www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Loramendi
1930-1933, 1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerkiak, Loramendi. Loramendi Kultur Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

GUZTIZ EDERRA

 

Gau erdia zan... Ezeren txintik

etzan entzuten; noizka bakarrik

    pizti gautarren ulua...

Ito zituzten baztar guziak

illunpe lodi, nazkagarriak.

    Bildur damaidan ordua!

Kezka beltzaren osin aundia

zirudin ziñez erri-aldia

    nagiz korapillatua...

Argi motelak dir-dir zegiten...,

sapai neurgean aldiz zematen

    ontzaren begi galdua...

Ta illunpe orren egadapean

gogo gaxo bat illar gañean

    zegoan loak artua.

Aldi-aldizka, geldi zetorren

mendi-ostean negar zerien

    ezkillatxoen soñua...

Goit-ots garbia, goit-ots leguna,

ezkillatxoen eztitasuna!...

    Esnatu zuten gogua!...

Ordu berean jetxi zitzaion

anitz biziro argi zerion

    Jaunaren goiaingerua...

Mugitu zuen esku ariñez...

Ezarri zion ezpain oztiñez

    laztan sendo ta estua...

Ta aurkeztu zion lili txuria,

bere onaren antz-irudia,

    aukeraz Jaunak sortua.

 

Gogoak: (Arriturik bezela)

        Nor zaitut, gaztetxoa, nor, zoragarria?...

        Zeren billa zatozkit? ... Zein da zure naia,

        oñetik bururaño zillarrez jantzia?...

        Nora zoaz, gaztea, nora ain zolia?...

 

Goiaingeruak: (Zaleki)

        Atoz, atoz lenbailen; atozkit gaxoa!...

        Donokitik dakartzut gaur berri gozoa!...

        Atoz!... Alaitu zaitez... Igitu, gogoa!...

        Ara zuri begira goian Izartxoa!...

 

Gogoak:

        Zer diozu, gaztea, zer, nere kutuna?...

        Begira zeñen beltza or illuntasunal...

 

Goiaingeruak:

        Pizkortu zaitez laster!... Astindu losuna!...

        Nekin daramat beti nik argitasuna!...

        ................................... .

        Ego lirañez estali zuen

           azkenik gogoa,

        ta gaindu zuten ega luzean

           mendiren lepoa.

        ................................... .

 

Gogoak: (Tontorrean, orpo puntetan, Izarrari begira)

        Zeñen aratza, zeñen txuria

           Izartxoaren dirdira!...

        Zeñen maiteki begiratzen dit

           zeru ortatik ludira!...

 

Goiaingeruak:

        Laztandu nairik zugana datoz

           Izartxoaren izpiak.

        Dirdir dagizu... Lilluratuak

           damaie zure niniak.

 

Gogoak:

        Izar ederra, zoragarria,

           biotz erien zoruna!...

 

Goiaingeruak:

        Geitu zazula zure goraltza

           ziñez zaio-ta leguna!...

 

Gogoak:

        «Guztiz Ederra zera, Maria.

(Biak aldizka abesten dute «Tota pulchra es»)

 

Goiaingeruak:

        Guztiz Ederra, sortzez garbia.

 

Gogoak:

        Zu zera Jerusalengo ospea.

 

Goiaingeruak:

        Zu, Israeleko pozkillea.

 

Gogoak:

        Zu, gure errien ornen osoa.

 

Goiaingeruak:

        Zu, obendien bitartekoa.

 

Gogoak:

        O Maria!

 

Goiaingeruak:

        Birjin oarkorra!

 

Gogoak:

        O Maria!

 

Goiaingeruak:

        Ama Errukorra!»

 

Zeruko Argia 143, 1930eko azaroa, 181. or

 

aurrekoa hurrengoa