www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Piarres Ibarrart
1869-1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITAK EMAN ZERAUTAN

 

Aitak eman zerautan zerurat juaitian

Enetzat mahastia hartzeko lanean;

        Artha nezala,

        Aitak bezala,

        Haintzur eta jorra,

Laguntzat hor nuela... sotoko ophorra.

 

Etxe xuri ttipi bat, badut mahastian,

Sagar, udare, phiko, mertxiken artean,

        Etx'aitzinean,

        Loren erdian,

        Baratze alhorra,

Dutxuluaren pean... sotoko ophorra.

 

Mahastian xoriek goiz dute kantatzen;

Orduan bozkarioz lanari naiz lotzen;

        Gero zait hasten

        Bihotza hozten,

        Agortzen zintzurra,

Laster dut eskuratzen... sotoko ophorra.

 

Ez dut hiritar gisan gosari ttikia:

Bixkotxatto batekin edari bixia;

        Nik dut ogia

        Axal gorria,

        Bai gasna gogorra,

Eta arno xuritik... sotoko ophorra.

 

Neguan ez da deusik eder mahastian.

Aldaxketan molkoak agertu artian,

        Ikhusiz huntan,

        Osto artean

        Larritzen pikorra,

Nola ahantz dezaket... sotoko ophorra.

 

Igandetan debotki meza dut entzuten,

Gero lagun enekin plazetan jostatzen.

        Han dut aditzen

        Nitaz erraiten:

        «Zer muthil gotorra!

Ez ahal dik hastio... sotoko ophorra».

 

Gorphutza baitut sano, arpegia gorri

Hortako dute nitaz zerbait erran nahi,

        Bainan ez naiz ni

        Nihoiz ibili

        Oraino moxkorra,

Izanagatik maite... sotoko ophorra.

 

Badut moltsa luza bat urhez hanpatua,

Hal'ere ezkontzeko lotsaz gelditua,

        Beldur bainintzen

        Gerta zadien

        Andrea mokorra,

Eta hauts ostikoka... sotoko ophorra.

 

Ene gazte lagunak ezkondu direnak,

Haurrez betheak dire orai gehienak;

        Balute ere

        Bertze hainbertze,

        Ez naiz jeloskorra,

Haur hainitz bezain on dut... sotoko ophorra.

 

Herriko zahar batzuk, sotorat ethorriz,

Han idukitzen naute lehertua irriz,

        Konkorrek kanta,

        Mainguek dantza,

        Oihuka elkhorra...

Biba! zaharrak eta... sotoko ophorra.

 

Burlaka hasten baita artzaina menditik,

Zaharrek errepostu mahasti gainetik:

        To, edantzak hik,

        Xirripakotik

        Gibel aldez gora,

Guk husteko denboran... sotoko ophorra.

 

Ophor hori ez baitzen andrentzat egina,

Hekier dut eskaintzen gathelutto bana;

        Hastio naute

        Erraiten dute:

        Donado zingorra!

Xehaturen ahal zaik... sotoko ophorra.

 

Bertsu hauk egitean iphar-goxoa zen

Sotoan hari nintzen arnoen aldatzen;

        Donado hemen

        Zein ongi naizen,

        Egin dut aithorra,

Tente xutik aldean... sotoko ophorra.

 

aurrekoa hurrengoa