www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Neure lau urteko ibillerak
Jose Maria Etxaburu, «Kamiņazpi»
1963, 1989

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Neure lau urteko ibillerak, Jose Maria Etxaburu. Auspoa, 1989

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETXEDOIA

 

        Udearen azken aldian, barri pozgarria eldu jakun. Euskadi'ko Gobernuak, gero errefujio izenagaz ezagutzen genduzan etxeak ipinten zituala Capbreton'en eta Itxasu'n, laguntza bearrean arkitzen ziran emendik ara joandako euskaldunentzat. Duan egongo ziran bertan.

        Gutzat be ondo etorren a, ta ara joateko bideak egiten asi giñan. Kepa, Paulo Soxu'ren semea, joan zan lenengo. Au orduko gugana etorrita egoan osaba Donato'nera, ta zortzi-amar egun gugaz egin zituan. Zokoa'ko ondartzan Albizu abizeneko elgoibartar bat ezagutu genduan; eta Itxasu'ra joan nai genduala jakin ebanean, bere anaia ango zuzendariaren laguna zala ta lagunduko euskula esan eban. Ta alan, bere anaiak eskutitz bat egin eban, ara elduten giñanean zuzendariari emoteko. Iragia (idekia) zan eskutitza ta irakurri egin genduan. Gu koitadu batzuk baigiñan idazten eutsan, laguntza premiñan arkitzen giñanak. Ez jakun atsegin izan ain koitadutzat artzea, ta apurtu egin genduan eskutitza.

        Kepa'ren urrengo, Teodoro ta Rafael andia biak joan ziran. Ni ez naz gomutaten zegaitik, baiña egun batzutan ezin nitzan ara joan.

        Joateko eguna eldu jatanean, lagun batzuk zain neukazan agur egiteko Ziburu'ko enparantzan, pelota toki ondoan. Ezin itxi arte beteta neukan maletea, txirringa atzean lotu neban, eta asi nintzan joaten. Atzeko zama a guztiz arrotz egin jatan, ta batera ta bestera giñadaka asi nintzan, paillazoak zirkuetan egiten dituen antzeko zirkiñak egiñaz, noiz jausiko. Geratu egin bear izan neban. Nire lagunak egin zituen barreak orduan!

        Neu be barrez nengoan, baiña naikoa buruaustegaz, ezingo nintzala joan da. Lagunak baiña, baietz eta baietz, erreza zala ta barriro asteko, esaten eusten. Ez neukan beste biderik eta, bildurrez bada be, asi nintzan. Baiña bigarren onetan ez nintzan okertu, kontu andiagaz asi nintzalako kontixu, ta lagunai agur esanaz aldendu nitzan andik. Itxasu'ra arteko bidea txirringatik jatsi barik egin neban, ezta aldatzetan be.

        Itxasu'n, gure bizi tokia Etxedoia izeneko etxe andi bat zan. Gu joan giñaneko, berrogei bat lagun bizi ziran an, geienak mutil gazteak. Zubizarreta'tar Iñazio, bergarar adiñeko gizona, zan zuzendaria. Geroago, Etxebarria'tar Bitor, bilbotar gaztea, etorri zan kontulari. Abadea ta osagillea be ba-geunkazan, eta andrazko bi garbiketarako.

        Arratsaldean, egunero etxean bertan agurtza otoitztu ta ebanjelioa edo erlejiñoiko beste gairen bat azaltzen euskun abadeak. Etxean gengozanean, geienok joaten giñan agurtza orretara.

        An gengozan gaztediak, emoten euskuen beste ainbeste errez jango genduan; eta jardiñean gengozala jaterako «tan-tan» deia joten asten ziranean, laster zirkin egiten genduan.

        Gudan ibilli ziran mutillak, gu ez beste guztiak, ez egozan ikastetxeetako edo gudari etxeetako disziplineagaz egoteko, ta zerbait marmarra izan zan. Ta Etxeberria'tar Elias, abaro etxeen arduraduna, donostiarra bera, etorri jakun, ta sermoitxo bat modu onean egin euskun.

        Baten, maian aurrean neukan Kelmen izeneko elantxobetar mutil gazteak, nire aurka berba egin eban; ni, gudan ibilli ez nintzalako, euren ondotik bialdu egin bear ninduekela. Gogor erantzun neutsan eta bertan bera amaitu zan dana.

        Erriz-erri kontuan artuta, ondarrutarrak giñan geien Etxedoia'n; ia ogei ba-giñan. Gu iru lengusuok eta beste bat kenduta, danak arrantzaleak. Getariarrak, lau arrantzale ta baserritar bat egozan. Euretatik bat Larrañaga abizenekoa. Gizajo au, urrengo neguan, Getaria'tik arrantzan ebillela, beste iru anaiakaz batera ito egin zan. Bizkaitarrak ba-ziran merkante itxasontzietako piloto ta kapitan, iru-lau. Aitatu dituanetatik kanpora, danetarikoak ziran: arrantzale, baserritar, langille ta abar.

        Zer egiñik ez geunkan eta eskola apur bat ikasteko erea ipiñi euskuen. Batzuk lenengo maillako ikasketea ta besteak kontabilidadea. Neu be bigarren sail onetan ibilli nintzan. Irun'go Orbegozo'tar Benito zan irakasle gugaz. Illa batzuk egin genduzan; eta bein, azkenean, egin genduzan balanze ta liburuak itxi edo zarratzea.

        Gero aspertu-edo egin giñan irakasle ta ikasleok. Edo, zuzenago esateko, beste buruauste batek kezkatzen ginduzan: gaiñera etorkigun gudeak.

        Denpora eroangarri, beste zerbait be asmau genduan lengoaz gain lenengotik: abesbatza. Abesbatz onen zuzendari be Orbegozo zan. Bere lana erreztuteko, ondarrutar birek laguntzen geuntsan: Azpiri'tar Joakiñ'ek lenengo tenor saillari erakusten eutsan, eta nik bigarren tenorrai. Ta berak, Orbegozo'k, baju saillari. Besterik ez egoan an, solfeoa ekienik, notak ezagutu-edo izan ezik. Baiña nai aiña asti geunkan ikas saioak egiteko, ta polito ataraten genduzan abestiak.

        Meza bi ikasi genduzan, biak Perossi'renak: Iru abotsetakoa ta Requiem'goa.

        Mezea abestuteko, Beobide abizeneko bat etorri jakun organua jotera. Abizen ori eukan ereslari naikoa ospetsua ba-zan orduan Gipuzkoa'n; baiña gugana etorten zana beste bat zala uste dot. Baten, elizan bertan saioa egiten geniarduala, geratu eragin euskun didarka; bigarren tenorrak nota bat txarto egiten ei genduan. Alantxe zan. Neu nintzan alan irakatsitakoa. Meza oso bitan nota bat bakarrik txarto artu ta irakastea ez zan lan txarra.

        Nik Perossi'ren iru abotsetakoa Ondarru'n entzuten neban, eta osorik artuta ezaguna neban; baiña Requiem'goa bein be entzun barik nengoan. Gero jakin nebanez, lenengo maillako edo Primera'ko illetetakoa ei zan. Ta nire senideen artean Primera'ko illetarik iñori ez jakon egin, eta orduan oraindik ez nintzan koruko abeslaria ta ezin ezagutu. Bakarrik Dies Irae ezagutzen neban, Domuru Santu egunetan-da abestuten zalako.

        Bi edo iru bidar mezak abestu genduzan bertan Itxasu'n. Bat, Requiem'goa, milla bederatzireun da amalauko gudearen ez dakit asierea ala amaierea ospatzeko izaten zan egunean. Beste abestiak, euskal abestiak, Itxasu'n, Kanbo'n eta Baigorri'n be abestu genduzan. Emen, mezea be bai kontixu. «Kalez-kale» abestuteko, Orbegozo berak txistua joten eban eta bere ordez Azpiri'k abesbatza zuzendu.

        Baten, Getaria'ko abade bat etorri zan saioa zuzentzera, ezer okerrik bageunkan zuzentzeko asmoz. Bere abizena Aranburu zala uste dot, baiña onezaz ez nago ziur. Ni ez nengoan Itxasu'n egun aretan. Zerbait zuzendu ebala esan eusten.

        Errefujio etxean agintari edo arduradun ziranak, geuri lana emoteko bidea asmau eben; abarketak egite lana. Beste errefujio etxean, Capbreton'en, ekiten eutsela lan orri jakinda gengozan; ta abarketak egiteko mai pilloa ekarri eben Etxedoia'ra. Baiña ango gazteak, askok, lan orretan asteko gogorik ez euken; iñok ezin eikezala lan orretara beartu esan ebenak izan ziran. Eta jendearen gogorik eza nagusien belarrietara eldu zan nunbait; beintzat, bertanbera amaitu zan gauzea. Ez euskuen ezer esan lan orrezaz.

        Nik neuk pozik elduko neutsan lan orri, zerbait ikastearren be, nire arrain lantegiko —nirea ez— lan zikiñagaz aspertuta nengoan da. Baiña ikasi baneu be, alperrik izango zan, gaur alako abarketarik iñok ez dau erabilten da.

        Euskerarik ez ekien bilbotar batzuk, edo Bilbo ondokoak, egozan Etxedoia'n. Ta zarauztar bat, Etxabe, maixu ebela, ikasten asi ziran. Baiña orixe, asi bakarrik; bada astebeterik ez ebela iraun uste dot. Baiña baziran bi, euskera ikasteko benetako zaletasuna eukenak. Nik uste dot, euren errietan bizi ziranetik ibilliko zirala arazo onetan. Bat bilbotarra zan; bere izen abizenakaz ez naz gomutaten. Frankotar gudaria zala, Naparroa'ko mugatik iges egin eban. Bestea Areneta'koa (Las Arenas), Abelino Gonzalez Zulaika izen abizenez; itxastar gaztea, nautikoa, gitxi moduko mutil zintzoa.

        Oneik ez eben nai izaten guk, erriko euskerea baiño ez genkianok, eurai ezer irakasten asterik, txarto irakatsiko geuntsan bildur ziran da. Ni orduko asita nengoan euskal asterokoetan idazten, eta eurakaz musturra sartu naian egoten nintzan. Baiña arek ez ekien nire euskera zaletasunaren barri, ta nigaz be ezer ez eben nai.

        Bein, zer egiten eben zelateka begiratu neutsen, eta euskaldun belarriak iñundik ontzat ezin emon eikean utsa euken idatzita. Nik orduan eurai:

        — Eso está mal. Se escribe así y así.

        Euretako batek:

        — Y ¿dónde metes el artículo?

        Ta nire erantzuna:

        — Y ¿qué es artículo?

        Ara or, ni zenbat nintzan gramatikan. Artikuloa zer zan be ez nekian.

        Ez dakit jazoera onek eraginda ala berez, andik laster gramatikea ikasteari ekin neutsan; artikuloa, pronombrea, aditza ta abar zeintzuk ziran ezagutzen asi nintzan. Gero, neure jira-bira guztiak eginda etxeratu nintzanean be, jarraitu neutsan zeregin oni apur baten. Baiña gramatikan nik ikasi al izan dodan guztia, edozein amar-amabi urteko umek dakiena baiño geiago ez da izan.

        Edonun be, mutil gazteak ondo ikusiak izaten dira neska gazteen artean. Mutillak eurak be, bein etxetik alde egitean, nesken adiskidetasuna gogo andiz billatzen dabe. Ta neskentzat ez dago atzerritar mutillik eta erritarrik. Itxurazko mutilla bada, edonungoa izanda be, atsegin izaten jake. Egia, mutillai be bardin jazoten jake neskakaz.

        Itxasu'n be, Etxedoia'ko gazte batzuk ango neskakaz adiskide ziran. Bein, illuntze baten, bateon batzuk arrika egin euskuen sasi artetik, Kanbo'tik gentozala. Arriketa andia ez zan izan; iru-lau arri txiki jaurti euskuezan, eta aringa-aringa txikia egiñaz iges egin genduan. Baiña beste lagunai gogorrago ekin eutseen; baekien kontixu areik zirala nesken adiskideak. Ta ori gitxi bailitzan, igande gau baten, gaberdian, Etxedoia ondora etorrita, didarka ta ate joka nabarmen ibilli ziran liskar billa. Jakiña, ez geuntsan jaramonik egin. Nik, egia esateko, ez neban ezer entzun. Beti be lenengo loa gogorra izaten dot.

        Kontixu, jazoerok ango bikario jaunagana eldu ziran, eta igande baten, mezatan, gure alde gogor berba egin eban. Gudea zala-ta etxetik alde egin bearra izan genduanok ondo artzeko, arren, eskatu eutsen bertakoai. Eurak eta gu bat giñala odolez, bat mintzairaz, bat fedez.

        Geiago ez genduan ezer izan angoakaz.

        Bein, Basarri bertsolaria euki genduan. Ondarrutarron artean ba-ziran bere adiskide ziranak, eta ekarri bear ebela-ta ebiltzan beti. Ta lortu eben baten euren guraria, ta an euki genduan egun guztian.

        Bat bateko bertsorik ez eban bota, edo ez naz gomutaten beintzat; baiña alan da guztiz be, atsegiñez egon giñan berari entzuten; esan euskuzan milla kontu. Bertso zarrak be abestu euskuzan. Euren artean, Otaño'ren «Lagundurikan danoi» izenekoak. Orduantxe entzun nituan lenengo aldiz. Bere doiñua ordurarte sekula entzun barik neukan, eta arrezkero be ez dot entzun; berari, Basarri'ri be, ez dautsat entzun, bertso orreik abestutean. Ta doiñua buruan artzen bixkorra ez banaz be, ori betiko gomutan geratu jatan, eta orain ainbeste entzuten diran bertsook doiñu aregaz abesten dodaz.

        Naiago neban euki ez baneu neukan txirringa zarra, ernegaziñoia emoteko baiño ez zan da. Danai laga bear; ta beti eukan norbaitek joan bearra batera edo bestera. Eskatzen eustanari betozkorik ipinten baneutsan, «anaitasun» berbea aitatuko eban. Baiña txirringak ezer okerrik izaten baeban, lepoa (bizkarra) jasoten eusten. Txori-txiki batik iñok ez eukan, eta arei ezer ataratekorik ez egoan.

        Bein, bilbotar gazte batek «ocho» eginda ekarri eustan aurreko burbilla. Gazte a, Libe antzezlanean, mutil txikia egiten ebana ei zan. Alantxe zan izan be: txiki-txikia. Ogei urte izango zituan eta amabi-amalau urteko mutilla baiño andiagoa ez zan. Raspa ezizenez ezagutzen genduan.

        Bein, uste barik, Zubikarai'tar Agustiñ'en eskutitza eldu jatan Endaia'tik. Ta barruan argazki bat. Kanjeau edo trukatako izparkariak ziran. Bera zan bakarrik euskal idazlea edo euskera idazlea. Egun areitan mugea igarota egozan.

        Biaramonean, beste baten txirringa arturik, joan nintzan beragana. Neurea, orduan be, zerbait atxakigaz neukan. Pozik alkar besarkatu genduan, eta nai beste kontu esan. Agintzen eutsena egin bear eta Bartzelona'ra joateko ustean egozan. Ez zan orduan denpora egokia ara joateko, gudearen amaia gaiñean ikusten zan da. Ta ez ziran joan. Urrengo, ordutik illa batzutara, Larresoro'ko osatetxean ikusi neban, ebakuntza eginda egoala.

        Itxasu'tik Endaia'rako ostereak larogei kilometro inguru ditu; ta orduko ibillaldia, piñoi desegokiagaz joan nintzalako-edo, astun egin jatan. Ta etxerunzkoan, azkenerako indar barik geratu nintzan; eta Ezpeleta'ra eldu nintzanean, aurrera joateko gauza ez ta bertan geratu ta ala olako jatetxe baten apaldu egin bear izan neban. Ezpeleta'tik Itxasu'ra bost kilometroko bidea baiño geiago ez izan arren, derriorrean egin bear izan neban apari a, neukan auleriagaz ikusi be ez neban egiten da.

        Beste bein, Donibane Garazi'ra joateko gogoa etorri jakun eta txirringaz joan giñan iru lagun: Arrizabalaga'tar Joseba, ondarrutarra bera; nire lengusuetatik bat, Teodoro uste dot, eta neu. Lengusua ta ni erri aretara sekula joan barik gengozan.

        Joan giñan bada bazkal oste baten; eta, an denpora apurra egin ondoren, ba-gentozan. Alako baten, bat-batean, ikaragarrizko zaratea etorrela atzetik sentidu genduan. Zerbait gaiñera etorkigula ikusi genduanean, beste biak bizkortu egin eben eroen abiadea; nik, barriz, eskumatik ondo niñoian arren, zaratea be eskuma aldetik etorren eta, atzera begiratzeko asti barik, oso-osorik ezkerrera biurtu neban txirringea, baiña zearka niñoiala zapalduko ninduan bildurrez. Ta itsumustuan egin neban zearkako aregaz, bide baztarrreko orma txiki edo petrilla jo ta bidez kanpora jausi nintzan, atxen edo arri andien gaiñera. Ibaia egoan irulau neurkin berago. Jausi ta geratu nintzanean, jakin neban zarata a zelan izan zan: bultzia etorren gure eskumatik, bide-zabala joten.

        Alderdi a ezagutu bagendu, igarriko genduan atzetik etorrena bultzia zala; baiña burnibiderik egoanik be ez giñan konturatu; edo konturatu bagiñan be, orduan aztuta geunkan eta an bultzirik ibilli eitekeanik ez jakun bururatu. Ta bat-batean geu zapaldu bearrean atzetik sartu jakun zerbait zaratatsu a, gaiñera etorkigun kamioi andiren bat-edo zala iruditu jatan. Jakiña, zaratea, kamioiarena baiño askotaz andiagoa zan; baiña zer izan eitekean, bada, bidea betean etorrena?

        Bultzi gidariak, gure ikarea ta zirkiñak ikustean, barre be egingo eban.

        Geuk be egin genduan lenengoan. Baiña laster joan jakuzan barreak! Jaustean, ebagia egin neban orkatilla onduan. Ez zan andia. Iru zentimetro ingurukoa, baiña bildurtzeko aiña odolek urteten eustan. Sudur zapiagaz aztala estutu eusten, odol-ustu ez neintean.

        Albait ariñen zerbait osaketa egitea komeni jatan, baiña ez etorren beribil batik be, lenengo errira eroan nindeien. Ta errira joan eiteala esan neutsan Joseba'ri, ta besterik eziñean tasisa ekarri eiala. Joan zan bere txirringan eta bereala biurtu zan; andik laster baserri bat ei egoan. Ta berak lepoan artuta eroan ninduan. Etxekoandreak urten euskun eta zinka andi baten ura, ta izara (maindirea) edo olako zar bat zatituaz, borondaterik andienagaz nire zauriari lenengo osaketea egiten alegindu zan. Garbitu ta lotu eustan zauria, ta geratu edo erdi geratu jatan odola. Beraz, nasaitu nintzan.

        Ni etxerako bidean ipintea palta zan bakarrik. Ta ez zan erreza izan axe. Min artu ta ordu erdi igaro zan lenengo beribilla agertu zanera. Etxekoandreak berba egin eutsen prantzesez beribillekoai, ea Itxasu aldera joiazan eta eroango ete ninduen. Emakume gazte bi ziran, ni baiño zartxoagoak. Erderaz polito ekien eta ixildu barik joan giñan bide guztian. Etxedoia'ko atean laga ninduen.

        An geunkan osagilleak, granpakaz josi bear zala esan eustan; eta ez eukazala ta ekarri egin bear zirala. Baiña orkatillan markea geratu edo ez, garrantzi gitxiko gauzea zan eta josi barik geratu jatan.

        Nik an egin neban urtebetean lagun asko igaro ziran Etxedoia'tik. Geienak betikoak giñan; baiña sartu-urtena be naikoa ibilli zan.

        Milla bederatzireun eta ogeta emeretziko uda aldera etorri zan agure batek, beratzaz zerbait idaztea merezi dau. Bizkaitarra zan, ez dakit zein alderditakoa. Irurogeitamabost urte inguru izango zituan. Lepoa apur bat aurrera okertua. Baserri semea izan eitekean, baiña baserrian lan asko egiteko ilustraduegia zan. Ez dakit zer ekian, baiña danetik ulertzen eban itxurea emoten eban. Jakiña, danetik be asko ez; edo, obeto esateko, iñundik be ez asko.

        Ango elizako edo erriko erlojuak ez eban ordurik joten, Jaungoikoak daki noiztik. Ta berak alakoak lenago be konponduta egoala ta a be ipiñiko ebala-ta asi zan. Bikario ta alkateagaz berba egin eban kontixu. Danak ondo artu eben bere asmoa. Ta bateko zerrea ta besteko mailluagaz, aruntz-onuntz naikoa egin eban; baiña dana alperrik: erlojua, geldik. Guk, apur bat zirikatzearren be bai, erloju kontua zelan joian itauntzen geuntsan; eta berak, ez dakit zer eta ba-dakit zer peitu zirala ta ezin eitekeala konpondu erantzun euskun; ta an joan zan aztuten.

        Idazteko zaletasuna be ba-eukan. Politika internazionalaz asko eukala idatzita esan euskun. Ikusi genduan baten idazten; aurrean izparringia eukan eta andik bere kuadernora aldatzen eban. Endara'n (Endara, JEL alderdiak Baiona'n eukan idazkaritzea zan) kuaderno pilloa ei eukan. Eukiko eban ziur. Gauza anditzat eroango zituan eta an zer egingo eutsen, bada? Gorde, bakea emoteko!

        Bera ez ei zan, gu lez, ezeri konturatu barik ibilten; berak, toki barrira joatean, dana aztertzen ei eban, etxeak zelako estiloa euken eta dana.

        Alantxe izan bear eban, itxurea zanez. Beintzat, egun baten, —ordurako gudea asita zala uste dot—, estu-estu etorri zan Kanbo'tik Arrizabalaga'tar Joseba, ertzain birek gure agure a atxillotuta eukela, Españia'ra bialtzeko asmoz eta. Zer jazoten zan esaten alkatearengana joan zan; baiña ez egoan zer egiñik bere alde. Geiago ez genduan ikusi zar gizajoa. Bere ibilli bearrak eta bere danari begira egon eta aztertu bearrak txarto pentsau eragin eutsen ertzaiñai, eta espiatzat-edo artu eben.

        Itxasu'ra etorrita egozan adin andiko ixilleko poliziak ziran bizkaitar zar a kanpora bialdu ebenak.

        Españia'n gudea amaitu zan ezkero, Ameriketara joatea baiño beste asmorik ez egoan euskaldun gazteen artean. Gutzat ez egoan etorkizunik Prantzia'n, eta alderdi onetara etortea iñori ez jakon bururatzen. Ta Europa'ren gaiñera guda andia etorrena ez egoan ezpairik. Orregaitik, jendeak arin nai eban zirkin egin. Ta JEL alderdia, gazteen arako bideak zuzentzen asi zan. Geuk be geure izena ta zer lanetakoak giñan emon genduan.

        Bi edo iru espediziñoi joan ziran. Etxedoia'tik be iru-lau gazte joan ziran, eta danok lagundu geuntsen autobusera ta «Agur, Jaunak» abestuaz agertu genduzan. Geienak Ameriketan azurrak itxiteko joan ziran, nai ta orduan asmo ori ez izan. Beraz, benetako agurra izan zan.

        Gu lez, gudea zala-ta, Bidasoa andiko alderdi aretara joan ziran lekeitiar itxasontzi egille arotz batzuk, Murelaga abizenekoa ta beste bat edo bestek, bizi egin bear zan eta euren kontura ontzi bi egin zituen: Lenbizikoa ta Bigarrena izenekoak. Ogei-ogetabost tonelada ingurukoak, berrogetamar zaldiko motorrakaz. Eurok egiteko, eredu edo modelo lez, Ondarru'ko Lau anaiak artu eben, orduan Baiona'n zana, Paulo Soxu'rena. Onek ogetamar zaldiko motorra eukan eta gitxi ibilten zan.

        Itxasontzietatik bat, ez dakit Lenbizikoa ala Bigarrena, Donibane'koak erosi eben.

        Ango jendeak ez ginduzan ondo ikusten. Eliztarrentzat gorriak giñan; eta gorrientzat, arrantzaleentzat-eta, klerikalak. Baten, itxasontzia ondora, urpera, joan jakela ta beste itxasontzi baten etorri ziran liorrera, lekeitiarrai erositako ontziko arrantzaleak. Alakorik! Eguraldi ederretan, ezer okerrik jazo barik, ontzia galdu! Errefujiadu guztiok lotsatuta laga ginduzan jazoera onek. Zer esango eben ezin ikusi ginduezan arrantzale arek? Ta eskerrak iñok bizirik galdu ez eban!

        Baiña andik bi edo iru egunera gogorragoa jazo zan. Urpera joan zala esan eben itxasontzia, beste batek ekarri eban kaira. Lazaro'ren biztutea lakoxea izan zan. Zer jazo zan?

        Itxasontzi aren jaubeak, edo itxasoan erabillen arrantzaleak, ez eben gogokoa nunbait eta galtzea edo ondatzea asmau eben. Ez dakit zulatu nai izan eben, edo atxak jo eraginda, edo beste nolabait aldendu eragin. Beintzat, itxurea zanez, itxasontzia ibillian ebillela, eurak beste itxasontzira salto egiñaz laga egin eben, egin eutsenagaz galduko zalakoan. Baiña Jaungoikoak ez eban nai izan olako diabrukeriak ondo urten eian; eta, len esan dodan lez, andik bi edo iru egunera, arrantzara joandako Donibane'ko beste itxasontzi batek arkitu eban, bira ta bira oraindik geratu barik.

        Itxasontzi a galdu nai izan eben areik, lotsa apurra izan balebe, bururik ezin jaso izango eben aldi baten, jazo zanagaz. Ez dakit zelan garbitu eben euren burua.

        Len aitatutako itxasontzi biak erosle barik egozan; ta bateri, edo batzuei, Venezuela'ra eroatea bururatu jaken, an arrantzan ekiteko asmoz. Mutrikuar gazte bat, Burgaña itxasgizona, jarri zan itxasontziak ara eroateko arduradun. Oneik, itxasontziok, txikiak ziran; len esan dodan lez, ogei toneladatik alde andi bakoak eta berrogetamar zaldiko motorrak eukezan. Au da, gaurko arrantzako itxasontzien ondoan ezerezak. Alako itxasontzi gitxirek igaroko eben Atlantiko itxasoa.

        Itxasontziak ara eroateko, gizonak bear ziran, tripulanteak; eta bein, Etxedoia'ra etorri zan Burgaña, mariñel billa. Arratsalde aretan etxetik alde eginda nengoan eta ez neban ikusi. Baiña ez eban ezer lortu, lenengoan beintzat. Etxedoia'n egozan mariñelai —geienak ondarrutarrak— arriskutsua iruditen jaken Ameriketarako ibillaldi ori. Ta iñok ez eutsan baietzik emon.

        Ondorengo egunetan beste zer esanik ez zan Etxedoia'n. Eguraldi txarrak gertau ezkero, itxasontzi areik Venezuela'ra ezin eldu eitekezala ziñoen geienak. Baiña kontu areik ondo ekiazan bat, beste eretxikoa zan. Mundakar itxasgizon zar batek, Arostegi'k, Ameriketara ostera asko egindakoa bera, ez eban zailla ikusten itxasontzi areintzat itxasoko ibillaldi a. Bere ustez, txarrena, Ecuador'a igarotean arkituko eben beroa izango zan. Baiña ori be asko arinduko ebela, ertz zabaleko kapeluak buruan eroanda.

        Itxasgizon zar aren esanak eraginda-edo, ondarrutar gazte bi prest jarri ziran: Bedialauneta'tar Jose ta Bernedo'tar Pedro. Lenengoa, gudeari iges egitearren, leoiaren aoan be sartuko zan. Lengoakaz aspertuta egoan; ba-ekian gudea zer zan. Bigarrena, edozetarako gertu egoana, abenturarako bildur bakoa. Beste ondarrutar bat be jarri zan Venezuela'ra joateko: Zabaleta'tar Jose, Jose-Txikixe ezizenez, txoperra bizibidez. Au ez egoan Etxedoia'n, Baiona'n baiño. Ezkondua zan, baiña gaztea.

        Itxasora urten eben baiño bi edo iru egun lenago, neuk be ikusi nituan itxasontzi areik Baiona'ko ibaian. Trepetxuz beteta egozan; oiñik nun ipiñi ez egoan arein kubiertan. Dena zan bidoia ta trastea; bateko ura ta besteko oriua. Irratia be jarri eutsoela ta nago. Irratia eroatea gauza andia zan aldi aretan.

        Beste kezka bat be ba-euken itxasontzi areitakoak. Franco'ren aurka ibillitakoak ziran, eta Españia'ko ingurutik igarotean atxillotuko ete zituen bildur ziran.

        Ta ixilka urten eben gau baten. Baiña iñok ez eutsen gatxik egin; bakean itxi eutseen. Galizia inguruan eguraldi txarrakaz burrukatu bearra izan ebela entzun neban. Gero Dacar'en, sarreran, ontzi batek ondoa jo ta txarto ibilli zirala jakin genduan. Dacar zan, Baiona'tik urtenda liorra jo bear eben lenengo erria. Beste okerrik izan ebenik ez genduan jakin.

        Bidean joiazala asi zan bigarren guda nagusia.

        Geu be Ameriketara laster joango giñan itxurea egoan. Etxedoia'ko iñori ez eta Venezuela'tik eskutitz bat eldu jatan, ango Inmigrazio Batzak idatzita. An sartzeko legeak eskatzen eban dirua ordaindu bearretik aske ixten ninduela, ta ango konsul Paris'en zan Santos abizeneko bategaz artu-emonean asteko esaten eusten. Itxurea zanez, arrain lantegietako nire lana gogokoa eben; arraiña kontserban ipinten ekien gizonen premiñan egozan. Ta bereala idatzi neutsan Santos ari; baiña ez neban izan erantzunik.

        Beste aldetik, Euskal Gobernuak bialtzen zituan espediziñoietan, urrengoan joateko itxaropena neukan. Endara'n izan ziran ondarrutarrak an jakin ebenez, urrengo espediziñoian ziur joian ondarrutarra Etxaburu zan.

        Ta alan idatzi neban etxera. Ameriketara niñoiala ta, itxasontzian sartzeko nengoanean idatziko neutsen tarjeta bitartez, ziur jakingo ebela, joaten banintzan.

        Olakorik! Geu lako ama-zuloak, bere etxetik kanpora iru-lau urte eginda, aztu sendiagaz! Niri orduan bardin eustan etxera biurtu edo Pekin'era joan.

        Guda aurreko azken egun areitan, ziur, bake denporako azken igandea izango zan, Baigorri'n izan giñan Etxedoia'ko abeslari ta dantzari taldeak. Ogetasei urte nituan orduantxe eginda, ta egun aretan jantzi neban lenengo aldiz korbatea. An Baigorri'n itxura onean agertu bear giñala ta jaztea obe zala esan eusten. Ta alantxe jantzi neban.

        Danok geunkan gudearen kezkea, geuk eta bertakoak; baiña bakearen ederra azkenengo unera arte gondu edo aprobetxau nai izan genduan eta, kale ta bazter guztietara poza ta alaitasuna zabalduaz, egun ederra igaro genduan eta igaro eragin geuntsen baigorritarrai.

        Atano III'ak trinketeko txapela irabazi eutsan Arze'ren ostatu etxean jan genduala uste dot. Beintzat, gomutaten naz an egon giñana. Arratsaldeko enparantzako jaian, gure jardunaz gaiñera, eskuzko pelota jokoa jokatu zan. Bidasoa andiko orduko pelotaririk onenak ziran. Euren artean, abade bat; jakiña, abade jantzita, sotana ta guzti. Mutil txikien aldekoa edo gogokoa bera abadea zan, onek egiten zituan tantoetan ataraten eben zarata ta txaloak erakusten ebenez.

        Ta len esan dodan lez, egun ederra igarota biurtu giñan etxera.

 

aurrekoa hurrengoa