www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki
Mixel Elizanburu
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Frantziako hirur errepubliken ixtorio laburzki, Michel Elissamburu (Gabriel Fraileren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

6en KAPITULUA

 

        Bazuen 130 urtheren ingurua, gorthea Parisetik kanpo zela harat itzuli zenean. Hango palazioan asko gauza andeatuak ziren, eta beste zenbaitek arras huts egiten zuten. Pariseko palazioan, egiazki, Errege gathibo zen. Konseilatu zakoten eskapa zadila. Nekez eta bortxaz hartu zuen xede hori. 1791an, Ekainaren 21an zenbait zerbitzari leyalekin, entseatu zen ihesi yuatera. Pariseko karriketan erreelaturik, oren baten gibelapena. Gero Parisetik kanpo, timoya karrosakoa hautsirik, bertze gibelapen bat. Errege ezagutua da 4 eta arrastatua. Tristekl itzultzen da Pariserat, afrentua frango ukhaiten duelarik bidean. Bazen 200 mila Paristar baino gehiago Erregeren familia sarthu zenean gathibo Parisen.

 

        Azken kapituluan ikhusi dugu Errege, bere familiarekin, nola yuan zen Versaillatik Pariserat. Bazuen 130 urtheren ingurua gorthea kasik bethi Versaillan zagola, eta arras arrarozki Parisen edo hango les Tuileries deitzen den palazioan agertzen zen. Hortakotz azken egoitza huntan anhitz gauza andeatuak ziren eta zenbaitek falta ere egiten zuten.

        Han, egiazki, Errege gathibo zen, bai eta haren familiako guziak, abantzu bi urthe bazuen hala zaudela, gero eta gehiago herstuak.

        Askotan konseilatu zakoten Erregeri eskapa zadin kapitaletik, eta yuan zadin bere erresumako armada, yeneral leyal eta on batek gidatzen zuen batetara.

        Ez zuen xede hori berehala hartu, ez baitzen preseski kurayea haren kalitaterik bat. Bazukeen ere bere baithan phentsamendua edo beldurkundea, Yainkoaren deseinuen konplitzeko hartua izanen zela.

        Orogatik ere, karrosa berri bat egin arazi zuen, eta, zenbait zerbitzari eta adiskide leyalekin elgar aditurik, ekhainaren hogoi eta bateko gaua, 1791an, izan zen hautatua ihes egiteko.

        Adiskide eta zerbitzari hetarik zenbait behar ditut izendatu, hala nola Morde de Fersen, urrun urrundanik Frantziarat eta Pariserat yina, Erregeren eskapatzerat laguntzeko.

        Haren ondotik behar dire izendatuak izan: Morde de Maleden, de Valory, de Moustier, Madama de Neuville, Madama Brunier eta guziz, Madama de Tourzel, printze ttipiaren eta printzesaren gobernanta.

        Erregek eta harekilako guziek beren izenak khanbiatu zituzten. Madama de Tourzel zen Rusiako barona bat, de Korff deitzen zena. Madama Elisabeth haren zerbitzaria, Rosalie izena zuena; printze ttipia, anyere gisa beztiturik, eta haren arreba, Maria-Theresa-Charlotta, deitzen ziren Aglae (Printzea) eta Amelia (Printzesa); Erregina haur heyen gobernanta zen, eta Madama Rochet zuen izena, nola Errege deitzen baitzen Morde Durand.

        Luis XVIenaren xedea zen yuateko de Bouillé yeneralak gidatzen zuen armadara, iguzkiko phartean, Frantziaren bazterrean, Montmedy deitzen den hirira. Parisetik hara, bada hirur-hogoi eta hamar lekhua baino gehiago. Egun, burdinazko bideri esker, aise eta fite laiteke bide horren kurritzea; bainan orai duela ehun urthe, bertze molderik zen ikhusten. Piaya horren ixtorioaren ongi irakurtzeko, behar da orhoitu gure Errege eta haren familia urrikalgarria Yainkoak zituela hautatu, yadanik, anhitz aldiz eta hemen berean geroxago erran eta erranen dudan bezala, bere yustiziaren apazegatzeko biktimatzat. Zer biktimak behar ziren izan!!

        Beraz asko uste eta nahigabek seinalatu zuten Erregeren ihes yuaite hura.

        Lehenbizikorik, Parisen berean, gauaren erdian, izan zuen ezin esplika daiteken oren baten gibelapena. Parisetik abiatu eta, bidean, karrosako timboya eta bertze zerbait hautsirik, izan zuen bigarren gibelapen handi bat.

        Gero, nahigaberik handiena, eta ondoriorik tristenak ekharri behar zituena, izan zen de Bouillé yeneralak Erregeren bidera igorri zituen kabalierrek eta soldadoek ez aski denbora igurikitzea haren karrosa, eta fitegi phentsatzea utzi zukeela Monarkak bere playa egiteko, edo bertze nonbaitik yuan izan zaitekela.

        Châlons izena duen hiri batetako ostaler batek ezagutu zuen Errege, haren begithartea konparatuz zilhar sei liberako batean zen potretari. Ostaler hura ona zelakotz, ixilik egon zen, eta gogotik piayant handi eta pietate egingarria utzi zuen yuan zadin aitzina bere bidean.

        Bertze hiri batean, santa Menehulean berriz izan zen zorigaizki ezagutua, Drouet deitzen zuten hogoi eta zortzi urtheko gizon gazte batez.

        Drouet, orduko Frantzesik gehienak bezala, ausikia zen Erreboluzioneko, ez uliaz, bainan bai sugeaz. Miserable harrek, zaldiz galopan, aintzindu zuen Erregeren karrosa, Varennes deitzen den hiri ttipira orduko; bai eta altxarazi haren kontra hango eta inguruetan ziren bertze herrietako yendeak.

        Alferretan Erregeak eta Erreginak othoiztu zituzten yende heyek utz zitzatela aitzina yuaiterat. Bortxatuak izan ziren tristeki gibelerat yiterat.

        Net aise da bethidanik populuari izpiritua norat nahi itzul-araztea.

        Denbora hartan, kasik Frantzia guzia, osoki sumindua zakoten Erregeren eta Erreginaren kontra. Heyen karrosarat hurbiltzen zireneri debekatua zen deus errespetuzko eta ohorezko seinalerik heyer emaitea.

        Bizkitartean, Morde de Dampierre, Santa Menehule-ondoko Aitoren-Seme batek, nahi izan zuen gaixtaginen debeku hori hautsi, Erregeri mintzatuz, dudarik gabe hari erraiteko zer atsegabeekin zuen ikhusten haren Mayestatea nola zaramaten gathibo bat bezala Pariserat.

        Morde Dampierrek, bere Monarka uztean, hartu zakon eskua hari musu bat emaiteko; bainan ordu berean izan zen masakratua eta phusketan emana Erregeren beraren bistan.

        Bertzela ziren yokhatu yendeak Ferte-sous-jouarre deitzen den hiri ttipi batean, zeren heyen buruzagiak baitziren onak.

 

        Hango mera, Morde Regnard izena zuenak, prepara-arazi zuen, bere etxean, bazkari bat Erregeren familiaren eta haren segidako guzientzat.

        Madama Regnard bera pharatu zen torxoin xuria aitzinean, estranyer handi eta mila aldiz errespetagarriak ziren heyen zerbitzatzen.

        Erreginak aise ezagutu baitzuen bere airetik, eztiki zakon erran:        «Madama, zu zare hemengo etxeko-anderea». «Barkha dezadazu», zuen ihardetsi Madama Regnardek; «ene Erregina, gure etxean zu sarthuz geroztik, ez naiz zure zerbitzaria baizik».

        Aphairua akhabatu eta, karrosarat iragaiteko phonduan, Erreginak nahi izan zuen Printze ttipiak erremesia zezan Madama Regnard.

        Haur izarra bezain ederra zen harrek, bethi erakustera uzten zuen izpiritu prunt eta handiarekin, erran zuen beraz etxeko-andereari: «Madama, Mama Erreginak eskerrak dauzkitzu bihurtzen guretzat izan ditutzun borondatez, eta nik ere berdin dauzkitzut emaiten, zeren anhitz atsegin egin baituzu Mamari.

        Ordu da ikhus dezagun zer egin zuten Paristarrek, yakin zutenean Errege yuan zela ihesi. Zenbait ziren espantitu, dudarik gabe zentzu guti zutenetarik. Bertze batzu ziren kolera furian, sarthu. Yende xehearen artean zenbait seinalatu ziren, bethi bezala, beren grosierkeriez. Hetarik asko yin ziren Tuilerietako palaziorat. Batek, Erregeren potreta khendurik bere lekhutik, eman zuen borthan dilingan.

        Emazte bat yarri zen Erreginaren ohearen gainean eta han hasi gerezi saltzen, gerezi sasoina baitzen. Neskatxa gazte bati eman zakoten Erreginaren kofia bat, erraiten zakotelarik ezar zezan buruan; kiskilsa harrek ostikatu zuen bere zangoen azpian. Deputatuen biltzarreak igorri zituen bere menbroetarik hirur Erregeren eta haren famillaren bilha; hek ziren Morde de Latour-Maubourg, Barnave eta Pethion. Lehena, noble gehienak bezala, errespetuz bethea izan zen Errege eta Erregina, hain dolu egingarriak zirenen alderat. Bigarrena, Barnave, Grenobleko deputatu gaztea, protestante, eta ordu hartan Erregeren etsala, hunkitua izan zen haren zortheaz eta haren familiarenaz. Laudagarri den molde batean pharatu zen heyer buruz, Pethion bertze gisaz yokhatzen zen denboran.

        Ixtorioko egiak nahi du errana izan dadin hirur deputatu heyek, Erregeren, Erreginaren eta Madama Elisabethen othoitzak entzunez, ongi zaindu zituztela Morde de Moustier, de Valory, eta de Maleden, bai eta hek debekatu, hamar aldiz, bidean eta Parisen sartzean, gaixtaginez masakratuak izaitetik.

        Yadanik erran dugu, Errege athera zen bere familiarekin Ekhainaren 2lan eta harat itzuli behar zuen, khondatu dugun bezala, 25an, beraz lau egunen buruan.

        Kapitalean sartzean, haren karrosa inguratua izan zen 150 mila edo 200 mila presunez, eta eman zuen, hiriko borthetarik Tuilerietako palazioraino, lau oren baino gehiago.

        Nola bero bat ezin gehiago handia egiten baitzuen, Erreginak, karrosako erridauak altxaturik, adiarazi zuen bere amabotza, erraiten zuelarik yende oste handi hari haren bi haur gaixoak, aire eskasez, hatsa galtzeko heinean zirela.

        Hola sarthu ziren beraz tristeki, gathibo handi eta maithagarri heyek bere palazioan, arratsaldeko bost orenetan. Printze ttipia, unhatua ezin gehiago, besoetan hartu zuen Morde Hue, bere zerbitzari batek, eta heldu Madama Tourzel, bi haurren gobernantaren eskuetarat.

        Deputatuen biltzarrean, yakobinen klubako gizonek, erran nahi da Robespierre eta haren lagunek, galdegin zuten Errege izan zadin yuyamenduan emana denborarik galdu gabe.

        Beren phartetik, Danton, Camille Desmoulins eta heyek iduriek nahi zuketen Errepublika ezar zezaten Frantzian berehala.

        Biltzarreak deklaratu zuen bakharrik Errege khendua zela bere kargutik denbora batentzat.

        Handik laster, berriz ezarri zutenean bere karguan (ez dut erraiten tronuan), ez zakoten utzi erregezko autoritatearen itzala baizik.

 

aurrekoa hurrengoa