www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN LUISEN BIZITZA

Idazti berria

 

        Liburutxu berri bat etorri zait eskuetara: Markiegi'tar Joseba apaiz jaunaren San Luisen Bizitza, itzulia ez baño erderatik antolatua.

        Ale atsegiña, benetan. Begietatik sartzen da lenen, milixkagarri dan edozerk sartu bear duan bezela: ain da aundiera egokikoa, apaingarri ain goxoez jantzia, ain garbi ta errez irarria.

        «Olaburu»-k lengoan zionetik okerreko usterik nik atera ez badet, edergarriok ere egille berberaren eskutikoak omen ditugu. Ala balitz, ar beza, aurrerago gabe, nere atsegin-erakutsi berezia. Ao oneko gizona ageri da ortan ere. Iduri oso taiuzkoak ditu, esku antzetsuz ebakiak. Ez gutxiago, atal-buruko izki edertuak. Bizpairu atalek peitu (palta) ditute, ta begiak, besteetara goxoki jarria baitago, bereala motz irizten die.

        Begien onetsia degunez gero, goazen biotzera. Ta biotz-lan onekiko euskera degu, euskeraren erabilkera, ebakera. Gaia ezaguna baita, asmamenari biderik ez ematekoa.

        Ederki garaitu du errezaren zalla. Guk-eta bezela, Markiegi Jaunak ez du iñoren burumuñik biurrituko ta legorraraziko, alegia. Beondeiola!... Orri oietan zear ibiltzeak, mendi gañeko ordekan, egungiro gozoz egurastea dirudi. Edota iturri azpiko arriak lanik eta nekerik gabe ur-ari gardena artzen duan bezela, gogoan ere itxurtzen zaigu, irakurri-ala, idaztiño onen mamia.

        Ebakera erreza ta garbia, era berean; erriari begira ebakia ta, orobat, euskeraren gora-bideari, euskeraren txukundu-bearrari begira.

        Bestelako jo izan gaitutenez gero, aitortu dezagun ori añako burubiderik ez dezakela, agian, asmoratu, euskel idazleak. Bear bada, ez duke aintzabide dirdaitsuenik, baña bai, alde-aldera, euskerarentzako ongarriena.

        Izkuntza errez-jario orretan ereñak maiz datozkio irakurleari, begi-ninietara, zenbait esaera jator, errikoi, goxo. Erakusburutzat:

        «Gudarien or-emenak ikusita». «Asarre egin diote». «Asko lagundu zion emakumeekiko batere artu-emanik ezak». «Aitari berari ziotsan». «Orduak eta mezak ematen ditu». «Zirikatzen dute ate-zirrikitotik». «Gogo-barreiatu (distraerse)». «Burua beste ezertaratu gabe». «Aomen aundiz aitatzen dute». «Zabartuxe dago». «Jokoan buru ta begi». «Bizkar gorrian jo ta jo». «Goi-deia egiazkoa ote zunentz». Jalki dio dana markesari (referir)». Jainkoaren deiaz besterakorik ez diat nik aginduko». «Bailitzan». «Bailijoan». «Bere oneratu eziñik». «Morroetarañoko guziak». «Ase-samartu zanean». «Umea iduri». «Lili zuria iduri». «Jesuita zijoalakoa (la especie de que entraba jesuíta)». «Lege-gizonak irakurriago ta Luisek poz aundiago ta Markesak biotza larriago». «Jaungoikoari emanago dirudi». «Ez da leena (no es el de antes)», «Mena, eratsua ta argia da». «Mentasuna ta guziekikotasuna». Ta abar.

        Bakanka, baditu, joskeraz egoki, baña, arnas baterako, luzetxo derizkiodan esaldiak. Adibidez:

        ... itxas-ontzian bezela lekaidetzan ere, arraunean ari diranak aña aurrera egiten omen dute ontzi-ertzean eserita itsasora begira ederki dijoazen esaneko lagunak-ere ta...

        Orrelako idazti labur, mamitsu, errezak bear ditu euskerak ugari, ta Markiegi jaunak eman lezazkio. Badakit besterik ere esku-artean darabilkiena. Betor, ta betoz, aguro, oraingoa bezain txairo ta begiko. Jakiña, euskeraz idaztiak ateratzea ez da irabazpide yoria. Baña, gure gaztedi kistarrak eta, bereziki, luistar euskaltzale jatorrak, beren buruak alakotzat baditute, idaztiño ori erosi gabe, ta irakurri gabe, ta apalera txukunki jaso gabe ez ditezke gelditu. Ordun bai, gaurkoaren ondotik, zuaitz lerden orrek ekarri lezake ale mardul berririk.

        Beondeiola Markiegi jaunari, ta ar beza nere poz-erakutsirik xaloena.

 

Argia, 1932-09-18

 

aurrekoa hurrengoa