www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki
Mixel Elizanburu
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Frantziako hirur errepubliken ixtorio laburzki, Michel Elissamburu (Gabriel Fraileren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

2en KAPITULUA

 

        Balmesen errana. —Yende tzar eta, bere faltaz, herromes ziren batzuen herra aitoren semen kontra. —Zer den holako gizoner doktrina faltsoen erakustea. —Tigre eta tigresak baino krudelago dire izpiritu gaizki itzuliak eta bihotz galduak. —Nola tratatu zítuzten Morde de Vauguyon, de Bezenval, de Calonne, de Belzunze de Guillin—Dumontel, de Barras, etc, etc. —Anhitz Aitoren semen yauregiak izan ziren arroatuak, erreak, destruituak. —Zer egin zakoten de Forbin Janson deitzen zenari. —Zer, Reveillon bertze bati. —Zer egin zuten haren sotoetan. —San Lazaroren komentuan ere yokhatu ziren gisa bercan. —Gaixtaginek, berak arnoz ase eta, barrikak zilhatu eta huts-arazi zituzten. —Emazteak izan ziren hatzemanak ithoak arnoan...

 

        Gure denborako Balmes Español handiak arrazoinekin erran du filosofoak, batzu bertzen kontra disputan ari direnean, heyen disputak laster yeusten direla plazetarat eta karriketarat, erran nahi baita yende xehea phasatzen dela fite hitzetarik obretara.

Preseski hori ikhusi izan da, orai duela mende bat, gure Frantzia maitean.

 

        Bai, orduan yende xeheak, edo, hobeki erraiteko, haren artean, bethi bezala, khausitzen ziren izaite gaixto eta bere faltaz herromeskerian erori batzuek, nehork ezin erranezko furia bat bazuten noblen eta aberatsen kontra.

        Halako gizoner doktrina tzarren erakustea da, denbora guzietan, othe idorrer edo lasto meta batzuer su emaitea.

        Phindar batez egin daiteke laster gar bat ikharagarria, eta Erreboluzioneko gizonek phlndar hori behin bainotan eman zuten anhitz eta anhitz tokitan.

        Hemen erran behar dut oraino ez dela basa bestiarik, tigre ez tigresarik, gizon izpiritu gaizki itzuli eta bihotz galdu batzu baino krudelagorik.

        Frantziako izenik handienak eta ederrenak ekhartzen zituztenak ziren gehienik hirriskutan denbora triste hartan.

        Hala zituzten Morde de Vauguyon, de Bezenval, de Calone eta mila bertze holako gaizki tratatu, zeren ziren aitoren-semeak. Morde de Belzunze, zoinen aitzinekoak Eskual-herritik atheratzen baitziren, Caen deitzen den hiri batean zen erreximendu baten buruzagi edo kapitain.

        Nahi izan zuelakotz ordena ona edo diziplina bere soldaduer begirarazi, populuaz izan zen hartua, masakratua, yana!.

        Geroxago, Morde Guillin Dumontek, untzietako kapitain zaharrak, Lyoneko alderdian, izan zuen zorthe bertsua.

        Hura ere phuskatu zuten eta gaixtaginetarik zenbait hatzemanak izan ziren, yandarmez, ostatu batean, haren beso baten yaten ari zirela.

        Morde de Barras, berdin zathikatu zuten, bere emaztearen bistan, eta azken hau laster hil izan zen orduko izialduraren segidaz.

        Morde de Montesson tiroka hil zuten, bere aitzinean ikhusi zuen ondoan, nola haren Aitaizunari zintzurrak egin zazkoten .

        De Barthilly izena zuen kontesa batek arnegatu behar izan zuen bere nobleziako titulu guzier, aizkora buruaren gainean atxikitzen zakotelarik eta bere bi alabak zituelarik oinetan flakatuak.

        De Listenais deitzen zen prinzesak sakrifizio bera egin behar izan zuen, atxikitzen zakotelarik burdin sarde bat lephoan.

        Morde de Montessu eta haren esposari, hirur orenez pistoleta zintzurrean atxiki ondoan, beren karrosatik atheratu zituzten ziphu handi batetara aurthikitzeko.

        Anhitz liburu egin litazke, behar balire khondatu gisa hortako orduan ikhusi ziren bertze gauza izenik ez dutenak.

        Zenbait ilhabete laburrez khonda ahal baino gehiago AitorenSemen yauregi edo gaztelu izan ziren arroatuak, erreak, edo destruituak.

        Morde de Forbin-Janson deitzen zenari bakharrik gaixtaginek egin zakoten hirur ehun mila liberaren hoben baino gehiago, destruituz haren eiherak, haren yauregiko teilatua, yauregi hartako mubleak, kapera, etc., eta ebatsiz nahi zituztenak.

        Sar gaiten orai probintzietarik Parisera. Bazen orduan Parisen, San Antonioren karrikan, paper thindatu egile bat, Langile xinple izanik, emeki, emeki, bere abileziaz eta bere entseguez, fabrika handi baten buruan pharatu zen, zituelarik bere azpiko hirur ehun eta berrogoi eta hamar langile.

        Komuzki pobretasunetik aberatstasunerat phasatzen direnak bezala, bazituen hartaz sobera yelos zirenak, eta beraz, haren etsayak. Hetarik batek asmatzen du gezur bat haren kontra. Reveillon mintzatu omen da gaizki Pariseko edo bere kartierreko populuaz.

        Kalomnia hori, ahotik ahora, ximista bezain fite phasatzen da, eta yende tzar, zertarat nahi prest zirenak, biltzen dire, oste handian, Reveillonen etxearen aintzinerat, ebiakoitz batez, San Mark egunean, 1789an.

        Lehenik hogoi eta hamar gizonek ihardokitzen dute kanaila multzo hari; bainan gero hok nagusitzen dire, borthak dituzte bortxatzen eta dira etxean sartzen. Orduan dituzte muble guziak hausten, xehatzen, arropak xintxirrikatzen eta oro su batean erretzen. Linya guzia zuten ebatsi, bai eta hatzeman zituzten diru guziak eta zilharreria guzia.

        Reveillon aski uros izan zen halere, ahal zuen bezala, bere adiskidetan gordetuz, bere biziaren kontserbatzeko.

        Haren soto eta kabak hustu zituzten, bai eta zenbaitek, arnoz ase eta, berniza likurtzat hartuz, iretsi zuten. Batzu hatzemanak izan ziren hordi-hilak; bertze batzuek, hala nola berniza edan zutenek egiazki eta errealki, leher eta zapart egin zuten zer nahi tormenten erdian. Gerthakari hits hok lkhusi ziren aphirilaren 25an, 26an, eta 27an, 1789an.

        Uztallaren hamabian eta hamahiruaren arteko gauean, San Lazaro deitzen den komentuan ere borthak hautsiak aizkora ukhaldika eta phusketan emanak izan ziren, bai eta biblioteka, harmarioak, leihoak berak, guziz Fisikako kabinet balios eta preziatua.

        Hango kabetan nahi zuten arnoa edan ondoan, barrikak, ideki eta hutsarazi zituzten.

        Biharamunean kaba arnoz bethea zen, eta han ziren, erdi edo arras ithoak, hogoi eta hamar bat presuna, zoinen artean baitzen hila haur ukhaiteko esperantzetan khausitzen zen emazte bat, eta zena yadanik bederatzigarren ilhabetean.

 

aurrekoa hurrengoa