www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Piarres Ibarrart
1869-1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITA ZUHURRA ETA HIRUR SEMEAK

 

Aita batek zituen hirur seme behin,

Hek ttipiak zireno bazuen atsegin;

Gero eman diote hainbertze bihotz-min,

Zituen ongi guzien jabe nahiz egin.

 

Semeak mintzo ziren hiruak bildurik:

—Aita zahartuz geroz ez da zentzu onik;

Landak eta mozkinak guretzat utzirik,

Hobe duzu bakean gogorat egonik.

 

—Zerbait behar duzuen errazue haurrak:

Janhari onak ala soineko ederrak?

Orai zuei utziz zuzenen indarrak,

Nork dauzkit xukhaturen ondoko nigarrak?

 

—Aita zuk badakizu, hea gaixto garen,

Zerendako zinduke nigarra eginen;

Ait'ametzat umeak on izanen diren,

Menean jarri arte ez dute jakinen.

 

—Baratze gibeleko zarika xumean,

Ohatzetto bat baduk lau xori barnean;

To, hek eman ditzagun kaiola batean,

Ait'amek haz ditzaten handitu artean.

 

Beha zazue orai kaiola hortarik

Nola dauden umeak mokoak zabalik;

Ait'amak bazkarekin aldean jadanik;

Burhasoak haurrentzat hola egiten dik.

 

Kume hek hegaldaka bazohazkonean,

Kaiolatik zituen igorri airean;

Ait'amak hatzemanik artetto batean,

Eman zituen biak kaiola berean.

 

—Ikhusi ditutzue umeen arthatzen,

Bi zaharrek, lau gazte kaiolan bazkatzen;

Baldin ait'amak umek badituzte hazten!

Nik ere onthasuna dautzuet emaiten.

 

Semeak hasi ziren kheinuka elgarri:

—Etxalde joriaren jabe gaituk sarri;

Ordean hazkurririk gaztek ez ekharri;

Zaharrak han zagoden goseak hilgarri!

 

—Ala baita samurra ait'amen bihotza!

Aldiz, umerena da gogor eta hotza!

Hargatik niagok ni bilhuztera lotsa,

Beude ene eskuko landal eta moltsa!

 

Zenbat dire munduan goizik bilhuziak

Laidoen jasaiteko menerat jautsiak,

Eskuak baitituzte haurreri utziak,

Ongi eginen ordain gaizki ikhusiak.

 

aurrekoa hurrengoa