www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki
Mixel Elizanburu
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Frantziako hirur errepubliken ixtorio laburzki, Michel Elissamburu (Gabriel Fraileren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

  hurrengoa

LEHEN PREFAZIOA

ORORENTZAT

 

        IRAKURTZAILE MAITEAK:

        Egun emaiten dut Framazonez mintzo den liburuxkaren bigarren edizionea.

        Bigarren edizione hau segitua izanen da Frantziako gure hirur Errepubliken ixtorioaz.

        Orai duela ehun urtheko Erreboluzionea eta Errepublika mila eta mila itsuskeriaz betheak izan baitziren, orduko ixtorioa, bortxaz ere, seriosa da, ez erraiteko ikharagarria.

        1848ko Errepublika, erhoska bat zen, hortakotz da haren ixtorioa bitxia, edo irri egingarria. Bainan, irriz ere, egiak erran daitezke, eta segur erranen ditugu.

        Orai dugun hirurgarren Errepublika hau, 1848koa bezala, da erdia mentsa, edo erdia imizila, duelarik hatik egite gehiago errepublika zaharrarekin. Ez bada hura bezain kokintsa, hura bezaingaixtagintsa, badu duenaren beharra, erranen dugun bezala. Ez da hunen ixtorioa akhabatua, bizi denaz geroz oraino. Leher egiten duenean, agian ahal bezain laster, erranen dire huntaz orai erran ez daitezkenak.

        Ene liburuxka berri hau nork behar du erosi? Hau erosiko dute untza bat izpiritu buruan, untza erdi bat zentzu kaskoan, eta hamabi sos sakelan izanen dituzten Eskualdun guziek.

        Norbaitek galdeginen daut oraino heya beren ixtudioak eginak dituztenek probetxurekin irakurtuko duten liburutto hau. Ene errepostua izanen da: Batere dudarik gabe.

        Ixtorioa edo bertze gauzak ikhasi nahi dituenak, lehenik hasi behar du liburu labur eta ttipi batetarik. Gero ixtudiatuko ditu liburu luzeagoak edo arras luzeak. Azkenik berriz ikhusiko ditu lebenbiziko labur eta ttipiak.

        Hau da ixtudioak akhabatuak dituztenendako. Ez da dudarik, batere ez edo guti eskoletan ibili direnek, abantail gehiagorekin irakurtuko dutela ene liburu ttipia. Egia hunek ez du froga beharrik.

        Gazte denborako orhoitzapen bat heldu zaut gogorat eta hura erran behar dut hemen.

        Beraz Baxe-Nabarreko herri batzuetan, haur bat bathaiatua izan behar zenean, aberatsa bazen, haren Amabitxia ikhusten zen mántalet baten azpian zohala, ederki, bai eta Aitabitxik bazuen phezako arropa finekin, zethazko gerriko gorria. Hek ikhusiz elizatik etxerat bihurtzen, bilduko ziren herriko muttil ttipi eta neskatxa haur guziak heyen inguruetarat.

        Alta-bitxik, besainka, aurthikiko zuen ahur bat sos, bi arditeko eta ardit, lehenago Frantziako erregek, hogoi eta berrogoi sosekoak botatzen edo botarazten zituzten bezala, beren khoronatzeko egunean.

        Haurrak, hori ikhustean, eroriko ziren lurrerat trumilka eta musurika, batzueri laster sudurretik odola zariotela, eta guziek hirriskatzen zutela ukharai edo beso bat hautsia izaitea.

        Baldin Aitabitxi hura zuhurskoa bazen eta ez bazuen deus aurthikitzen, haur saihera guzia hasiko zen oihuz, patarrakaz, karrasiaz: «Sosik ez... sosik ez... sosik ez...» Ene liburuttoa Eskualdunek ez badute erosten, adituko dute, hek ere: «Sosik ez... sosik ez... sosik ez». Ez deiet hatik erranen: «Izpiriturik ez... izpiriturik ez, zentzurik ez, zentzurik ez».

        Irakurtzaile maitea, adi zazu azken hitz bat gure lenguayaren gainean. Arrazoinekin erraiten dute Latina dela lenguaya bat net ederra, eta gehiago dena, arras zalhua, kasik nondik nahi has ditazkenaz geroz frasak latinean.

        Italianoa eta Frantsesa omen dira arraita baten soinu xarmagarriari konpara daitezkenak; nola baita Española tinbala ederraren parekoa.

        Bada, Eskuarak ez du zorrik edozoin lenguaya horieri. Hain zalhua da non erran baititake iduri duela alimalexka pullit, bizkarrean hezurrik ez duten batzueri, zoinak dobla, plega baititazke nahi bezala, eta itzularaz norat nahi.

        Lenguaya guti da Eskuara baino gehiago gai denik koblatzeko edo poesiako. Orok badakigu Poesia dela khantuzko edo koblazko lenguaya, hitz neurtuzkoa. Eskuara, erran nahi da, gure aitaamen besoetan lehen lehenik ikhasi dugun mintzaire eztia eta ederra maite duenak, gogotik erosiko du liburu hau eta hunen irakurtzetik atherako ditu gazeta edo berriketari phurtzil frantsesezko batzuetarik athera ez lezazken abantail frango.

 

  hurrengoa