www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

LARRUN'ERAKO OSTEREA

 

        Egun baten, Larrun mendira osterea egin genduan bost lagunek. Mendi zalea izan naz beti. Orain bost urte inguru, Kamiñazpi'ra bizitera etorri giñan ezkero, igande ta jaietan ia beti joaten naz inguruko mendi gain batera; ta zerbaitegaitik, eguraldi txarra egon edo norabait joan bearragaitik ezin joan banaz, igande a alperrik galdu dodala-ta egoten naz. Alan be, mutil gaztetan ia sekulan ez nintzan mendian ibilli, zaletasun ori eban lagunik ez neukan da. Bat bakarrik zan mendi zalea: Jauregialzo'tar Jose; baiña bizar kentzaillea zan da, orduan igandeetan be lanean jardun bearra izaten ebelako, ez neukan lagunik, neuri atsegin jatan eran igande ta jaietan mendira joateko. Beste lagun guztiak, arrantzaleak, mutiltxuak ziranean mendira naikoa joandakoak ziran sagar lapurretara ta txoritara; baiña ume izatea laga ebenetik, mendian ez euken zeregiñik eta gitxitan joaten ziran. Orregaitik, gudea etorri arte mendi andi bitara bakarrik igonda nengoan: Oiz'era ta Andutz'era. Oiz'erako ibillaliak ba-dauko bere edestitxoa ta kontau egingo dot labur-labur.

        Igande goiz baten, bost gaztek urten genduan Ondarru'tik Oiz'era. Mendiz egin nai genduan Markiña'ra arteko bidea. Olan bada, goizeko seirak puntuan Elixopetik urten eta Goiko Kalean gora, Asterrika'tik zear, Milloi'raiñoko zatia ezeren okerrik barik egin genduan. Baiña bein Milloi (Merelludi) igaro genduanean, ezin izan giñan mendi gaiñetik joan; beti berunzko bidea artzen genduan, ta soloak zearka igaroaz goragoko bidera igoten genduan; eta azkenean be bide-zabalera jaistea erabagi genduan eta Urberuaga'ra jatsi giñan. Zuzen-zuzen ordu bi ziran Ondarru'tik urten genduala, bide zabalez joan bagiña orduterdian sartzeko bidean. Oraindik iru kilometro egozan Markiña'ra; beste ordu erdiko bidea.

        Ondarru'tik urteeran, Markiña'n mezea entzungo genduala esan genduan; baiña ara eldu giñanean, aurrera joan bear genduala elizan sartu barik nire lagunak esan eben. Nik jarraitu egin bear besteai. Markiña'tik Bolibar eta Ziarrotza (Zenarruza) artekoa bide-zabalez egin genduan. Ez dakit zenbat bide dagoan, erri orreitan geiago ez naz izan da; baiña oiñez ordubete ta geitxoago egongo da. Gomuta bat bakarrik daukat Bolibar'koa: izen onetako amerikatar erri askatzaille andiaren oroit-arria ikusi nebala. Ziarrotza'n, Ondarru'n ainbat urtean il arteraiño bikario egon zan Don Agustin Zenarruzabeitia'ren illoba bat —illobearen alabea ez al zan?— ikusi genduan, bera be gure errian urte askoan egondakoa. Meza nagusitara joian eta, gu mezea entzun barik gengozala jakin ebanean, derriorrean elizara sartu eragin euskun eta mezea entzun. Eskerrak neskatilla ari; bestelan ez genduan entzungo mezarik.

        Ziarrotza'ko meza nagusitan gauza bat bitxia iruditu jakun; zera, iru-lau bidar dirua batzera urten ebala bost edo sei laguneko taldeak. Ta mezea entzuten guztira berrogei lagun ez ziran izango.

        Mezea entzunda elizatik urten genduanean, gogoz ekin geuntsan geure azkenengo zatia izango zala uste genduan bideari, ta ordu erdi inguru egin genduanean —edo geiago?—, Oiz gaiñea agiri zan zabalune batera eldu giñan. Andik gaillurrera ia ordubeteko bidea egongo zan. Guk ez geunkan astirik araiño elduteko, arratsaldean itxasora antxobatara joan bear zan arrantzale bat geunkan geure artean da: Ibarloza'tar Joakin.

        Geratu giñan toki aretan baserri bi dagoz; ez dakit euren izenik. Baiña, Ondarru'n Artzaiña esaten eutsen, eta bere pamilia geiena gero gure errira bizitzera etorri ta ardandegia ta arategia ipiñi ebanarena zala bat uste dot. Ta bear genduana baserri areitan eskatuaz, zelaian sua biztu ta bazkaria gertuten geratu giñan, okelea brijidu ta abar egiñaz.

        Ta gogo onez bazkaldu ta bereala etxeruntz asi giñan. Ta bizkor. Bein Ziarrotza'ra eldu giñanean eta bide zabalean sartu, geratu bako aringa-aringa egin genduan Ondarru'raiño. Ni, ibilten areik baiño gitxiago oituta nengoelako edo oinkada laburragoa emoten nebalako, bereala atzean geratzen nintzan; eta nire atzerapena berrogei-berrogetamar neurkin ingurura elduten zanean, aringa-aringa asi ta atrapauten nituan. Olantxe egin genduan bide guztia, nire lagunak tapa-tapa batera ta ni apurka atzeratzen, gero antxitxika egiñaz euren parera eltzeko.

        Ondarru'ra eldu giñanean, ukabilla aiñako babea neukan orpu azpian. Damutu jatan niri Oiz'erako ibillaldi a! Ta beste bein ez ninduela atrapauko esan neutsen neure egun aretako lagunai.

        Alan be, andik laster, 1936'garreneko Loreillaren 1'ean, Andutz'en izan nintzan Batzokiko lagun aldra bategaz. Ondarru'tik asi ta Deba'tik San Roke'n zear Itziar gaiñeko Andutz tontorreraiño, guztia oiñez, joan eta etorri. Gitxienez zazpi orduko bidea aruntz-onuntza. Ibillaldi aretan argazki batzuk atara genduzan eta gaur be lau or daukadaz. Bertara joan ziran gazteak, lengoak baiño burutsuagoak ziran, edo beintzat burutsuago jokatu eben, eta atsegin izan jatan ibillaldi a.

        Bada, len esan dodan lez, Ziburu'n iru illabete inguru geroazala, Larrun mendia igoteko gogoa eldu jakun. Nire lengusuak mendigoizale amorratuak ziran. Orduko, Euskal Erri'ko mendi andi geienak igonda egozan. Ibillaldi a egitea be, kontixu, eurai gogoratuko jaken.

        Negua zan; 1936'garren urteko Gabon aurretxoko egun bat, illaren 22'a edo; baiña zoragarrizko eguna egin eban, eguzki epela ta argi. Eguraldiaren giltza geure eskutan euki bagendu be, obeagoa ezin egin izango genduan. Erriko aize (egoize) egunetan baizen errez ikusten ziran urrunak.

        Bost lagun giñan ibillaldi aretara urten genduanok. Nire lengusu Santa Cruz anaiak, Etxebarria'tar Ixidor, Karlos Astasio eta neu. Azkain'dik igoten asi ta laster, bei bi burdiari lotuta eroazan baserritar bategaz tope egin genduan. Gure lagun batek, beti olako zerbait esan bear izaten dau ta, «Zer, euskalduna?» itandu eutsan. Bestearen erantzuna auxe izan zan: «Bai, eta nai be bai». Erantzun au atsegin izan jakun.

        Larrun mendiak 900 neurkin daukaz, esan euskuenez. Lenengo, irutatik bi inguru, erreka tartetik igoten da; gero, bat batera, oso-osorik goi alde dana agertzen da musturreraiño. Ordu erdi inguruko bidea palta genduala, apur bat atsedenduten geratu giñan, gero azken zatiari erasoteko. Mendi gaillurrak urrean zirudian. Ta zearka joian bidea lagata, zuzenean goruntz ekin bear geuntsala bururatu jakon Ixidor'eri. Lengusuak, mendiko barri guk baiño obeto ekien; eta, Karlos lagun ebela, alkarreri orpoz-orpo jarraituaz, bidez-bide joan ziran.

        Ni Ixidor'egaz batera asi nintzan, zuzenean aldatza igon naian; baiña luzaro baiño len, an gengozan arnas estuka. Besteak tapa-tapa joiazan, gora ta gora. Gu, barriz, ogei neurkin egin orduko, arnasarik ezin artuta geratzen giñan. Geroan zuzenbidean arri andiak egozan, zapalak, or eta emen; eta Ixidor arri areitan etziten zan, gora begira ta besoak zabalik, ito bearrean. Neu be ez niñoian asko obeto, baiña nasaiago arkitzen nintzan itxurea egiten neutsan; eta, apur bat geldi egiten genduanean, asi egin bear giñala ta lagunari jagi eragiten neutsan, goruntz jarraitzeko.

        Besteak gora eldu ziran, eta guk oraindik azkenengo zatiaren bide erdia geunkan egiteko.

        Gora urreratu giñanean, zoragarrizko ikuskizuna egoala andik goitik beste aldera, esan euskuri Teodoro'k didarka. Ta nekez eta lorrez, noizbait eldu giñan gain aretara!

        Ez euskun guzurrik esan Teodoro'k. Axe zan ikuskizunaren ederra, Jaungoiko maitea! Antzokian oiala jaso ta bat-batera gauza barriak ikusten diran antzera, begien aurrean agertu jatan izadiaren edertasunak, lilluratu egin ninduan. Euskal Erri'ko mendi andi guztiak, batzuk urrunago ta besteak urreago, antxe neukazan begien aurrean. Baiña, batez be, urrean ikusten ziran Naparroa'ko mendi basotsu areik biotz arrarea egin eusten. Bene-benetan diñot: berrogetamar urte daukadaz lerro oneik idazten diardutanean, eta egundo ez dot ikusi ezer, nire begientzat ain atsegingarri izan danik.

        Tontor-tontorrean oin bakarreko arrizko mai biribil bat egoan. Mapea zan. Ikusten ziran mendi guztien barri emoten eban. Zein zein mendi zan, zenbat neurkin eukazan, Larrun'dik zenbat bidera egoan. Ikusten ziran mendi guztiak ezagutu geinkezan.

        Gerotxoago, ara ta ona ibilli ondoren, bazkaltzea erabagi genduan. Larrun mendiko gaillurra Prantzia da, ta gaillurretik beste aldea Españia. Egitan, alderdi biak Euskal Erria baiño ez dira, baiña zer edo zelan esan bear. Mapea tontor-tontorrean egoan, Prantzia'koak ipiñita, euren ustez eurena zan tokian. Antxe bertan, Prantzia aldera, ostatua izandako piso bateko etxe bat egoan ia lur jota. Onen alderdi bat arru baten gaiñean egoan. Antxe, etxe aretatik kanpora, arru gaiñean jan bear genduala esan genduan. An goian, Prantzia'ko lurretan egoan arren, españiar muga zaiñak atrapau baginduz, eurakaz eroango ginduezala ezpairik ez geunkan. Orregaitik, Prantzia aldera apur bat berago geratzea obe zala esan neban; baiña lagunak ez eben nai. Ta antxe bazkaldu genduan.

        Baiña danok geunkan kezkea an, sagua sagutegi baten lez gengozalako, ezin iges egiteko eran. Aizeak be jostatu egin nai izan eban gugaz; etxe zar aretako leio batek, soiñu larria atara ostean, danbateko gogorra emon eban eta biotza jauzika ipiñi euskun.

        Baiña, denporeagaz joan jakuzan keixura apurrak. Bazkaldu ondoren abestuten eta kontuak kontauten nasai egon giñan. Gero Teodoro'k eta Karlos'ek alde egin eben.

        Ba-ziran ordu bi, ara gora eldu giñala. Alako baten, orain izentau dodazan lagun biak aringa-aringa etorri ziran, Naparroa aldetik txapel gorridun gizon bi etozela ta. Lenengoan nik ez neutsen sinistu; baiña Teodoro, jatekoa eroan genduan zorroa artu ta mendian beruntz asi zala ikustean, sinistu neban. Bai orixe! Beste lagunak arru aldera igesi asi ziran. Ni, barriz, beruntz zuzen-zuzenean, gorunzkoan arnas estuka igon genduan zuzenbidean. Itsumustuan niñoian; naita edo nai ezta, umeak jolasean oe gaiñean egiten dituen antzeko saltuak egiten nituan. Nik ez nekian nortzuk ziran txapel gorridunak eta nun etozan Naparroa aldetik Larrun'erako euren bidean. Baiña era aretan igesik niñoiala ikusten baeben, zerbait txarra bururatu eragiñaz neuri tiroa jaurtiteko bidea emoten neutsela-ta, ezkutau nai neban neure burua. Baiña ez egoan ori bereala egin al izaterik, mendiaren irutatik bat inguru tontorretik aurrez-aurre menpean arkitzen dalako. Ta tiro otsa noiz entzungo niñoian, musturrak ausi bearrean. Atzera begiratu neban, aldatza gitxitu zanean. Goian iñor baegoan be ez zan erreza ikustea, eguzkiak ez eban lagaten da. Gaiñera, nik ez neukan astirik ondo begira egoteko, ta zelateko begiratzea egin neban bakarrik. Baiña tontorrean iñor ikusi ez baneban be, ikusi nituan lagunak. Jaungoiko maitea, nun etozan arek! Txiki-txikiak ikusten ziran. Urruña alderako zuzenbidea eroela iruditu jatan. Gerotxoago lorozko esiak urten eustan; ipurdira baiño gorago ez zan elduko. Alan be ni ez nintzan gauza a gaiñetik igaroteko, ta zearka ainbeste denpora galdu neban. Niri tiroa jaurtiteko gogoa iñok izan baleu, ez eban gatx ni jotea. Arin eta arin, azkenean be ezkutau neban Larrungo tontorra.

        Orduantxe joan jatazan bildurrak. Geratzea be pentsau neban, apur baten atsedenduteko. Baiña ez. Dardaraka neukazan izterrak, zaiñak lertu bearrean. Ta bein geratu ezkero, berotasuna galdu ezkero, bear bada ez nintzala zutiñik egoteko gauza izango ta aurrera joatea erabagi neban. Ta Azkain'era jatsi ta andik etxera iñun geratu barik.

        Etxera eldu nintzanean, osabeari edestu neutsan jazo jakuna. Bera be kezkatan egoan gu ikusi arte; bada, guk etxetik urten da gero kontrabandista bategaz egon ei zan, eta Larrun'era joan giñala ari esan ei eutsan, eta mugan arrisku andia egoala arek erantzun.

        Ni bakarrik etxera biurtu nintzala ikusirik, aren kezkak geitu egin ziran. Ta denporak aurrera ta arek ez zirala agertzen ikusita, Donostia'ra nolabait gaztigatu egin bearko nebala oldozten asita nengoan, eurai ezer txarrik iñok egin ez eian. Don Ramon Sierra jakiñaren gain ipiñi bearko zan.

        Baiña ez! Ez egoan orren premiñarik. Andik ordubete ingurura etorri ziran besteak be. Gureak izan ziran barreak alkar ikusi genduanean, batez be eurenak. Didarka ibilli ei jatazan geratu neintean. Baiña urrun niñoian ni, aren didarrak entzuteko. Neuk eurak ikusten nituan lez, eurak be ni txiki-txikia ikusten ei ninduen.

        Biaramonean abagitasun (agujetas) miñakaz oetik jagi nintzan. Urrengo egunean oraindik txartoago nengoan. Ta irugarrenean ez nintzan gauza oetik jagiteko, ta egun guztia antxe luze-luze egin neban.

        Olantxe amaitu zan Larrun'erako nire ibillaldia.

 

aurrekoa hurrengoa