www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Piarres Ibarrart
1869-1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUALDUNAK

 

Gizon Eskualdun zahar ohoragarriak,

Biloa xuri bezain kolore gorriak,

Hitz ederrak mihian, arrai arpegiak,

Agur derautzuegu, oi gure Ioriak!

 

Zaharren laudatzeko bethi da denbora:

Aipa dezagun egun mintzaia eskuara,

Jainkoak igorria Tubalen baithara,

Eta Tubalek bere haur guzietara.

 

Noeren seme bat zen Japet deitzen zena;

Eta Tubal Japeten seme bortzgarrena;

Hura zen Espainia beretu zuena:

Hartarik da ethortzen gure hastapena.

 

Tubalen haurrak ziren Tubaloak deitzen:

Geroxago Iberak erraiten zioten,

Iberek banderatzat kurutze bat zuten,

Tubalen izenaren lehen letra baitzen.

 

Tubal eskualdun zela da segurtamena,

Kurutze hark baitzuen lauburu izena,

Tubalen haurrek berek eman ziotena:

Eskuaraz emaiteko hori zen zuzena!

 

Jakintsun handienek aitortzen dutena,

Eskuara mintzaietan dela ederrena;

Nihoiz auzokoekin nahasi ez dena:

Hortakotz deitzen dute munduko lehena!

 

Erdi-jakintsun batek omen du ustea,

Eskuarak erdaratik duela hastea:

Gaixoa! iduri dik horrek erraitea:

Arranoa dugula pikaren umea.

 

Mintzaia eder hunen araberakoak,

Gure jostetak dire pare gabekoak!

Eskual-jauziak eta pilota jokoak,

Bi mila urthe baino zaharragokoak!

 

Buruzagi gorenek ez zuten sinesten

Berek ikusi gabe Eskualduna zer zen:

Ikusiz dantzan eta pilotan aritzen

«Biba Eskual-Herria!!», oihu egin zuten.

 

Eskualdunek oraino hau dugu loria

Guzia giristino da Eskual-Herria!

Gure fede azkarra bethi atzarria!

Nehork ezin hautsi du hunen lokarria.

 

Mendien bi aldetan, zazpi probintzia,

Zazpiak bat zirela ez da ahantzia...

Zer bihotzmin anaien hola berextea

Eta librotasuna ondikotz galtzea!

 

Haurrak, ikas-azue Eskuaraz mintzatzen,

Ikas pilotan eta oneski dantzatzen;

Bai eta fedearen azkar atxikitzen:

Arbasoen iduri oro izan gaiten!

 

aurrekoa hurrengoa