www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMABIGARREN KAPITULUA

SAINDUEN LERROAN EZARRIA DA

(1232)

 

        Antonio ehortzi orduko, jendea nondik nahitik, hurbildik, urrundik, burrustan abiatu zen haren hobirat, beila toki baterat bezala; eta hil ondoan, bizi zelarik baino are mirakuilu gehiago egiten zuen, eta, erran baditake, handiagoak. Lehenbiziko urthean berean kondatu zituzten berrogoi-ta hamar bat mirakuilu. Huna mirakuilu hetarik bia:

 

Basoaren eta arnoaren mirakuiluak

        Egun batez, Paduako ostatu batean, Alkardino deitzen zen soldadu batek zerasan, bai eta harek etzuela sinhesten; Antoniok zioten bezalako mirakuilurik egiten zuela. Bertzeak, baietz; harek, ezetz. Azkenean, baso bat hartzen du eskuan, eta erraten: «Baso hau lurrerat artikiko dut; zuen Antoniok diozuen bezenbat ahal balin badu, begira beza haustetik.» Erran, eta egin. Basoa egin-ahala besainka artikitzen du; eta oso-osoa gelditzen da, den gutieneko arrailarik eta matxerrik gabe. Alkardinok amor ematen du berehala; eta handik goiti non-nahi eta noiz-nahi Antonioren ahal pare gabekoaren goresten hari zen.

        Zonbeit egunen buruan, norbeitek jende multzu haten aintzinean kondatu zuen basoaren mirakuilu hori. Aditzailetarik bat irriz eta burlaz hasten da. «Ori, du erraten, eskuetan hartzen dituelarik baso huts bat eta mahats aihen ihar batzu, ori, San Antoniok aihen hautarik aski mahats sorraraz beza baso hunen arnoz bethetzeko, eta orduan sinhetsiko dut zuk kondatu mirakuilua.» Eta huna non, ixildu deneko, aihenak ernatzen diren eta hantzen; hostuak agertzen dire, hostoen ondotik mulkoak; laster mahatsa hazten da eta ontzen; lehertzen dute, eta arnoak baso hutsa hegiraino bethetzen du.

        Han ziren guziak loriaz xoratu ziren; eta nihork geroztik etzituen sinhets-gaitz harek baino gorakiago eta suharkiago Antonioren laudorioak errepikatzen.

 

        Paduako aphezpikuak, ikusirik Antoniok hil ondoan ere egiten zituen mirakuiluak, Aita Sainduari galdegin zion, pare gabeko fraile misionest hura ezar zezan sainduen lerroan. Alabainan, Aita Saindüak bakharrik erran dezake eta erraten du segurki, norbeit zeruan dela, eta merezi duela gure elizetan goraki ohoratua eta othoiztua izatea. Maizenik, kasik beti, gauza horrentzat denbora luzea behar da; batzuetan mende bat, bi mende, edo gehiago. Bainan Antonioren saindutasuna Jainkoak hain garbiki ezagutarazi eta hainbertze mirakuilu ezin ukhatukoez argitan ezarri zuen, non, hila zela urthe bat arras etzuelarik, 1232an, maiatzaren 30ean, Aita Sainduak San Frantsesen haur benedikatua eman eta finkatu baitzuen sainduen lerroan, eta berak lehen-lehenik, Jainkoari eskerrak bihurtzen ziozkalarik, ohoratu eta othoiztu. Aita Sainduak orduan Antonio deitu zuen: Elizako mirakuilu egile handia. Eta ordutik eta menderen mende, Lisbonako seme, Martin de Bouillonen eta Teresa Taveraren haurra, deitua da: SAN ANTONIO; eta guk ere, hemendik harat, hola izendatuko dugu, amodiorekin eta fidantziarekin: San Antonio! Eta nola Paduan baita haren gorphutza, nola Padua maitatu baitzuen bertze toki guzien gainetik, nola Paduan betitik eta beti ohoratua baita bertze toki guzietan baino hobeki, horra zergatik deitua den: San Antonio PADUAKOA.

        Aita Saindua Ezpoletako hirian zen, San Antonio aldaren gainean ezarri zuenean. Bada, Ezpoletako eliza nausian phesta saindu hori hari zelarik, Jainkoaren nahi eta obra miragarria! egun berean, tenore berean, Lisbonen, Antonioren sor-tokian, eliza guzietako ezkilak beren baitarik jotzen abiatu ziren. Ez baitzuten bada egundaino hain errepika ederrik eta ozenik adiarazi! Nondik eta zertarik heldu zen gertakari hori? Jendek etzakiten zer asma. Bainan bihotzetan bazen sekulan ez bezalako gozo bat, zerutikako atsegin eta bakhe ezti bat bezala.— Lisbonan etzuten jakin berri handia hilabethe baten edo bien buruan baizik; eta orduan ikusi zuten heien ezkilak errepikaz hasi ziren egun berean eta tenore berean Aita Sainduak Antonio ezarri zuela sainduen lerroan.

        Laster bazter guzietan hedatu zen San Antonioren debozionea, eta guziz Italian, Frantzian eta Portugalean; Paduan eta Lisbonan bereziki egin zituzten phesta pare gabekoak.— Gauza osoki bakhan gertatzen dena: Lisbonako elizan San Antonioren laudorioak errepikatzen zituztelarik, San Antonio belhauniko ohoratzen eta othoizten zutelarik, han ziren sainduaren bi arreba, Feliziana eta Maria; han zen menturaz haren aita; han zen segurki haren ama. Ama dohatsua! populu giristino guzia ikusten du bere semearen oinetan ahuspez, othoitzean!

        Teresa Tavera hil zenean, haren hil-harrian etzikuzten ezarri hitz hauk baizik: Hemen ehortzia da San Antonioren Ama.

 

aurrekoa hurrengoa