www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

DONAPALEURA JOAN-ETORRIA

 

        Goizeko nagi goxoak ogean nindukala —jeikiko al, ez al?...— telefono-otsa.

        Zuti, belarriok...

        Neskameak: ¿Quiéeen?...

        Neskamerik ena Euskalerrian, telefonoz euskeraz dakinik. Arian barrena ibiltzeko ere, lakatza ta baldarra degu, noski, mintzoa!...

        Baña, orraatik, euskerari eldu bear izan dio, quien-aren urrengo. Agi danez, deitzallea ezta nornai...

        Aizak! —nere artean— Mendiola ote?... Egin ote dit beribillean tokirik?... Bart, etzula baitzion... Ta nik iru eguneko bizarra; sasiak jana arpegia. Zortziretan abitzekoak zirala, ta zortzirak oraintxe... Auxe dek lana!

        Mendiola da, bai. Joateko ta joateko, itxongo didatela; bizarrak zer-ikusirik eztula gure eginbearraz...

        Ez bizarra monu, ez gosaldu —jantzi ere ozta— banoa.

        Zer egin bear zenduan?... Egun eder bat nolanai galtzekoa ezta.

 

* * *

 

        Beribil bi daude gerturik.

        Mendiolarenean, jabeaz gain, Etxeguren deritzan zaldun bat, Jausoro olerkaria ta neretzako utsunea. Arregi guriarenean, «Uitzi», Larrain —Ibarluzeko Udal-otseña— ta gizaseme aundi sendo igar bizar-beltz bat —Rekalde, izenez— aitarengandik Karlosen gudateko oroitzez, ta are suz ere, betea.

        Eguna urdin garbia. Berotu bear du poliki eguerdirako, Agorra illurren izanagatik.

        Noizbait ere, Arregiren «gurdia» asi da oska, ta badijoaz. «Uitzi» muskurioka ibillia dute, ain bide luzea egiteko berandu omen dala-ta. Goiztarra izan gizagajoa, ta besteak oge-zulo uts...

        Gu ere abia gera noizpait, Donostiruntz.

        Etxeguren dalakoa ta Jausoro ditut atzean.

        Etxeguren, gizon egiña da, ta, diotenez, lege-gizon azkarra: Euskal-erriatik ate bizi izaten omen, geienean. Arpegiz, sudur-kako, begi-bizi, okotz-zorrotza; oldez urduria ta alaia.

        Olerkaria du aldamenean: aingeru azpildu-gabea. Arpegi gorrizta ta apaiz-jazki beltza, alkarrekin egon-bearraren bear gorriaz ditu lagun: baña lagunarte gordintxa dagie. Luzexka sudurra, goi-beez beintzat —musuaren araberata pitin bat zearka azia. Begi otxan parre-beraak ala diotzute, begiratzen zaitutenean: «Olerkari biozti bat nazu: orrenbestez esana dago eztedala «malizi» aundirik». Larre-larrean bizi dezu erretore, ta aren ginballak (kapelak) ere badio alako basaka-uxai ta igazkotu-kutxu bat: añera, gutxienik uste dezula, ez bat eta ez bi, lepazamarreruntz dijoakio.

        Ateratzen baitu Mendiolak urtero euskel egutegi bat, arakoxe apaiz begi-urdiñak egin izaten dizka zenbait zizka-mizkai ta izkirimiri. Ordañez, Mendiolak eman izaten dio —gaur bezela— basotik ateko ega-alditxo baten abagunea.

        Ibil-eguntxo auek arroagotzen dute txantxangorria eguraldi epelak baño. Badu ark etorria, alazainkoa, neurtitzez ainbatsu itz askatuz ere!... Or det atzean, itzari laga eziñik... Etxeguren enetxoa: entzun bear dituzu zereak eta bi!...

 

* * *

 

        Zer zatozkit, «Uitzi» adiskide miña; zer, Homero, Anakreonte, Virgilio ta Ciceron buruan edukiagatik, bete-beteko euskaldun zaitugun ori?... Zer zatozkit, bai, oñak narras, izkutu-mizkutuka, bekokian beera ginbail-egala eratxirik, betaurreko-erantziak begiak lausotu ta izu-antz?

        —Zer irizten nazu? —galdegin dit— Zure anaiaren antzik badet?... Aterako ote degu gauz onik?

        Nik, baietz; egoteko lasa...

        Beobian ditugu alkar-izketok. Mugan gaude ez-arian ez-arian, bidetxoa egin baitegu... Orain, beribilleen ta gu geronen nora-agiriak erakutsi-bearra.

        «Uitzi» badijoakit, Jainkoarren «iñori ez esateko» aginduz...

        Nik eztizutet oraindaño esan, baña «Uitzi» zintzo orrek nere anaiaren nora-agiria darama, alkarren antzik bai-baitute, ur-tantoak ardoarenaren ainbat... Ikusi degu, orde, zenbait bidexka arturik dala arranoa, mugazaiak gezurpean atzeman eztezaten.

        Erne!... «Uitzi» ta lagunak sartu dira berriro beribillean. Mugazaia badatorkie. Ni begi-uts...

        Orraatik ere!... Jare dituk! Baziaztek...

        Orain, gurekikoa ...

        Auxe dek ederra! ... Nork esan bear zigun?...

        Olerkari xoxokumeok... Egutegi-zortzi-illabeteen saria, agur!

        Esku ikaraz luzatu dek agiria... Ta mugazaiak —begirakuri bakar bat aski— ezetz, eztekela aurrera egiterik: igazkoa dala... Egin dek arrituarena, baña ez tajuz: gezurra oi eztekena ezagun... Bekañei eragin, bekokia zimurtu... Alperrik: beribilletik jexteko...

        Zorigabea!... Uzteko, beingoa gora-beera; Prantzira bear gorrian aizela... Aita ditzak apaiz-jazkiak, ginbail jatorra beatzaz erakutsi... Bost axola; etzegok errukirik!...

        Atera zak anka bat, eta... arren!; atera bestea, ta... otoi!... Begi gaxoak! Ezer eztet ikusi unkigarriagorik... Bustigabekorik ere ez, ain dirditsu...

        Guk, etsitzeko; ikusi baitegu otseña eztala esanetik gibelatuko... Berak, ordea, ezin etsi.

        Beribil berriak datoz. Mugazaia albora begira dan batean, apaizak esku dardartia atexkari egotzi: ginbail bulardetsuak, erabaki gorrien garaia eldu dalakoan, zutitu aurrea lerdenki bekoki-gañean, ta egal-atzea lepazamarreruntz etzin... Euskal-Erriatik Euskal-Herriarako zubian gera, onuzko burutik ... Ta Jausoro etsituak, oña berriro beribillean sartu-eske: «Lagunak! —otsegin digu— ekingo bagenio laisterka! ... ».

        Gizagajoa!... Geronek bai, ekin bear izan genion ibilliari, ura gabe, iñola etsiko bazun...

        Larrain gaziak gero, arratsean, zionez, arena omen zan abagunea, Esproncedaren Etsigaizto itzala euskel neurtitz bikañetan iraultzeko!

 

* * *

 

        Apaizaz arinduta, bagoaz Prantzia dalakoan barrena.

        Bagoaz, baña ez luzaroan... Etxegurenek eginkai txiki bat egiteko bai omen bide-ertzari begira... Ta entzun izan baitiogu maiz Arregi mardulari: «Laguna egin-bear gorrian danean, lagun akiok; naiz eorrek bearrik ez, jarri adi beintzat sasira begira»; jetxi gera guziok, ta ustu-antxean egonak gaituzu bide-ondoko ormaxkari begira...

        Lanok amaitu ondoren, Jausororenaz geniarduala, Etxegurenek bera ere gezurrezko agiriz datorrela aitortu digu... Gizon politak gatxeudek, alajaña!... Ta ez nolanaiko gezurra, ibarluzearra bailizko nor-agiria (zedula) atera baitu... Larrainen laguntzaz...

        Beraz, iru kristautxo ziran gure artean okerreko agiriez ornituak; eta oietarik, munduan oi bezela, errurik txikienekoa eror. Amaika lan emandakoak, erriak erdibitzeko arrasto oiek!...

        Donibane-Loitzundik aurrera, erregebide aundia albora utzi ta beste mearrago bati lotu gatzaio: kaskar samarra bera.

        Lurralde emea!... Mendixka bigun utsek bulartua... Guzia agiri da legun, lirain, guzia garbi, guzia... tipi... Errixkak, etxetxo apal polit banatuzkoak... Bizitzea, emen, zorion-uts bear dala uste; aizea berriz, beti epel, beti dirditsu...

        Bitartean, Etxegurenek pillarmonika txiki bat atera dizu, ta, arixe ezpañak egotziz, asi da oska, biribilketa bizienak joaz.

        Tarteka, ordea, geldi ta beera, sasiari ipuiak esatera... Maskuri txikagorik egundaño!... Gu aspertu gatzaio laguntzez, ta Arregiren arako aolkuaz gibelatu...

        Lurralde atsegiña ondoren, ona, luzaro samarrean, beste bat, itun, bakarti, idorra... Orren arabera, bidea ere latzagotu, koskortsuagotu egin zaigu, ta aren kankatekoez Etxegurenen larria ezta batere obekitu...

        Gure ibilliaren azkenaldian, berriro leengo musker (berde) ezeak irten digu, bidera, ikus-mugarañokoa pozgarriki jantziaz...

 

* * *

 

        Orduak joanik dira poliki. Amabi t´erdiak arte ez gera sartu Donapaleun. Kaleak utsik, otordua baita... Erri-zelaian orraatik arki ditugu morrosko eder batzuk. Euskeraz galdegin ta euskeraz erantzun, eman dizkigute bear berriek, Biltzarra-koen bazkaria Trinquet-ako jatetxean dala, ta bagoaz ara.

        Ona berreun-bat bazkaldar bi mai luzeen alboetan jarrita, pelota-toki estalia zearo beterik. Badago an berriketa-ots ederra, erlauntz yoria iduri...

        Arregi ta lagunak an dira, gu baño leentxeago sartuak, artean Jausororen ezbearra eztakitelarik.

        Etxeguren ta biok alkarrekin gera. Aurrean, Urruñako mutil ta agure batzuk, aruntzaxeagoko ziberotarrei ezka ta baika, ea nortzuk ote euskaldun jatorrenak...

        Goizean egiñak dituzte gogozko jaiak. Gu ordea beti, iñora garaiz iritxienean, soñezkora, sabel-jaiera; ta are ozta-ozta. Jan ezkero, gañerakoak guxi axola... Meza, mintzoaldi xamurrez; batzarrea, aurtengo gora-beerez ta etorkizunerako asmoez, apainduak; euskaltzale zandu baten gorazarrez oroitz-arria agertzea... oiek guziak, zer? urdalla zerk berotua badegu?... Argatik zan, ba, goizean asarre «Uitzi»: oiek ez genituala-ta atzemango... Orrek, ala ere, eztu esan nai «Uitzi» jale bizkorra eztanik.

        Dana dala, gaurkoak eztu onezkero zuzentzerik, bai? ta jan dezagun.

        Jaki-agiria euskeraz poliki egiña dago. Orren arabera, leenengo eltzekari saldatsu bat dakargute, barazki-puxka gozoez egiña; gero izokia arrautzolioki edo maionesaz; urrena idiki ona, ta, azkenik, indiollo bikaña erreta. Guzia alderdi artako ardoxka garratz batek bustia... Nik, gure Getari ta Zarautzeko txakolin orixka min!

        Baña, ardoa bizienetakoa izan ez arren, labeak asi dira goritzen... Bai-baita lasabide bat —gure lotsagarritzat norbaitzuk etsia— euskaldunen otoruntzez gero ezinutsezkoa; eztarri ausartaenak ekin diote abesari, kantatzeari...

        Artean, ordea, etzan orren garaia... Biltzar-buru-jaunak, guziek nekez ixillarazi-ta, mintzaldi labur bat egin digu... Anai auek esaera ere eztia dute ta egoki lotua... Agur gozoak guretzat, mugaz zear etorrientzat; gu, giputzok, ezezik, bazan an ale bat edo beste Bizkaia ta Naparroatik.

        Orain bertsolariak. Bat aundi-musugorria, bestea txikia ta aurpegi-zimela... Jaten ari-tokietan zutitu, ta ekin diote. Aundiak berebiziko neurkin edo metro biguna darabil: noiz-nai luzatzen zaio bost zentimetroz, noiz-nai beste ainbestez moztu. Orretan zeatzagoa da bestea; baña Ziberoeraz ari, ta gure belarriak, ezpaita oitua, gutxi jasotzen du.

        Urrena, abesak du berriro aldi... Bakarkako batzuk ere badira: oietarik bat, jakiña, gure Arregi egokia, abotsa pitzatzen asia badu ere... Urteak, enetxoa!... «Andrea, maite zaitut...!» abestu digu. Mutilzaar tinko batek, zer egokiagorik?...

        Gure anai auen artean, mugaz onuzko alderdiko euskaldunen eri berberari oar natzaio. Buru-jantzienak, jakitez ertenenak, euskeraz aal duten gutxien ari izaten dira, naiz jardun-gaia erreza izan... Gure etsaiak —olagintza edo industri larria, batez ere— balituzte, jarkiko al litzaiete gu baño biziagoki?

        Bazkalondoan pillota-jokaldi bikain bat dago, alderdi ontan oi diranetako pillota-toki albo-zabalean. Uritar gañekoenak —neskatx apañak «barne»— dira ikusle sutsu.

        Baña, berandutxo degu guk, eta bide luzeak egin-bearra. Onuntzakoan baño areago, Naparroan barrena —Baigorritik— itzultzea erabaki baitegu, gerekin, Jausoro zorigabearen tokian, beste apaiz jaun xalo agurgarri bat artuaz. Ez al da au ere olerkaria izango!...

 

* * *

 

        Donibane-Garazi zeartu-berriak geralarik ikuskizunaren txoragarriak geldiarazi egin gaitu. Esan bearrik eztago Etxegurenen maskuri urduriak, abagune oni eskar, artu bide duan lasa-aldia.

        Ibar ametsezkoa, zenbait mendixkek biribilki esia... Iru margoz, poliki naasiak alegia, irudia osatzen da. Zelaien ta basaxkaen muskerra, emen argi, an urdintxa, or arre-antz; tellatuen gorri miña; etxeen zuri txuria. Alkarren auzo dira, atsegin-zulo artan, iru-lau bat urixka maitagarri. Ola-kebide bakar bat ez, ortziaren aratza, izerdizko, nekezko, oñazezko lurrun-gandor zikiñaz: lardazten...

        Iñartzi (inbiri)... ta abia.

        Baigorrin mugazai euskaldun otxanak. Seirak —muga-ate ura itxi-garaia— joak izan arren, Biltzarra-koen artetik gatozela esanda aurrera utzi digute. Alakoxe batzuk izan bazenitu aruntzean, Jausoro adiskidea!...

        Iñularreko oxkiroa lagun atsegin degula, Izpegi mendatea bitarteko aldapa igo degu, astiro-astiro. Lukaika polita, zazpireun neurkin gora egin bear baitira...

        Orain Naparroan gera. Obeto esan, aspaldi genbiltzan Naparroan barrena, mugaz beste alderditik ere Naparroa baita. Ikus, bestela, non-nai, etxe-aitziñetan naiz pillota-tokietan; ikus Naparroako kateak, arroki erakutsiak...

 

* * *

 

        Illun-aski dala sartu gera Elizondon: artean etxetik urruti.

        Leen ere adirazirik nagonez ezpaigaituzu gogo-utsezko aparia degu amets, eta, ao batez, bertan artzea erabaki degu. Ibarluzera urrutizkiñez (telefonoz) ots egin-bearra, gaberdirarte ez gure usterik izateko; emaztearen —dutenak— ziri gordintxo batzuk ere entzun apalki, ta, orra arloa antola!...

        Otordu atsegiña egin gendun orraatik ura!... Bikaña aparia, polita ardoa... Bazan an esan ta jolas-bearra!...

        Ordun azaldu ziran gure arteko zaarpil guziak. «Uitzi»-k artu zun, leenbizikoz, astindu eder samarra.

        Nik, aren berri nekian bakar onek, galdegin nion, biurriki:

        —Ta?... «Uitzi»... goizekoa esango al degu, ba?...

        Larri zan gizagajoa! Ukabilla estu-estu egiñaz:

        —Jainkoak barka!... Ez gero!...

        Gure mai-muturreko lagunak —Larrain eta Rekaldek:

        —Zer, zer?... Jakin biar diagu ori...

        Ta zirika nik, berriro; ta, berriro —jateari zearo uzteka, noski— «Uitzi»-k:

        —Jainkoak barka!! Ez dezazula esan!!!...

        Gezurra dirudi, latiñez ta griegoz jakin gizonak eta «tranpa» txiki bat aitortzeko ainbestetaraño lotsa.

        Baña alperrik ibilli zan. Bein artara ezkero ni ere enengoan ixiltzeko, ta aren urduriak gero ta axkureagotzen ginduzen guziok. Ta, astiro-astiro, itzez-itz... orra jalki guzia...

        Ura jolasa atera zuten artatik beste biak!... Polita zala jokoa, alegia!... Ea ura al zan bere burua agiriz, idaz-bidez, zintzo ta zuzentzat erakuska diarduan kristauaren egitekoa?... Bazetorkela urrena ere zuurtasuna, gizabidea ta olakoak aipatu ta goresten: esango zutela berok, nornaik ikasteko eraz ta tokian, gizaseme makur ura nolakoa zan larrugorrian ikusi ezkero!...

        Entzutekoa zan, ta parrez lerregin bearrekoa, ango aria. Larrain sudurruts betaurreko-aundi burusolla ta Rekalde betozko-illun bizar-beltza, patata errea baño legorrago biak, «Uitzi»-ri berebizikoak botatzen... Ta «Uitzi» gizagajoa, berrogei urtetik gorako gizaseme tinkoa, Homero ta Virgilio kolkoan sartuta darabiltzian gizona, estu ta larri, esku batean ogi-puska ta bestean ollasko-izterra (ta agoan bietarik aski), bere burua gerizatu eziñik, neri erru guziak egotzi naiean, neronek alako egin bideetan sartu bai omen nun (egia zanez ... ).

        Eskarrak gerekin genduan apaizari. Oben artarik, eta aren antzeko guzietarik, bertan jaretzen ginduala esan baitzun; orduntxe «Uitzi»-ren gogape bildurbera asi zan baretzen, ta ekin zion jateari biziagoki, leen galdu astiaren ordañak nondik jasoko.

        Beste gairik asko maxiatu zan. Aitatu zun norbaitek erderaz ta euskaldunen itsusiz ta kaltez idazten duan eusko gazte bat... Baita ere orretzaz «Uitzi»-k iñoiz argitaratu iritzia. Izan ere, badirudi gure errian arrogarritzat artzekoa ote dan beste iñon lotsagarri litzakena... Berotu zan «Uitzi» bere aburu-alde, ta igerri zion alegia patarraren ontzixkak: ipurditik autsi baitzun, mai gañean ukaldika...

        Berdinduxe giñalarik, eta naikoa jardunik, etxerako asmoa, damuz baderik, artu genizun, ta antxe azkendu zan gure eguna.

        Gañerakoa, ezer gutxi. Ibilli, ibilli, ibilli; joan, joan, joan... Utzi degu nunbait apaiza; beste nunbait utzi gaitu «Uitzi»-k eta illunak irentsi du... Ozkiro gazia, gau beltza, izar-mordo aundia... Nekea..., asperra, ogemiña...

 

* * *

 

        Egun bat geiago... Egin al degu zerbait Euskalerriaren ederragatik?... Ez asko, benetan. Baña, bada zerbait anai erdi-ezagunenganako elkarbidea, urrats bakar batez baderik, laburtua...

 

Euzkadi, 1929-12-22 / 1929-12-25

 

aurrekoa hurrengoa