www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soņekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

OLERMEN-IRAKITE

 

Aitzol'dar J´ri eskeñia

 

        Gaur da, Errenderi langille eder ontan, lenbiziko Euskel Olerki Jaia. Egia, leendanik ere olerki-sariketaen batzuek egin izan dira Euskal-Errian; baña ez «Euskaltzaleak» orain egotzi nai dieten ainbat mamiz ta kemenez.

        Aien asmoz, gañera, urtero edo biz-bein, ta gero ta ospe larriagoz, berriztatu bearra da Olerti Jai ori.

        Aspalditxodanik zegoan zokora-samartuta gure olerkaria. Iñoizka oi dituten geiegikerien zatarragatik, alegia, elerti-batzaldietan sarbidea uka egin zaie, ala gutxitu. Ta ots ozenen bat ere entzun izan da, olertia, edo ark egokizko jantzia baitun neurtitza beintzat, ez-aintzakotzat emanaz.

        Zertzuk-nai esan, ordea, neurtitza ederrik da, ta olermenak ezin asma dezake bere emaitz yoria jaulkitzeko era atsegiñagorik. Neurtitzez eztala, alegia, jende xeea mintzatzen?... Bañan, izkera berdiña bear ere al dute eguneroko gora-beera utsak eta egiazko olerkariaren amets eta ikuskizun goitarrak?... Olerkari aizun askoek neurtitza nardagarri biur omen dute... Ta olerkari banaka batzuk, berriz, mintzabiderik eztien. Zenbait atso ta gixonen jardun txotxoloei begiratu ezkero, are mintzatze utsa ere iguingarri etsi bearrak giñake. Izneurtuetan betegarri edo «ripio» askotxo oi dirala... Olerkari motzak oi dute ori ere. Ta, zer darraika orreri? Izneurgintza eginkizun gaitza dala, argiarria arkitzea errez ez izaki antzo. Baña, argiarria itsusi danik?... Azkenik, esan-aalak entzunik gera oskidetza edo «rima» dalakoaren buruzki. Jakiña, neurtitzak eztu berezko, ez bearrezko oskidetasun ori. Gabe ere egin izan dira ta baditezke egin neurtitz eder askoak; agian, ederragoak. Baña, berez bezela, esaldia biurritu gaberik, olerkariaren antzetsuz datorrenean, belarriak, egia esan, eztu ain gaizki artzen. Mintzatzea, gizakumeek elkarri gogapenak adiraztea, otsaren bidez egin bearreko gauza dan ezkero, esanaren ereskitasunari (musicalidad), otsaren eztiago-bearrari zor zaio berea; ta, ez izneurgintza, ez eta ere oskidegoa, eztira gauz uts eta zokoragarri. Otsaren bidez ezik, eskuzkoa-edo bagendu elkar-adiraztea (mingeak oi-antzo), jende xeea, agian, azkazal zikin ta atzapar zakarrez aritze'aal litzake; baña olerkariek, eskierki, sumatua luteke beren amesketak esku landuez, esku zuri legunez, azkazal garbi gorriztadun eskuez itzuli bearra. Begiari ordun zor, alegia.

        Baña, arloaz ertzeka diardut. Natorren arira.

 

* * *

 

        Olerkaria deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik, ez eta erri-elerti-betetasunik. Aberri-aldeko gogo-gudari-sailletan olerkaria beti da leen oñean. Ta beroni zor zaizka, gogo lurkoien irriek gora-beera, gudate orietarik gurenda ozenenak.

        Batez ere, eleen apaintze ta gaizkakundeari buruz, olerkariari ez bezakio iñork ken oro-aal bezelako bat.

        Ezagun (diran, ala izan diran) elerti aipatu askoek bitxirik oberentzakotzat olerkari gorenen bat darakuste: David, Homero, Virgili, Dante, Camoéns, e. a. Ele-berbizkundeei buruz, berriz, Mistralek ongi (ta gaurki) darakus gizon ale baten esku naroak zer dezaken, asabaen mintzoa eriotzarengandik begiratzeko.

        Batek baño geiagok esan izan du euskera gaizka litzakela, orrelako olerkari bat luken egunetik. Baña, oar bati gatxikion: olerkari guren oiek eztira bakar soillean azten, gure Aizkorri zelai lau-utsetik bulartu ez-antzo; beti ditute olerkari xeeagoak aitzindari ta laguntzat; beti, bil-aldean muño ta mendixka sail bat. Txikion giro-berotzea gabe, sortzerik bai al luteke aundiak?

        Ta gu, euskoak, ete gaude olerkari gurena eldu-giroan? Ezetz uste det. Baña, bai etorriko dala, txikien olermenari su eman ezkero. Nork daki jaioa eztegun? Nork, gure semetxoen artean ez al dagon buruño maite bat, urteak zear ez-ilkorren dirditz-ustaiak bil-bearra?

        Garau eze ori, bada, bear-garaiez goza ta ondu dedin euskel olermena irakin-araz dezagun, ta oler-zaletu-araz dezagun erria.

        Olerkari onik eztegula?... Zirika ditzazute diranak, eskein zaiezute aintza apurño bat... eta, gero mintza! Ta ori maiz egiñaz, ikusi baietz leengoak beren buruak jantziagotzen, ta berri lirañak sortzen; ta azkenik, kemen illezkorrez bazkako duan gizagurena euskera gaixoari agertu baietz.

 

* * *

 

        Gogapen oletxek erabilli ditu buruan, nere ustez, «Aitzol» zuurrak, olerkari-xuzperrazte au asmatzeko.

        Eragille bizkorra aiz, adiskide on, ta abagunearen sena dek argi: Euskel Olerti-Jaien etorkizunean aitatu bearra zegok ire izena. Iri, bada, eskeñi nai dizkiat itz motz auek, «Euskaltzaleak»-en eraberrigin ta zuzpertzalle berdiñaka.

 

* * *

 

        Olermin aundi eder batek baigarabil euskozale oro: aberri berriaren olerki giarra egin dezagun: idaz dezagun guziok neurtitz bana, bederik!

 

Argia, 1930-06-01

 

aurrekoa hurrengoa