AITASO BATEN SOLASAK BERE ILOBASO XUMEARI
Ikusten dugu gizon bat aitasotu denean,
Etx'aintzinean jarririk alki baten gainean;
Bere haurrak ezarririk bizi-molde onean,
Ilobaso xume bati dagola solasean.
Ez da mendi-muthurrean elhurra xuriago,
Aitasok buru-gainean biloa duen baino,
Bainan bozki eta xuxen mintzo baita oraino,
Ilobasoa entzuten bihotz onez han dago...
Aitasok erraiten dio: «Zuk, ene haur maitea,
Orai ikasi baituzu Jainkoaren legea,
Nahi dautzut erakutsi munduko bizitzea;
Nola izan dezakezun zorionez bethea.
»Egun guziz artharekin othoitz zazu Jainkoa,
Eta atxik ait'amentzat aphaltasun osoa;
Orhoit zaite badutela manatzeko dretxoa:
Hura gabe urrun baita bizitze bakezkoa.
»Artizarra agertzean, jaiki zaite ohetik,
Ez baita egun guzian oren ederragorik:
Bas-oilarrak orduan du kantatzen oihanetik,
Eta xoriek jalitzen buruak hegalpetik.
»Ihizi hek ernatzean, eman zaite lanean,
Lana baita errexago, goizik hasten denean:
Bozkariatuko zare iguzki-agertzean,
Pentze-lilien usaina zure ganat heltzean!
»Lagunekin mahainean, zarenean jarria,
Izan zaite alegera eta maithagarria;
Hersturetan dagonari eginaraz irria:
Sor dakion bihotzean bozkario berria.
»Eskuarazko mintzatzea atxik-azu mihian,
Ez baita ederragorik zeruaren azpian;
Nola arrano zaharra pinpirinen aldian,
Halaber dago eskuara, auzokoen erdian...
»Eskaldun andretan dira baliosenak bethi
Erlea bezain langile, bildotsa bezain ezti:
Iragaiten zarenean hogoi urthetan goiti,
Hurbiletik beha zozu halakoa den bati.
»Ez badu azken urthea aurthen ene biziak,
Erakutsiko dauzkitzut eskual dantza jauziak,
Ni aitasotua gatik ez ditut ahantziak:
Ikasi behar ditugu ahal bada guziak».
Aitaso hasten da kantuz muxikoen airean,
Piko guziak izartuz bi zangoez lurrean
Eta ez dute etsitu ongi ikas artean.
Halako aitasoa da maithagarri etxean!
|