www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GUDA NAGUSIA

 

        Egun aretatik aurrera, laster lertu bear zan gudea baiño beste buruausterik ez geunkan.

        Ta iru edo lau egunera, bazkal ostean jardiñean jarrita gengozala, dinbi-danba asi zan elizako kanpaia. Lenengo danbadarako, guda kanpaia zalakoan jarri giñan, eta alantxe zan. Gure auzoan egoan etxe bakarreko andreak negarrez urten eban etxetik, zer ete zan jakin naian.

        Munduko goraberetan ain garrantzi andia eukiko eban gudearen asierea zan. Zenbat odol ixurtze ta zenbat negar eragin bear ete eban munduan, eta zelako aldakuntzak! Ta gutzat be zer ete ekarren?

        Alan be, ez giñan ikaratu, ziur-ziur itxaroten genduan da. Alanbearrari iges egiterik ez geunkala ikusten genduan. Aldi txarrean jaio giñala esaten genduan, munduan gudarik gogorrenak ziran denporetan.

        Baiña munduan izan ete da, bada, aldirik guda barik?

        Guda kanpaia jo ebenetik laster, an beratxoago soloa eukan baserritar gizon gazte bat zaldi gaiñean etorri jakun, biaramonean gudara joan bear ebala ta ea lurretik patatea ataraten lagunduko geuntsan esaten. Bereala iru-lau gazte jagi giñan eta solora lagundu geuntsan.

        Gizajoak ez eukan berbetarako gogo andirik; arratsalde guztian ez euskun berba batik egin. Geu be ez giñan ausartu berari ezer esaten. Ezin geinkean asmau aren gogoko izan eitekean berbarik.

        Oraindik ez zala gudarik asi, urrengo eguneko izparringian jakin genduan. Kanpaiaren deia mobilizaziñoirako zan. Bardin zan; mobilizaziñoian ikusi eban jendeak gudearen asierea. Andik egun bat edo bira, Prantzia'k eta Inglaterra'k gudea emon eutsoen Alemania'ri.

        Baiña Alemania'k, eta Errusia'k be bai, Polonia menderatzen ziarduan gudearen lenengo asteetan, ez egoan gudarik Prantzia'n.

        Ta gudea a baiño txarragoa izan ezik, ez egoan zetan estutu; ta, bake aldian lez, nasai bizi giñan. Baten, beste askotan lez, igarira joan giñan presara; ta ur otsean alkarrei ezin entzunda egoten giñan eta, iñok entzungo ez euskulakoan, abestuten eta zarataka ibilli giñan. Baiña nunbaitetik entzun eben erabilli genduan gangarkeria, ta kejea egon zan. Ez giñan bereala oker berean jausiko, geure gaiñera zigorrik etorri ez eitean be.

        Adiñean aurrera joiazan gizon bi errira etorri ziran, ixilleko ertzaiñak-edo; lenago aitatu dodan bizkaitar agure a atxillotu ta Españia'ra bialdu ebenak. Sekula gugaz ez ziran sartu. Bakarrik, illuntzean zubira ez joateko esan euskuen. Beste eragozpenik ez genduan izan.

        Salbakondutua bear zan erritik urteteko. Etxedoia'koak baimen orren billa joateko, gure zuzendariaren baimena bear genduan, alkatea ta biak alantxe konpondu ziran da.

        Egun areitan ondarrutar bat il zan Azparren'en; Ondarru'ko ziñegotzia zan: Ikaita Barri'ko Guenaga'tar Tomas. Erritar guztiok bere illetara joatea erabagi genduan; baiña Etxedoia'ko zuzendariak, aldi aretan ez egoala ondo ainbeste lagun batera-bestera ibiltea ta danon izenean bi edo iru joateko baimena ekarri eban. Orduan ondarrutar batzuk alkatearengana joan ziran, eta guztiok joan geintezan baimena lortu eben. Gure zuzendariaren ixillik egin ziran gora-bera oneik; eta goizean, bera lo egoala, ixil-ixillik urten genduan Etxedoia'tik.

        Gure jokabidea txarto artu eban zuzendariak, eta Endara bidez zigorra izan genduan. Lan batzuk eragin euskuzan; euretatik bat, komuneko loiak artzen zituan askea ustutzea. Etxedoia'ko ur zikin ta kaka guztiak artzen zituan aska andia egoan etxe ondoan, eta an egin genduan urte inguruan, bi edo iru bidar ustu bearra egon zan. Zulo andia egin baratzean, eta baldetan artu ta ara jaurtiten genduan. Ez zan egoten usain gozorik an inguruan!

        Guri lenago be urten euskun loteria arek; baiña arei, pilotoai ta, olako lan zikiña emotea zail egiten jakon zuzendariari, ta ederto etorri jakon gure utsa, gu entzun-txarrekoak izatea. Ta geuk egin genduan barriro be.

        Zer zigor geunkan zuzendariak jakin eragin euskunean, Endara'ra idatzi genduan. Nik baiño idazkera apaiñagoa eukala-ta, nik esan eta Azpiri'tar Joakiñ'ek idatzi eban. Danok izenpetu genduan. Baiña izkitik ezagutu eben nok idatzi eban eta Azpiri'k artu eban erantzuna. Ta erantzuna auxe zan:

        Auzia obeto aztertuko zala, baiña lenengo zuzendariaren zigorra bete egin bear zala.

        Ez zan eziñekoa gutzat zigor a betetea; baiña zuzendariagaz artazi jarri giñan, eta alan edo olan aurka egin nai geuntsan.

        Lenago, zuzendariagaz ondoen konpontzen ziranak, ondarrutarrak ziran, —ni ez nintzan ibiltzen ondarrutarrakaz edo ondarrutarren aldran eta ez neukan artu-emonik zuzendariagaz—, eta arrezkero txakur ta katu ebiltzan.

        Jakiña, ez geunkan errezoirik; gudatean ezer okerrik jazo ez eitean, gure ardurea ebanak danon izenean bi edo iru bakarrik illetara joan nai izatea burubide ona zan. Baiña gu, gazte zoroak, olakorik ez genduan pentsaten. Gaiñera, askotan besteai jarraitzen dautsegu, ondo ez dan gauzetan be, besteen aurrean txarto ez geratzearren. Niri neuri, beintzat, alan jazo jatan.

        Guenaga'tar Tomas'en illobiratzea eginda, an kanposantuan ondarrutar pilloa alkartu giñan; geure artean lekaime bat egoan: Badiola Etxaburu'tar Maritxu, Kurutzetako Alabea. Ba-ziran urte batzuk Azparren'en egoala; ta lekaime egoala be, amar-amabiren bat urte izan eitekezan. Berak, ni ez beste ondarrutar guztiak ezagutzen zituan; baiña nik bai bera ta, ziur, ango beste guztiak baiño lenagotik. Ondarrutarrak, nire aldean, asko ibilten ziran batera-bestera; ta an erritar bat lekaime egoala nunbait jakinda, bera ikustera joango ziran kontixu, ta alan alkar ezagutuko eben.

        Ainbeste lagunen artean, txandarik ezin artuta, batek au ta besteak ori, amaibako jarduna egoan. Ni atze samar nengoan, ixillik. Ta alako baten, ea ni be ondarrutarra nintzan itauna egin eban lekaimeak. Nik, orduan, baietz, Ezekiel Txikia'ren semea nintzala. «Aitarenka» asi zan, ori entzun ebanean; senideak giñan. Nik ba-nekian ori. Bere ama Urrufiña ta nire aitaren aita anai-arrebak ziran; nire aita ta bera, lekaimea, lengusuak. Ta lengusuak baiño geiago zirala be esango neuke. Ia etxeko seme lez izan zan gure aita arenean gaztetan. Euren itxasontziko lemazain izan zala eta soldautzatik aske geratzeko ordaindu bear zana lekaimearen amak ordaindu edo aurreratu eutsala, asko lenagotik entzundako kontua zan.

        Beraz, ni nor nintzan jakin ebanean, lekaime arek artu eban arritasuna andia izan zan.

        Azparren'en beste bi edo iru ondarrutar be bizi ziran; gudeari igesik joandako urtetsuak. Euren artean Ondarru'ko elizako abade Don Ramon Zenarruzabeitia. Jaiotzez Zenarruza'koa zan (Ziarrotza'koa). Laster Ameriketara joateko ustea geunkan eta ori izan zan beragaz egon giñaneko jarduna.

        Antxe gengozala, gutzat txarra zan barria jakin genduan. Ez dakit zer dala-ta, batek urrutizkiñez berba egin eban ez dakit nora, ta gu Ameriketara eroango ginduzan itxasontziak atzeratu egin ebala urteerea esan eutsan. Ez zan errez izango, ordutik aurrera, itxasontziak jendez beteta Ameriketara urtetea.

        Bein gudea asi ta aste batzuk igaro ziranean, etxera begira asi zan jendea. Ameriketara joaterik ez egoan; amaitu ziran ara joateak. Prantzia'n ez egoan ezer onik iñorentzat. Beraz, etxera biurtzea izango zan onena. Baiña ona etorteak be kontuak eukazan; emen sartzean geienok atxillotuak izango giñana ba-genkian. Alan be, lantzean bat etorten asi ziran.

        Bein, Don Manuel Calderón, Franco'ren aldeko itxastar gudaria joan zan ara gazte billa. Guztiz ezaguna da Calderón Gipuzkoa'ko itxas errietan, eta baita Ondarru'n be, soldautzan beragaz egonda egoazalako asko. Nik Ondarru'n ezagutu neban, 1926'ko estropadak zirala ta. Orduan gure errian dana zan saltoa ta dantzea ta ojua; ta neskatillai besotik elduta makiña bat salto egin zituan musika otsean kalerik-kale.

        Calderón ori Kambo'ra etorri zan eta ondarrutarrai deitu eutsen, eta an joan ziran. Etxera iñok etorri nai baeban, bera jarriko zala arduradun, eta ezer okerrik izango eben bildur barik joan eitekezala esan ei eutsen. Iñor ez eban zuritu; iñok ez eutsan baietzik emon.

        Baiña andik laster, bat biurtu zan etxera.

 

aurrekoa hurrengoa