www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

CARDEÑA

 

        Txapel oker bi geunkazan zain, ez aurregunekoak, eta kamioi baten sartuta eroan ginduezan Cardeña'ra. Burgos'tik ara amarren bat kilometroko bidea izango da ta bereala eldu giñan.

        Antxiñako lekaide-etxea da San Pedro de Cardeña. Orduan, barrua, itxurabakoa egoan, millaka gizonen bizi lekua zan da.

        Eguerdian eldu giñan bertara. Bazkaria artzera urteten egozan lerroz-lerro, ta etxe kanpoko enparantza edo zabalera guztia bete eben. Tartean arpegi ezagunak ikusten genduzan, Donibane Lohizune'n ezagututakoak geienak; ta besoak jasota alkar agurtzen genduan. Emengo gizonak be narras edo zarpail ikusten ziran, geienak buru soill, bizar andia ta itxurabako jantziakaz. Gure ateetan joten dabeen narrasenak baizen narras, itxurabako.

        Ara eldu giñanean, lenengo egin euskuena, ulea moztutea izan zan. Utseko makiñea buruan sartu ta gaztaia lez laga euskuen zuri-zuri. Gero manta bana emon eta besteen artera bialdu ginduezan. Guk, iru lengusuok, ba-geroan mantea bakotxak, beste bien amak, nire ixiko Prantziska'k, emonda. Aske laga ninduenean, ezin atara izan neban eta an geratu zan. Egia esan, neure paltaz be bai; bada, erea izaten ebanean, an Oiartzun'en egoan ondarrabitar bizar kentzaille baten eroateko agindu neutsan, batalloian geratu zan lagun bati, ta eroan be egin ebala uste dot. Baiña, aske geratu nintzan lenengo urtean Pasaia'n lan egin neban arren, ara joateko gogo gitxi neukan manta bategaitik. Barriak ziran mantak, gutzat erositakoak; eta joango nintzala billa ixikori beti esaten neutsan, baiña Oiartzun'en geiago oiñik ez dot ipiñi. Auxe izan zan trabajadorietan egon nintzan azkenengo erria.

        Ta biurtu naitean Cardeña'z zerbait esaten.

        Bakardadean dago lekaide etxe au; edo, bestelan esanda, berau bakarrik dago lur zabalera andi baten.

        Andia da lekaide-etxea, areto asko ta andiak dakaz, eta areto bakotxean lagundi edo konpañitan banatuta egoan jendea. Ez dakit zenbat, baiña millaka batzuk gengozala entzun neban. Brigada Internazionaletakoak be ba-egozan, bi milla-edo. Oneik gugandik berezita egoten ziran; eurakaz sekula ez giñan alkartu.

        Gure lagundia bosgarrena zala uste dot; eliza aurreko enparantza edo zabalunera eukazan leioak, eta gorenean egoan.

        Lagundi bakotxak, edo, obeto esanda, areto bakotxean agintari bat egoan, gu lako atxillotua. An denporarik geien eroanen artean konpontzen ziran zein buru izan, eta danak nai izaten ebela uste dot. Gu ara joan giñanean, edo ez dakit andik laster jarri ete eben, Arsuaga abizeneko euskaldun mutil gazte gorputz andikoa zan zeregin edo ardura ori ebana. Ta aurre samar ibilten zan ondarrutar bat be: Agirre'tar Federiko.

        Lotarako, lastamarraga bana geunkan; ate ondoa zan barrien tokia. Denporeagaz, tokiren bat ustuten bazan, barrurago sartzen giñan. Gu be, lenengo gabean ate ondoan geratu giñan; baiña Agirre'k Eduardo ikusi ebanean, beragaz eroan eban nagusitxoen toki ondora.

        Nik gau osoko loa egin neban eta ez neban ezer entzun; baiña lagunak esan eustenez, egundoko erromeria ipiñi ei eban Eduardo'k. An be abestietan ebillela, sarjentoak atrapau ei eban; eta ixilduteko barik, geiago abestuteko agindu ei eutsan. Besterik ez eban bear dana enbolikateko! Ta sarjentoa an egoala, ainbeste abestu ta bere izkirimiriakaz barre naikoa eragin ei eban.

        Ez ginduezan txarto artzen. Aretoan gengozanean, ez ziran gugaz sartzen. Egunean osteraren bat egiten baeban sarjentoak, aretxegaz amaitzen zan.

        Jan kontuan, ostera, ez gengozan ondo. Sabelkada andirik egiterik ez egoan an. Kanpoan aske zan erriarentzat jatekoa urri bazan, atxillotuentzat ezin askorik izan. Ez naz gomutaten gosariagaz. Emongo euskuen zerbait kontixu. Eguerdian eta gabean platerkada bat indiaba, patatea edo zana zala. Ta ondo egiña izan ezkero, gaitzerdi. Eguerdikoa jaten neban; baiña gabaz ikuturik be ezin egin; ta, orregaitik, gabeko jatekoa edo aparia artzera ez nintzan joaten, Cardeña'n egon nintzan denpora guztian. Ba-geunkan, geuk eroanda, jakia; ta gero be noizik bein bialtzen euskuen etxetik. Beraz, geuretik artu ta zerbait jaten genduan gosea kentzeko.

        Zer jan asko ez bageunkan be, ordez bai zikiña naikoa. Garbitasunik ezer ez zan egiten an; lastamarragak lurren egozan —olezkoa beia—, eta orduan ez zan ezagutzen D.D.T. ta olakorik. Ta bereala zorriz bete giñan. Alperrekoa zalako-edo, ezer ez genduan egiten zikinkeriak garbitzeko. Ostera, atzerritarrak, au da, Brigadas Internazionaletakoak, alegintzen ziran zerbait. Eguraldi ederra zan baten, euren mantak enparantzara atara ta mamarrotxoak banan-banan atrapau ta atzozkolakaz ilten ikusi genduzana gomutaten naz.

        Baiña zikinkeriarik andienak komunak ziran; Burgos'ko espetxean ezagutu neban lenengo olako bat, gau bakar a bertan egin genduanean. Gela bat aiñako zabalunea, dana agirian, au da, inguruan orma barik, dana loikeriaz beteta, oiñak lurrean ipinteko be tokirik ezin billatuta. Ta antxe, gizonak, alkarren onduan, gorputzeko premiñak egiten. Edateko ura nun egoan itandu neban eta toki aretara bialdu ninduen, eta alantxe ikusi neban.

        Cardeña'n itxurazkoak be ba-egozan komun barriak; baiña an ebillan jende pilloagaz ezin eitekezan garbi egon. Gaiñera, gabaz ez eben lagaten komun areitara joaten, eta len aitatu dogun Burgos'ko komunaren antzeko bategaz jendea baliatzen zan. Ain zuzen, Cardeñas'ko beste komun aretan be ura egoan: tubo baten jarioa; ta ur billa joatean ikusten genduan ikuskizun barregarri a.

        Baiña komunik ospetsuena Miranda'ko kanpo konzentraziñoikoak ziran. Ciscar izena jendeak ipiñi eutsan. Ciscar, orduko gudontzi bat zan, destrutora. Madrid'ko Gobernuakaz egon zala uste dot.

        Miranda'ko Ciscar, astilleruetan itxasontziak egiteko egoten diran lako olezko armatoste andia zan, ibai gaiñera. Euriak labanduta egoan, eta iñoiz bertatik uretara gizonak jausi izan zirala an esaten zan. Gitxienez amar lagunek batera egin al izateko modukoa zan. Bakotxak alboak itxita eukazan, baiña aurre ta atzeko aldeak agirian; atzea ibaia zan eta aurrea, bertara joiazanen igaro tokia. Ta nun utsik arkituko joaten giñan, bitartean ikuskizun politak ikusiaz. Emen be gabaz ez eben lagaten, arrisku andia egoan da.

        Ta komunen kontuai amaia emon eta Cardeña'ko kontuai barriro ekin deiogun.

        Ara eldu ta bigarren edo irugarren egunera, autormena edo deklaraziñoia egitera deitu euskuen. Gure esanak ingian artzen zituenak gu lakoak ziran, atxillotuak. Euretako bat irundarra zan, lendik arpegiz ezagutzen nebana, Donibane Lohitzune'n ikusita-edo. Aretxen ingurura urreratu nintzan. Ta nire txanda eldu zanean:

        — ¿Cómo se llama?

        — José María Echaburu Echaburu.

        Ori entzutean, begirakun txikia egin eustan eta barriro itauna.

        — ¿Natural?

        — De Ondárroa, Vizcaya.

        — Kontxo! Euskalduna zara? —irribarrez esan eustan.

        — Bai; alantxe naz. Ta berbetan asi giñan.

        — Au ipiñiko dogu ta beste au ez; au olan obeto izango da ta beste ori olan —esan eustan. Autortza ona zelan egin ba-ekian eta bere gain laga neban.

        Barriro deitu euskuen andik laster; Irun'en ikusi genduan italiar gudari ofiziala, ara be eldu zan. Gu beragana eldu giñanean, gizon pillo a aurrean ebala egoan, itaunak egiten. Zein zan ikusi genduanean bereala ezagutu genduan, eta Irun'en egon giñala beragaz esan geuntsan. Bera be gomutau zan, eta geiagoko barik urten genduan.

        Gauza kontagarri gitxi eukan Cardeña'ko bizimoduak. Goizetan, lagun bakarrak jotako goiz eresiak esnatzen ginduzan. Ba-eukan zaletasuna musikariak eta eresi politak joten zituan. Ain zuzen be, gure lagundikoa zan eta sarritan ikusten neban besapean musikea eukala.

        Ez naz gomutaten goizetan ikurriña jasotera joaten giñanik; ezta gosaririk izaten bagenduan be. Izango genduan ziur. Illuntzean bai, illuntzean joaten giñan ikurriña erastera, ta ereserkiak abestuten genduzala uste dot. Ez dakit lotarako agindu edo deiren bat izaten genduan ala bakotxak nai genduanean joaten giñan. Guretako bat izaten zan zaintzaille edo imajinaria egiten ebana, ta bardin egunez be. Niri egunez gertau jatan zeregin ori egitea. Egunezkoak, sarjento edo ofizialen bat etorrenean, barrura deitu bear eben:

        — ¡Compañía: sargento! (Edo zana zalakoa).

        An nengoan ni estu-estu malladietara zelateka, bai arpegiz eta bai euren graduz gitxi ezagutzen nituan da. Ta alako baten, an etorren bat. Nik orduan al neban indar guztiakaz deitu neban; baiña batetik abots sendoa ez eta bestetik ango berbotsa andia izaten zalako, ate ondoko batzuk ez eben entzun, —urrunekoak sekula ez eben entzuten, baiña zerbait jazoten zala laster konturatzen ziran—, eta jolasean, saltoka-edo, atrapau zituan sarjentoak. Ta agirika asi jaken. Eurak, orduan, nik ez nebala deitu esan eben; eta sarjentoak baietz, berak be entzun ebala ta. Ta zigorren bat ipiñi eutsen. Ez naz gomutaten zer zan zigorra, baiña edozelan be ez zan andia izango.

        Monasterio edo lekaretxe arek elizea eukan, jakiña. Ta igande ta jaietan mezea entzutera eroaten ginduezan danok. Lenago entzuteko oiturarik ez eukenak be, derriorrean entzun bear izaten eben. Eliza a atxillotuentzat iragi arte, ziur, urte askoan itxita egongo zan, eta busti edo kare usai andia eukan. Bere usaiñak Prantzia'ko Bouridens'koa burura ekarten eustan.

        Lenago esan dodan lez, gu, batera sartu giñan aldrakook, ate ondoan geratu giñan. Gure ondoko aldran, orduan ain ospetsua zan Berrendero txirrindularia egoan. Ta ni neure aldrako ezkerrean eta bera bere aldrako eskuman gengozan, eta alkar joten lo egin genduan iru-lau egunean. Baiña ez genduan sekula berbatxu batik be egin alkarregaz. Ez geunkan eurakaz artu-emonik.

        Egun aretako baten, atxilloturik egozan kirolzale edo deportisten gaiñean zerbait ekarri eben izparringiak. Zera, kirolari biztualdia emoteko, ezer txarrik egin ez eben edo euren aurka ezetan nabarmendu ez ziran kirolzaleai askatasuna emotea ondo etorriko zala. Baiña zerbait akats billatzen eutsen edo askatu bear ez ziranen artean, eredu lez, Berrendero aitatzen eban; bera bakarrik.

        Aldra aretako batek bestera ulertzen eban izparringiak ziñoana, ta Berrendero'ri zorionak emonaz bein eta barriro albistea irakurten eban. Baiña Berrendero'k, izparringiak ziñoana, zan lez ulertzen eban, edo beintzat beste aren esan eta koplak ez eben poztuten. Berba batik ez eban urten bere aotik.

        Euren okerra zuzentzea txirrindulariarentzat pozgarria izan balitz, argituko neutsen izparringiak ziñoana; baiña alderantzira zan eta ez neutsen jaramonik egin.

        Gero, barrurago emon euskuen gure lo tokia, ta ez dakit geiago ikusi ete neban bera.

        Modu ta mailla guztietako gizonak arkitzen ziran an. Batek katedratikoa zala esaten eban. Ondo jantzita, Baban urdiñagaz eta betaurreko dotoreakaz. Bandoliñia joten ekian eta baten jo egin eban. Ez egoan beretzat ezer berezitasunik. Gu lez an joan bear izaten eban jateko billa, eskuan platertxoa ebala, besteakaz batera lerroan jarrita. Inteletualak eta gogo edo ispiritu kontuari emonak diranak be, gosez dagozanean, Babel zorria itotea izaten dabe lenengoa.

        Beste bat, gaztea bera, bere ezkongaiagaz itsututakoren bat zan. Egunero idazten eutsan, eta ugari gaiñera; bi edo iru orri beteten zituan. Erantzuna be sarri izaten eban. Olan, bada, eskutitzak eskuan zituala egun guztian ikusten genduan. Olerkari erromantikuren bat izango zan. Gizon ikasia zan.

        Baten, norbaiten inguruan jendea batzen zala ikusi neban, eta zer ete zan neu be bertara urreratu nintzan. Zatotik ardaua edaten ziarduan bat zan; baiña ez oiturea dan lez zatotik aora. Jarioa bekokira jaurtiten eban lenengo, gero sudur puntatik ezpanean zear aora zuzenduteko. Gero jakin nebanez, Tximista ondarrabi-irundar ostikalaria zan. Aldarte oneko mutilla; guztiz errikoia edo popularra zala bere errian esan eusten. Ta alantxe zan, gero, neure ezkontzea zala ta bide alderdi aretan naikoa ibilteko erea izan neban da, jakin nebanez. Basurko bertsolariaren koiñatua zan.

        Trabajadorietan egin genduzan aruntz-onuntz guztietan, alkarregaz gertau giñan eta lagun egin giñan.

        Cardeña'n iru-lau aste egin genduzan. Lekaretxe a dana ustu bear zala entzun genduan, eta danok Miranda'ra aldatu ginduezan. Atzerritarrak Miranda'ra ala beste norabaitera eroan ete zituen ez naz gomutaten; baiña ez dot uste erri ontara eroan zituenik.

        Cardeña'tik Burgos'era oiñez mendi edo zelaian zear eroan ginduezan. Ez jakun erreza izan ainbat bidean geure trepetxoak eroatea. Burgos'tik Miranda'rakoa bultzian egin genduan.

 

aurrekoa hurrengoa