www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKEL EGUNKARIA

 

        Opa nioke nik «Mendi-Lauta» bizkorrari, ametsetan ikusitako milloitxo oiek eskuratzea. Baña beldur naiz aren aberastea luzetxo ez ote dan joan.

        Benetan ezer oberik ez litzake: euskeltzale zintzo aberats batek beregain ta begipean egunkaria artzea. Baña... auxe bai ametsa!... Aberastuzkero, zintzoenak ere sakela itxitzen baitizue, gu bezelako txiro gizaxoei arpideak-eta gizentzeko lanbidea utziaz. «Kirikiño»-sariaren makalari oar, bestela.

        Iñola ateratzekotan, ba, egunkaria, askoen alkar-artze ta laguntzaz bear bide da, nik uste.

        Egunkari ON bat —eta bearrezko dezu ona, erderazkoak bezin ona; bestela, zeren indarrez edatu?— egunkari on bat, bada, ateratzeko, zillar-pilla bearko litzake. Zenbat?...

        Orra, nere ustez, lendabizi egin-bearra. Beste egunkarietatik, bear bezela ta zeatz, xetasun oro ikasi: zenbat diru bear egunkaria irasteko, zenbat eusteko; zurki jota, zenbat emate'al luken, saltzez bai iragarki bidez.

        Ori eginda, diru-biltzea letorke. Atera ditzagun, adibidez, euna laurlekoko akzioak. Artu nai orok len-agiri bat izendu bezate, onenbeste-ainbeste eman-agindua sendotzen dutelarik. Onela beintzat ikasiko genduke zer itxaron genezaken, zenbatera eldu gintezken, jendea bero bero ala otz al dagon eginkizun aundi ari bizkarra erasteko.

        Euskeltzale txiroak ongi erantzutea jo diteke, gaur-geroz.

        Euskel egun ala orren antzeko arpide bati bost laurlekoa botatzen dionak, egunkari-akziotan emango lizkizuke berreun, bosteun, agian milla. Baña, besterik gabe, euskeltzale aberatsen laguntza (ta laguntza zabala) gabe, eztegu bearra osatzen. Gero beti dituzu, ta asko, naiz txiro naiz aberats, epel, otz ala gori, ukabilla itxita etxera ezpazinjoakie gorrarena egingo dutenak. Beste zenbaitek berriz, berez erantzunda ere, mordoska aundia utzi bearrean, aien aberatsai ala dagokiolako, uskeri batez etsiko dizute, ta kito.

        Ikusi zer nai nuken esan... Dirurik jasotzeko, alegia, eskatzen lenik jakin bear dala, ta eskatze ortan txanpon batzuek eralgi ere. Norbait bear dala eskale, ta ez nolanaikoa, gizakume azkarra ta atsegiña baizik... ta lotsagabe samarra. Norbait oni beribilla eman zaiozu, ta legokion saria, ta izendi bat erri bakoitzerako, lagunez-lagun eskean asi dedin, ta bakoitzari atera al dezakion eman-ustea baño geiago.

        Ta ona betikoa... Len ere, amaika bider, artara-ontarako, edozertarako, esan izan degu ori bearra dala zenbait arlo astindu ta eragingo badira. Erakutsi nai izan diotegu orixe «anai zarrei», baña, egia esan, ezer askorik iritxi gabe. Oraingoan nora joko?...

        Baña, goazen aurrera. Esandakoak, len-azterkia ta eskale yaioa baditugu, esate baterako, ta diru-biltzea poliki asia da. Askoek esango liguteke: egunkaria jarri baño aurretiagokoa da asterokoa sendotu, zabaldu ta obetzea, ark bearko dituan langille azkarrak bertan ikasi ta zailtzen dirala. Egia. Baña bai auxe ere: gaurdañokoan asterokoaz jarraituzkero, ezin bizi aundirik eman genezaiokela. Paper geiago bear, zabalkunde sakonagoa, zuzendari ordaindua, artan aritze-utsatik bizibidea atera lezakena. Orrela ez izanenean, gerora ere motel, geza, txikia izango degu asterokoa; ezin iñoiz eragin izate'al diogu goraka aundirik. Ortarako —au bai betikoa!— dirua bear. Zer egingo?...

        Len esandako akzio-saria baldintza batez jaso dezagun. Epea, bost urte-edo, jarri, egunkariaren etortzea gertutzeko. Dirutza, bitartean, «Eusko-Ikaskuntza»-pean edo zaitu-arazi. Urtero, aren adarra, aren ekarria jaso, ta epea azkentzeraño orixe erabilli asterokoa indartzen.

 

* * *

 

        Euskeltzale guztiei, ta bereziki «Euskaltzaleak» bazkunari, jarduntxo ayek eskeñi nai dizkiet, gaia pitin bat astindu ta otsarazi dezagun. Ortatik letorkiguken kalterik aundiena len-añean gelditzea da, ta, agian ere, euskel egunkariarekiko aurrezkai on bat egiñak izatea. Otoi, bada, nor-berak zeren aldetik jo zazute arloa, iritzi oiek guztien alkar-laguntzaz osotu ta obetu al ditezen.

        Nik nerez dakidana... Asmo gaitz: auek gogoan maiz erabillizkero, asieran urruti zenkusana gero ta bertarago egiten zaizu.

        Urte bete t´erdi, geiago apika, dalarik, landolako atean kaxk-kaxk jo ta pralle aundi bat, irriparre emea ezpañetan zuala, aurrera sartu zitzaidan. Ekin zidan bereala euskeraz, bizkaieraz, sutsu ta zoli, ta euskeltzaletasun-gaiak generabilzkian gure jardunean. Jainko-gizon auen soñekoak bai kolkope sakona!... Ari zaizkizu, ari zaizkizu malgu-malguki izketan, ta nondik nora eztakizula, eskua murgildu dizute illunpe artan, ta ona geroxeago liburu bat atzituta agertu... Bear bada, zere gogoa neurtitz-bazka gozoez elikatzeko asmo dezu gizon begiragarria. Ta egingo nuke, barrupe artatik amar, ogei, berrogeitamar idazti atera baietz parra-parra, nork artua izan ezkero... Bai, benetan dute sakona ezkutupe illun ura!

        Baña, barkatu, bidetik ate diarduzutet. Ontaraxe nentorren: Jainko-gizon maitagarri ura euskel egunkariaz mintza zitzaidan, ta, gutxi gora bera, ni gañeko lerroetan bezelatsu. Egin nion nik entzuna, baña jaramon gutxi: ain urruti bainenkusan asmoaren bete al izana. Gaur ordea, aitortu bearrik naiz, ordutik onuntz askotan buruan erabilliaz, bertaragotu, errez-iritziagotu egin zaidala, azia izanik ene gogo-lurrean erne ta loreztu balitz irudi...

        Besterik ezer iritxiko ezpagenduke ere, ontaz ari gera nok, zuen gogoekiko, ezkenduke astia alperrik galdua...

 

Euzkadi, 1929-03-16

 

aurrekoa hurrengoa