www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMALAUGARREN KAPITULUA

SAN ANTONIOREN BERTUTE NAUSIAK

 

        Ez da, aski sainduen gorestea, ohoratzea, othoiztea; gauza beharrena da heien imitatzea, erran nahi da, heien urhatseri jarraikiz, hek egin dutena eginez, hek bezala saindu bilbakatzea.

        San Antonio osoki humila izan da. Ikusi dugu nola beti bertzen gibeletik bezala zagon, iduri deus ez jakin, deusetako ere ez on. Orhoitzen baitzen San Antonio Liburu Sainduetako hitz hautaz: «Jainkoak behatzen diote humilen othoitzeri, urguilutsueri aldiz gogor egiten.» Maiz gogoan erabiltzen baitzuen Salbatzailearen errana: «Ikas-azue nereganik, bihotzez eztia eta humila naizela.»

        Ardura, Sakramendu Sainduaren aintzinean ahuspez, adoratzen baitzuen Jesus Jauna Ostia Sainduan, Betelemeko aberetegian eta gurutzean baino are ezeztatuago eta, erran baditake, humilago dena.— Eta gu, ondikotz! beti ohorez eta laudorioz gose! Guretzat sekulan deus ez aski!— Galdegin diezogun San Antoniori humil izateko grazia.

        Humiltasunaren lorea da obedientzia. Oi, zoin ongi duen beti San Antoniok obeditu! Zer-nahi lan eman diezoten bere aintzindariek, arruntenak nola ohoragarrienak, guziak bardin gogotik egiten ditu. Igor dezaten Frantziarat, Italiarat, alde baterat, bertzerat, berehala eta lorietan badoa. Orhoitzen da Jesusek obeditu diotela Mariari eta Josepi; orhoitzen Jesusek bere burregoeri obeditu diotela, eta obeditzeko hil izan dela gurutzean.— Eta guk, nola obeditzen othe diotegu Jainkoak guri buruz bere ordain ezarri ditueneri? Nola obeditzen gure aita ameri? Nausi etxeko-andreri? Nola obeditzen bereziki Eliza ama sainduari, Elizaren irakaspeneri, Elizaren legeri?— Galdegin diezogun San Antoniori obedientziaren grazia.

        San Antoniok beti garbitasun saindua osoki begiratu izan du. Askok uste dute garbitasunaren kontrako tentazionerik ere ez dukela izan. Bainan hortaz dena dela, segura den gauza da Antoniok beti xahu, beti xuri xuria atxiki duela bere bathaioko arropa zerutikakoa. Eta nola bizi izan da hoin garbi?— Nola?— Galbidetarik urrun, othoitzari jarraikiz eta bere burua garrazki mortifikatuz.

        Bazakien alabainan, Izpiritu Sainduak erranik, galbideak maite dituena, han galduko dela; orhoitzen zen Salbatzailearen hitz hautaz: Atzarriak zagozte, eta beti othoitzean.— Galde zazue, eta izanen duzue; ardura gogoan bazerabilan Liburu Sainduetako itxurapen hau: garbitasuna dela «lili elhorriz inguratu baten pare», elhorriek beraz, erran nahi da mortifikazionek, begiratzen dutela garbitasunaren lorea etsaiaren aztaparretarik. Bai, bai, beti osoki garbi izan da San Antonio. Eta nola lilien artean laketzen baitzaio Jesus Jaunari, horra zergatik pausatu izan den amodiorekin eta zorionekin San Antonioren besoetan, San Antonioren bihotzaren gainean.— Eta gu, garbi bizi othe gare! Eta, ondikotz! ez balin bagare garbi, lerratu balin bagare lohikeriarat eta han bizi balin gare, zertarik heldu da makur hori?— Zertarik?— Gure othoitzeko lazokeriatik; gure mortifikazione eskasetik. Ez diogu Jainkoari aski eskatzen garbi egoteko behar dugun laguntza berezia. Ez ditugu aski zapata eta ezeztatu nahi gure jite eta jaidura gaxtoak. Ez dakigu behar denean gure begien eta beharrien hesten, gure mihiaren ixilarazten. Guziz, ez dugu nahi galbidetarik, okasionetarik urrundu.— San Antoniori, zin-zinez eta khartsuki, galdegin diezogun garbi bizitzeko, beraz othoitzari funtsez jarraikitzeko eta okasionetarik urruntzeko grazia.

        Bainan San Antonioren bertute nausia izan da: arimen salbatzeko lehia. Arimen salbatzeko, eta arimak salbatuz Jainkoari ohore eta atsegin emateko, khar bizi batek beti sustatzen zion bihotza. Arimez zen beti gose eta egarri. Arimen ondotik gau eta egun higatu du bere bizia. Badakigu, ikusi dugu, arimen salbatzeko zenbat eta zenbat harat-hunat ibili duen, zenbat eta zenbat prediku egin, sekulan bere buruari barkhatu gabe, zer-nahi nekhe eta atsegabe eztiki eta gogotik jasanez. Arimen salbatzea! Apostoluen ]ana; Jesus Jaunaren beraren lana. Ezen, zertako jautsi da Jainkoaren Semea zerutik? Zertako, gizon eginik, ixuri du bere odola gurutzean?

        Arimen salbatzeko.— Arimen salbatzea du gizonak, Jainkoaren graziarekin, egin dezaken lanik hoberena.

        Lan hori laket othe zaiku! Ba othe dugu behar ginuken lehia arimen salbatzeko? Ala, salba diten edo gal, bardintsu othe zaiku?— Arimak baditugu menturaz gure meneko, hetaz kondu bihurtu beharko baitiogu Jainkoari: gure haurren, gure sehien, arimak. Egin-ahala egiten othe dugu gure haurren, gure sehien, giristino urhatsetan ibilarazteko?— Bihotz-min othe dugu, ikusiz hainbertze arima Jainkoarenganik urrun bizi direla, jakinez erresuma osoak badirela egiazko Jainkoa ezagutzen ere ez dutenak? Zer egiten dugu arima dohakabe heien onetan? Eta zer egin dezakegu?— Zer egin?— Oxala gutarik zonbeit Jainkoak salbaia tokietarat deitzen balitu, han, San Antoniok Mahometanoen artean egin nahiko zuen bezala, Jesusen izen sainduaren ezagutarazteko eta maitarazteko. Bainan, gure herrietan egonez ere, haritzen ahal gare arimen salbatzen, eta, nahi balin badugu, asko arima lagun dezakegu zerurat heltzen. Hasteko, gogotik eta nasaiki eman, gure ahalaren arabera, Xinako esketan, Fedearen propagazioneko. Eta gero, othoitz egin, othoitz hainitz bekhatorosentzat. Errana da Santa Teresak, bere komentutik, othoitzaren indarrez hainbertze arima salbatu duela, nola San Frantses, saindu Eskualdun, misionest guziz famatuak, bere lan, nekhe, prediku eta mirakuilu guziez. Othoitz beraz bekhatorosentzat, Jainkoa ezagutzen edo maite ez dutenentzat. Eta othoitzik hoberena hortarakotz, Jesus Jaunak berak irakatsi othoitza, Gure Aita, bereziki Gure Aitako lehen phartea: Gure Aita... ethor bedi zure erresuma, egin bedi zure borondatea zeruan bezala lurrean ere.— Gure Aitaren ondotik, Agur Maria.— Maria Saindua... egizu othoitz gu bekhatorosentzat...

        Galdegin diezogun ardura San Antoniori arimen salbatzeko lehia khartsu bat [Erran gabe doa lehia hori ez litakela egiazkoa, baldin geroni, axolarik gabe, bekhatuan edo lazokerian bizi bagine].

 

aurrekoa hurrengoa