www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZ SARI TA EZ ESKUPEKO

 

        Gazte samarrak geralarik ere (?) —ta, gazte-antzo, sutsu ameskorrak— ari gatzaizu, bai enetxoa, munduko berri ikasten. Adibidez, auxe badakigu: izana, ustearen aldean, ustel oi dala. Izanaren arloteria, ordea, askoz dezu areago euskel ametsen ondoren. Alegia; gere euskotasuna, gere euskeltzaletasuna, ta al dakit nik zenbat «ziri» geiago, ezpain artoberootan maiz darabilzkigu; baña, begira ez dezaion iñork gure eginmenari dei egin. Errezago da, bai, euskerari, erderaz ta begiak irabiatuta «milenario», «venerando», «tesoro secular», ta beste zenbait txaldankeri esatea: errezago noski, gu geok euskeraz aritzea, geren aurrei ala erakustea ta euskeraren bizirako zakela atximurtzea baño...

        Bazan gizon bat, guk maitetzat genduna: euskozale eztiran zenbaitek ere agertu baitzioten onginaia. Gizon orrek, euskeraren alde, urte luzeetan, neke askorik eraman ondoren, aldegin dizu jaioterrira, ango pakean zartzaroko ateak urratzeko ustez.

        Munduaren izen onerako beti bear baitituzu gizagajo batzuek, alako bat edo besteri buruak eman die gizon ari gorazarre —omenaje— eder bat egin bear liotekela euskeltzale orok. Gizonak ordea, apala baitzan, gorazarrea euskerari zor zaiola dio.

        Jardun batzuen ondoren, ikus zertaratu geran: betirako gorazarre bat, naiz urria, euskerari eskeintzea, gizon zintzo aren izena, oroigarritzat, emanik. Zeaztuz-zeaztuz, Zumarragako euskel egunera gatoz, ta bertan euskel idazleak zearo tajutu dizute asmoa: arpide bat zabaldu bedi, amar milla pesetatxo baderik biltzearren. Diru mordoxka ori jartzak «Euskaltzaindi» naiz «Eusko-Ikaskuntza» zaipean, ta aren adarraz, aren ekarri edo korrituaz sariztu zak, urtero, nonnai argitaldutako euskel idazlanik onena.

        Ontara osotu zan «Kirikiño» sariarekiko asmoa. Eguzki ederra ta jai ederragoa baitziran egun artan —jolasa ta oporrerako bakarrik ote zaigu berotzen odola?...— orok uste izan gendun Euskalerriari amar milla laurleko kentzea, itxasertzari eskua bete ondar ainbat zala. Iñork uste zun «uxkeri» ori biltzeko Bilbotik irten bearrik etzegola, «ainbeste adiskide on baitzituan an Bustintza jaunak». Bertan sortutako batzordeak ere etzun uste besterik.

        Baña, usteak uste, arpidea asi da, joan ere egin dira lendabiziko illabeteak, eta orra gu ikara-samartzeari eman, asmoaren azken negargarrien bat sumaturik, ain baitzijoan mottela ta illa.

        Bat-batean, iñork ustegabekoa dator. Gertari samiña —artakotzat etsi genizun itzez, beintzat— gertari beltza, guk zuzendu eziñekoa, baña orretxegatik euskeltzaleen biotza irabiatzeko añakoa ere, ta, beraz, gure asmoaren zorimotza sendatu zezakean gertaria. «Kirikiño» il da...

        Euskerari erderazko itz-putzak esateaz gain, besterik oiuztatzez ere bagaituzu euskaldunak zintzurrok larruturik, eta inguruko arrotz guziek asperrarazita. Alegia, aspaldidanik, larru meezko jatorri-agiria erakusten baño arrokiago, or goazkizu esaten itzez laburtxoak gerala, baña... egitez, ordea?... egitez lukaika baño luzeagoak!... Au ere ezta ziri makala.

        Il zan «Kirikiño». Eneee!... Ura otsa, ango iskanbilla, gure negar-zotiñak, oroen bularra lertubearra!... , zer zan ura?... Guziok agurka, guziok goreska, guziok illetari alako gizonik gutxi zala, ari euskerak onenbeste zor ziola, arexen oroitzapena beintzat etzala iñoiz gure gogoetan itzaliko!...

        Arako gizagajoak —munduaren izen ona zaitzeko Jainkoak jarriak, alegia— alkarri esan zioten: «Oraingoan, orraatik! Oraingoan bai, etorri bear dik urreak erruz, urregorrizko baitira, biotzarekiko, oien malko samiñok... Amar milla laurleko, alajaña!... Bai geixeago ere, eman baietz, alkarren leian, beartsuak eta aberatsak!».

        Badakuszu, irakurle: alper samarreko lana dirudit «Kirikiño» sariarekiko gorabera azaltzea.

        Emen, Euskalerrian, edozein gai irabazigarrik atera zak «emprestito» bat: eskatuala, ta akats, bete baietz ordu betean. Emen, Euskalerrian, oa noiz-nai ardandegiz ardandegi: beti arkituko dituk beterik. Oa ostikoketa-zelaietara: an ere jendea zakarra bezela; bi, lau, seina laurleko aizatu bear izan badituzte ere. Emen, Euskalerrian —asmo begiragarri ta doneetarako, egia, baña, txarrak al dira gureak?— arpideak badituzu eunka milla pesetakoak. Emen, Euskalerrian, amaika dirudun ezagun izan ditugu iñoiz, euskozaletasun-garrak kixkalita, esku beteka zillarra botatzen, auteskundeetan garaile izateko... (Nor-gere maitetasuna beti: eztakigu euskaldunok maitetasun ederragoen berri!...). Bada, Euskalerri ortantxe bertan, gabetasunik arloteenean bizi (?) dituzu, euskera, euskal oiturak, euskotasuna zaitzeko jarri diran bazkun guziak. Euskerari ez iltzen laguntzeko, ezin ditezke amar milla peseta zikin batu. Ezta ere beiñik-betirako eman bear dezula jakinda: urtero-urtero, zuk ezer berriro eman gabe, saria berriztuko dala: sari orrek gertu aurrena, ta bazkatu gero egin bear duala iñoizko gure egunkaria...

        Ontara geralarik, zuzenkidez ari ezkero, aitortu bear degu gauzatxo bat: aberatsak eta txiroak eztutela, alegia, berdin eman. Geiago eman dute, jakiña... txiroak. Gaurdaño bildu mordotxoan, geiena beartsuen alez egiña da. Zenbaitek, bizibideari gaur ordu bete biar laurdentxoa osturik, euskerari buru-eskuak eskeintzez gañera, ta utsean eskeintzez gañera, berenetik ipintzen baitue papera ere ta selloa, badizute kemenik edozein arpidetara bi pesetatxo, bost pesetatxo, botatzeko. Ostera ordea: aberatsen ukaldi gaitzak, bosteun eta millanako ukaldiak, eztira gaurdaño «Kirikiño» sarirako agiri. Aundiki oiek, ez al dute asmo ederraren mamia atxiki?... Ala, etxez-etxe eskean astea bear dute?...

        Gogoan det gaur ere, Zumarragako euskel egunerako arpidean Belaustegigoitia jaun baten bosteunekoa agertzea. Ura poza gurea! Bizkortu ginduzun emaitza ark!... Eta abagunea egokitu zaidan ezkero, geixeago esan dezadan, geren buruok edertuz. Alako lanbideak beti ere, lendik aski lanbeturik daudenen bizkar ezpaletoz, artu bear zun zaldun eskuzabal ark paper-mutur bat baderik, eta bertan «eskarrik asko» bat, aren diruaz sariztutako ogei mutiko-nexkak izenbetua, zirriborro ta guzti.

        Gutxi, naiz berak onak, kendu ezkero, bada, gure aberatsak arlote gorriak dituzu, irabazirik, atsegiñik ala puztubiderik eztakartzen eginbearretan. Orain gutxi, adibidez, Bilboko arpidean lerrotxo bat agertu da, eusko langilleak «Kirikiño» sarirako emandako berreun laurlekoez. Eusko otseñak zlrala esan dute gero. Berdintsu da, langille deritzanak baño beartsuago oi baitira, askotan, otseñak. Diranak dirala, ezta zenbaitentzat ikasbide txarra. Baña, ain baigera bizkar bigunak!... Eta bizkarrak uzkurtzen ain yaioak geranontzat, alperrikako baitira ikasbiderik larrienak!...

        Oraintxe, bada, zirt edo zart egin bearra dago, sariaren orrekin. Gu, ludiko, ukabilketa-txapela etxera-usterik ain arro gabiltzanok, euskerari «il-ala-bizi»-ko azken burrukarako amar milla pesetako «zakela», «poltsa», eskeintzeko ez gera gauza... Bekokia ere gorritzen zaigu, ontaz erbestetarrak zer esango luteken gogoeta egiñik. Ta ezpaita egoki urtearen atzenerarte parregarri aritzea, eman nai duanak eman beza bereala, ta nai eztuanari, bejondeiola.

        Nere iritzirik entzun nai izan ezkero «Euskaltzaleak» eta Bilboko batzordeak, auxe legike:

        Lendabizi: Garagarrillaren azkenean arpidea itxi, ta bertatik iragarri ala egingo dala.

        Bigarren: (guziok bateratuko al gera erruki-egintza ontarako!) amar milla laurleko biltzen ezpadira, jo genezake gure aberatsak, naiz ala ematen ez azaletik, urritasunik gorrienean daudela; ortara ezkero, bildu dana bildu dala, aien artean bana dezagun; bakoitzak asko-askorik jasoko ezpadu ere, beti da laguntza...

        «Kirikiño» gaixoa!... Zenbatu ezin-ala zenituan adiskideak. Nork uka lezake, aien illeta-eresia oiartzunga baitago oraindik?... Lurralde berritik —Jainko-argizko lurraldea!— ezer ezpaitira or beko bizitza-gau onek aunditu oi dituan atsekabeak, ez bide da zureganaño eltzen gure diruotsa... Ez erreza izan ere, ezpaitago otsik!... Ez beza ordea, iñork artatik atera gure adiskide aundiaz aztu geranik; baizik, ainbestetaraño dala guri-gozoa gere maitetasuna, beldur baigenduke maitearen pakea urre-tintin zakarrez autsia!...

 

* * *

 

        Egi kaxkar auek esan nai nituan iñon, erderaz, baña...

 

Argia, 1929-04-05

 

aurrekoa hurrengoa