www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

EGIA IKUS DEZAGUN, AMA!

 

        Euskerari buruz diardugula, askotan oi ditugu euskeltzaleak —on-usterik oberenaz, egia— gezur biribil batzuk; arloaren ikuspenerako ta eginbideen zuzenerako oso kaltekor ditezken gezurrak.

        Ona mintzaldi oietarik laburbil bat: «Euskeraz eztiteke esan ezer gaiztorik. Oitura onen zaindari oberena «ama» Euskera degu. Kristautasuna ta euskera elkar-lotuta, bat-egiñik dira».

        Esan oietan, elkar-itsatsi ez-bearreko gauzak naaspiltzen ditugu.

        Aitor dezagun leenen, euskeraz, edozein erderaz bezelaxe, iraindu ditekela Jainkoa, siñestauski edo erejiak baditezkela esan, ta baita ere idatzi ipui ta gertantzo (novela) lizunkeriz josiak.

        Nork uka or diodana?

        Beraz: euskeraz orain arte orrelakorik ezpada —utz ditzagun beraizik Biblia protestantea ta erri-abestietako zenbait gordinkeri— euskeraz ezer gutxi idatzi dalako da. Besterik uste badegu, ikus-naaspil batek joak gaude.

        Euskera Jainkoaren ao-miñeko izkuntza bereiz bat dala uste izaten degu: beti-garbi bat, erdoi-ezin bat; eta eztakigu, guk ain errez egotzitako alderdi on oiek ustelak dirala ta gure zabarkeri zaarraren ume; euskera ez landuak sortu ditula.

        Ta gezurra beti da gal-zori; atsegin bada, areago. Gezurrak lilluratuta bizi danak bere buruaz uste ditzake ainbat gauz eder; egiak, ordea, egi errukigaitzak, esiko du gau ta egun, ta eztio barkako arik eta zapaldu arte, birrindu arte. Zori orixe dagoku eskeinka, aspaldiko, mendeek barrena geiegi bazkatu baititugu geren gogoak aberkoi-usaiezko gezurrez.

        Eusko oikuntza bikañen zaindari oberena euskera omen; kristautasuna ta euskera elkar-bildurik, ia-ia soin bakar batean mamiturik omen dira. Euskera ta Kristautasuna era batera dabiltza...

        Ez, gero, begiei ta zeuen naikundeari geiegi siñets! Ikus-naaste zoroak dira oiek, bai eroso guretzat, baña bai kaltekor ere euskerarentzat eta kristautasunarentzat.

        Ez; bazka dezagun bein-betirako gogo euskeltzalea egiaren ogiz eta ardoz.

        Ta egia au da: euskera ezta, nabarbenki, oker-bide, jakin-bide egin eztegulako; eztegu egin jakinbide zuzen, ta ez makur. Ta gaur dan egunez edozein izkuntzak, Europan beñipein, jakintza-bide bear du, ondatuko ezpada.

        Zer esango genduke, gure aurren irakasleak, aiek ongi gizazi bearrez, argiari galbide iritzita, egun osoan illunpe beltz batean baleuzkate?

        Bai, ziñez: gauzak okerreko alderdiz ikusteari jarrai bear bagatzakio argia galbide da; argia ezpalitz, ez genituzke begiak igatuko ikuskizun lizunez... Baña, ori astakeri bat dala erakusteko eztegu luzaroan ari bearrik; eta, bide ortan barrena, aurki giñake belarri-motz, anka-motz eta esku-motz, eta, alarik ere, makurreri gaiztoari ezin igesiz, bizirik giñaken arte...

        Alatsu, bada, euskera, landu eztegularik, ena jakintza-iturri, illunpea da. Euskeldun utsek euskeraz asko gaiztorik ikasteko enute izan, egia, abagunerik. Baña, ikasi al dute, ostera, askorik on?... Bai?... Zergatik, ordun, gela illun artatik irteten dutenean, dira ain makurbera?... Zergatik, erbestera jo ezkero, beren sinismena galtzen ain errezak?... Gure abertzaletasun aizunak, gure erosozaletasunak, auxe erantzuten du: «Erdera ikasi dutelako»... Gezur biribil, ta lotsagarrizko gezur!... Erderaren bidez sakonki kristaututako euskaldunak makurgaitzagoak agian ditezke, erbestean: ori diot nik.

        Ez. Ezta erderaz ikasi dutelako; baizikan, euskeraz sinismena etzaielako itsatsi, etzaielako biotz-adimenetan landatu bear ainbe argiro ta errozki.

 

* * *

 

        Adibide bakar batek berakut gure zabarkeriaren zenbatetarañokoa: Kristau-Ikasbide zaar ta berriaren arteko auziari gagozkio.

        Urteak eta mende luzeak zear, Euskal-Erriako giza-alderdi buru-jantzienari eztio gogoak eman, euskeldunak Kristau-legea bear ainbatez jakin ezin zezatekela Ikasbide zaar lotsagarri orren azpiarriaz. Ta..., gaitzerdi, asto-gain ortatik gaur jetxirik bageunde! Baña, ez ala izaki. Are gaur-gaurxe, uste dute zenbaitek (edo ala uste dutela uste bearrik gera) Ikasbide zaar orreri jarrai bear gatzaiola, mendeen ondarreraño.

        Orain gutxi, ene adiskide apaiz gazte bikain batengana baserritar zaar bat etorri ta asi zitzaion, alegia, «Dotriña» zaarra nai lukela etxean, etxeko zaarrek berria ezpaitakitela; ta (onexek indarrik aundiena ematen zion) beeko erriko Erretore jaunak zaarra irakasten dula, ez berria. Ene lagunak, Ikasbide zaarra zenbatetaraño dan txarra ta gauza-eza adiraz nai baserritarrari, ta Jainkoarekiko izate-azalpena esanarazi zion:

        «Da gauza bat, esan eta pensatu al ditequean baño ere excelenteagoa ta admirableagoa; jaun bat infinitamente poderosoa, sabioa, justua, printzipioa ta fiña gauza guztiena».

        —Ori ulertzen dezu ongi? galdegin zion.

        —Bai, jauna, bai.

        —Jainkoa «fiña» dala esan dezu. Zer da ori?

        —«Piña»..., jauna, «piña»... «alproja» eztana, alegia...

 

* * *

 

        Izkuntzak, Jainkoak emandako beste aalmen ta aribide guziak bezela, gauza onak dira, berez; ta ez onakoa on ta arakoa txar; norberarena oberen ta egokien: Okertu ditzakela, ta makur-bide biur gure gaiztoak, eskuaren ta argiaren ta janariaren antzo?... Egi berria orixe!

        Zein iritzi bear degu, arlo ontaz, euskeltzaleok?

        Auxe: okerbide biur aal izanagatik, eskua erabiltzeko bada, ta argia ikusteko, ta janaria jateko, euskera landu bearrik gera, on-bide naro izan aal dedin. Erabil dezagun beti euskera Jainkoaren, egiaren ta egiazko jakintzaren mirabe; ta iñork okerrerako erabiltzea gertatzen baledi, ez luke orrek esan nai izango euskera gaiztoa danik, ezta ere, iñork gaitzerako erabil aal eztezan, landu egin bear eztegunik.

 

* * *

 

        Arritokietako Ama Neskutzari Argia-k eskeintzen dion garau bereiz au dala bide, otoi bat biotzez zuzendu nai diogu:

        «Egia ikus dezagun, Ama, euskeltzaleok, eta euskera erabil dezagun beti Egi Uts Danaren aintzarako!».

 

Argia, 1930-05-04

 

aurrekoa hurrengoa