www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki
Mixel Elizanburu
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Frantziako hirur errepubliken ixtorio laburzki, Michel Elissamburu (Gabriel Fraileren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

7en KAPITULUA

 

        Erreboluzioneko bigarren biltzarrea, Lege egilen biltzarrea deitzen zena bildu zen Urriaren lan 179lan. —Biltzarre horri eratxikitzen diren orhoitzapenik premiatsuenak dire Ekhainaren hogoieko, Agorrilaren hamarreko eta Buruilaren bi, hirur, lau eta bosteko gerthakariak.

        —Pariseko gaixtaginak aixatu ziren, estakuru huntan, baizik Erregek ez zuela nahi sinatu dekretu bat aphezen kontra zena. —Funtsera yuan eta, Errege eta Erregina hil nahi zituzten. —Agorrilaren 10ko erreboluzioneak, beste estakuru batean, gauza bera zuen xerkhatzen . —Orduan ezarri zuten preso Errege, bere familiarekin. —Buruilako bi, hirur, lau eta bostean izan ziren masakre handiak Parisen.

        Askotan aiphatu dugun deputatuen biltzarrea, bera konstituzionekoa deithu zena, barreatu behar zen buruilaren azken egunean 179lan. Iraun zuen bi urthe eta lau ilhabete.

        Bilkhura hartako gizonik gehienak, beren doktrina faltso eta zoroekin, izpiritu bero eta erhoska batzu zirela zuten maiz eta sobera frogatu.

        Ordu zen lekhu egin zezaten bertze bilkhura batetako gizoner, nahiz azken hok ere, zorigaizki, heyek iduriak izan behar ziren.

        Bigarren biltzarre huni eratxikitzen dire, oroz gainetik, hirur orhoitzapen, zoinak deitzen baitire ixtorioan Ekhainaren hogoia, Agorrlaren hamarra, Buruilaren bia, hirura, laua eta bosta.

        Aise konprenditzen dute ene anhitz irakhurtzalek erraitera nohala zer gerthatu zen Parisen lhenbiziko aiphatu bi egun hetan; eta gero buruilaren hastean nola hil zituzten hango presudegietan zazkoten Arxapezpiku, Aphezpiku, aphez, fraide eta bertze anhitz mila Franses.

        Beraz, Ekhainaren hogoian, framazonek eta bertze erreboluzioneko buruzagiek igorri zituzten zortzi mila gizonen ingurua, lehenik deputatuen biltzarrera, alegia petizione bat han presentatu beharrez.

        Biltzarre harrek utzi zituen bere salan sartzera, salbu hetarik bat, zoinak ekhartzen baitzuen lantza edo pika baten puntan aratxe bihotz bat, erranez zela hura Aitoren-Seme batena. Gizon tzarrenetarikako oste handi hau yuan zen gero, lege-egilen salatik, Tuilerietako yauregira, traba guziak hautsiz, borthak bortxatuz. Heyek xerkhatzen zutena zen, yadanik Versaillan bezala, Erregeren eta Erreginaren hiltzea. Luis XVIen onaren aitzinerat yuateko zuten estakurua zen Erregeri erran behar zakotela aproba zitzan biltzarrearen dekretu batzu, zoinetarik bat egina baitzen preseski aphez on eta fidelen kontra.

        Dekretu heyek ez ziten izan segituak, Erregek zuen erraten latinez Veto (debekatzen dut beiratuak edo etsekutatuak izan diten lege gaixto horiek) eta Erregeren baia gabe dekretuek ez zezaketen ukhan indarrik.

        Santerre, biera egilea, eta Saint-Huruge, marquis edo noble triste deboxatu bat zituztela buruzagitzat, Paristar erreboltatuak sarthu ziren beraz Tullerietan oihuka: «Eror dadila Morde Veto; eror dadila ere Madama Veto» (Errege eta Erregina). Errege, oihu tzar horiek aditzen zituelarik, bera pharatu zen gaixtagin heyen guzien aitzinean, eta bakharrik buru egin zeyen lau orenez.

        Madama Elisabetek, nahi izan zuenean Monarka bere anayaren hirrisku beretan aurkhitu, Erregeren aldean pharatu zeneko, gizon bat, printzesa Erreginarentzat hartuz, abiatu zen bere lantzaz phasatu behar zuela.

        Uroski norbaitek oihu egin zakon: «Ez da hori Erregina! madama Elisabeth duzu zure aitzinean».

        Legendre deltzen zen buxer bat, hurbildu zen Erregeren gana, eta zer nahi inyurio suerte erran zazkon bekhoz-bekho. Erregek ez zuen galdu, ez bere pazientzia, ez bere begitharteko arraitasuna. Bertze gizon itsusi batek ere oihu egin zuen Erregeri aproba zitzala aiphatu dekretuak; bainan Erregek zuen ihardetsi, digneki eta fermuki, ez zela ez orena, ez tokia dekretu heyen aprobatzeko. Hirurgarren batek proposatu zuen Erregeri baso bat arno edan zezan populuaren bistan eta haren osagarriari.

        Erregek, sakrifizio guzietarat prest zenak, konsentitu zuenean edatera, nola ez baitzen han basorik, hartu zuen botoila, eta bere ezpainak busti zituen edariaz, erakhusterat emaiteko ez zela beldur phozoinda zezaten. Egia da, ikhusi dugun bezala yadanik, sobera ardura izan zituela phozoindatuak arima eta bihotza.

        Paristar miserable hetarik zenbait yuan nahi izan ziren Erregina bere bi haurrekin zagon ganberara. Bisita hits hau ukhaitera zohatzila ohartu zirenean, zerbitzariek fite ezarri zituzten, trebes, zenbait mahi, hetarik baten gainean printze ttipia yarririk, eta Erregiria, Printzesa bere alabarekin, barneko aldean.

        Gaixtaginek ez zuten bertze gaizkirik egin Erreginari eta bi haurreri, xoilki hetarik batek printze ttipiari ezarri zakon bonet handi gorri bat buruan. Haur gaixoa, sei urthetan, gosetua eta unhatua, bero handi batez egon zen lau oren, yan eta edan gabe!!

        Printzesa nigarrez ikhusi zuten. Maria Antuaneta, Erreginak, ezagutzerat eman zuen, Maria Teresa inperatrizaren alaba zela.

        Yin ziren bezala yuan ziren zazpi edo zortzi mila Pariseko suyet tzar heyek, zenbait pleinituz bere kolpea huts egin zutela egun hartan; bainan ziotelarik laster itzuliko zirela egin gogo zutenaren egitera; hura zen Erregeren bethikotz tronutik khentzea eta ahal bazuten haren beraren hiltzea!!...

        Xede kriminel hori buruan, sobera fidel egon ziren eman zuten hitzari. Ekhainaren hogoiean hasirik, heyen pharteko gazeta egile batzuek, egun guziez zituzten izkribatzen artikulurik beltzenak Erregeren eta Erreginaren kontra. Guzien gainetik zen seinalatzen Marat munstroa.

        Tuilerietako yauregian bazakiten ongi zer preparatzen zuten Erreboluzioneko gizonek Erregeren kontra. Agorrilean, bederatziaren eta hamarraren arteko gauaren erditan, aditu zen Parisen kanoi ukhaldi bat lehenik, eta gero hirrisku handitan adi arazten zen eskila. Bertze arrabots frango ere izan zen karriketan, argia hasi artean. Iguzkia yeikitzen abiatu zenean, Madama Elisabetek begiak altxa arazi ziozkan Erreginari zeruetako hedoi hori hori, ederki doratuak zireneri. Helas! ekhiak azken aldikotz zuen argitu behar Luis ha aseigarrenaren erregetasuna! Dudan egonik luzaz Errege, behar zuen bai ala ez ihardoki harmekin haren etsai oste handi hari, ezagutu zuen ez zezakela khonda Suisako zenbait ehun soldadoen gainean baizik. Tristeki bainan arrazoinekin, debekatu zaioten azken hauyer berer deusik egitea alferki haren fagoretan.

        Gero laster, ikhusi zituenean yauregian sartzen, milaka eta milaka, Pariseko eta heyekin Frantzia guziko gaixtaginak, yuan zen, bere familiarekin, deputatuen biltzarrerat.

        Errege yuan ondoan ere, Suisak beren postetan zauden, partikulazki eskalerretakoak. Gaixtaginek, azken hotarik lau edo bost, beren ganat tiratu zituzten, krakoekin, eta hil berehala puñal ukhaldika.

        Bertze Suisek, ikhusiz zer sorthe krudel eta izigarria ukhan zuten heyen lagunek, eta phentsatuz heyena berdin izanen zela, memento berean beren harmak deskargatu zituzten gizon hiltzaile heyen gainerat, bai eta garbitu, memento batez, yauregia, haren baratze eta basakurteak.

        Suisak izan balire nonbrean ihes yohan zirenen segitzeko, biktorios gelditzen ziren, bainan Paristarrek, kontsideratuz zoin guti ziren, berriz yauregiko alderat itzuli ziren; han sarthu eta buxeria bat egin zuten kasik Suisa guziez. Egun guzia eta gaua, iraun zuten sarraskiek edo masakreek. Errege eta haren familia, hirur egun egon ziren biltzarrearen salan, edo haren ondoan zen komentu zahar batean. Gero, biltzarreak hitzeman ondoan Luxembourg deitzen den palaziorat yuanen zirela, igorri zituzten preso, Tenploa izena zuen lehenagoko Xebalierren komentuko dorhe batetara.

        Irakhurtzaile maitea, orhoit zaite Frantziako Erregea, eta erregetan amultsuena, izan zela gisa hortan tratatua bere suyetez; bai eta Erregina handi eta on bat eta heyekin zazpi urtheko printze xarmanta; haren arreba, hamahirur urthetako printzesa eztia, eta azkenik heyen izaba, sainda huts bat zena. Zuhorrek asmatu behar ditutzu mila eta mila xehetasun, nik hemen khonda ez detzazketanak.

        Urthe bereko hirurgarren orhoitzapen edo gerthakari izigarriez ez dut erranen zenbait hitz baizik, gaitz edo penible baita gauza batzuen iskribatzea eta heyen irakhurtzea.

        Frantzian eta Frantziatik kanpo, yakin zutenean Luis XVIna preso zela bere familiarekin, mundua espantitu, harritu zen, eta aise asmatu zuten Erreboluzioneko gizonak yuanen zirela gauzen azken kontsekentzietaraino.

        Gure erresumaren auzoetako monarkek, bederen zenbaitek, nahi zuten salbatu Luis XVIna, eta atheratu hura bere etsaien aztaparretarik. Xede hortan igorri zuten Frantziako alderat armada bat, zointan baitziren Frantziako asko Aitoren-seme estranyererat yuatera bortxatuak izan zitenak. Parisen yakin zutenean, Brunzvikeko printzea, bere Prusianoekin, sarthu zela hiri batean eta zela sartzekotan bertze batean lotsatzeko orde, gaixtoak kolera furian eman ziren, eta hartu zuten xede bat beltzenetarik, Erregeri fidel zaudenen hiltzeko.

        Danton, lehoin bati konpara zaitekena, yustiziako ministroa zen. Bera iduri bi edo hirur ehun gizon gaixtoekin, bethe arazi zituen Pariseko presundegiak eta presundegi bilhakatuak izan ziren elizak eta komentuak, bai Aphezpiku, bai aphez, fraide, Aitoren-Seme eta bertze askoez.

        Gero, dudarik gabe mundu guziaren eta mende guzien lazteko, ikhararazteko, lau egunez eta lau gauez hek guziak hil zituzten, sabre, lantza, puñal ukhaldika eta tiroka.

        Karmen komentuan eta heyen elizan imolatu zituzten gisa hortan Arxaphezpiku bat, bi Aphezpiku, biak anayak, zortzi bikario yeneral, hamazazpi semanario eta komentuetako superior, hogoi erretor, hamasei bikario, eta bertze aumonier, doktor eta kargu gabeak, orotara 197 aphez.

        Izigarrikeria horiek berak ikhusi ziren Parisen bertze sei edo zazpi tokitan. De Lamballe, printzesa gaztea, Erreginaren adiskideak, izan zuen burua ebakia, nahiz 200 mila libera eman zituzten haren libratzeko, eta buru ebakia eremana izan zen pika baten puntan Erregina zagon presondegiko leihoen azpira. Bertze andere gazte batek bere aitaren libratzeko, behar izan zuen iretsi baso bat yende odol, edo baso bat arno, odolez zikhindua.

        Parisen izan ziren hola bost edo sei mila bizia galdu zutenak.

        Bertze hiri batzuetan ere izan ziren masakre horietarik.

 

aurrekoa hurrengoa