www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITAREN ERREAL BIKOAK

 

        Noiz atertuko nengoan, azken argipen batzuk, laburki, Etxegarai jaunari emateko.

        Bergarako «Saski-Naski»-aldiaz. Nik, an ta egun artaz egokiago izan-izango zala itzaurreak euskeraz egitea. Etxegarai jaunak, an ta egun artaz ere, erderaz egiña ongi zegoala. Argi dago elkarrekin bat ez geundela. Baña neri, erderazko itzulpenean, itz bat izparringiak jan zidan. «Bien está eso para quien NO ahonde un poco en el asunto», idatzi nun nik. «NO» ori etzan agertu, ta artatik atera zun Etxegarai jaunak ni bere iritzi berbereko nintzala, ta orretara ezkero eztagoala zertan eztabaidarik sortu. Euskerazko itzulgaiari begiratzea aski zukean argi ikusteko. Baña, dana dala, ni arekin ala ura nerekin, orain batera etorriak omen gera, berak dionez. Bejondeiola, biotzez.

        Euskal egunaren eraltzalleak bai omen dute ortan errurik, «Saski-Naski»-koei itzaurreak euskeraltzeko esan etziotelako. Ontaz, nik dakidan pixka jalki dezadan. Bergarara «Saski-Naski» «Eusko-Ikaskuntza»-k deitu zulakoan nago. Baña, alaz guztiaz ere, zati orren eraltzalle «Euskaltzaleak» ez izan arren, norbait beronen buruetarik izketatu zan «Saski-Naski»-koekin, garaiez, euskeraz itzuli ta esan zezaten. Etzan ala egin, ta ortik aurrera eztakit ezer.

        Gagozkion danari, gauzak ar ditzagun diran bezela, ez dezaiegun egiñei gibel-eman. Au da Etxegarai jaunaren beste aolku bat. Sangüesan ta Salinas de Añanan ez omen diteke Udal-etxean euskeraz egin. Arira, arira, gizon... Guk Bergaran egitea, ta euskal egun batez egitea eskatu degu. Guk «Eusko-Ikaskuntza» batean erabiltzea nai genduke. Beude, bada, lasa Salinas de Añartako ta Sangüesako ziñegotzi Jaurtak.

        Gorrikeririk gabe, bear neurrian, elkartu bearrak omen dira gure bazkunetan euskera ta erdera. Guk dioguna berbera. Nun da gure gorrikeria? «Saski-Naski» seitik batean euskeraz egiteko... «Eusko-Ikaskuntza»-n ordu-laurdentxo batez... Gañontzean erderaz...

        Gure auzia ta katalandarrena ez omen dira berdin. Egi aundia orixe. Zaar samarra izatea. Bi alde agertzen dira arazo oien artean. Bata: euskeraren bidezkoagoa, beronek añako nortasunik beste izkuntzarik batek ere eztulako. Bestea: gure lanaren gaitzagoa, asabaen zabarkeria ta izkeraren bereiztasuna bera etsai ditugula. Bi alde oiek ondoren bakarra bear luteke ekarri: guk suagoki, aiek baño tinkoago ari izan bearra: ta ez epelagoki, gertatzen danez.

        Baña, tira: ni enaiz gai ontan sartu. Etxegarai jaunak betegarri utsez edo, agian, adiskide «Aitzol»-i beste goxoki bat ematearren aitatu bide du, ta utz dezagun orrenbestez. Egi biribil samarrak bota bear zitula agindu zigun

        Etxegarai jaunak, eta ona emen batzuk: odol-berotxo, bazter-nastalle, eztabaikari alperrikako, arroxko ta artobero-uxai omen naiz. Oietaz gañera, buru-arlotea: andre Jakintza, andre Kultura, askorik maite ez dutenetakoa, alegia.

        Apaltasun gezurrezkoz gere buru au jantziaz, oiek egitzat aitor ditzagun... Eztabai-gaiarekiko ain axola gutxiko ezpalira!

        Ene odolkera egiten du ixtillu onen errudun bakar. Baña, jardun auen azpian besterik dago, Etxegarai jaun adiskide. Zerori ere oarturik al zaude onezkero.

        Giza-asmo aundi guzietan gertatzen da. Gizaldi gazteak zaarrari zirika, zaarrari bultza. Zaarra bere egonean goxo, ta aurrerago ez nai. Gazteak: «Eup! Garaia da». Zaarrak: «Ago ixilik, lotsagabea!». Barkatu, ontan ere artobero-usaia badarigu, geren buruok gaztetzat jotzez. Nik eztakit guri zer gertatuko zaigun. Gu ere, Jainkoak nai beza!, zaartuko al gera ta sutondo-zaletuko, ta uste izango al dezu iñor eztitekela gu baño areago. Ta Jainko onari dakiola ordurako beste gazte-sail bat agertu izatea, guri zirika, guri bultzaka, gu baño aurrerago-naiekoa. Txakurrarenak esango dizkiotegu, bear bada. Aitatuko dizkiotegu «odolkera», aundi-ustea, naastu-bearra, burgoikeria ta buru-arlotetza. Baña, gure esanak gora-beera, gazteok bijoaz aurrera, gurekin naiz gure gañetik; bijoaz, ordun min emango badigu ere.

        Eztabai alperra sortu omen det. Txarki egin omen det orrela gogoak naastea, astia orrela galtzea ta galdu-eraztea. Irria det ezpañetan. Orain irutsu urte orrelakoxeak entzun bear izan genitun. Bai besterik geiago ere: obe gendukela, alegia, gutxiago karraxi ta geixeago lan. Ta badakizute zer gertatu zan?... Eztabaikariok geren asmoetaz elkar-kutsatuz, ixtillu artatik gaurko «Euskaltzaleak» sortzea, aurreragoko «Eusko-Elazkona» zalakoa eraberritu ta zabalagotuz.

        Gertatzen oi da maiz samar, aita-semeen artean, semeak aitari erreal bikoa eskatu, bai, ta aitak ezezkoa ematea, ta gañera bereak eta bost esatea. Jakiña: orrek eztu esan nai semea izpidean etzegoanik. Gerta diteke gizagajoak erreal biak arnasa artzea baño bearrago izatea; aitak zuzenbidez aietxek zor izatea. Ez emate orrek zer esan nai du, bada?... Soil-soilki: aitak eztitula errealok eman nai.

        Ortatik antz-emango diozute eztabai onek ere arnari zimel bat edo beste ekar lezakela. «Saski-Naski»-ren itzaurreak euskeraz jartzea... «Eusko-Ikaskuntza»-ko batzarretan euskerari goratzarre egitea... Bi apur oiek iritxi ezkero nik ez nuke uste izango alperretan jardun dedanik. Nere zirriborroak ontzat emango nituke.

        Baña, txarrenera jo dezagun, bada-ezpada. Egin zagun eztala ezer irixten. Zer esan bearko degu?... Ez nula arrazoirik?... Orrelako eztabaidarik eztala noizik-bein jarri bear gure artean?... Ala... aitak erreal bikoa eman nai ez didala?

        Andre Jakintzari diodan gorrotoa ere oso poliki igarri dit Etxegarai zoliak. Iztegiaz egin nuan arako amets artatik. Baña, onginairik aundixeagoz, besterik eman zezaioken buruak. Gogora zezakean amets aren iturri ez ote zan, agian, jakintsuei diotedan eraspena. Dalako iztegi ori ez ote degun arloteok txerri goseak ezkurra baño ametsago; ari berandu-etsirik ez ote gauden. Berantetsitze ori baditeke ez-bidezko; baña gure beldurra ori da: ondoegi erre bearrez, opil goxo ori ez ote diguten emango sekula.

        Bestalde, gure ustez, jakintza-lanez gañera «Euskaltzaindi»-k axola aundiz artu bearra du euskeraren zaitza. Jakintza-lana ta euskerari eutsi-bearra neurriz elkartu ditzakete bazkun euskozaleak. Ta gai ontaz, «Euskaltzaindi»ko azken batzarrean euskel ikastoletzazko asmo eder batzuk erabillia pozik ikusi degu.

        Baña, Etxegarai jaunak, leun-leunki, au ere esaten digu: buru-arloteok ez gaiteala sar jakintsuen arazoetan. Gu eragille gerala, ta etsi dezagula orrenbestez. Arrokeririk eta artobero-usairik gabe gure arlo apalari lotu gatzaiola.

        Ikaskizun ori ere jasoa degu, ta oñak labur ibiltze'aal ditugu aurrerakoan. Auxe bakar-bakarrik esaten utzi zaiguzu, jauna. Jakintzazale ta euskeltzaletasun-eragille, biak batera, naiz kristau naiz bazkun, notin berbera izan zitekela uste gendun. Ta uste ori artua eztegu gere erru. Etxegarai jaunari begira ikasi degu. Bera ikaskuntza goitarren zale da, ta orrekin batera euskeltzaletasun-eragillerik bizkorrenetakotzat bere burua agertu izan da beti. Guk, egia esan, jakintza-zale uts izan balitz, ez genion esana jasoko. Euskeltzaleen eragille ozena dan aldetik iritzi nion arrotz berak idatziari.

        Baña, aski degu onenbestez. Bazterrak naasteari utzi dezaiogun bein-betirako. Nik eztet beintzat geiago txintik ateratzeko asmorik, «makartzu» deituko baninduteke ere.

        Galderatxo au bakarrik:

        —Aita, erreal bikoa emango?

 

El Día, 1930-11-12

 

aurrekoa hurrengoa