www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Piarres Ibarrart
1869-1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

ITSUA ETA SASTREA

 

Eskualdun bat zen itsu eta bertsulari:

Athez athe zabilan, iloba gidari,

Soineko eta diru, janhari, edari

Nasaiki biltzen zuten, bertsu eman sari.

 

Zuhur gisa baitzuten sos guti xahutzen,

Piko baten azpian eltze bat zaukaten:

Hiru ehun libera harat bildu zuten,

Bainan gaixtagin batek ebatsi zioten.

 

Bere gorde lekutik galdurik eltzea,

Bat zagon hatsperenka, nigarrez bertzea.

Ilobak erran zion: «Osaba maitea,

Horra zer den kanpoan gauzen gordatzea!»

 

«Azkeneko aldian hemen ginelarik,

Ikusi gaituztela ez diat dudarik».

«Bai sastrea heldu zen, pegarra betherik,

Behatu zuen guri bainan urrunetik».

 

«Iloba, gida nezak sastrearen gana,

Adi dezan bertsu bat itsuak emana:

Gure eltzea badu harek eremana,

Bazakiat nik hura zer gisaz engana».

 

Ilobak erran zion aphal beharrira:

«Sastrearen etxerat orai heltzen gira.

Irri faltsuan dago leihotik begira,

Ez erran hitz gaixtorik, zuhurra bazira».

 

«Iloba, gida nezak arthoski bidean,

Zerbait daiat utziko, azken egunean,

Ehun luis baitiat piko baten pean,

Bertze ehun emanen, bihar han berean».

 

Sastreak bere baitan: «Itsuak etzakik

Hartuak ditudala horren sosak, handik,

Eltze hau, diruekin, berriz han emanik;

Bertze hiru ehunak bilduko tiat nik».

 

Sastrearen agintza balios izan zen:

Biharamun goizeko, eltzea han zuten!

Ilobak erran zion: «Hemen dugu, hemen!

Oi zoin ongi sastrea enganatua den!».

 

«Moltsan behar diagu dirua ezarri.

Lurpean, hola hola, utzak eltze hori,

Eta emak barnean bortz edo sei harri,

Sastreak aski pisu altxa dezan sarri».

 

Itsuak sastreari: «Errak, to, egia,

Atzo bezala dukan arrai arpegia,

Ala trixterik dagon, doluan jarria,

Dirua erain eta... bildurik harria?».

 

«Itsu Harpagon, zikoitz, laido emailea,

Habil, eta ez kolpa ene ohorea!

Dirudun bahaiz ere, eta ni gabea,

Baduk aski zorigaitz hire ilhunbea!».

 

«Ni itsu, ilhunbean, hi sastre erromes...

Dezagun lagun elgar biek ditugunez

Nik egiten haut jabe ene ontasunez

Okhertu nahi banauk hire begi batez...».

 

aurrekoa hurrengoa