www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAIXORIK

 

        Españia'ko 1936'garren urtean asi zan anaia arteko gudea zala-ta, banakaren batzuk izan ezik, gazte guztiak eskuetan izkilluak zituela ibilli bearra izan eben. Ta asko, gudeagaz gaiñera, Prantzia'ko basoetan piñu ebagiten eta Españia'ko ta Prantzia'ko kanpo konzentraziñoietan be egon ziran.

        Nik gudeari iges egin neutsan; baiña piñu jaurtitea ta Espaiñia'ko kanpo konzentraziñoi ta laneko batalloiak ezagutu nituan. Ta orduko kontuak esanaz neure kondaira txikitxu bat idazteko gaia ba-daukadala ikusirik, lantxo au egiteko asmoa artu dot.

        Gaixorik egon nintzan, 1935'garren urteko azken aldeak eta urrengo urteko asiereak egiten eben neguan.

        Goiz baten, Bartolomeo Scola italiarraren arrain kontserba lantegian lanean nengoala, ogetabost urte lanean egindako tokia, ondoeza sentidu neban; buruko miña ta otzikarea. Ta lanerako gauza ez nintzala ikusirik, etxera joan eta oean sartu nintzan.

        Ordurarte, edonork euki oi daben egun bat edo biko ondoezak bein baiño geiagotan eukita nengoan, baiña gauza andirik bein be ez. Mendian ostutako eldu bako sagar txikiak kok egin arte janda, koliko andia izan neban bein; eta osagillea ekarri eustena gomutaten naz. Baiña, bestelan, ordurarteko nire ondoezak, egun bat edo bestean ikastoleari iges egitekoak bakarrik izan ziran.

        Baiña lanetik ezin egonda joan nintzaneko ondoeza bi edo iru egun oean egonda be ez zala arintzen ikusirik, Don Luis osagilleari deitu eutsan gure amak.

        Ez dakit zer esan eban nire gaixotasunaz osagilleak. Egunero etorten jatan; eta egun baten, osagillea etorri jatala ikusi ebanean, ate markutik zelat egin eban gela barrura alboan bizi zan nire koiñatu Lorentzo'k.

        Lorentzo, nire arreba Justina'gaz ezkonduta egoan 1931'garren urtean. Arraunlari indartsua, treiñeruan ainkakoa izan zan; eta 1925'garren urtean eta urrengo urtean sei estropada jokatu zituen Bilbo'n eta Donostia'n, eta seirak irabazi.

        Osagilleak, ikusi ebanean, «Hola, Lorentzo» esanaz agurtu eban; eta zer zala-ta etxean arkitzen zan itandu eutsan, arrantzan Pasaia'tik ibilten zan da. Gaixorik, sukarragaz egon zala, erantzun eutsan nire koiñatuak.

        Jakiña, erantzun ori argibidea izan zan osagillearentzat, eta neu be arek kutsatuta gaixotasun aregaz egongo nintzan susmoa egingo eban kontixu. Beintzat, egun aretan ez bazan biaramonean, neuk be sukarra neukala konturatu zan eta esan euskun. Ta an egon nintzan ogei bat egunean oetik jagi barik, gaixotasun ari egokiozan erremediuak egiñaz.

        Jagiten asi ta gero be ez nintzan ezetarako, zearo aulduta geratu nintzan da; ta sendotzen beste illa bi inguru egin nituan.

        Gaixoa beti da txarra etxean, baiña batez be beartsuen etxean eta aldi areitan. Gaur be laguntasun andirik ez dogu izaten olakoan langilleok, eta orduan laguntasun txikienik be ez. Alogerik irabazi ez eta osagillea ta osakaiak geuk ordaindu bear oso-osorik; ta, orretzaz gaiñera, aetik asko emon bear. Alan be, iñoren laguntasun premiñarik ez genduan izan, naita neu izan etxeko gizonezko bakarra.

        Ordurako ta asko lenagotik aita barik gengozan. 1926'garren urteko Otsaillean il zan min biziagaz Bilbo'ko ospitalean, eta antxe obiratu eben. Ama ta sei anaia-arreba giñan. Lau arreba ni baiño zarragoak ziran eta bat gazteagoa. Beraz, seme bakarra nintzana esan bearrik ez da.

        1936'garren urtea ez zan on-ona izan neutzat. Beintzat bigarrenez gaixotu nintzan. Nire gaixotasun au edestuteko San Juan'etatik asiko naz.

        Ondarru'tik ia ordu beteko bidera, Berriatua alderuntz ezkerretik, Gorozika basetxe auzoa dago mendi goian. San Juan Ebanjelistaren elizatxo bat dago bertan. Ta, jakiña, alderdi aretako baserritarrak deun ori dauke euren zaindaritzat, eta egun ori jai egiten dabe.

        Ondarrutarrak joera andia izan dabe San Juan egunean Gorozika'ra joateko. Ni mutil txikia nintzanean, urtero joaten nintzan aitagaz, arrebaren bat geugaz zala. Txikitxua nintzanean, axe izaten zan nire poza bertara joateko! Egunak aurretik, zenbat lo geratzen ziran San Juan egunerako zenbatuten egoten nintzan. Ta, eguna eltzean, abarketa zuri barriak jantzi ta an joaten giñan.

        Orduan asko izaten ziran an bertan bazkaltzen ebenak eurak eroandakoa janaz, edo senide edo bezero ziran baserrian bazkari ederra egiñaz.

        Gu beti etxera biurtzen giñan bazkaltzera, erroska batzuk erosi ta sudur zapi edo pañuelo baten kordan sartuta.

        San Juan eguna, aldi areitan, guztiz alaia izaten zan; urteko egunik alaiena. Eta ez daigun uste izan, Gorozika'n naikoa jan eta edaten ebenena izaten zala bakarrik. Errian be bardin izaten zan. Mariñelak orduan, euren arrantzu partilletan, udabarrian, San Juanetarako diru apur bat lagaten joaten ziran; eta neguan, aratuzteetarako. Ta merienda, oju ta dantza ta aurresku, alaitasuna gaiñezka ikusten zan. Gaiñera, San Juan egunak ezer bearrik ez dauko egun pozgarria izateko. Urteko aldirik ederrenean dalako, neguan otzak kikilduta gagozanean, beragaz gomutaten gara. «Noiz etorriko dira San Juanak?» esaten dogu.

        Orain, Ondarru'n, erdi jai egiten dogu San Juan eguna; goizean beintzat lana.

        Guda ezkero nagusi gitxi joaten zan Gorozika'ra; umeak bai, umeak bidea betean joaten ziran; baiña azkenengo bi edo iru urteetan bat-batean itxi dau Gorozika'ra joatea gaztediak. Orain ez da iñor joaten. Naiago dabe ondartzara joan eta igari egin.

        Lenago esan dodan urtean, 1936'garrenean, Gorozika'n izan giñan San Juan egunean Lorentzo koiñatua ta biok. Urte aretako udabarrian oporrean egon ziran Pasai'ko arrasteruetako arrantzaleak; eta Lorentzo be, angoetakoa zan da etxean egon zan bi edo iru illabetean, gudea asi arte, ez irabazi ta ez ezer.

        Olan, bada, bazkari eder bat etxean gertu euskuen eta an joan giñan. Illuntzean ez neban apaldu, beteta nengoala-ta. Ez zan mirari egitekoa, nik jan neban beste okela ta abarregaz! Urrengo egunean be ez neukan gogorik jateko; oindiño betekadea-edo neukan. Biaramonean okerrago oraindik; min artzen neban barrean, gerriko zulo inguruan, batez be atzaparrakaz bulltzauta. Urrengo egunean be bardin; bardin ez, gero ta min geiago. Lanean niarduan; baiña San Pedro eguneko, oean sartu bear izan nintzan.

        Bigarrenez oean urte barruan!

        Ta asi giñan barriro osagillea etxera ekarten. Egunak etorri ta egunak joan, nitzat ez egoan obeagorik. Nungo obeagorik? Oean zirkiñik ezin eginda nengoan. Barruan zauriak eukita lez, «ai!» esan eragiten eustan zirkin txikienak be.

        Osagilleak ez eban ezer esaten. Zerbait asmau bearra egoala gure amak ikusi eban, bestelan nireak egin ebala-ta, ta Donostia'ra eroan nai ninduala, osagille andiagoren bategana, esan eutsan Don Luis'eri, ta ea zer ereizten jakon. Don Luis'ek ondo artu eban gure amaren naia.

        Egia, nik neuk ez neban gauza txarrik pentsauten. Ta asi zan ama Donostia'rako osterea gertuten, batez be nitzat zein osagille izango zan ona jakiten. Laster jakin eben ori. Lerenbur'engana (Leremboure) eroango ninduen. Lerenbur onen izena ezaguna zan gure etxean lenagotik be, gure ugazabaren bi edo iru seme-alabai berak ebakuntzea egin eutselako.

        Ta Garagarrillaren (Gipuzkoan Uztailla) 15'ean edo 16'ean tasisean eroan ninduan, Lerenbur'ek ikusi nindeian.

        Onetan zori edo suerte ona izan genduan. Egun bat edo bi atzeratu bagiña, matxinadeak etxean atrapauko ninduan; eta lenengo egunetan, iñora ezin joanda, Donostia'ra ez beintzat, an Loiola'ko gudariak Gobernuaren aurka jagi ta erri osoan tiro ots andia zan da, nireak egingo eban.

        Guztiz ondo joan nintzan beribillean, gaixorik ez bainengoan (ez banengoan lez), ez miñik eta ez ondoezik. Alako biotz biztu aldia neukan.

        Mertzedes arrebea geunkan zain Donostia'n. Au Don Ramon Sierra'ren etxean neskame egoan.

        Nik, oean sartu nintzanetik, neure arpegirik ez neban ikusi ispilluan eta ez dakit zelako itxurea neukan. Baiña lenengo Donostia'n ikusi ninduanean, bildurtu egin ei zan Mertzedes. Alan esan eustan berak geroago, osatu nintzanean.

        Dana dala, ez dakit nundik atara nituan indarrak; baiña berebilletik jatsi ta bakarrik, iñori eldu barik, sartu nintzan Lerenbur'en gaixotegian.

        Ta ordutik laster an gengozan osagillearen aurrean. Prantzes euskalduna zan eta, jakiña, euskeraz berba egin genduan. Ama ta bion artean esan geuntsan gaixotasunaren gora-bera guztia. Eta asi zan neuk esandako tokian atzaparrakaz bultz eta bultz. Eta bultzada bakotxean neuri begiratzen eustan, ezelako muzein keiñurik egiten ete neban. Ta ea miñik artzen neban itandu eustan. Ni, baiña, ixillik. Geroago be bardin; jaramonik be ez bere itaunai. Ez nekian zer esan be-ta. Len, ia iru astean, iru aste luzean, kendu barik euki neban miña, orduan, jakin bearra egoanean, atzaparren bultzadakaz be ez neban sentiduten. Ta nik, sentiduten ez nebala, baietzik ezin esan. Ta miñik ez nebala artzen be ez neutsan esan nai, bestelan gatxa nun neukan ezin izango ebala igarri ta.

        Ta ez neutsala erantzuten ikusirik, Lerenbur'ek amari nigaitik diñotsa:

        — Gorra al da?

        Barre purrustadeak urten eustan orduan.

        Ta asi nintzan berbetan: egun aretan ezer miñik ez nebala sentiduten, ez nekiala zegaitik, baiña besteetan antxe artzen nebala min, ikutu utsagaz.

        Ebakuntza txiki bat egin bearra nebala esan euskun, eta bertan geratu bear nintzala; ta oean sartu ninduen.

        Ta bereala ikertuten asi jatazan Donostia'ko senideak, ixiko Prantziska ta bere seme-alaba Santa Cruz anai-arrebak. Euretako bat, anai zarrena, Teodoro, orduan eta gaur be bai Gantxegi'neko kontularia, olako zerbait entzun edo irakurrita egoan. kontixu, ta nire gaixotasuna neure begitanziñoia zala esaten, neu aspertu arte jardun eustan.

        — Orduan, osagilleak niri ezer ez daust arkitu —erantzun neutsan.

        Andik egun bat edo bira, neure gelan abadea sartzen ikusi neban eta estutu egin nintzan, arnasea apur bat geratu edo. Baiña bereala nasaitu ninduan. Ez ei neukan gaixotasun andirik, arriskurik iñundik be ez. Oiturea zala ebakuntzea egitera joiazanak autortzea bada-ezpadan be. Ta autortu nintzan. Ain zuzen, negu aretan Ondarru'ko neskatillai gogo-jardunak emondakoa zan abadea. Ta nai beste kontu esan genduan. Jaunartu be egingo neban kontixu, baiña onegaz ez naz gomutaten.

        Autortu ta urrengo egunean, ebakuntza eguna neban. Gurdian eroan ninduen. Nasai joan nintzan; kezka txikienik be ez neban eroan. Bildotxa ta oilloak lotzen diran lez lotu ninduen, eskuak eskuakaz, oiñak oiñakaz; eta gero eskuak eta oñak maiko kakuetan lotu eustezan. Gero, kazu antzeko tresna bat musturrera urreratuta, kloroformoa emoten asi jatazan.

        Zer zan a! Ito egin bear! Norbaitek beso sendoakaz samatik eldu ta urpean ito arte eukitea beste izan zan a nitzat. Gero, ekatxak ataraten daben soiñu zoliaren antzekoa, baiña milla bidar andiagoa, entzuten neban. Ez dakit zenbat denporan egon nintzan alan. Danetara be segunduren batzuk izango ziran kontixu. Baiña bai luzeak! Gero ezer be ez. Lo nasai.

        Ta egin bear eustena eginda gero, esnatu nintzan. Gau luzean lo osoa egin da geiago logura barik leun-leun esnatzen danaren antzera, begiak iragi nituan. Gora begira nengoan eta zati txikiz egindako ixpillua ikusten neban. Min txikienik be ez neban nabaitzen; neke txikienik be ez neukan.

        Osagilleak ordurako alde eginda egozan. Lekaime ta osagille laguntzailleak egozan azkenengo zeregiñak egiten. Ta nigazko egiteko guztiak egin zituenean, artu ta barriro lengo oera.

        Ta apurka, lengo estutasunen gomutea burura etorri jatan eta negarrari emon neutsan; ez ozta-ozta malkoak, zotinka ta anpuluak atarata baiño.

        Orduan, gasak txotxinduta nengoala esan eban lekaime edo baten batek. Baiña ez da egia. Gaur be ez naz aztuta estutasun aregaz; ta orduan gogoratu utsak ikaratuta nindaukan. Ba-dakidala uste dot itotea zer dan.

        Gerrian, ezker aldean, erditik atze aldera, amar zentimetro inguruko ebagia egin eusten, erdia josita ta beste erdia josi barik gasa barruan nebala lagaurik.

        Ebakuntzea egin eta ezaguerara etorri nintzanean min edo oiñaze txikienik be ez neukala len esan dot; baiña apurka, asi jatazan miñak, eta jaurtiteak be bai. Biaztunak be atara egin bear. Egun bat inguru ez neban ederra igaro.

        Ez dakit ziur zein egunetan egin eusten ebakuntzea Garagarrillaren 19'an edo 20'an izango zala uste dat. Au da, gudea asi zan egun inguruan.

        Ebakuntzea egin eta pare bat egunera, Lerenbur'ek, atzaparrakaz eldu ta ebagi barruan neukan gasa tiraka atara eustan. Ta dindilizka begien aurrean ipiñi ta ondo begiratu ta aztertu ostean, alako poz bategaz esan eban:

        — ¡Bien, bien!

        Ebakuntzea egin eustanean, nire gaixotasunaz berbatxu batik be ez euskun esan; eta, ondo nengoelakoan, ezeren kezka barik gengozan. Baiña alan ez ziran gauzak. Itxurea zanez, osagilleak ba-eukan kezkea; ta orregaitik, zer ikusiko begiratu eutsan nire zauritik ataratako gasari, ta loiaren kolorean jakin eban nire gaixotasunak onera egin ebala. Ta orduantxe esan euskun guri, ebakuntzeak ondo urten ebala ta ondo nengoala. Gu ordurarte be nasai gengozan, baiña ori esan euskunean poztu egin giñan. Jakiña!

        Nik ez dakit ziur zer gaixotasun euki neban. Modu bitara entzun neban. Bat kuntzurrunetako zornea; bestea esteetako tuberkulosisa. Zana zala, zornea ugari zan eta ebagitik urten eban danak. Gerri biran lotzen eusten zapia, blei-blei kanporaiño busti zan egun askotan. Nire gatxa zer izan zan, guri baiño obeto nire lantegiko nagusiari, Scola'ri, azaldu eutsan Lerenbur jaunak.

        Bein ebakuntzea egin eusten ezkero, beti era batera egoten nintzan oean. Beti albokera, eskumara begira, zauria ezkerrean neban da. Gora begira ortxe ta ementxe izaten zan; baiña ezetara be ezin ezkerretara begira jarri. Ta iñoiz, beti era batera egoten nekatu ta ezker aldera bira naian asten banintzan, tenaza andi batzuk gerrian inkau baileustezen sentiduten neban.

        Baiña an ziran kontuak! Beti era batera egoteak, egunak joan eta egunak etorri alderdi baten gaiñean egoteak, zearo nekatu ninduan. Nekatu bakarrik ez; gorputza mindu be bai. Azur utsetan nengoan eta mokor urtena guztiz mindu jatan. Ta miña arindu naian, esku biakaz oeari beruntz bultz egiten neutsan, eta jaso mokorra. Baiña ori egiten neban bakotxean, apur bat bada be aurrera egiten neban begira nengoan alderdiruntz, ta denporeagaz ia oetik jausi bearrean geratzen nintzan; eta, amari deituta, oe erdian ipinten ninduan. Egunez eta gabaz, bi edo iru ordutik bi edo iru ordura egin bear izaten eban amak zeregin au.

        Osatetxean egon nintzan denpora guztian, ondoan euki neban ama. Ni nengoan gelan ba-egoan beste oe bat be. Baiña an lo egitea ordaindu egin bear zan, eta ori barik be gastua naikoa izango zala ta, silloe andi bat lekaimeak ekarri eutsan eta antxe lo egiten eban. Alan, bada, an egon nintzan denpora guztian, gure amak ez eban oean lorik egin.

        Nire ebakuntzea baiño egun bat edo bi lenago, Españia'n matxinadea sortu zala jakin zan. Batetik olako zerbait itxaroten gengozalako ta bestetik azkenengo urteetan matxinadakaz oituta be bai, albista arek ez eustan arrararik eragin. Gaiñera, lenengoan Donostia'n ez zan ezetariko asarre ta iskanbillarik.

        Baiña ebakuntzea eginda laster asi ziran tiroak, eta ez gitxi be. Batez be egazkin bat, arerioen egazkiña, igaroten zanean, an entzuten zan eskopeta ta pusil tiro otsa! Nik ez dakit Lerenbur'en osatetxea nun egoan; kanposantu inguruan zala-edo entzun neban, baiña tiroka ebiltzanengandik urrun ez egoala bai, esan daiket. Beintzat, tiro asko ez ziran urrunetik igaroten, euren soiñu zoliak esaten ebenez. Jai arratsalde baten, neure arreba Mertzedes'egaz batera, Donostia'n neskame egoan ondarrutar bat etorri zan neu ikertzera: Don Andoni Bastarretxea abadearen arreba zarrena. Ta an entzuten zan tiro otsak bildurtuta, burkoa buruan ebala egon zan arratsalde guztian. Ain zuzen be, arratsalde aretan bala bat sartu zan Lerenbur'en osatetxean, ni nengoan gela ondoko ataditik barrura ta beko olean tronpa soiñua lakoa ataraten asi zan; eta, ori entzunda, len aitatutako neska biak balea artzera urten eben. Baiña eurak esan ebenez, bai laster laga be, atzaparrak erretea nai ez baeben.

        Tarteka, ondarrutar mutil gazte batzuk etorten jatazan neu ikustera. Donostia'ra burrukara joandakoak ziran, eta zauritutakoak osatetxera eroaten ebiltzan. Nunbait, ondarrutarrak zirala esaten eben; eta orduan, euren erritar gazte bat be ba-egoala an gaixorik esaten eutseen-edo, beintzat an etorten jatazan.

        Sekula ez naz izan tiro, matxinada edo guda zale, ta orduan gitxiago. Loiola'ko gudari etxetik goizeko bostetarako asiaz jaurtiten zituen kañoi danbadak esnatzen ninduen egunero, ta aspertuta nindauken.

        Matxinada asi ta egun batzutara, Lerenbur Prantzia'ra joian albistea jakin genduan. Lenengoan, gauzak baketu arte izango zala uste izan genduan. Baiña ez; osatetxea betiko lagaten ebala Lerenbur'ek esan euskun lekaimeak. Oneik prantzesak ziran.

        Betiko laga ainbat urtean berea izandako osatetxea! Ori egitera a joateko, gauzak ez egozan ondo. Bera joatea gu gaixoontzat kaltegarri izango ete zan kezkatu be egin nintzan. Ta an joan zan, ta lekaimeak be bai.

        Ni oean bular erdi inguruan miña, miñ apurra, sentiduten asi nintzan, eta barriro ebakuntzea egin bear izango eustela uste neban. Baiña ezegaitik be ez eusten geiago ebakuntzarik egingo niri. Lengo estutasunak gogoan neukazan; ta il naiago neban, barriro ebakuntza maian etzun baiño. Bai milla bidar!

        Ta etorri jatan osagillea, Lerenbur'egaz batera egoana, Jaén jauna. Ondo begiratu eustan eta ezer ez neukala esan euskun. Euki be ez neukan. Lengo nire gaixotasuna obetoago joanaz, nire min guztiak be aldendu ziran.

        Ni, umetan ezik, gogotsua izan naz jaten beti. Ta ebakuntza eginda laster, en egoten nintzan ekarten eustena aguro garbitzeko prest. Baiña jatekoak guztiz astuntzen eustan urdailla. Arriz beteta baineukan geratzen jatan. Ta, oe gaiñean jarri (jezarri) ta jaten nengoala, barrua astuntzen joiala konturatzen nintzanean, aringa-aringa iruntsiten asten nintzan eta txirrindulariak euren lasterketea amaitzen dabeen lez amaitzen neban jatordua, esprintean. Ta, azkenengo koillarakadea edo danadalakoa aoan sartuaz batera, txirristadan oe barruan sartzen nintzan, eta zabalen-zabal gora begira jarri, atsedendu neintean.

        Donostia'ko tiro ta danbadak amaitu ziran, baiña ango gaixo etxeetara zauritu asko ekarrezan. Ni nengoan tokira be bai; ta ondo niñoiala ikusirik, etxera joan bear nintzala agindu euskuen. Zauritutakoentzat tokia egiteko kontixu. Ta gertuten asi giñan. Berebillera oiñez joateko gauza ete nintzan jakin bear genduala ta, saioa egin bear genduala amak esan eustan; ta, berak lagunduta galtzak jantziaz, jagiten asi nintzan. Ez nintzan zutinduteko gauza; ta, oiñak lurrean ipiñita, gorputza beruntz joian, trapu utsezkoa bainintzan (izan banintz lez). Zutiñik egoteko gauza ez nintzala ikusirik, oean sartu ninduan amak.

        Baiña ez zan ori estututeko gauzea. Ez dakit egun aretan ala biaramonean urten genduan osatetxe aretatik, ogei egun inguru bertan eginda. Bizkai aldera berebil bat zala joateko norbaitek esan euskun. Ta eroango ginduzala esan eban eta gertutu giñan etxerako. Osatetxean mutil gazte bat egoan lanerako, ta aretxek artu ta airean eroan ninduan berebillera. Zenbat kilo ete neukazan nik orduan, ain gaixo andia igarota, osasunez ondo nengoanean berrogetamazazpi kilo inguru izaten banintzan?

        Matxinada denpora aretan ikurriñakaz ibilten ziran berebillak: batzuk errepublikearen margokoak, beste batzuk euskaldun ikurriñagaz. Gurea, ain zuzen, euskaldun ikurrinduna zan eta pozik biurtu nintzan etxera, Ondarru'ra. Ogei egun lenago eriotz bidean niñoiala eroan ninduen, eta orduan osasun bidean sartuta biurtzen nintzan. Errira eldutean, aulki baten artu ta etxera igo ninduen.

        Ebakuntzea ta gastuak sei milla erreal inguru izan ziran, eta Mertzedes arrebeak ordaindu zituan.

        Agur, ainbat urtean kanpoko ogia janda irabazi ta gero bear izango zituan neska gaztearen diru ederrak!

        Diruak damu barik atara zituan.

        Etxera eldu ta egun batzutara, asi nintzan oetik jagiten eta laster kalera urten neban. Asieran ezkerrera okertzen nintzan, baiña luzaro baiño len joan jatazan gaixo itxurak. Ta jan eta ibilli, ba-niñoian sendotzen.

        Denpora aretan, gudea baiño beste zer esanik eta buruausterik ez zan. Lenengoan, uste ez zan beste joian luzatzen. Gitxienez beste illa bi iraungo ebala esan eustan norbaitek egun baten, eta ez ninduan asko poztu.

        Baiña luzatu edo ez, ez geunkan ezpairik nor izango zan irabazle. Madrid'ko Gobernuak galdu eikeanik, bein be ez jakun burura etorri orduan.

        Baiña kañoi danbadeak entzuten asi giñan. Irun ingurura eldu ziranean, konturatu giñan zeintzuk aurrera egiten eben. Ta kezkaten asi nintzan. Izkillua eskuetan artzeko gogo andirik ez neukan. Beti izan naz bildurtia, ta bizia galtzeko arriskuan sartzeak ikarea emoten eustan. Gaztea nintzan; baiña asko pentsau barik zoro-moro ez neban izkillua eskuan artuko, orretara iñok beartu barik.

        Geroago ta urrerago etozan Gobernuaren arerioak. Irun artu ta laster, Ondarru'n, Arta deritxon tokitik, Almirante Cervera guda itxasontzi andiak Donostia inguruko zerbait zelan bonbardeaten eban begira egon giñan.

        Donostia frankotarrak artu eben aurreguneko gabean, ikusi neban benetan gudea gaiñera etorkigula. Aldi aretan San Juan Txurru iturri ondoan bide-zabal ondoan bizi nintzan. Ortik nire idazle lenengo denporetako Iturri-ondo izen ordea. Ta oean sartuta laster, erretiradan etozan berebillak igaroten asi ziran geratu barik gau guztian, eta begiak itxi barik jagi nintzan goizean. Geuk be laster norabait alde egin bearra izango genduala ikusten neban. Ta nora urten Bizkaia alderuntz, bertan ez senide ez adiskiderik eukita? Poltsikoan bear aiña eroateko moduan egon bagiña be gatxerdi.

        Ta oean, neukan buruausteagaz lorik ezin eginda jira ta bira nenbillela, egun sentian, atea jo eben: dan, dan, dan! Nortzuk ete ziran atea iragi geuntsan eta Donostia'ko lengusu bi ziran: Santa-Cruz'dar Teodoro ta bere anaia gazteagoa Rafael. Frankotarrai igesi etozan. Igeldo'tik Mendizorrotz zear Orio'raiño oiñez etorri ei ziran, eta gero kamioe baten sartuaz Ondarru'ra. Frankotar gudariak goiz aretan zirala Donostia'n sartzeko, esan euskuen. Gerotxoago euren ama, ixiko (izeba) Prantziska etorri zan, semeai jarraitzen. Ez naz gogoratzen sendi guztiagaz ala bakarrik etorri zan.

 

aurrekoa hurrengoa