www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

PRANTZIA ALDERA

 

        Bein gauzak onenbestera eldu ziranean, gauza bat bakarrik neukan buruan: Prantzia'ra iges egin. Osaba bat, aitaren anaia, neukan Ziburu'n, Europa'ko lenengo gudea baiño lenagotik joanda: Donato. Bere emaztea Garalde'tar Maria be ondarrutarra zan. Ez euken seme-alabarik.

        Ez geunkan artu-emonik osabeagaz. Amaika urte lenagotik geunkan ilda aita; ta arrezkero, noizean bein Ondarru'ra etorten zanean, kalean-edo ikusten genduan bera, baiña gurera ez zan etorten eta ez giñan ausartzen berari arpegi emoten. Baiña ez nengoan ni orduan kopletarako; ezelan al baneban, araxe joango nintzan.

        Ta lagun artean ori esaten asi nintzan. Lagun batek, Burgoa'tar Esteban'ek —bere aitak, obeto esateko— itxasontzi txiki bat eukan, zortzi zaldiko kubierta bako Bi Anayak izenekoa, ta lenengoan prest egoan Prantzia'ra joateko. Baiña etxean esan ebanean, aitari ez bide jakon ondo iruditu ori; Bizkaia aldera bai, baiña Prantzia'ra ez ebala nai itxasontzia eroaterik.

        Lorentzo koiñatua, gudako zeregiñetan ebillen, Pasai'ko arrasteko itxasontzi baten mariñero lez. Ez dakit ziur, baiña len bera arrastean ibilten zan Andonegi'rena zala uste dot, frankotarrak an sartu baiño len kai bertatik ataratakoa. Euren itxasontzian joango giñala Prantzia'ra esan eban, eta arako bear genduzanak gertuten asi ziran etxean. Lau joango giñan batera: len aitatutako lengusu biak, Jauregialzo'tar Jose txistularia ta neu. Ta illundu zanean, gurean gertuketan ziarduen artean, lagunaren etxera joan nintzan eta maletea arturik biurtu giñan gurera. Andik laster Lorentzo etorri zan, guretzat barri txar bategaz: ezin gindeikezala Prantzia'ra eroan onegaitik edo aregaitik. Jakiña, barri txar orrek asko atsekabetu ninduan, eta gora-goraka ipiñi.

        Gau aretan Toba'neko itxasontzi bat, arrantzakoa, Prantzia'ra joiala jakinda gengozan ordurako; ta Lorentzo koiñatuak, ori entzun ebanean, gu antxe joateko modua egitera urten eban. Ta laster zan barriro etxean, itxasontzi aretako jaube ta lemazain Paulo Toba'gaz —ezizena au— berba eginda. Paulo'k ixillean nai eban erritik urten, eta lenengoan gogo gitxi erakutsi ei eutsan gu ara eroateko; baiña nire koiñatuaren ekiñari ezetzik ezin emon, eta azkenean be joan geintekezala esan eutsan. Lorentzo'k, Pasaian eukan —ta Jaungoikoak daki eukan ala ez— malleta bat emongo eutsala agindu eutsan.

        Biderako jaki apurra ipiñi euskuen etxean, kontserba ta abar, eta gabeko amarrak inguruan urten genduan etxetik. Ez neban uste orduan, lau urte andi igaro arte ez nintzala biurtuko etxera...

        Jenderik gitxien ebillen bide ta baztarretatik joan giñan kaira: Zubi-zar'etik Kale Kurutze'an gora Ipar kaletik Trintxa'n zear. Kai barria egin barria zan orduan, eta oraingo jende ta gora-berarik ez zan an. Gaiñera, ziran argi apurrak be, amatauta egozan, gudea zala-ta. Olan, bada, ia iñor ez genduan ikusi ontzirako bidean.

        Itxasontzia egoala uste genduan tokira eldu giñanean, ez zan ezer entzuten itxasontzian eta didar egin genduan. Ez zan erantzunik izan. Baiña moillatik bigarren edo irugarren ontzian, ixilka bada be, berbotsa entzun genduan; eta, geiago barik, bei samar egoan itxasontzira salto egin genduan, eta aurrera joanez, eldu giñan Prantzia'ra eroango ginduzanera. Iñok ez euskun berbarik egin, eta jaubearen baimenez giñoiazala esan genduan, nai ebanak entzun eian.

        Gu ara orduko, jendez beteta egoan itxasontzia. Oraindik beste banakaren batzuk be etorri ziran; eta gerotxuago, lemazaiña ontziratu zanean, gertutu giñan urteteko. Moilla musturrean egozan gudariak (milizianoak), kaitik itxasora urteten galerazoko euskuen kezkea eukan lemazaiñak; eta ezer itaunduten baeben arrantzara giñoiazala erantzuteko ustea eban. Ta ori esan al izateko, ontziaren barrura edo kubiertapera jatsiteko agindu euskun gazteai, eta barratik urten arte antxe egon giñan. Ez euskuen jaramonik egin gudariak. Ta ontzi gaiñera urteteko agindu euskuen, itxaso zabalera urten genduanean.

        Gitxienez berrogetamar lagun giñoiazan. Geienak mutil gazteak. Andra bat joan zan bere umeagaz. Egia, ez dakit ume bat ala bi zituan. Andra a Txomin Agirre euskal idazle ospetsuaren illoba Teodora zan. Andra ari gizona galdu jakon Bilbo aldean guda denporan, Aranbarri'tar Juan, «Juan Akulu». Aren barririk iñok ez dau emon geiago.

        Ondarru'tik urtenda, Bilbo aldera jo eban gure itxasontziak. Lenengoan, Gipuzkoa ta Bizkai'ko mugan dagoan Kategi'tik Arrigorri'raiñoko bide zatia, erretiradan etozan berebillen argiz beteta ikusten zan. Toki a agirian euki genduan denpora guztian, an etorren berebiltzeari arrituta begira egon giñan. Bada, orduan ez zan orain beste berebillik. Erretirada barriren bat egoan kontixu.

        Geldi-geldi giñoiazan. Lenengoan ba-genduan zer esana; baiña loak artu-edo beintzat, geroago norbaitek esnatu ninduan, Matzaku azpian gengozala esateko. Matzaku esaten dautsoe Matxitxako'ri Ondarru'ko arrantzaleak. Alantxe zan; gaiñean geunkan Matxitxako, bere argi zartada indartsuak jaurtiten. Matxitxako'ren argi zartadak bein baiño geiagotan ikusita nengoan urrunetik, baiña bat-batean, ain urretik eta gora-bera aretan ikustean, arrarea egin eustan.

        Antxe artu eban itxasontziak Prantzia'ko zuzenbidea. Ordurarte, emengo arrantzaleak ez ziran ibilten ango itxasoetan, Bizkai aldekoak beintzat; eta, gero jakin nebanez, azkenengo asteetan ango itxaso ta arako zuzenbidea ikusten ibilli ei ziran gure lemazaiña ta beste batzuk, erriko itxastar kapitan Muniozguren'egaz.

        Matxitxako'ko argia ikusteko esnatu ninduenetik aurrera ez dakit lorik egin ete neban gau aretan. Baiña beste onegaz bai gomutaten naz: goizean argitu zanean ez zala ikusten liorrik. Goian zerua ta bean itxasoa giñoiazan. Bidean ez genduan itxasontzirik arkitu; urrunetik keiak ikusi bai, baiña besterik ez. Orduko itxasontziak, geienak, ikatza erreaz ibilten ziran; geurea be bai.

        Orduak ziran eguña argitu zala, ta alako batean apaxuak itxasora jaurtitea bururatu jaken, jateko zerbait atrapau naian, eta egaluze bat edo beste ontziratu eben. Atunok egosi egin zituen; eta ez olio ta ez ezer, ogia bailitzan, danok jan genduzan. Sagar txiki bat baiño andiagoa ez zan atun zatitxoa izan zan, igande gabetik astearte goizerarte nire ta beste guztien aotan sartu zan jaki guztia. Guk ba-geroan jaki apur bat. Baiña gure maletak itxasontzi barruan sartu euskuezan eta ez genduan iñori ezelango lanik emon nai. Gaiñera, ni beintzat apur bat mariatuta be ba-niñoian. Orrezaz gaiñera, gu jaten eta besteak guri begira ez ziran egongo. Barrionak diñoan arako ogi zati batzukaz ta iru-lau arraiñekaz Jesus'ek egin eban lako miraria bear zan itxasontziko danai, apur bat baiño ez bazan be, jaten emoteko. Orregaitik ez genduan ezer esan eta gure jakiari bakean itxi geuntsan.

        Gu itsasontziko atzean giñoiazan, azken-azken, erdi jarrita ta erdi etzunik. Erdal abestiak polito abestuten zituan bat egoan gure artean, Aranburu'tar Jose Mari, Kantaleko desizenez. Ta bateko abestiak eta besteko kontuak, igarri barik joiazan orduak.

        Arratsalde aldera, geroan zuzenbidean, zerbait zurra ikusten neban. Guri bidea galerazo eikigun guda-ontziren bat izan eitekean kezkea etorri jatan. Arrituta nengoan nik ikusten neban a beste iñok ez ikusteaz. Beintzat, iñok ez eban aitatzen. Baiña andik gerora, bidean aurrera egiñaz, liorra ikustera eldu giñan; eta nik lendik ikusten neban zerbait a ez zan itxasontzia, farol etxea baiño. Sarritan entzunda neukan Kontis'ko argi etxea; Ondarru'ko arrantzaleentzat, Pontis.

        Liorra urreratu genduanean, geldi-geldi eskumara birea egiñaz, Bidasoa andiko Euskal Erri'runtz zuzendu giñan. Ta alantxe, beti geldi-geldi joanaz, gaberdi inguruan Donibane Lohitzun'go kaian sartu giñan, eta ondartza aurreko zabal unean geratu; ta zerbaiteri lotu ontzia, bertan gaba igaroteko. Gu lez joandako beste itxasontzi bi edo iru egozan.

        Ogetalau ordu inguru egin genduzan Ondarru'tik Donibane'ra. Bide ori bear dan lez eginda, lau-bost orduko bidea da. Guk egin genduan bidearen zabala!

 

aurrekoa hurrengoa