurrengoa