www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki
Mixel Elizanburu
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Frantziako hirur errepubliken ixtorio laburzki, Michel Elissamburu (Gabriel Fraileren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

10en KAPITULUA

 

        Denbora ikharagarri hartako zenbait martirez. —Compiegnako 14 karmelitak. —Auverñiako 50 laborarisak. —Pariseko 45 legeko gizonak. —Bertze 33 Tolosakoak. —Frantziako probintzia gehienek izan zituzten, bakhotxak bere titanoa: Nantesen ikhusi zen Carrier; Bordelen, Talien; etc. —Gerla zibila. —Lyon altxatzen da. —10.000 presuna han hil-arazten dituzte, 8.000 Toulonen. —Vendeako gizonek hartzen dituzte harmak; nola. —Zer harma, zer gerla!! —Vendeenen buruzagiak. -Bretoniako gerlariak gabaz yokhatzen ziren. —Vendeenen gerla ez zen izan briganten gerla, bainan bai yiganteena! —17 Gudu handi edo bataila, 700 gudu ttipi. —75.000 Vendeenek ihardokitzen dute miliun bat errepublikanoeri.

       

        Denbora ikharagarri hartako martir guzien aiphatzea, ezin eginezko lana laiteke: zenbaitez naiz bakharrik mintzatuko.

        Compiègne deitzen den hirian, hartu zituzten preso hamalau Carmelita, eta kondenatu buruaren galtzerat. Yainkoaren zerbitzari serora heyek yuan ziren heriotzea errezebitu behar zuten tokirat, edo gillotinarat, kantatzen zutelarik orok elgarrekin hetarik batek egin zuen kantika bat, himno profano, Marseillesaren airean.

        Auverñiako berrogoi eta hamar laborarisa ere yuan ziren supliziorat, guziek zutelarik kantatzen betan kantika bat frantsesez ongi ezagutua dena:

 

                je mets ma confiance,

                Vierge, en votre secours;

                Servez-moi de défense,

                Prenez soin de mes jours.

 

        Kantua flakatuz zohan, buruak pika arabera; bainan ez zen arras gelditu azken burua ebaki zutenean baizik.

        Parisen berrogoi eta bost eta Frantzia Tolosan hogoi eta hamahirur gizonek, hobenik gabe, berdin burua ebakia izan zuten.

        Ez dugu zeren hain urrun yuan orduko martiren miresteko: hurbilago, gure aldetan eta gure eskual-herrietan beretan hatzemanen ditugu hetarik egiazki miragarriak direnak. Frantziako probinziarik gehienek izan zituzten bere tirano krudelak, gurean Pinet izan zen bezala.

        Bordelek ukhan zuen burreotzat Talien, zoina ez baita oraino hiri hartan ahantzia.

        Maignet, Orange deitzen den hirian eta inguruetan, agertu zen egiazko odol ixurtzailea nola Schneider, Alzazan, hura iduri. Horiek oro baino gehiago eta afruskiago seinalatu zen Joseph Lebon, Arras izena duen hirian eta auzoko herrietan. Nantesen Carriek hil arazi zituen, batzuek diote hogoi eta bi mila, bertze batzuek hogoi eta hamar mila, zoinen artean baitziren bost ehun haur hamalau urthez pekoak.

        Biktima horiek oro imolatuak izan ziren edo itho araziz Loire deitzen den ibaya handian, edo heyer burua ebakiz gillotinaz, edo hilez bertze nola nahi moldez.

        Ordu da mintza nadin orai, denbora hartako gerla zibiletan hil izan ziren mila eta mila yende handi, xume, gizon, emazte eta haurrez berez.

        Errege Luis XVInak burua pikatua izan zuela hedatu zenean Frantzian, Frantses onhest guziak harritu, laztu ziren, eta kurayosenek harmak hartu zituzten, gaixtaginer bihurtzeko.

        Frantziako bigarren hiriak, Lyonek, eman zuen etsenplua, eta Toulonek egin zuen hark bezala, altxatuz, hura ere, errepublikako munstroen kontra.

        Pariseko biltzarreak, igorri zituen bere menbroetarik bi hiri horietarat, zer nahi poderez beztituak.

        Lyonerat yuan zirenetarik bat zen Couthon, paralitikoa, bainan denbora berean arima gaixtoa eta krudela.

        Bertzeak ez zuen gehiago balio. Hura zen Collot-d'Herbois, komediant ohi bat, zoina Lyondarrek hixtuka trufatu baitzuten, teatrean, zenbait urthe lehenago.

        Dekretua eman zuen Pariseko biltzarreak Lyone izanen zela ezeztatua. Izendatu ditudan bi komisario horiek behar zuten dekretua etsekutatu.

        Erho gaixto eta errabiatu heyek aurthiki arazi zituzten beraz lurrerat hogoi mila etxe, handienetarik; gero, ikhusiz naski bertze guzien barreatzea ez zela hain aise izanen, utzi zuten lan hasi hori eta eman ziren Lyondarrer krudelki yatzartzen. Adin guzietako yendeak, zaharrak eta gazteak, kondizione guzietakoak, handiak bezala ttipiak, eramanak ziren hiriz kanporat, toki plano edo zelhai batetara. Han, milaka, kanoi mitraillaz lehenik, hiltzen zituzten eta gero sabre kolpeka phuskatuz, xehatuz. Hamar mila Lyondarrek hola galdu zuten bizia.

        Toulonen ere bertze zortzi mila presuna izan ziren hilak, kanoi tiroka edo itsasoan ithoz. Gerla zibilaren harat hunatak eta sarraskiak behar laitezke irakhurtu partikularzki Vendeenen eta Bretonen orduko ixtorioan.

        Batzuek eta bertzeak bizi izan ziren erreboluzioneraino trankilki eta xinpleki, gure erlisione sainduari yarraikiz, eta gutiz gehienak laborantzan ariz, bihotz onez ikhusten zituztelarik herrietako aitoren-seme anhitzen nagusiak.

        Gerla hasi zenean, ez zuten ihiziko zenbait harma beltz eta zahar baizik. Askok ez zuten harmatzat, burdin sarde, aihotz, gerren edo lantza herdoildurik baizik. Huna nola yokhatzen ziren hobeagorik ukhaiteko.

        Yohan ziren bataila batetarat kofesaturik, Yesusen Bihotz Sakratuaren abitu gorria ageri zutela papoan. Bere Erretorez lagunduak ziren, hauyen benedizonearen ukhaiteko hastean.

        Lehenbiziko etsayen fusillada edo guzien tiroak, errezebituko zituzten lurrean etzanik, zabal zabala, ez hilak, ez kolpatuak izaiteko. Gero altxatuko ziren bat batean eta abiatuko, lasterka, kurayez, lehoinen pare, errepublikanoen alderat. Azken hok ihesari emaiten zuten, beren harmak aurthikiz fiteago yuateko. Vendeenak yabetuko ziren harma aurthikiez, eta geroztik heyentzat izanen ziren.

        Kanoiyez yabetzeko, berdin egiten zuten; kanoi hetarik famatuena izan da Maria-Yuana (Marie-Jeanne) izena zuena. Hau izan zen asko aldiz, batzuez eta bertzez, hartua eta gero galdua.

        Yustu da hemen eman ditzadan Vendeenek, zituzten buruzagietarik zenbaiten bederen izenak; hek dire Catelineau, de Charette, Stofflet, d´Elbée, Bonchamp, Laforêt, d´Autichamp, de Lescure, Henri de Larochejaquelain eta Talmont printzea.

        Buruzagi horien pixka bat bederen ezagutarazteko, aski zaut izanen erraitea zer zioen hetarik batek bere soldadoer:

        «Aitzina yohan baniz, segi nezazue; gibelerat ihes badut egiten, hilen nauzue; eta hiltzen banute, nitaz mendeku egin behar duzue».

        Azkenik, Talmont printzea preso hartu zutenean errepublikanoek eta ereman Laval deitzen den hirirat, bere gazteluko bortha prinzipalaren aitzinerat, fierki zuen erran bere etsayer: «Zuen kontra gudukatu naiz hirur hogoi eta zortzi aldiz, ene Erregea zerbitzatu nahi bainuen. Orai yakinen dut hiltzen. Burheoa, yakinzak, hik, hire lanaren egiten».

        Erreboluzioneko gizonek deitzen zuten Vendeenen gerla bandilen gerla; bainan Napoleon handiak, gerla eta gerlariak ongi ezagutzen zituenak, bertzelako phensamendurik zuen hartaz, adiarazten zuenean hura zela Yiganten gerla.

        Enperadoreak arrazoin zuela aise da konprenditzeko, ikhusten dugunean Vendeen heyek, bederatzi ehun (900) herri, handi eta ttipietarik, altxatu eta, hartu zituztela 200 hiri, edo gerlako plaza; nola pharte hartu baitzuten hamazazpi (17) gudu edo bataila handitan, eta zazpi ehun (700) ttipiagokoetan. 75.000 Vendeenek buru egiten zuten 300.000 tropako soldadoer eta 700.000 guardia nazionalekoer.

 

aurrekoa hurrengoa