UDAZKENA
Urtheko laur denborak Jainkoak eginak,
Guzier eman ditu aro desbardinak:
Batzu eztiak bezain, bertzeak saminak:
Udazkenak derauzka maithagarrienak.
Neguko aroak, du kanpora bilhuzten:
Primadera goxoak beztituz aphaintzen,
Uda bero-suharrak hazkurriak ontzen
Eta udazkenari mozkinak igortzen.
Mendi gainetan eta zelhai zabalean
Lanarekin gudukan hari garenean,
Erauntsi gaixtoaren gaude beldurrean,
Udazken babosa ethorri artean.
Erran-zahar bat orai dugu aiphatuko:
Udan behar garela bermatu neguko.
Alfer nagi zoroer zer da gerthatuko?
Udazkenean deusik ez dute bilduko.
Ethorri zaukunean beraz udazkena,
Lurreko onthasunak berekin dauzkana,
Hazkurrien arthatzen bermatu zarena,
Horra nun duzun orai biltzeko orena.
Udazken onaz gare baliatu behar,
Bilduz egun gauza bat, bertze batzu bihar:
Artho, mahats, gaztena, sagar eta ilhar:
Oi gero hek saltzean zenbat urhe-zilar!
Lur-langilea baita geroaz orhoitzen,
Udazkenean ditu ogiak eraiten:
Ondoko uztailean da bozkariatzen,
Ahurka erain eta orgaka du biltzen...
Arratsetako lanak ditu udazkenak:
Ilhuntzean dituzte erretzen gaztenak;
Mailuaz jo eta jan ari dire denak,
Gero artho xuritzen bertze bi orenak...
Udazkenak eria alegeratzen du:
Orduan du aurkhitzen asko sendagailu,
Mendietako aire, ur-on, eta mainhu;
Euskal-Herrirat dire sendatzerat heldu.
Udazkenak derauku hegoa igortzen;
Orduan hegastinak neguaz orhoitzen;
Ipharretik usoak dira hegaldatzen;
Eta ihiztariek sareak hedatzen.
Goizean goiz entzunik meza igandetan,
Argiko daude tente mendi gorenetan
Gero zer atseginak diren heien baithan,
Hatzemanez usoak ehunka saretan!
Udazken azkenean neguari agur!
Errak! to, egin itzak horma eta elhur,
Badiagu hazkurri, zuhain eta egur:
Hire indar guzien ez gaituk ez beldur!
|