www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa  

ETXERA

 

        Biaramonean, goizean goiz, oiñez urten genduan Errenderia arte. An Plana Mayor'eko inguru baten formau giñan; eta komandanteak, danon izenak irakurriaz, askatasuna emon euskun.

        Eduardo be etxerako zan, eta aldi bateko Errenderia'ko tranbia zurietako baten sartu ta Donostia'ra joan giñan. Bidean ez zan ixildu abestuten Eduardo. Burgos'era txapel okerrakaz giñoiazanean abestuten joan bazan, ez zan arritzekoa aske giñoiazala abestia ta alaitasuna gaiñezka izatea. Tranbiako jendeak igarri euskun aske giñoiazana, ta euren itaunari, baietz, alantxe zala esan geuntsanean, zoriondu egin ginduezan.

        Donostia'ra eldu nintzanean, ixiko Prantziska'nera joan nintzan. Antxe egon nintzan arratsaldera arte; eta amari ez gaztigatzeko esan neutsan Mertzedes'eri.

        Bat-batean, ezer ez ekiela, sartu nai neban etxean. Arratsaldeko seirak ogei gitxiagotako bultzian urten neban Donostia'tik, Ondarru'ra zazpi t'erdietan eltzeko. Gaba eginda egoan orduko, ta iñok ikusi edo ezagutu barik etxera eldu nintzan.

        Komeria txiki bat egin nai neutsan amari. Atea jo neban eta amak berak iragi eustan. An ate ondoan erdi illun egoan eta, abotsa be-beian ipiñita, olan itandu neutsan:

        — ¿Aquí vive José María Echaburu?

        — Eh! —egin eban, «Zer itaun da ori?» esan nai baeban lez.

        Baiña bereala ezagutu ninduan eta txilio andi bat egin eban, eta auzoko guztiak, goikoak eta albokoak, zer jazo ete zan ikaratuta, euren ateetara urten eben.

        — Oi, Jose Mari etorri da!

        Ta bereala etxe guztia auzokoz bete zan. Eta dana zan besarkatzea ta nire ama zoriondutea, ainbat bidar aitatutako semea, lau urtean beragaitik ainbat kezka izan eta negar egin eban bost alabaren arteko seme bakar maitea, etxeratu jakolako.

 

ETXABURU ETXABURU'TAR JOSE MARI

Ondarru'n, 1963'garren urtean idatzitakoa

 

aurrekoa