www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki
Mixel Elizanburu
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Frantziako hirur errepubliken ixtorio laburzki, Michel Elissamburu (Gabriel Fraileren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

FRANTZIAKO
BIGARREN ERREPUBLIKAREN

IXTORIO BITXIA LABURZKI

 

1en KAPITULUA

 

        Bigarren errepublika, 1848koa, izan zen mentsa edo erhoska. —Sorthu zen Otsailaren 24an. —Yende on guziak lotsatu ziren. —Errege Angletarrerat yuan zen, eta han hil. —Asko Frantzesek, erregerik ez zela Frantzian yakin zutenean, uste izan zuten berak errege zirela. —Hetarik anhitzak elgarretarat biltzen ziren. —Biltzarre hek deitzen ziren klubak. —Denbora hartako Frantsesik gehienek iduri zuten burua galdua zutela. —Akize eta Baionaren artean Morde Segalaz, bai eta bi Aita-seme Eskualdun. —Pariseko Erretor batek, bere ganberako leihotik egiten ditu exorcisme deitzen diren othoitz batzuk itzuliz ikhusten zituen gizonen alderat.

 

        Orai artean erran dut eta frogatu zer gaixtagintsa izan zen lehenbiziko errepublika. Berdin aise izanen zaut cre frogatzea bigarrena, 1848koa, izan zela egiazki mentsa edo erhoska.

        Nehor ez zen estonatu lastersko bere burua xahutu bazuen. Lau urthe eta erdi eta hamahirur egun zituelarik, hil ahal zen, bizkar hezurra hautsia izanik.

        Sorthu zen, yende xahar guziak ongi orhoit gare, Otsailaren 24an, 1848an. Biharamunean telegrafa zaharrek (telegrafa berririk ez zen oraino), hedatu zuten herri handia, Frantzia guzian, azken probintzietaraino. Preseski haize hegoz zen egun hartan. Zerua goibel zagon, zeren ekhia lanhoek ardura kukutzen baitzuten.

        Yende on guziak lotsatu, harritu eta sesitu ziren yakin zutenean Errege kasatu zutela Parisetik, eta bortxatu yoaterat kabriolet baten barnean, zamar batez estalia, itsas hegiraraino handik Angleterrarat phasatzeko. Errege hura Luis-Filipe zen. Yainkoak bere lorian daukala!!! Izan zuen Angletarren heriotzerat ongi preparatzeko denbora, era segurki prepario haren beharra bazuen. Bai errege hura halaxe hulaxekoa zen; hargatik, gizon seriosek, zen bezala atxikiko zuten. Kanailak ziren bakharrik bozkariatu haren yuateaz. Bethi hola gerthatzen da: deusik galtzeko ez duenari lakhet zaio buruzagiz eta gobernamenduz khanbiatzea.

        Zer diot? Erregerik gehiago ez zela Frantzian ikhusi zutenek, uste izan zuten berak errege zirela, era beraz bakhotxa deithua zela bere gisan Frantziaren gobernatzerat. Gauza ederra laiteke orok mana eta nehork ez obedí. Hori zen bizkitartean askok orduan phentsatzen zutena.

        Arrats guziez biltzen ziren elgarretarat, betarik zenbait politikaz mintzatzeko, eta aise da asmatzeko zer gizonak ahal zíren, klub deítzen zituzten biltzarre hetako marxant ttipi, zapetain, hargin, masturi, arotz, peontzan ari zirenak eta bertzeak.

        Ni denbora hartan nindagon tokian, gau batez, klubista gizon bat xutitu zen bertzen erdian, zioelarik: «Yaunak, ene arabera, Errepublikak behar ditu, ahal bezain laster, erorarazi berrogoi mila Frantsesen buruak».

        Berehala bertze bat altxatzen da, dioelarik hark are: «Ni ere sendimendu hortako naiz, kondizionekin berrogoi mila buru hetarik lehen lehenik eroriko dena izanen dela Yauntto horren berarena...».

        Hitz hauk aditzearekin, bravo zuten orok oihu egin, eta irri farra, esku zafla frango eta frango izan zen klub guzian...

        Berrogoi mila buru galdatzailea, beldurrez naski berea gau hartan gal zezan, zalhu itzali zen, nehori erran gabe: «Yainkoak digutzila gau on».

        Ez xoilki gabaz, bainan egunaz aditzen eta ikhusten ziren bigarren errepublika hunen erhokeriak.

        1848an Urriaren hastean, kausitzen nintzan, Akizeren eta Baionaren artean, Adour deitzen den ibaya handiaren erdian, bapurrak zabilan xalupa handiaren barnean. Han bazen anhitz gizon eta emazte; bainan, kasik orok, hain iduri zuten zentzua galdua zutela, non erran bainakon ene aldeko lagunari: «Hau da gauza espanta eta tristegarria, erran lezakete Frantsesik gehienak burutik yuanak direla...».

        «Hala da», zautan ihardetsi ene lagun Yaunak; «bainan horra Morde Segalaz, Donapaleun kolesioko superiora, aphez saindu, sabant eta errespetagarria. Ikhus zazu nola dagon belhauniko, guzien bistan, ahalgerik gabe, bere ofizioaren erraiten».

        «Beha zazu oraino Aita-Seme, bi Eskualdun aberats horier. Egun guziez mezaren entzuteko usaya baitute, eta egun hori egin ez dezaketelakotz, irakhurtu dituzte mezako othoitzak, eskuaraz, eta orai ari dire arrosarioaren erraiten».

        Ongi eginen dute bere othoitzen erraitea, Frantses guzientzat, errepublikak bere erhokeriaz khotsa ez ditzan, sukhardunek izurritea edo hezkabea dutenek, heyer hurbiltzen direnak khotsatzen dituzten bezala.

        Bigarren errepublikako erhokeriak ageri ziren partikularzki, aditzen gintuenean gizon gazteak bidetan egunaz, eta karrlketan gabaz oihu patarrakaz, khantatzen: «Harmak har ditzagun»:

        Aux armes, citoyens! etc.

        Aldi batez Pariseko erretor batek aditu zuen khantu hori (la Marsellaise) eta anhitz arrabots; behatu zuen bere ganberako leihotik, haren etxe aitzinean zen plaza batetarat. Han, ikhusiz Parisiano multzo handi bat, yo harat, yo hunat zabiltzala; eta zutela iduri gure mendietan airean ikhusten ditugun belatxer edo letsuner, ongi nahasiak, karrankaz daudenean Erretor horrek erran zuen bere buruari, dudarik gabe anhitz mila debruz poseituak zirela Parisiano hek.

        Beraz, soinean eman zuen bere superliza, hartu estola, ideki liburua Rituala eta aurthiki hisopaz, plazako alderat, ur benedikatua. Parisiano hek apazegatu bide ziren.

 

 

2en KAPITULUA

 

        Libertateko Arbola gure herrikoa nola landatu zuten. —Non, nor eta nola izan ziren haren bilha. —Muthil gaztetarik zenbaitek egin zuten zortzi pia barna zuen zilhoa. —Arbola ekharri zutenean, karrika zen hustu, bortha eta leihoak zituzten laster hetsi. —Landatu baino lehen, zuharraren puntan ezarri zuten bandera trikolora. —Biharamunean, igandea baitzen, Yaun Erretorak benedikatu zuen arbola. —Egin ere zuen prediku bat. —Zer predikua. —Gure Aitabitxi zenaren erreprotxuak Yaun Erretorari, zertako ez zuen madarikatu Errepublika eta haren sinbola. —Yaun Erretoraren errepostua.

 

        Irakurtzale maitea, 1848ko errepublikaren orhoitzapenik pullitena zaut: Libertateko arbolaren landatzearena... Huna gure herrikoaren ixtorioa. Ebiakoitz batez, ilhuntzean, bildu ziren elgarretarat, berrogol bat muthil gazte azkar eta aski fanfarronetarik, eta hartu zuten xedea gau hartan berean landatzeko Libertatearen arbola.

        Hetarik zenbait aizkorekin ziren, etxeko yaun batek hitzeman zaioten zuhar edo zur xuri ondo baten phikatzeko.

        Bertze zonbaitek bazituzten pudak, zuharraren adarren ebakitzeko. Hamar batek zauzkaten eskuetan phikotxak, aitzurrak, phalak, zuharra errezebitu behar zuen zilhoaren egiteko.

        Azken hok hasi ziren berehala lanean, zortzi pia barna lurraren zilhatzeko, erranez zur xuriaren tokia prest izanen zela segur hura heyen bertze lagunek ekharri orduko. Ekharzaleak, andana handian, abiatu ziren, bere aldetik, mendiari gora, sokekin, khordekin, bilhurrekin, arbolaren, hura amarraturik, bizkarrez ekhartzeko. Zenbaitek zioten estekatuko zutela beren zinta gorriez.

        Gau hartan izpiritu guziak xoratuak ziren, eta buruak airean; phentsatuz zer behar othe zen ikhusi, nehork ez zuen oherat yuateko gutiziarik.

        Emazteak ari ziren iruten, oraino baitzen moda, heyentzat lan hortan artzeko. Egun beldur dira goizegi beren bulharrak xukha: horra zertako ez den gehiago etxetan ez khilurik, ez ardatzik, ez kotxearik.

        Bizkitartean denbora yohan zen. Bederatzi orenak, bederatziak eta erdiak yoak ziren. Nehor ez deus ez zen ageri, eta nola aski hotz ari baitzen, yende guziak suphazterrean zauden. Hamar orenak yoiteko hinkan, hor aditzen dire, bat batean, lehenik irhintzinak, gero hixtuak, bai eta oihu eta khantu, eta azkenik deus, ixiltasunik handiena berriz hasi zen.

        Su ondoa utzirik eman ziren batzu borthetan, bertzea, leihoetan; bainan laster behar izan zuten sarthu barnean, ezen gure muthil gaztek phentsatuz izanen zirela kurios batzu beren sudurrak atheratuko zituztenak, hartu zituzten izari batzu, ezin gehiago onak, heyen kukuarazteko, nahi bazuten eta ez bazuten.

        Bai, muthiko hetarik bost edo seyek, papoa eta sakelak harriz betherik, abiatu ziren aurthikitzen, firrindikan karri kari behara, bai eta pin, pan, borthetarat eta leihoetarat. Laster, laster karrika hustu zen, bai eta bortha leihoak zerratu zituzten!!

        Holaxe heldu zen, zuhar edo zur xuri luzea, xutik eman behar zuten tokirat.

        Punta puntan ezarri zakoten, arbola baliosari, bandera trikolora, edo hirur koloretakoa, xuri, gorri eta blu.

        Lan eder hori egin orduko, gure muthil gazteak ziren unhatuak, hiratuak, ethenduak; guziz hetarik kharreatzaileak ziren gorri-gorria eginak eta izerdi uharretan.

        Azken hok pleini ziren hezurrak zituztela minberatuak, nahiz eman zuten bere sorbalden gainean batzuek boneta, bertzek marapulisa. Orok, edatearen beharra bazuten, eta zenbait afaitekoak ere baitziren, ostatuan gogotik sarthu ziren. Gauerdi zen hurbil hek handik athera eta beren etxetarat yuan orduko.

        Biharamunean, igandea baitzen, erran dudan bezala, yaun Erretora komitatu zuten, bezperak ondoan, arbola landatuaren benedikatzerat.

        Beraz lau orenetako irian, gure elizatik atherarik yende oste handi bat, yuan zen plazarat, arbola errespetagarriaren inguruetan. Yaun Erretora ethorri zen, bi bikarioak bere sahetsetan, estola bat ederrarekin, lehenagoko bonet tuturrutuya buruan; uroski haizerik ez baitzen!

        Gure herriko aphez zaharrak ere yin ziren serioski eta debozione handirekin. Ez naiz orhoit khantorek zer khantu adi arazten zuten. Uste dut Veni Creator eman zuten , zeren errepublika berriak baitzuen egiazki-zeruko argien beharra.

        Yaun Erretorari galdegin zakoten goizian prediku bat zirkonstantziakoa.

        Grazia onez hitzeman zuen mintzatuko zela, eta igan zen hortakotz, mahi aphaltto baten gainerat, nondik aise ikhus baitzetzazken yende guziak, eta heyek ere hura aise adi baitzezaketen.

        Ez dakit hasi zen ala Testament zaharretik ala Testament berritik. Nik ongi dakitana da haren predikuak ez zuela ez bururik ez zangorik, edo muthurrik ez buztanik. Ondoko egunetan, bera irriz zagon orduan erran zituen gauzez.

        Predikuaren ondotik, izan zen arbola benedikatua; haren alderako pharterat itzuliz zuen segurik hustu hisopa yaun Erretorak eta erran: Benedictio tibi in nomine, etc. Arrats hartan berean, yin baitzen yaun Erretora gure etxerat, aitabitxi zenak, samur samurra, erran zakon lan ederra eginik zagola; benedikatzeko orde errepublika, edo haren sinbola bitzia, hobekiago eginen zuela biak madarikatu balitu.

        «Ixo, ixo, Laurentx», zuen ihardetsi yaun Erretorak, «ez dakizu naski aphezek ez dakitela yenden eta gauzen benedikatzen baizen; ez dutela hek sekulan nihor ez deus madarikatzen. Bainan zaude deskantsuz, etxeko yauna: errepublika erhoki, edo gaixtoki pharatzen bada Yainkoak berak segur du madarikatuko zerutik...».

 

 

3en KAPITULUA

 

        Libertateko Arbolaren ixtorioa, landatua izan eta ondoko egunetan.—Nor ziren gure herriko ihiztariak. —Marxoko egun batez yuaten dira egunguziko ihizirat. —Heyen xakhurrek zer egiten duten Arbola maiteari, bai etabertze xakhur suerte guziek. —Medikuaren Madamaren karlina. —Katixa biskotx tratulariak eta Marie-Maite okhintsak zer solas dabilaten xakhur hetaz.—Marie-Maitek erran bezala Katixari, Arbola eihartu zen, bai Errepublika ere hil zen.

 

        Orai behar dut khondatu, hirurgarren kapitulu huntan, zer gerthatu zen ondoko egunetan aiphatu arbolaz kestione.Gure herriko yaun Yuyeak, yaun Uxerrak eta yaun Notariak biziki maite zuten ihizirat yuatea, guziz elhurra edo horma izana gatik, uririk egiten ez zuen neguko egunetan, nola primaderako eta larrazkeneko denbora ezti edo epheletan.

        Beraz, Marxoaren hastean, libertateko arbola landatu eta lastersko, deliberatu zuten yuateko biharamunean oihanez oihan, otharrez othar, egun guziko.

        Bakhotxak bazuen bere ihiziko zakhurra. Zer diot? Yaun Notariak berak bazituen hetarik hirur, arras onak, abilak, famatuak. Goizean goizik, edo argiko, atheratzen dira plazarat gure hirur ihiztariak bai eta heyen bost xakhurrak.

        Alimaletto hauyek behatzen dute arbola libertatekoari, estonatuak balira bezala haren han ikhusteaz. Badabiltza haren ondoan inguru inguru, hau, hau, hau, hau, egiten dutela, eta gero azkenean, bostek, bat bestearen ondotik, gibeleko zango bat altxaturik, hor ongi ihiztatzen dautzute Arbola preziagarria!!

        Hirur yaunak, heyer beha irriz egonik, eman ziren bidean mendiko alderat. Hetarik batek hixtu bat adi-arazi eta, bost xakhurrak ere abiatu ziren bere nagusien ondotik.

        Bestia maite hek behar zuten ibili, egun guzia, zalhuki, erbi loak hartuen iratzartzen, heyen lasterkatzen eta ahal bazuten lephotik har eta ithotzen.

        Ez dakit egun hartan ihztariek ekharri othe zuten igorri zituzten perdiunen eta bolboraren balioa.

        Zenbait aldiz sartzen ziren ihizitik deskartzelak betherik, eta zenbait aldiz hutsik, noiz nola.

        Aiphatu xakhur ihizikoez kanpo, heyen lan bera ere zeremonia berekin egiten zuten Libertateko arbolaron kontra gure herriko etxe-xakhur, artzain xakhur hora handi, xakhur alano eta xakhur xarlango guziek.

        Merezi du partikularrean izenda dezadan Morde Medikuaren Madamaren karlina, erdi belx eta erdi gorria. Madama, presuna arras debota, yohan zen egun guziez zortzi orenetako mezaren entzuterat, bere karlina zuela ondotik; bainan, plazarat heltzean, hunek utziko zuen bere etxeko-andrea yuatea bakharrik; egiten zuen behako bat, urrundanik, zur xuri banderadunari, gero hurbilduko zen ihausika, eta ihiztatuko zuen hura, bere arrazako guziek bezala. Azkenik lurra usaindatuko zuen, busti zuen tokian, eta yoanen zen til, til, til, til elizarat, Madamaren kaderaren ondoan lo egiteko, Madamak bere arrosarioa akhabatu artino.

        Gauza horiek oro ikhusten zituzten, egun guzia plazan zauden Katixa, biskotxa saltzaileak, eta Marie-Maite okhintsak. Ortzegun batez, orhoit naiz nola lehenak erran zakon bigarrenari: «Marie-Maite, zur-xuri hau arras idortua balitz ere, berriz phitz litake, hoin ongi eta hoin ardura ihiztatua izanez». «Zer dioxu Katixa, zer dioxu!» dako ihardesten okhintsak. «Xakhur handi eta ttipi demonio horiek eihararaziko dixie, ez bada yadanik idortua; bai eta errorik egin badu, apho bisaia!; erro hek erreak izanen ditutxu». «Egonen gare beha, Marie-Maite...». «Bai, Katixa, egonen gituxu beha, eta bizi denak ikhusiko dixi».

        Beraz egon ziren beha: Martxoa, Aphirila, Mayatza eta Ekhaina igan ziren arbolak ez ardaxka bat, ez hosto bat egin gabe. Uztailean ageri zen net idortua zela. Zuhar hura zen beraz bigarren errepublikaren sinbola egiazkoa, ez zuenaz geroz errepublika hark anhitz denboraren bizirik.

 

aurrekoa hurrengoa