www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERGARA 1930'gna.

Dagonilla 31'gnetik Iralla 7'gnera.

 

«EUSKO-IKASKUNTZA»-REN BOSTGARREN BATZARRA.

 

        Bi urtez bein, edo, «Eusko-Ikaskuntza»-k, Bidasoaz andiko ta emendiko euskotar guztiok batzarre aundi batera deitzen gaitu.

        Oñatik eman zion sallari ezin-aaztuzko asibidea: Gernika, Iruña, Gazteiz jarrai zazkio, lerdenki.

        Aurten, tokiz, arri zaar ederrez jantzitako BERGARAk du aldi; gaiez, ERRI-ERTIAk.

        Zer da ERRI-ERTIA?

        Itz bikoitz orrek zatirik azaldu-bearrena ERTI du. Ikus dezagun, bada, zer dan ertia.

        ERTI (erderaz arte, art, e.a.) EDER-TI-z da sortua; ta, orrenbestez, orra erdi-adirazirik aren mamia.

        Olertzale-antzo, esan genezake ERTI autsu dala: izadiaren edermiñak bizitza ikutua. Gure bizitoki maitagarri ontan guztia dirudi Jainkoaren ala gizonaren edermenak igortzia: laztan oien bidezko ume da ertia.

        Irudimenari lokarriak etenik, uste dezakegu are bizigabeak ere edermiñik badutela... Ez al da arria, bere burua edertu bearrez, aitzurdin biurtzen?...

        Ezin-igizko bizidunen artean, ertia lore da ta adaburu yori...

        Bizidun ibilkorretan —gizakia ez-barren— mail bat gurenagoa atzemanik dezu ertia. Or erlearen abaraska arrigarria; or txoriaren kabi ta abestiak...

        Ludian zer oro bada edertzale —arria, zuaitza, aberea—, nola ez bide litzake gizona?

        Adimengabeak, oriakoak itsuki, arakoak olde-utsez, guziak Egillearen arauari lotuta, erti-lana dagie; aiena beti da bat eta alda-eziña.

        Gizona, ordea, jare baita, buru-aalmenen jaurbidea bere esku baitu; ertigintzan ere, gañerako egintza-bideetan ainbat, oarrez, asmamenez ta gorago-yoranez diardu, jaiotzetik il-ondoraño bizitza erti-lanez eztitzen, seaska-eresia leenen dala ta obi-arria azken...

        Alabaña: are gizakiaren aria ere, jaretasun-utsezkoa ezik, erdi-oldezko danik badasakegu.

        Alegia: intxaurrak ezpaitu pagoarenaren tankerako ostotzaz bere burua jazten; ta ez-eta enarak kabia zozoak alakoxea egiten; alatsu, giza-enda —giza-era, giza-erri— bakoitzak eder-era berezia dakar ta, ondoz, erti-era berezkoa. Txinatarren ertia, Kolonek Ameriketan arki gizadiena, izoztar larruz-jantziena, eztira ertiera berdintsuak.

        Arako itz bikoitzean, bada, orra adirazi, ERTIrena ezezik, ERRiren mamia.

        Erri bakoitzak, odoletiko zalearen, bere bearraren, bere bizieraren, zeru argi ala lañoaren aritzo ta arabera sortu ertiera, ta ertiera orren arauz sortutako erti-lanak: orra, erri-ertia zer.

        Lan ertitsu erritar dituzu, adibidez: noiz ala nork egiña eztakigun abesti zaarra; olerkari lauen, erri-olerkarien neurtitz edo bertsoak; pozaldiak jaitzeko erriak asmatu ditun dantzak; jazkera; makillean, kutxan, argizai-olan erabilli izan duan zur-apainkera; bizitokiari, etxeari, urteak eta mendeak zear, azaletik eta barrendik itsatsi dion tankera...

        Itz batez esanda: zertxo apurrenak ere, erriak, oldezko ta ez-landuzko edermiñak eraginda, apaintze-ikutu batez edertu baititu; or dezu erri-ertia.

        Orain galdegin zadakezu: ta, zertarako erri-ertiarekiko batzarre bat?... Ea esan orren elburua...

        Ona. Gaurko erti landuagoa, naasiagoa, guzitikagoa, odol zaarrez bizkortzea, asabaen etxeko ats beroaz kutsatzea. Erti-zuaitz berria antzin-ezeaz bazkatzea; leengo errotiko muskillez bear baitu erri bakoitzak bere ertia berritu, naiz iñongo txertorik ere edergarritzat artu.

        Aintzakotzat ar dezan erriak berea; uste izan eztezan iñorenak baño arloteagoak bere abestiak diranik; ez-eta bere dantzak, bere jazkera, bere etxea: laburki, bere edermiña.

        Ta iraun beza ludian, gizonaren izaerak bai ertierak bear-batasuna autsi gabetanik, India ikusgarri, India ezin-aspergarri dagian ezberdintasun yoriak.

        Batzarre orretan, beraz, nork-gere lanbidearen arauz, begiak eusko ikuskizuriez inguratzen, ta gure bizierari, azalez baderik, eusko usaia erasten ikas dezakegu. Etxagilleak osa ditzake, gaurdañoan baño obeki, etxagintzarekiko eusko tankeraren zer-nolak. Burnigiñak, argiñak, eunleak, zurgiñak, jazkigiñak, abesti-zaleak, etxeko-andreak... berdin, norkbere langintzarekiko.

 

 

Aurtengo euskel eguna

 

        Esanak esan, zein ote da euskotarren erti-iturbururik naroena?... Zein, mamian ta ez axal utsean, gure bizierari euskotasunik itsatsi dezaiokena?...

        Guk geronek ezetsiena: gure izkuntza: EUSKERA... Bitxi yaukal ori, eroak baño areago, guk lurperatu nai-bearra!...

        Leena berriz oroituz —abaraskaz erleak darakusan ertigintasuna, alegia— esan genezake: gure gogaien eztitzeko nor-gere izkuntza degula abaraskarik oberena; erle gogatiaren eztia nor-bere abaraskan ainbe ezti eztitekela, iñorenaren txuloetan ixuri ezkero.

        Eusko gogamena, edestia-zear, txiro agertua, euskerari zor zion tokia ukatu diolako ez ote?... Leen-leendanik gure izkuntza landu izan bagendu, gogojardun ta bear guzietarako erabilliz, gaur berezizko jakintza baten, berezizko elerti baten bidez gizadiak begiratze ta aipatze'aal ginduzen!...

        Eri zaar ortaz senda ditzagun geren buruok, osa dezagun urte joanen utsa, euskeldundu gaitean asmoz ta jakitez... Euskerari ele landuen artean toki txukun bat yadestea: orra guretzat egundoko ertilanik ederrena.

        Ori zuzenki ikusi baitu «Eusko-Ikaskuntza»-k, «Euskaltzaleak»-i laguntza eskatuz, Erri-ertia-rekiko batzarrearen itxigarritzat, BERGARAn bertan, Agorra (Iralla)ren 7-gnean., aurtengo EUSKEL EGUNA egitea erabaki du.

        Ta egun ori AUR EUSKELDUNAREN EGUN jator bat izango ote danen otsa datorkigu.

 

* * *

 

        Baita ere, Bergarako batzarre orren egunetarik batean —errien bearkizunetarik leenenetakoa seme zintzoen izena goratzea baita— Eleizalde'tar Koldobika zanaren gorazarrez, jaiotetxe-aitzinean jarritako oroitarri agertzea egingo da.

 

 

Euskaldun on guziei deia

 

        Zuek guzion bearrean da «Eusko-Ikaskuntza».

        Zernai zaar ta ertizko etxean dezuten orok —gutun, jazki, burni landu, ari-lan, argizaiol, pertza gorri... nik al dakit— jar zazute, arren, «Eusko-Ikaskuntza»-ren eskuetan, Donostian Aldundi-jauregian (Diputazioan) ditun landoletara bializ. Gauza berbera bialtzerik eztanean, aren argazki edo erretratu bat. Eginbearra bete ondoren zuzenki itzuliko zaizute, dana dala.

        Ta zuek, Bergarako euskeltzale onak, bai-eta Eibar, Arrasate, Oñati, Elgoibar, Soraluze, Azkoiti, Azpeiti ta abarrekoak; zuek ere eskeñi zaiguzute zuen emaitza. Igorri zazkiguzute zuen umeak, euskel irakurketa-idazketaetan eta abar ongi gertu ta gero, zaar motelen ikasbide ditezen.

        Asi gaitean guziok bertatik lanean; ta Bergarako aste ori bedi ainbestetaraño jatorra, berbizkunde-bidean arri zuti ta etorkizuneruntz eusko argi-dario betirako gelditze'aal baitedin.

 

Eusko Ikaskuntzaren Deia, 1929, 44. zbka.

 

aurrekoa hurrengoa