www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

ALEGERA'KO ABESLARI

 

        Ni ez naz izan abesbatzetako abeslaria gudate arte.

        Ondarru'n musika taldeko geienak abeslariak ziran, baiña egundo ez jatan bururatu olako konturik.

        Orratio, Eusko Batzokia zabaldu bear zanean abestu zan mezea ikasten ibilli nintzan. Baiña ez dakit abestu ete neban egun aretan. Zerbaitegatik, korura joaterik ez nebala izan uste dot. Bere izenagaz ez naz gomutaten, baiña buruan daukat zein meza zan; Bilbo'n Jesus'en Biotza'ren iduria Gran Via'ren azkenean ipiñi ebenean be, axe mezea zan; tarteka erriak be abestuten dabena, azkenengo amenak-eta.

        Aldi aretan, Bilbo'ko sariketetan bere trebetasuna ederto agertu eban abesbatza zan Ondarru'n, Don Anjel Urzelai zarauztar abade gazteak zuzenduta.

        Alako abesbatzan lagun asko bear izaten da; ta, sariketa baterako gertuten ziarduan aldi baten, neuk be joan egin bear nebala esan eustan abeslarietako batek. Katukume batek baiño abots geiago ez euki arren, solfeoa ba-geunkala ta —amalau urte ezkero erriko musika taldekoa naz— joan egin nintzan. Abots makalekoen saillean jarri nintzan, bigarren tenoretan. Zerbait badirala agertu nai dabeen guztiak beste sailletara joaten dira, lenengo tenoretara edo bekoetara.

        Urzelai jaunak, gaztea izan arren, makillea baizen zuzen eukiten eban jendea. Ikas saioa asi ta laster, gure saillera zuzendurik didarka asi zan. Garbitu bear ginduzala zirudian. Txarto abestuten eban gure saillekoren batek. Neugaz ete ebillen susmoa egin neban. Urreratu zan eta gure saillari bakarrik abestu eragin eutsan, besteak ixillik egozala. Gauzak ain gogor ikusi nituanean, aorik be ez neban zabaldu. Geiago ez nintzan joan. Ni baiño belarri txarrekoagorik ba-ebillen an! Baiña zeregiñik an ez neukala iruditu jatan eta beingoagaz amaitu neban.

        Donibane'ra joan eta urrengo udabarrian, ango abesbatzara joan bear litzakezala esan eutsan Teodoro'ri, Donostiako Eusko Abesbatza'n beragaz egondako batek. Onek, Teodoro'k, solfeoa geunkan oeste lagun bi beragaz batera eroan ginduzan: Ixidor eta neu. Ixidor, Ondarru'ko elizako abeslaria zan.

        Gu emengook agertzen giñan toki geiagotan be izan zan eztabaidea atera zan an be: politikea. Gu katolikoak izanik, zelan gorriakaz bat eginda genbiltzan Españia'ko gudan. Asarre barik, baiña naikoa berba egin genduan. Ixidor'eri ez jakon atsegin izan eztabaida a, edo gure jokabidea arek ontzat ez emotea, ta geiago ez zan joan. Teodoro ta ni ez gengozan eztabaida bategaitik atzera egiteko ta jarraitu egin genduan.

        «Alegera» zan abesbatzaren izena, Ta Donibane'ko musika taldean bonbardinoa joten eban Bentxan izeneko ziburutar bat zan zuzendari. Ba-egozan abotsak, baiña solfeo gitxikoak edo bat be ez ekienak ziran geienak. Ta abestiak lendik ekiezenak. Urzelai'ren abesbatzan baiño errezagoa zan an abestutea.

        Uda bitan abestu genduan abesbatza aretan: 1937'garrenean eta urrengoan. San Juan jaietan izaten zan asierea, Donibane'ko musika enparantzan, udaletxe aurrean. Erbestean be izan giñan bein baiño geiagotan. Baten, Endaia'n egin ziran euskal jaietan izan giñan, ango abesbatzagaz batera abestuteko. Bertan, beste ikuskizunen artean, gurdi apaiñen igarotea zan. «Amaikak bat» izenekoari txalorik geien jo eutsan jendeak. Zazpi probintzietako eskudo andi bat eta alboan lau gazte, zatotik ardaua edaten egozan itxurea egiñaz. Zazpi ta lau amaika. Zer adierazi nai eban arek? Euskaldunak mozkorrak giñala? Olakorik ezer be ez ziurren; zerbait asmau nai ta urteten ebanak urten. Baiña euskaldunok edan zaleak garala agertutea izan bazan euren asmoa, ez zan dana guzurra.

        Beste bein Baiona'ko zezen ezparantzara joan giñan. Abesbatza geiago be ba-ziran an. Bat, Pirineo aldekoa, antxiñako erara jantzita. Urteeran Lucien Baroux zine gizon barre eragille entzutetsua ikusi genduan, zinean ikusten oituta gengozan antzekoa, alai itxurakoa. Gure abesbatzako neskatillak zarataka asi jakozan ezagutu ebenean, eta besoa jasota zerbait esanaz erantzun eutsen berak.

        Bein, Donibane'tik kilometro batzutara bizi zan andiki baten jauregira joan giñan. Ez dakit zein erritara, joan etorria gabaz egin genduan da. Baiña bein, Arcangues izeneko andiki baten zerbait aditu neban eta onetxen jauregian izan giñala uste dot.

        Bere iru semek txirula joaz agurtu ginduezan. Jaia, etxe aurreko lorategian egin zan, tximistargi indartsuz argituta. Ez nago ziur, baiña ezpatadantzariak be bazirala uste dot geugaz batera.

        Jaia amaitu zanean, zutiñik jatekoa ta edaria eukan gerturik etxe barruan, nai aiña. Ta ibilli atzaparrak!

        Andiki a euskaltzalea bide zan. Jantokiko orman, olean idatzita, jateazko esakun bat egoan euskeraz. Orain ez naz gomutaten ziñoanaz. Politikan errege-zalea zala esango neuke. Beintzat Españia'ko errege izandako Alpontso XIII'ren argazkidun lauki andi bat ikusten zan ormatik esegita.

        Baztar aretan piano bat egoan eta Garbizu'tar Tomas zirika asi zan; eta gero, nagusiari baimena eskatuaz, jo alditxo bat egin eban. Ederto joten eban pianoa Garbizu'k eta danok pozik entzun geuntsan berari. Etxeko nagusia, andikia be, urreratu zan; eta piano joleari, saioa amaitu ebanean, bere atsegiña agertu eutsan eta urrengo baten jo aldi bat egitera etorri eiteala eskatu. Baietza emon eutsan Garbizu'k.

        Ta onenbestegaz amaitu daidan abesbatzetako zer esanakaz eta piñu ebagite lana edestuteari eldu deiodan.

 

aurrekoa hurrengoa