www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesus Maria eta Joseren debozioa
Agustin Kardaberaz
1764, 1824

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesus, Maria eta Joseren devocioa, edo iru persona divino oien eguiazco amorioa. Agustin Cardaberaz. Francisco La Lama, 1824.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARRENA

Errosario Santuaren marabillak

 

        Jaungoikoaren ama miragarri, edo Zeruetako Erregiñaren egun alde guzietara aundia; eta Ama Birjiñaren Errosarioko, Jaungoikoaren Misterio guztien Zeruko ondasunez beterikako solemnidadea, gaur, edo ditxa aundiaz nik au eskribitzen dedan eguna da, pensatzen nago, gaur, eta onelako Errosarioko egunetan Zeruko, eta lurreko Erregiñari Aingeruak, eta gizonak ematen, eta predikatzen diozkaten alabanzak, Zerukoak, lurrekoak baño obeto, baña han, eta emen kaburik ez dute, eta arrazoi aundiarekin; zerren Ama Santisimaren Errosarioko faboreak neurri, eta konturik ez dute.

        Gaur errosario Santuaren birtutez, bere Semearen, eta beraren enemigoen kontra Ama Birjiñak egin dituen fabore, eta eman dituen bitoria gloriosoak predikatzen dira. Gaur San Pio Quintoren denboran Lepantoko itxasoan Turkoen kontra Don Juan de Austriak Errosarioaren bidez irabazi zuen milagrozko batalla, eta beste orrelako marabilla asko munduari Birjiña Amaren alabanzan kontatzen, eta predikatzen dira; eta orregarik oriek guziak gauza jakiñak dira. Nik oraiñ Ama Santisimaren Zeruko debozio onek pekatarien erremediorako egiten dituen milagro, eta fabore batzuek kontatu nai ditut, eta lenago Santuen debozio, eta ejenploak.

        Eta onetatik asitzen gerala, gure Euskaldunenzat, asko da jakitea, gure mendi tarteko Santu biak, edo Aita San Ignaziok, eta Aita San Franzisko Jabierrek Errosario santuarekin iduki zuten fede, eta debozioa. Goizero Aita San Ignaziok Jaungoikoari Ama Birjiñaren eskuetatik bere biotza, eta obrak agindu era lenengo egiten zuen ejerzizioa, edo gauza zan, bere biotzeko debozio guziarekin errosario santua errezatzea. Zer ejenplo ederragorik, eta zer Zeruko ejerzizio oberik Ama Santisimari zor gozo au goiz, edo len baño len onela pagatzea baño? Jesusen konpañiako Aita Teofilo Rainaudo jakinsuak dio debozio guztien Erregiña Errosario santua dala: Zeruko Erregiñari ematen zaion doai dibinoa.

        Errezo guztien Erregiña bezela, Errosarioa Indietara ango apostolo San Franzisko Jabierrek berekin eraman zuen; eta ainbeste milla animari erakusi, predikatu, eta ezin kontatu ala milagro aundiakin konfirmatu zien. Errosarioa predestinatuen marka, eta Zeruko atearen gilza bezela zeukan bizitzan, jesuita gazte, Juan Bermans Ama Birjiñaren adiskide maiteak, eta ori eskuetan zeukala ill nai izan zuen. Santu oiek berak Errosario santuaren bidez Zerutik artu zituzten erregalo eta faboreakgatik, guziai orazioen Erregiña au enkargatzen zien.

        Aita Antonio Vieira famarik aundieneko, eta birtute aundiagoko gizona, eta munduko predikadoreen artean bere parerik sekulan bear bada ikusi ez duena Errosario santuaren txit deboto señalatua izan zan. Eta ala itxasoetan, nola leorrean bere ainbeste biaje, eta peligro ikaragarrietan Ama Birjiñaren Errosarioaz beregan ikusi zituen Zeruko faboreakgatik, debozioen Erregiña au beti predikatzeko botoa egin, edo Ama Santisimari agindu zion: Eta Zeruko Erregiñak lagundurik, onen, eta bere Seme Jaunaren errosarioaren gañean, egei eta amar sermoi mundu guztiak admiratzen dituenak, sekulan iñor ez bezela errosarioko misterio dibinoen deboziorako, doai aundiaz egin, eta predikatu zituen.

        Orietatik doktriña aundiko ejenplo, edo milagro batzuek, Santo Domingo gloriosoaren onrarako, eta Errosario santuaren debotoen konsuelorako emen kontatu nai ditut: Eta lenengoa, ta guziz miragarria Aita Vieirak onela kontatzen du. Aita Santo Domingo Aingeru baten gisan animak Zerurako irabazten zebillenean, eta Karkasonan beiñ batean Errosario sagraduaren marabillak predikatzen zegoala, gazkiñak zituen gizon triste, edo endemoniatu bat bere aurrera erakarri zuen: Txit furiatsua zeguen ta bere burua txikitzen zuena, eta katea andi batekin lotuta bazegoan ere, iñolako moduz, eta ez iñork ere ezin iduki, edo sujetatu zuten.

        Baña Santu gloriosoak Eskritura Sagraduko, Aingeru kateadunak bezala, katea Zerutik artua, eta segurua; zeña Errosario santua zan, berekin zuen: Ditxa gabeko gizon galdu orri bere Errosarioa bereala lepora bota, eta ikara, eta bisaje izugarriakin sujetatu zan. Arako Ama Birjiñaren kateaz sosegatu zanean, Santua, agintaria bezela, deabruari galdetzen asi zan, eta au bere gogoaren kontra bazan ere, eranzuten. Gizonaren barrenean aditzen zan iskamilla, lengoaje askorako barbulla, eta deadar arrigarriak; argan zeuden demonioak, txit asko zirala, klaro aditzera ematen zuten.

        Lenengo Sto. Domingok galdetu ziona zan: ea gotputz artan zeuden deabruak zenbait ziran, ta zergatik an sartu ziran? Eranzun zioten: Gu gera amabost milla demonio, eta Jaungoikoak agindurik gizon au guziok atormentatzen degu, zerren Errosario santuaren etsai, eresi, blasfemo bat izandu dan; eta Fr. Domingok predikatzen duen debozio onen kontra gorrotoz beterik, eta txit gaizki itz eginaz, anima galdu askoren konbersioa eragozten zuen. Santuak estuago artu, eta esan zien: Ea amabost milla kontatuak zergatik ziran? domonioak esan zuten: zerren Errosarioko amabost misterio sagraduen ofensan gaizki esaka eskandalo aundian ibilli dan. Gure gogo guztiaren kontra gizon onetan sartu giñan; zerren au infernuko ministro latz bat genduen, eta onegatik anima asko kondenatu diran, eta irabazi aundi ori guzia galdu degun.

        Gauza oiek aditu, eta Elizan zeuden guztiak arritu, eta bildur santuz beterik zeuden; eta enzun zuten, nola gizon galdu ori Santo Domingok erakusten zuen Errosarioaren kontra errebelatu, edo biurtu zan; eta argatik alako tormentu ikaragarriaz, ez demonio batekin, baizik amabost millarekin Jaungoikoak kastigatzen zuela. Onela Errosarioaren etsaia etsai infernukoai Jaunaren justiziak entregatu zien. Errosario santua erraz utzi, eta aztutzen diran nagiak bildurtu ditezen.

        Bigarrena Santo Domingok demonioai galdetu zien gauza zan kristauben artean kondenatzen ziranetatik geienak nor, edo zeiñ, edo nola ziran; Eta beraren lagunetatik, edo Frai Franzisko bere anaiaren lagunetatik ea infernuan iñor ote zegoen? Oni demonioen artean batek esan zion: Arako aundi nai, noble, poderoso, aberats erregalatu, ala gizon, nola andreetatik infernuan txit asko ditugu. Oiek beren aundinai, soberbia, banidadea, enbidia, lujuria, edo aragiaren gusto loi, eta beste orrelako pekatu, eta bizioak eriotzaraño berekiñ dituzte: Eta pobreai egiten diezten kalte, eta agrabioak erremediatzen ez dituzte; eta ala diranak, edo geienak infernura dijoaz. Baña jendetxo, nekazari pobre, humilletatik txit gutxi kondenatzen dira: oiek Santuak ez badira ere, beren pobreza neke, billatu bearrak asko okupatzen, eta pekatu askotatik libratzen ditu, eta erraz penitenzia egiten dute.

        Zure, eta anai Franziskoren lagunetatik, egia da, infernuan batere oraindik ez degula. Baña gure sareak bota, eta alegiñaz saiatuko gera, eta geldika beren obligazioaz aztu erazo, eta besteen gisan batzuek gure atzaparretarako ditugu. Onen klaro Santuari demonioak itz egin zioten: Eta ai, Zer lotsa Jaunaren juizioan Ebanjelioko egiak, bear bezela, klaro erakutsi bear, eta egiten ez dutenai demonio oriek emango dien! Eta ai aberats galdu bearrak, beren limosnakin billatzen ezpadute pobreak arkitzen duten penitenzia, eta Jaunaren miserikordia!

        Irugarrera, Aita Santo Domingok demonioari esan zion: Ea Ama Birjiñaren Errosarioaren gañean ark predikatzen zuena, egia zan? Eta Zeruan bildurrik aundiena nork ematen zien? Eta lurrean guk zeiñ geiena honratu, eta amatu bear genduen? Arako au aditu zutenean, amabost milla demonioak txit lazki arazotu, eta deadar, eta garrasi aiñ izugarriak eman zituzten, nunda auditorioko asko arriturik erori ziran. Beren alegiñaz, agirian eranzun nai etzutela, zioten. Baña errosarioaren birtutez estutu, konjuratu, ta bereala esateko, agindu zien. Orduan arrabia biziaz irazaki, eta guztiai esan zien.

        Zeruan zuten etsairik aundiena Jaungoikoaren Ama Santisima zutela; eta aren poderio, eta anparoa ezbaliz, kristau guziak beretuko zituela. Ama Birjiñaren suspirio, edo nai batek Aingeru, eta Santu guzien erreguak baño geiago Jaungoikoarekiko balio zuela. Eta bada, gure damu gorri gogorrean badere, egia, eta sekreto ezkutatu au aitortzera obligatzen gaituzte: kristau guziak jakizute, Ama Birjiñaren debozio, eta amorioan fielkiro, edo ondo irauten duenik, batere kondenatzen ez dala; Eta begiaz dakusku, Fr. Domingok predikatzen duan guztia, egia bera dala eta debozio orretan firme dagoenik batere galduko ez dala sekula.

        Au demonioak esan zuten, ta, gezurraren aita deabrua bada ere egia andi oriek bi milla eta geiagoren aurrean esan zituen. Orduan Santuak, endemoniatu triste ori bere poderio aundiaz guzien erdian zeukala, esan zien: Desditxatu au libratzeko ama Birjiñari Errosarioa belaniko erreza diozagun. Debozioz guziak Santuarekin asi ziran, eta, o Errosario sagraduaren poderio, eta grazia! lenengo Ave Maria esan orduko, infernuko sugar beltz illun batzuen figuran, eun demonio gizonaren aotik lasterka irten ziran, bigarren Ave Marian, beste eun eta orrela beste bakoitzean, eta amabost misterioak errezatu, eta amabost milla demonioak aienatu, eta gizona libre geratu zan. Baña ez gorputzean bakarrik, baita animan ere, eta Jaungoikoagana biurtu, ta Errosarioko misterio dibinoen txitezko deboto aundia izan zan; eta ainbeste milla anima an zeudenak konbersio, milagroso ta Zeruko ejenplo argi onekin Jaungoikoa, eta bere Ama Santisima alabatzen, eta Errosarioaren debotoago geldiru ziran.

        Onelako marabilla aundi asko orazioen Erregiña Errosarioak animen fabore egin ditu, eta mundu guztian. Zaragozako Eleiza batean Santua predikatzen zegoela, gizon aberats bat, ta abereak baño atsago, pekatuetan sarturik zegoena, ta D. Pedro zeritzana, sartu zan. Aldi biz Santuak aren anima ikusi zuen alako figura beltz itxusi ta demonio askok beste ainbeste katerekin, nola ziran aren pekatuak, tiratzen ziotela. Orduan Santuak, Jaunari eskatu zion, gizonaren anima, estadu triste artan, Elizan zeuden guziai arren agertu zegiela. O Juizio justu ikaragarria! An ziranai begiak argitu, eta aren anima ikusi, ta aiñ, ta onen bildur aundiak artu zituen, non da guziak, ezagun, aide, eta bere emazte, eta etxekoak batera, eta bestera argandik lasterka iges egin zuten.

        Baña Zeruko katea bedeinkatua, edo Errosarioa Aita Sto. Domingok bere lagunarekin bialdu, eta arekin damuz, lotsas, negarrez eta deadarrez bere pekatuak esaten Santuaren oñetara pozez allegatu zan, Ama Birjiñaren izenean agindu zion Errosarioa egunero debozioaz esan zezala; eta gizonak, erri guziak zekuzela, arrigarrizko penitenziak egin zituen, eta Zeruko debozio onen misterioak txit soseguz beti meditatzen zituela, biziera Santu bat, eta milagroak ere egin izan zituen; eta Don Pedro, len pekatari, erri aren beatz topa, edo eskandalo demonioz betea ikusi zutena, Ama Birjiñaren faborez Eliza artan bertan gero Aingeruen erdian eta Zeruko gloriazko koroa ipintzen ziotela ikusi zuten.

        Irugarren milagroa, Franzian familia bi guztiz poderosoak aserre, gorroto, eta eriotzetan sartu, ta ondatzen ziran. Eziñ iñork eta Santo Domingoren arrazoiak ere pakera ekarri zituen, bere espiritu eragille guziak itz egin ta orregatik ere alperrik zan. Azkenik, Zeruko arma seguruetara, edo bere Errosarioko sagradura biurtu zan. Ama Birjiñari errezatu, eta banaka bakoitza Santuak artu, eta Jaungoikozko debozio au enkargatu, eta esan zien: Errosarlo santuaren debozioa denbora gutxiko, edo laburra, eta erraza da: eta Jaunaren legea, eta zuen obligazioak kunplitzeko asko lagunduko dizuena. Santuak esan, eta Ama Birjiñak egin, eta ala ikusi zan. Beiñ batean familia aietako Jaunak edo buru biak ustez ustebage kale batean alkar topatu zuten. Guziak alkar erremedio gabe illko zutela uste zuten. Baña Ama Birjiñaren Errosarioko debozioak bien biotzak trukatu bai zituen; eta elkarri barkatu, eta laztanga anaia bezela betiko adiskide gelditu ziran, eta amorioz, eta ejenplo aundian txit ondo bizitu ziran.

        Laugarrena. Orazioen Erregiña, edo eguneroko errosarioa Ama Santisimari zor diogun Zeruko koroa eder bat da. Ama Birjiña Zeruan ikusi nai dezun Kristau ona, begira koroa eder ori egitea, ez geroko utzi: zor gozo au pagatzeko, ez nagi, alper, ajolakabe izan, Ama Birjiña aserratu ez dedin: eta orrelako Andre galdu baten ejenplo tristea adi ezazu. Au zan ez alperra eze baita ere Errosarioaren eriozko etsai, eta Zeruko debozio oni gerra bizia beti egiten ziona. Deabruak engañatu, eta aiñ itxu zegoela, Birjiña Ama gozoak bere abiso bat eman nai izan zion, orretarako gaitz andi batek artu zuen. Baña abiso ori asko ez izanik, Miserikordiazko Ama bera agertu zitzaion, eta argitasun ikusgarri batean erakutsi zion aren Errosarioaren egiazko debotoak Zeruan zuten gloria, eta deboto etziranak beren animen zer kalte andiak zituzten.

        Era orrez gañera, andre galdu orri lotsa andiago emateko, Errosarioa errezatu gabeaz, berak mandamentu guzien kontra egin zituen pekatu guztiakin Ama Birjiñak arpegian eman zion. Eta ona Errosarioa bear dan debozioaz errezatzea, pekatuetatik libratzeko, ta mandamentuak ondo gordetzeko, Zeruko erremedioa nola dan. Eta au beren animetan ikusteko, emen gure nekazari onai berriz erregutzen diet Jaungoikoaren Ama maitearen Errosario santua arren afalondora, edo osterako utzi ez dezatela; Deabru txarrak orduan oi duen bezala, logalea, edo infernuko lo pisua eman ez diezaten: beti Zeruko debozio, edo zor gozo au pagatu afaldu baño len: ondo ziñatu, kontrizioko akta egin, batek kontu eraman, onek beti Ave Maria, ta besteak San ta Maria esanaz, gero afaldu, eta lo on bat pakean egiteko.

        Bosgarrena. Esan diran milagroak baño andiago baizik ez da, Ama Birjiñak bere Errosarioarekin konbentu batean egin zuen marabilla, eta faborea. Monjak emen txit lasai, ardura bage, eta galdurik bizi ziran, eta erremedioa eman naiagatik, artu nai etzuten. Etxe artan Monja bat bakarra Errosarioaren debota zan, eta onen bitartez, guziai beren Preladuak Zeruko debozio gozo erraz au txit biotzetik enkargatu zien. O prodijio miragarri, eta Zeruko birtutezko erremedio berria!

        Beste bage bereala errosarioa debozioaz errezatzen asi ziran, eta beste bage: denbora gutxiren buruan, Monja guziak trukatu ziran, eta Konbentu guzia Zeru bizi bat egin zan, eta berak Jangoikoagana egiaz biurturik biotz osoaz reforma eskatu zuten, eta ori aiñ gogotik artu zuten, Jaunaren borondateak nai duen bezela, nun eta orrezaz, eta beren Erregla Santuak ederki gordeaz santa batzuek egiñik bizi izan ziran. Ama Birjiñaren fabore, ta milagrorik aundiena ejenplo au da. Jainkoak, eta bere Ama maiteak guzioi beren argia, ta grazia digutela, bien misterioak Errosario santuan meditatzeko ondo, eta ori egunero debozioaz errezatzeko, biak oraiñ alabatzeko lurrean, ta gero beti Zeruan glorian. Amen.

        Orain Aita S. Joseren gloriak ikustera igaro gaitean. Emen irakurlea kontuan zaude, nola esan ditugun, Jesus onaren Pasio, ta Eriotzako Pauso, eta marabillak Aita Kornelio Alapidek Ebanjelioen gañean txit ederki dakartzien, eta Santuetatik kontatzen dituen; ala berak Santu, eta Doktorerik andienakin, Aita S. Joseren Exzelenzia txit andiak, eta asko kontatzen dira, eta onengandik, eta Aita S. Joseren debozioko librutxo Salamankan agertu zan batetik onen alabanzak nik artu ditut.

 

aurrekoa hurrengoa