www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Piarres Ibarrart
1869-1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

  hurrengoa

ARTZAINTSA MENDIAN

 

Zelhaietarik ikusten duzu gure etxea mendian,

Eta gorago etxola hura harroka beten aldean,

Mendi kaskoan, andre gazte bat arthaldearen erdian,

Ni nago hemen ardien zaintzen nere kilua gerrian,

Egon ditezen ene aitamak bakotxa bere lanean.

 

Goizetan utziz egun guziko aitamen begitartea,

Argi hastean idekitzen dut etxola haren atea,

Alharazteko mendi gainean ene artalde maitea.

Han iraganik, bake gozoan, argitik ilhun artea,

Bozik daramat etxerakoan kaikua esnez betea.

 

Herriko ene gazte lagunak nitaz dira urrikaltzen,

Haien josteta zoroetalat ez naizelakotz hurbiltzen...

Bainan gaixoek erran bezate zer zorion dutan galtzen!

Bakea eta librotasuna osoki ditut gozatzen,

Eta menditik ez ote dut nik gauza ederrik ikusten?

 

Argi-hastean histu orduko artizarraren argia,

Nik ikusten dut iguzkiaren agertze miragarria,

Bainan oraino ilhun dagozi zelhaiak eta herria;

Ohean dago ezin atzarriz hiritar gazte nagia;

Nola ezagut dezake handik hemengo neure loria?

 

Eliza dorre goren hura dut oroz gainetik ikusten,

Eta ezkilak errepikatuz herria du inharrosten;

Bi aldetako mendi auzoek oiharzunka ihardesten,

Haur denboratik huna baititut toki berean aditzen!

Zorion hunen iraupena dut Jainko Jaunari galdatzen.

 

Ordu berean hedatzen ditut itsas alderat begiak

Eta ikusten arraintzariek dituzten untzi ttipiak;

Iduri dute pentze gainetan dabiltzan altxa liliak,

Halaber dira ur axalean hekien bela xuriak...

Othoitzez nago suntsi ez ditzan itsaso lotsagarriak!

 

Ez badut ere aditzen ahal hiriko kantu ederrik,

Entzuten ditut bas-ihiziak alderdi guzietarik:

Kukuak kuku pago gainetik, epherrak kantu beretik,

Xori ttipiek arboletarik, xoxoek sasi barnetik,

Heien titxoak etortzen zaizkit bihotzera bihotzetik.

 

Haitz eder baten azpira noa otruntzaren egiteko,

Uda liliez beztitua den sorhopila dut jartzeko;

Ardi bildotsak eta Xuriko aldean ditut lekuko,

Ama maiteak emanik badut behar dutana jateko;

Erasiaka dohan xirripan ur garbia edateko.

 

Arratsaldetan begira nago xoratua kanpoeri,

Nola egin den denbora gutiz zeru berri bat iduri:

Pentze, mahasti, baratze, herri, etxalde eta jauregi,

Zenbait Lapurtar nun izan diren hor dira obrak ageri,

Heia dutenetz Amerikatik urhea nasai ekarri!

 

Bertsu haukien aditzaleak nahi luke orai jakin

Artzaintsa hori bere mendian egon behar den mutxurdin.

Bai egonen naiz, ez ezkontzekotz hitzeman dautanarekin,

Bainan maitea Amerikatik jinen baita zerbaitekin,

Bi menditarrek nahiko dugu hitzari ohore egin!

 

  hurrengoa