www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZUMAIAKO ITZALDIA

1930-gko. Epaillaren 9-g.

 

«EUSKALTZALEAK»-EN ERABERRITZEA

 

        Anai ta arrebak... esan bearko:

        Pozik zakustegu emen bilduta. Eskarrik asko guzioi. Izango aal da «Euskaltzaleak»-en batzar nagusi au urtetik urtera ugariago. Izango aal da berandura-gabe Euskal-Errian ots aundiko ta euskaldun on guziek ezaguna.

 

 

Aurreko goraberak

 

        Leenbiziko lana orain, zuen aurrean, azkenengo batzarra ezkeroztiko goraberak txeatzea bear genduke. Asko jardun bearrik gera, ordea, ta lau itzez gai ori ikutzea azketsi zadazute.

        Zumarragako euskel egun gogoangarri artan izan gendun azkenengo batzar nagusia. Orduezkeroztik, «Euskaltzaleak»-en lanik nabarienak auetxek izan dira: Andoaingo Aur Euskaldunaren eguna larunbatez ta urren eguneko Euskel Eguna; Euskel Egunkaria-rekiko azterpen ta zabalkunde-lanak, auen artean dalarik Egunkari-Erakuskia ateratzea; Altzagaren Bost Urtian antzerkia argitaratzea, ta abar.

        (Kontuen gorabera: arpidez atera ditugu diruak. Bazkide-sariak, geienak, eztitugu jaso. Ez gaude bear bezela eratuta, organizatuta).

        Uts ori berdintzeko, «Euskaltzaleak» bazkuna eraberritzea, osatzea, azitzea asmatu degu.

        Ortarako, gure leenbiziko lana ingurti edo folleto txukun bat ateratzea izan da. Bertan euskaldun guziei adirazten diegu gure bazkunak zer nai duan.

        Bereala, edo erabat, buru-batzar bat eratu ta Bazkintza edo Junta berritu ta azibearra agertu zaizkigu.

        Zumarragan ni aukeratu ninduzuten Lendakari; eztakit zuen gogoak bete ditudan (ezetz esango nuke, astia ere bear ainbat ezpaitegu); baña, on-ustez ari izan naizela sinistu dezakezute.

        Gaur illabete, Buru gatzar iraste ta Bazkintza-aldatze oietarako, Donostian batzar bat egin gendun, eta bertan onela osatu genitun biak:

        Zuen oniritzia eskatzen degu orain egiña indartu dedin.

        Ortara ezkero, gaurtandik Urreta'tar Mikel jaun jatorra ezagutu bear dezute zuen burutzat. Txalo batez sutu zazute ta bearragotu, bere jakite ta aalmen guziak «Euskaltzaleak»-en alde ipiñi ditzan.

 

 

«Euskaltzaleak» bazkuna, zer da mamiz?

 

        Zer egin nai degu «Euskaltzaleak» bazkun ontaz?... Lagun-arte ugaria egin nai genduke. Euskera ta euskotasunaren aldeko eguneko xentimoa dalarik sari laburrena, bazkide asko ta asko bildu nai genituzke. Euskal-Erria osoan gure egoen itzala zabaldu. Biotz oneko euskaldun oro, bildu gure lantegian; zein politikakoak diran begiratu gabe; katolikotasuna garbia ta euskozaletasun zabal anaikor bat esi bakartzat artuta. Abertzaletasuna, erderaz «patriotismo» esaten dana, ezta neurri jakiñeko biozpena. Politikan, ordea, baipen edo afirmazio zeatzak, baipen larriak eskatzen dira. Orregatik barruan politikak artzen du ain jende gutxi.

        Guk ez; guk eztiogu iñori osoko gizakia izaterik eskatzen. Guretzako naikoa da abertzaletasun pitiñena. Eguneko xentimoz neurtu diteken abertzaletasun («patriotismo») pixka aski degu. Gure ustez, euskal errotak ur gutxi-aski darama leen ere, ta abertzaletasun-apurrak, au da ur-ari meek, are ur-tantoak berak ere ezetsi ta albora uzteko ez gaude: euskal ur gaziaren bear gera. Bekar batak suilla bete; besteak pitxarra; besteak... titarea, areagokorik ezpadu.

        Ta iñork ez beza au politika gaitzestea danik. Politika bear bearreko da errien pizundeetan. Ta gurean, orok dakigunez, aurki dugu berbizturik.

        Baña, politikari eztiogu, eman bear gure indar osoa. Erri-landutzarentzat, erriaren buru-jaztearentzat, erria euskozaletzearentzat alegin-zati eder samur bat gorde dezagun.

        Iduri batez obeto uler dezazuteke. Eman'tzagun mendi latz bat gaindu-bearrak gerala, ta eguzki gori baten azpian dagola mendi ori. Or bide bat, erpiña, belar kiskalia zear, arkaitz gorien barrena... Ortik gora ekin dio talde batek: izerdi-patsetan dijoaz: askotan, lerregiñik, aurrera leentxeago egin urratsak irristaldi batez galtzen dituzte. Ori dezute politikaren iduri.

        Baña, ona orain beste bat: gurdibide eroso, lau samarra; beti goruntz, beti goruntz, baña iraduka-gabe malkar bizien igesi; eguzkiaren galda eztator oneraño; bide-ertzetan pago eder batzuek daude etengabeko erreskan, ta oien adaburu itxiak bide-gañean abe ta aterperik atsegiñena osatzen du; eguzkiaren sua eralgita datorkigu, ta ezta su baizik argi; ezta nekegarri, bai zuzpergarri ta begien eder... Au da Euskaltzaleak-en bidea. Asko dira emendik bai ta bestetik igo naiko ez lutekenak. Ta asko dira ere, bide kiskalgarrian ler-egiñik diranean, beste ontara, txolarteka atseden artzera, bekokiak legortzera, datozkenak.

 

* * *

 

        Euskalzaleak-en asmo ta eginbearren berri zeatzagoa, txeegoa, gero ikusiko dezuten ingurtiak emango dizuete. Bitartean, goazen aurrera.

 

 

Euskel Idazle Batza

 

        Euskel Idazleak jo ditezke nere aburuz Eusko Pizkundeak ekarritako arnai edo frutu bikañenetakotzat. Zuen bear-bear da gure bazkuna; zuek nai zaituzte, gure erakunde edo organizazioaren laguntzallerik bizkorren bezela; zuek erriz-erri zabaldu bear dezute Euskaltzaleak-en berri.

        Ortarako, ta beste asmo askorik sortu ta aurrera eramateko, Euskaltzale bazkunaren barrenean, zuek, Euskel Idazleok, talde berezi bat osatu bear dezute, zuen Bazkintz Artezkari bereziaz: Ori izan diteke Euskel Idazle Batza, erderaz «Federación de Escritores Euskéricos». Nere naiez, gaur bertan, emendixe, irten bear luke mamiturik eta naiko indarraren jabe Euskel Idazle Batza dalako orrek.

        Gure Idazkariak, guziok ezagun dezuten «Luzear» jatorrak, orri bana emango dizute zuen izen-izenorde ta zuzenbideak, eta baita ere zuen erri-inguruan ezagutzen dituzuten beste euskel idazleen berri eman dizaiguzuten. Onera etorri zeratenetarik euskel idazle etzeratenak, arren jarri zuen izena orriaren atze-aldean.

        Zuen Bazkintza ere gaur bertan osatu dezazuteke emen: sartu ditezke or, Euskaltzaleak-en buru-batzarrean oraindaño batzarkide diranetarik batzuek «Aberri», «Altzeta», «Mendi-Lauta», «Udala-Mendi», «Garmendia'tar Kepa», «Otarra», «Ayanbe», oraindik sartugabe diran beste euskelgietakorik zenbait, bizkaitarrak batez ere.

        Ta ber-bertatik, ona Euskel Idazle Batzarentzat bi zeregin polit: bata, «Kirikiño» sariaren eskubide ta araubidea beregain artzea; bestea, norbaitek oso zuzenki aitatutako Erri Izperkari saria irastea.

 

 

«Kirikiño» Saria

 

        Bijoa, oso laburki, arazo onen gorabera. Zumarragan taixitu zan zearo, ta biribildu, asmo eder ori, «Euskaltzaleak»-en batzarrean. Bertako erabakietarik bat, Bilbon diru-bilketarako Batzorde bat jartzea izan zan. Geroago, Batzorde oni «Euskaltzaleak» eskatu zion, alegia, araudi-asmoren bat bazun, arren guri adirazteko, ta, ala, Batzorde orrek eta guk, Euskaltzaleok, alkarri lagunduz, adiskideki ta aburu batez araudi ori taiutu ta osatuko gendula. Batzordeak, ordea, ez ginduzan araudia eginbear orretarako aintzakotzak artu; ta bereala, bere aburu utsez arauditzako zuzenbide batzuk argitaratu zitun.

        Gerora ere, berriro alkarrekin jardunak gera, ta diotenez guk, Euskaltzaleak, eztegu «Kirikiño» sari artan eskua sartzerik. Batzorde orrek omen du eskubide oso-osoa. Guk uste gendun dirua bildu ondoren, batzorde orren zeregiña amaitua zala, baña berak bestera dute iritzia. Beren gain uztea zor omen zaiote «Kirikiño» sariarekiko gorabera guzia; bai dirua zaitu, bai epaimaia aukera, bai saria ematea. Guk eztegu uste ori bidezkoa danik. Betirako dan gauza bat bazkun iraunkor batzuen eskuetan uztea asmaturik geunden; diru-zaitza «Eusko-Ikaskuntza»-ren eskutan; urtero epaikari-aukeratzea, «Euskaltzaindi»-ren gain. Au etzaiote jaun oiei ongi iduritu ta onu auxe ematen digute: «Euskel idazleok, eztezazutela zuen eskutik utzi zeuek eta zeuentzako jarritako sari ori». Onu ori ontzat artuta, auxe asmatu degu: Euskel Idazle Batza irasi, ta beronentzat Batzorde ari sari orren zaitza eskatu. Eztet uste iñork guk gerok idazleok baño eskubide obea dunik, eta, beraz, Bilbaoko Batzorde orrek gure eskaria ontzat artuko aal du.

        Orain, zuek erabaki.

 

 

Euskel Izperkari Saria

 

        Iñork, oso zuzenki, «Kirikiño»-ren artaz ari giñala esan zun idazle apalak, errietako berriak-eta bidaltzen aspertu gaberik diardutenak ere, zerbait merezi dutela.

        Benetan, gañera, merezi, nere ustez.

        Ta ori izan diteke, aurtendik edo datorren urtetik asita, Euskel Idazle Batzaren beste zeregin polit bat. Beronen Bazkintzak erabaki beza sari berri orren araudi-gaia, ta Euskaltzaleak-en Buru-Batzarrari aurkeztu. Sari ori, jakiña, Euskaltzaleak bazkunak bere kutxatik ordainduko luke urtero.

        Gañera, nere ustez, izperkarien sari orrek Euskel Idazle Batzako bazkide diranak soil-soilki jaso aal izana bear du. Bestea, «Kirikiño»-rena, ez: nornairentzat.

        Saria, zenbat izan diteke?... Nik gutxienez bi jarriko nituzke; bata, euskel ingietako Zuzendarien iritziz urte artan lana ondoen egin duan Izperkariarentzat. Bestea, —eztakit ongi iritziko diozuten, baña— zozketara botako nuke. Alegia, gutxi dezatekenak ere saritxo bat noizpeinka irabazi aal dezaten.

        Baña, esan bezela, gaur ementxe jaiotze'aal dan Idazle Batza-k taiutu bear du, ta biribildu, asmo orren gorabera.

 

 

Euskel Egunkaria

 

        Azkenik, bagatoz, euskelzale guzien gogoak gaur geien bezela sutzen ditun asmoa ikutzera: Euskel Egunkaria.

        Itz gutxi ontaz ere: egintzak eta ez itzak bear ditugu. Ikusiko degu, bada, gero izendatuko dizutegun lanari nola lotzen zatzaioten.

        Igazko udako azterpen eta ikaskuntzaz ganera, egin ditugu gero beste batzuek, eta auxe esan bear dizutegu: Egunkaria gero ta bertago, gero ta ditekenago dakusgu. Soil-soilki, zuek eta gañontzeko euskeltzaleak erantzutea bear.

        Leen esan bezela, kalera irten baño leenago Iru milla arpidedungaien izenak bear ditugu. Ori eskutik izan ezkero, gañontzeko guzia egingo da. Beraz, leenbiziko gauza orixe jakin bearra degu: Euskal-Errian iru milla euskotar bai ote diran euskera maite dutenik. Orretaz jabetuko ez geran bitartean, ezin esan dezakegu Euskel Egunkaria baditeken ala ez diteken. Gañontzeko guzia, bada, berriketa da.

        Orain, entzun zazute: egunkari ori benetasunaren mallakoa bear badu, ezin izan aundia, orri askoduna; euskeraren gaurko egoitza ta mallari dagokiona izango litzake. Baña, ori bai, aleginduko giñake gauza polita ta txukuna ateratzen: ez oso aundi baña bai oso mami.

        Beste baipen edo afirmazio bat, Madrideko El Sol-en eta Donostiako La Voz-en gure egunkariatzaz agertu diran iritzi batzuei erantzunaz.

        Gure egunkaria kristau garbia, katoliko zuzena izango litzake, guri, ortan ari geranoi, dagokigun eta barrenak agintzen digun bezelakoxea. Sanchez Guerrak esango aal lukenez gure egunkaria egin nai degu, ez iñorena. Katolikotasunaren zuzenbidea edo ortodoxia bat bakarra da, ta bakar ori izango litzake gure egunkariaren zuzendari. Baña gure egunkaria —ori ere esan bearra dago— katoliko galtzaduna egingo genduke, ez eleiz-orria. Katolikoz gañera, gure egunkaria euskozale sutsua izango litzake, au da, euskeraren alde ta euskaldunen eskubideen alde beti garbi jokatuko lukena, naiz politika-alderdi gabekoa izan. Ta orain, nik esaten dizutet: iñork lurbira osoan egunkari ori baño ezer zeatzagorik, ezer margodunagorik ezer «más definido» asmatu aal balezake, jaso beza eskua.

 

* * *

 

        Oraindik, otoi, entzun pixkatean, dagoaneko aspertuta zaudeten arren.

        Batzar auek gure erakundearen laguntzallerik onenak izatea nai degu, ta urtetik urtera aundiagoak; urrengo urteetan, beste gauz askoren artean, batzar onetan erri bakoitzeko ordezkariak urteko bazkide-sariak ekarri ditzateke.

        Asi gaitean gaur bertatik lan onurakorra egiten.

 

 

Euskel Irakurle Izendia

 

        Izendi aundi bat egin degu: Euskalerrian, arpidez, euskaltzale-usaiezko ingirik artzen dituztenena. Erriz-erri jarria degu. Orain ots egingo ditugu erriak. Adibidez, «Errenderi» esatean, zutitu bitez andik etorri diranak. Oiek artuko dute beren gain, jorraillaren 15-gnerako, erriko izendia, aztertu ta osatu ondoren, guri bialtzea. Izendi oiekin auxe egin bear dezute: ildakoen ta erbestera joandakoen goraberak adirazi: izendiari beste izen batzuk erantsi: an egon ez arren euskal arazoetan zuen ustez gai ditezkenen izenak.

 

 

Euskaltzaleak-en Ingurtia

 

        Orri oiek osatu bezela, baita ere Euskaltzaleak ateratako ingurti ederra nork-bere errian zabaldu bear ditu. Esan, nork-zenbatsu nai dituzuten.

 

 

Euskel Egunkari Txartela

 

        Bide-nabar, egunkarirako arpidedun-gaien «firma» biltzeko egin ditugun txartelak jasoko dituzute.

 

 

Euskel idazleen orria

 

        Euskel Idazle Batza ongien eratzeko, idazle guzien izendi bat nai genduke. Ori egiten asteko, bakoitzari eman zaizute orri bat. Bertan, jarri itzazute zuen errian eta Ingurukoetan ezagutzen dituzuten euskel idazleen izenak, izenordeak eta zuzenbidea. Onera etorri gabe diranenak, noski. Gero, azpian, nork-bere izena, izenordea ta zuzenbidea.

        Orain, azken itz batzuk. Entzun zazute, ta gogoan ongi artu, Euskaltzaleak-en eta Egunkaria-ren zabalkundea nola egin bear dezuten.

        Erri bakoitzean bildu zaitezte datorren aste ontan, bi, iru lau, sei lagun ta irasi zazute Euskaltzaleak-en uribatzarra: asko izatea ezta bearrezko, gartsuak, zintzoak, «piñak» izatea, bai.

        Batzartxo orretan gure izendi-orri oiek, gure «listak» aztertu, zuzendu ta osatu. Bereala, lana banatu: ar zazute izen-sail bana, ta urrengo batzarra noiz izango dezuten bertatik erabaki. An esango du bakoitzak zer lan egin duan izendegitik aukeratutako notiñei buruz.

        Bi zabalkunde batera egin bearrik gaude, ta au zalla da ongi egiten. Beraz, entzun ondo-ondo. Leenbizi-leenbizi. Euskaltzaleak bazkunarako bazkide-sail aundia ekartzea bear degu. Ingurtiak banatu ditzazuke, baña eraz, baiezkoa eman dezatekenen artean. Jende berria ere nai genduke, egi-egia. Batez ere, oraingo gaxte ez gazi ez gezaen artean. Besterik ezpada ere, oraingoz, eguneko xentimoa ordaintzea egin dezatela. (Aaztu baño leenago: Eguneko xentimo ori eman diteken gutxiena da. Geiago dezakenari sari aziagoa ateratzen alegindu bear zakiote).

        Baña, bazkide-atxitze orrekin batera, nola egin Egunkaria-rekiko zabalkundea ta Arpidendugaiak biltzea?... Badakizute: bi sari edo «cuota» usaindu ezkero askoek uzkur egiten (l9) dute, ta ez bat ez beste. Ontan zuurki jokatu bear dezute.

        Nere aburuz, zuek itz egin bearreko notintzaz bi sail egin ditezke. Bata: Euskaltzaleak-en bazkidetza ta Egunkari-arpidedungoa pozik erabat ontzat emango dituztenena. Auei —zer-esanik eztago— arazo bietaz itzegin bear ta biekiko baiezkoa jaso. Orretarako dira: alde batetik, ingurti-barruan dauden «tarjetak»; eta, bestetik, bereizki emango zaizkizuten txartelak. Bigarren salla: gauza biak erabat aitatu ezkero uzkur egingo dutenen salla. Auei, oraingoz, bazkidetza soil-soilki atera. Oientzat sartu da ingurtian beste orritxo bat, bertan egunkaria aitatu bai, baña bat-batean arpide-aginpena eskatzen etzaiotelarik. Leenbizi egin ditzagun gure bazkide, ta gero, berandura gabe, etorriko gatzaie berriro egunkariarekikoa eskatuz.

        Zuen zuurtasunak, zuen ezaguerak eta begi zorrotzak dute orrekiko joko nagusia.

       

aurrekoa hurrengoa