www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETXE-BARNE BIZIA (II)

Españi-legebatzarra nere begipean

 

        Etxe-barne bizi bat dut au ere. Nere bigarrena. Oraintxe digart etxe-barne bizi edo «bodegón viviente» diralako onetaz, elerti-sail jolasgarria egin ditekela. Baña au ez duk gure etxea; orko txontxongilloak ez dituk nere aur gaxoak. Beraz, itzalez begiratze'al ziotet, itzak eta irriantxa xe-xee neurturik.

        Enintzan egundaño sartu Españiko legebatzartokian. Leizaola arpetarrari zor diot sarbide baten jabe egiña. Jainko onak ordainduko al dio.

        Egia esan, goitik beera begiratuta, areto onek ez dirudi izparringietan barrena bezain ikaragarri. Ia-ia, beera joateko ausardia ere badamada.

        Utsik dago oraindik. Aulki gorri oietan atze-aldeak atsegin dukela deritzait. Bai begiak ere, nik emendik goitik —irugarren lerroan bainago— dezakedana baño ikusala zabalagorik. Arraioa, aulki urdiña ezin ikusi dezaket noizpeinka altxata ez bada. Jaurlariei, beraz, ezin begi-eman datozkenean— atzez-aurreka baizik. Azañaren ortz ederrak aurrez aurre ikusteko irrikitzen nengoan an!

        Laurak. Asi-garaia. Lendakari-aulki-atzean lau ate-morroi, soin-ertzak urrez anitz apaindurik. Baña, orra Lendakaria bera ere, Besteiro jauna, alegia: soinkera neke-antx pinpirinaz, badator aulkira. Nik, begiak ezo-dirdaika begiratzen diot: Lojikan silojismo bat askatzen ez nekielarik, orain zenbait urte, sobresaliente eman zidan ezkeroztik, xamurbera natzaio.

        Aldunak bakarka ta nekez: datoz, txita aseak ore-ondakiñetara bezela. Zortzi-bat-amar bildu diraneko, Royo Vilanova bizar-zuria degu zutik, itzaren jabe. Auxen agurearen aserrekoia! Zaragozako ikastetxe nagusian barrabaskeriren bat egin dulakoa zabaldu omen zuten atzo, ta ori ez omen da gizalegea. Aizeari beintzat, astiñaldi ederrak eman dizkio.

        Gero, lekaro gorri artan, gaxte iztun bat jaiki da Ameriketara erderazko idaztirik ezin sal ditekela dio, papergiñak ase-ezin batzu omen dira-ta. Tolosako lagunak gogoratu zaizkit bereala, ta erruki ditut. Baña, Carner-ek erantzun dio, nere lagunen alde. Itza labur-ebakia du jaun orrek, eta burua muñez ornia, dirudienez.

        Bakarka-bakarka, txindurriak txindurritegi-bidean bezelatsu, baña ez ain arazotuak, badatoz aldun geiago.

        Bata bestearen atzetik jaikitzen dira olako ta alako, nork-bere eskariak egiñaz. Lendakariak beti legun erantzuten die. Nik uste, eskari oien etorkia ta auntzaren gauerdiko eztula or nonbait ote diran. Baña mintzalariak, bereak eta bost irauli ondoren, pozik esertzen dira, ta, uts egin gabe, bereala atarira dijoaz, inguru-ibilbideetan barna iñork zorionik esaten al dioten.

        Bitartean, aldunak ugariago datoz, norbere tokia betetzera. Ni erne nago, ezagunei gogozko begi-keñu bat egiteko zaletuta. Izan ere, bizi guziko atsegiñik aundienetakoa dut auxe: irrimar-utsez (karikaturaz) dazauzkidan gizon ospetsuak, ezur-mamitan ikustea. Ordun, barruak jauzi pozkor bat egiten dit, eta ezagun-berriari, nerekiko, itz maitekor zenbait zuzentzen dizkiot: «Kaxo, gizontxoa! Zu ziñan, beraz? Onik zaude. Bejondeizula». Eta, aldameneko lagunekin berriketan asten bada, aotik, itzak-ezik, ontzako urre gorriak jalkitzen ari dala dirudit. Eta, jakiña: txoraturik nagokio begira.

        Besteiroz beste, ezur-mamiz ezagutzen nuenik, Aldasoro tolosarra, ozta-ozta. Beti bezelako mutiko ederra dago. Etzaio aaztutzen noizean bein goialde-aurreretara begiratzea, emakumeak baitira an nagusi. Besteiroren ezkerraldetik jarri da.

        Baña, leen esan bezela, ezagunberri zenbait egiten ari naiz. Antxe dago Maura, aurpegi-luze beltza. Zuzentzakikoaren senargai guri Ossorio-rekin berriketa bizian ari da. Ez urrun, «gure» Unamuno ere. Agure orrek badik, orratik, puskaterako osasuna; oldozbearrak ez al dik gizona asko galtzen. Ille-bizar txurien esi-barnean, aurpegi-azala ia aulkien lotsagarri azaltzen du. Txantxangorri kantari Melquiades da, nonbait, araxeagoko ura. Marañon ospetsua, urrengoa. «On» Alejandro ere —zer esan ez dakienean ixilik egoten dan gizon garaia— oraintxe eseri da zabal-zabal, sudurra aurpegi-erdian zuzen, surpekoa ezpañen babesgarri. An dator Campoamor andereñoa. Or, apaiz lodikote bat: irrimarrez ezaguna det, baña izena aaztu. Urrena, Nelken andereño liraña (zerbait esan bear emakumezkoari, polita ez danean); mutiko argal betaurreko-beltz bat belarri-ertzera itz goxoak esaten ari zaizkiola dirudi. Begira Xanti Alba ere: etzian Primo gizagaxoak asko uste aulki oiek berriro berotu bear ituanik.

        Arpetarrak uts egin digute gaur. Geienak, Aberri-miñak ikututa, aldegiñak dira, or beeruntz. Begira Horn gizagaxoa, bakar-bakarrik, moko-luxe, erromazale otxan bati dagokion eratasunez, Galan-en ereñokiaren azpi-azpian. Orko jainkoti bakarrek toki ortan balekuste, orratik!

        Bazterretxearen xudurpeko Charlotiarra ere, ta aren buru xolla ta begi beltx biziak, giza-ardatz muturrean, or dakustaz, Batzorde-lagun artean, batetik bestera.

        Baña, ixo! Nik ezagun-berrikoak egin bitarte, eskari-galdera salla agortu da, Jaunari eskerrak.

        Ordun Besteirok itz ernegarriok jalki ditu: «Ortega Gasset Joseba jaunak du aldi».

        Baña, oni badagokio arlo berexia.

        (Azkenduko.)

        Madrid 1932-Orrilla-13'g.

 

* * *

 

        Leengoan esan bezela, Besteirok itz esnarazgarriok jalki ditu: «Ortega Gasset Joseba jaunak aldi».

        Gizontxo bat zutitu da, Unamuno ta Maura tartean. Arraioa!, onixe ez nitxion bada, nik begi-eman. Ta bera dek, orratik: gogai-eltze aundixkoa atze-samarretik ille orraztuz ebakia, bekain-Ierroa aldero-antxa, itsusi aurpegiz, elez eder.

        Esertokian, atsegiñez, ipurdi-kabia sakontxeagotu det. «Ez diat zorion makala», diot nerekiko.

        Ordu bete t´erdian aritu da. Unamunok noizean bein botatzen zien alako begirakun bixi bat, esan nai balio bezela: «Ez, konpañeo: nik ez nian orrela esango; nere aldean mutil-koxkor bat aiz!».

        Urrengo egunean, Madrideko izparringi batek ala zion: «Beti bezela, orain ere, buruz ezer dezateken gizonak, gaztelarrak: Sanchez Roman, Ortega Gasset...». Bereala, Unamunoren begi bixiak berritu zitzaizkidan.

        Tajuz itz egitea korapilloak askatzeko aski balitz! Baña, besteri poza ta aurpegi alaia eskatzen dizkion gizon orrek, Catalunya arloa goibelki, illeta-eresiz, aurkeztu digu. Erabat zuzengarria ez omen da, alegia; minsorrez eraman bearra baizik. Catalunya erri nai-ta-ezin (l9) bat omen da: betidanik eta mendeen ondarreraño gora-bearraren oñaze bizia berekin ibilliko duna.

        Erri aundien eta txikien abertzaletasuna ez omen dira gauza bera; iturburu batetikoak bai, alegia; baña, aundiena eraikitzallea, bestea ondagarria: batak gora begiratzen, besteak beera.

        Asmakunde polita, benetan.

        Cataluñatarrek beren buruak ez omen ditute españitarren anaitzako; argatik korapillo ura ezin-askatua; argatik estatutoaren muin izkutua askatasun-asmoa izatea. Baña, bereala berriz, cataluñatarrik geienak muin ori nai ez dutela esan digu.

        Catalunya osoak ala nai izanda ere ordea, zer? (Ortega ari da). Aiek gu ez maite, baña guk anaitzat baditugu, zuzena al litzake, gu geiago izanik, gure nai ori ez nagusitzea?... aiek anai ez ditugula epaitzea?... Ori ere ez dago gaizki esana.

        Baña, dana dala, zerbait eman bear zaiela aitortu du. Buru-jabetza apurrik gabe, aldika-aldika, besterik eziñak eska-ala, zenbait eginbide utzi bear omen zaizka.

        Orratik, irakaskintzakoan onetsi zabala egin du: bada zerbait. Españak Catalunyan ezer gutxi egin omen du —zer esango guk!—; Barcelona añako uri batean, Cuencan ala Sorian bezelaxe, «Instituto» bakarra, Doitxerrian berrogei ta France-n amalau legozkiolarik. Ta irakaskintzari buruz bezela, gañontzeko gaietaz esan omen liteke.

        Luzexko egin duan arren, guziok ixilik entzun diogu. Azken-aldera, txalo anitz; mintza-bitartean batere ez: guziek erne, baña iñor ez da berotu.

        Campalans cataluñatar sozialista jaiki da urrena, estatuto aldez. Ele-eder aren ondotik itz-egin bearra ez da lan atsegiña, ta, egia aitortu bear badet, gizagaxoak, lasai samarra dirudian arren, izerdi ederrak bota ditu; aria nondik-nora zerabilkien, berak ere nekez al zekian. Eseri danean ez da aserre.

        Lendakari-maiaren aurretik itzegi bat dago, ta, tarteka, ministroek, idazkariek eta, ara igotzen dituzu, ta idazki garrantzitsu batzuk irakurtzen diardute. Atariko aizeari baño jaramon geiago ez die iñork egiten. Egin nai liekenak ere, alperreko lana luke belarriak arrotzea, ango marmario-otsaz ezpaitago ezer entzuterik.

        Estatutoa, berriro. Batzordearen izenean Bello-k azalpen batzuk egin ondoren, Abadal Lliga-koak itz-egin du. Jatorki samar, ala ere. Aguretxo bat da, oso begikoa. Ingixka batzuei gaibidea nozik-beinka eskatuz, or ari degu neke aundirik gabe.

        Ortega-Gasseten eta Sanchez Romanen asmakizunak poliki-poliki autsi ditu, eskuan Españiako Lege Nagusia artu-utsarekin. Ez-arian bezela, orretxek bota ditu gaur arratsaldeko errazoirik mardulenak.

        Beste gauza askoen artean, Ortegari onelakoak esan dizkio: «Orain zenbait urte guk, Lliga-koak bakarrik, autonomia eskatzen gendunean, gutxi giñala erantzuten zeniguten: Catalunya ez giñala gu. Pixkanaka, ango alderdi guziak abertzaletu dira, ta orain emen gaude guziak, cataluñatar aldun oro, bat-eginda, leengoa bera eskatuz. Ori gutxi dalarik, erri-iritzia nai zenduten, eta egin da: Catalunya osoak estatutoaren alde autarkia bota du... Eta zuek, antziñean bezela, gu ez gerala Catalunya, diozute: geienak ez daudela, Catalunyan ere, gure alde. Zer bear dezute bada?... Zeok egindako Konstituzioa etzazute ukatu, bai, ta aski degu».

 

* * *

 

        Zuk ere aski dezu onezkero, irakurle. Ta Besteirok, guzioi atsegin ematearren, yoaleaz batzarra azkendu du.

        Lau ordu t´erdiko egonaldi ederra egiñik nago, ta utziko al didazute kaña batzu artzera joaten.

        Ta orain Erkalaren babesgarri-legea ez al didate ezarriko, legegin begiragarriok nik ikusi bezelaxe antzeztu ditudala-ta.

Madridetik 1932-Orrilla-13-g.

 

Euzkadi, 1932-05-18 / 1932-05-24

 

aurrekoa hurrengoa