www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

«KIRIKIÑO» SARIA

Oñarau-Gaiak

(Proyecto de bases)

 

        Zaartzen ari da urtea. «Kirikiño» sariarekikoa zearo tajutu ta araupetzeko garaia da.

        Arpidea ari da osatzen, gure negarrak negar.

        Oraindaño esan ezpaita, nik uste; aberatsei zirikada gogortxoak eman dizkagun ezkero, zuzenbideak eskatzen du besterik ere: ukaldi batez «Kirikiño» sarirako bi milla ta Enbeitarentzako bosteun laurleko eman ditun abertzale aundia gorapenez aitatzea, euskotar on guzion ikasbide egiñik.

        Bederatzi milla laurlekofik gora gera, ta, urtearen azkenerako amarretara ezpagiña ere, gure Bazkun euskozale nagusiek meta urri ori osa-eziñik eztute. Beraz, dirutzarekikoa egintzat eman dezagun.

        Orain, araudia, sari orren legea.

        Orixe leenbait-leen antola-bearra dago. Laguntza bidez, nik araugai batzuek aurrezarri nai nituke. 1928-garreneko Iralla 30-garrenez Zumarragan arlo ontaz jardutakoa artu det, ustez, zuzenbide nagusitzat, araugaion mamitzat. Argatik, «Euskaltzaleak» eta idazle-batzar artara ziranak onetsi ditzateke, noski, aldakuntza txikiren bat gora beera.

        Ona, bada, araugaiok, atzalbide labur bat edo beste tartetzen dizkatedalarik.

        I.— «Kirikiño» sarirako Batzorde Eratzalleak bildua «Eusko-Ikaskuntza»-k 1930-garreneko urte leenatik, jaso beza, ta, irabazian sarturik, zaitu.

        «Eusko-Ikaskuntza» «Kirikiño» sariarenganako ederretsia erakutsirik baita, minki; bestalde, Bazkun euskozaletarik zabalena ta iraunbidez sendoena dalako; egokien orrerixe eman dezaiokegu dirutzaren zaimena.

        II.— Urteroko saria, bilduaren eunetiko laua bedi, aurtendik asita.

        Dirutza amar milla lauerko jotzen degula, LAREUN da eunetiko laua. Aurtengo (1929-garreneko) urtean argitara emandako lanik onenak saria, leenbizikoz, jasotzen dularik, dirutza bederatzi milla ta seireunera dator. Baña ori bera, urte betekako epez, euneko lau t´erdian sartzen dala, aski da saria urtero osatzeko.

        III.— Saria beti osorik eman bearra da, lanik batere aurkeztu izan bada.

        IV.— Sari-gaia, betirako, euskel artikuloa bedi, euskel ala erdel egunkari, naiz astekari, naiz bestelako edozein aldizkingietan agertua. «Artikulo» zeri, ta zeri ez, iritzi lezaioken zeatz aurrez esatea ezpaita errez, epaikarien gain uzten da etsibide ori; alabaña, aren muin eta ariak gaurkotasun-usaia (aktualidad) bear du.

        V.— Artikuloen argitaratze-epea urte osoa bedi, 1929-garrenekoa leenengo dala.

        VI.— Dirutzaren eunetiko laua emanik geroz, urtetik urtera irabazi-ondarrik balitz; ala, saria, iñoiz ezin-emana (araudi onen arauz); aldian beingo beste sari bat jarri dezake «Euskaltzaindia»-k, arekiko gai ta gañontzeko xeeki oro asmatu ta aurretik iragarriaz.

        VII.— Artikulo-saria bein jaso dunak urrengo bi urteetan ezin berriro irabazi dezake. Idazle batek bi bider artikulo-saria jaso ezkero, eztezake berriro urrengo iru urteetan, eta, iru aldiz irabazi ezkero, berrirotzeko gutxienez launa urteko tarteak bear ditu, gabe. Alarik ere, sariketaz ate, oien lanak aurkeztu ditezke, ta are epai-maiaren aipakunde oberena jaso, bear bada, baña ez saria.

        Arau onen elburua?... Saria banagotu, aalik geienengana jo-bideratu.

        Zoritxarrez, euskel idazleak eztira millaka. «Kirikiño» saria bidez ugaldu-arazi, ala, baderik, diranak zirikatu ta bultza nai lirake. Askoek, ordea —beren burua edertzat eztuten apalak— badiokete: «Egiñalak arren, nik ezin olakok ala alakok ainbat. Sari ori beti lau-seiren artean dantzatu bearra dek». Idazle oiek gogo-urritu eztitezen, ta gertakizun ari aalik ongien bidea ukatu naiez asmatua da, bada, goiko araugai ori. Errezki diteke tajuz ez sortua; baita, erabide oberik iñork eskeñi aal izatea... Zuzentzalleak betoz.

        VIII.— Epai-batzarra «Euskaltzaindia»-k urtero autuko du.

        Lan asko-samar bilduko balitz, izendatu ditezke adibidez, bi epaikari euskelki bakoitzerako; oien baetuz geldituko diran lan bikañenen artean auzi-maiak errezago erabaki aal dezan.

        IX.— Urteroko Ilbeltzean norberak sarigarri iritzi ta aurreko urtean argitaratutako idazkiak ebaki ta bialdu bitza «Euskaltzaindi»-ra, argitara emandako eguna adiraziaz. Azalpean benetako izena eman beza, gañean idazkipeko izen-ordea (naiz izena) ipintzen dularik. Ebakia igorri eztezakenak, bestela idatzirik biali beza, baña zein egun eta ingietan emana izan dan adiraziaz. Otsailean, epai-batzarreko edonork aurkeztu dezake, egilleak ez biali ta berari atsegin izandako edozein lan.

        X.— Urteroko artikulo-epaia beranduenez Garagarrillaren azkenerako eman bear da.

        Orra nere... «amar aginduak».

        Norbaitek galdegin dezake, araudiaren aldakundea bearra etorri ezkero, noren esku litzaken.

        Euskel idazleen batzarra nagusi?... Ta batzarre ori nortzuk osatuko luteke?... Edozein unetan —aldiz-aurretik bear-deia bota ezkero— bilduko liraken idazleek, gutxi naiz asko?... Ta dei ori nolakoa?... Gutxienik ogeitabost idazlek beizendutako idazkia; euskel egunkari-astekarietan iru aldiz, ta Bilbao, Donosti, Iruña ta Gazteizko erdel egunkari banatan, baderik, bein agertua?

        Beste bat badatorkidake, euskera ta gure amets guziek zilipurdika joango balira, ea dirutza artaz zer egin?

        Gizona! Ori ere bada, ba, urrutira begiratu bearra!... Aurrena, Jainkoak —Iñoiz bestera badirudigu ere— eztizu gure asmook zilipurdi egiterik nai... Baña, jar zazu ongi ba-derizkiozu, dirutza ori, artara ezkero, Euskadiko Erruki-Etxeetarako izatea: euskel idazleen aurrentzako zuzen-zuzenik joko luke!

        Baña, beneratu gaitean berriro, ta asketsi.

        Zaitu bear duan bazkunari dirutza eman ondoren, on litzake, «Eusko-Ikaskuntza»-k eta «Euskaltzaindia»-k beizendu ta, idazki bana Euskadiko ingi guziei bialtzea. «Kirikiño» saria jarria dagola, ta zertarako. Euskeraren onez, asmo ori guziek ontzat artua ikusi uste dala. Beraz, iñork ingi orreri, saria irabazi asmoz, euskel idazkirik biali ezkero, argitaratzea eskatzen zaiola... Ta abar.

 

* * *

 

        Iñork araugaiei buruz zer-esanik badu, mintza bedi, asko berandutu gabe. Batzorde Eratzalleak —lan au berak artu nai badu, ta bestela, «Euskaltzaleak»— epe bat jarri dezake —Lotazilla 15-gna. arte?— ta bitartean azalduko diran iritzi egokienakaz araudia eratu.

 

* * *

 

        Orain, adiskideak, idazkortza zorroztu ta ekin lanean: Zenbat eta geiago aritu, errezago asmatu dezakezute, «makur»-pilla eder ori etxeratzen, «atsoari» pozaldi eder bat emanaz.

 

Euzkadi, 1929-11-10

 

aurrekoa hurrengoa