www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKEL OLERTI JAIA

(Euskerazko poesiaren jaia)

 

ERRENDERIAR JATORREI DEIA

 

        Azken «Astea»-n Argia-k gogai eder bat eskeintzen dio «Euskaltzaleak» bazkunari: euskel olertiaren jaia nonbait egitea, gure olerkari xamurren gorasarrez.

        Bikaña da asmoa, baiki, ta nere aoz «Euskaltzaleak» jaso egiten dute.

        Eukiz gero, ordea, egokien jai ori non, erabakitzea, da leenbiziko eginbearra.

        Ta, orixe ausnarka darabildala, etzait gogoratzen Errenderi baño toki oberik.

        Gogotik ari dira orain eslariak ta zuzenki, Jauregi'tar K. olerkaria aipatzen; ta Jauregi, guziok dakizutenez, errenderiarra da. Baña, ez ori soilki. Artarazkero, beste olerkari jatorrik bai bait degu, iñork Arrese tolosarra atera lezaiguke, beste batek Enbeita muxikarra, onelakok Satarka ondarrabiarra, arakok «Lauaxeta» mungiarra, «Garbizu» pasaitarra, Lekuona, Maruri, Mujika, «Elurmendi», Zapirain, Barbier, «Orixe» neurtitz-gorroto..., nik al dakit zenbat geiago!

        Baña Errenderik badirudi olerkari-sorleku berezia, ezpaititugu, nik uste, biziak bakarrik gogora bear. Ta zanduengana, illengana jo ezkero, or beste olerkari bi, ta urrezko, errenderiar: Eltzo ta Errenderi Aba. Ta zaarragoenartean, or Xenpelar...

        Beraz: Euskel Olerki Jaia egin bearra bada, ta Errenderi badu agertokirik jatorrena..., errenderiarrok dezute izpidea. Asmoa artzen al dezute oritzat?... Bizkor al zaituztegu «Euskaltzaleak»-i laguntzeko?... Zertzuk eta nolakoak legizke or zuen iritziz, jai orren ederrerako?...

        Olerki-batzaldi edo nor-geiagoka bat?... Bertsolari ontxoen leiaketa?... Antzerki-jaia?... Oiek guziak eta zerbait geiago?...

        Datorren Argia-rako norbaitek ortik erantzuna badegu uste; astia galtzerik ezpaitago.

        Udaberriz eginbearreko jaia da ori. Olerkariak —giza-gaxook!— neguz otzak gogortuta, udaz abaroan lo, udazkenez berriz negar uts batean oi bait dira: udaberriz, ez beste iñoiz, xuxper ta ezertarako gauza.

 

El Día, 1930-01-26

 

aurrekoa hurrengoa