www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMAHIRUGARREN KAPITULUA

ZERGATIK SAN ANTONIO OTHOIZTEN DEN
BEREZIKI GAUZA GALDUEN KAUSITZEKO

 

        Santa Teresak, San Josepez mintzo delarik, erraten dauku: «Ez naiz orhoitzen egundaino San Josepi zerbeit galdeginik, ardietsi gabe. Jainkoak bertze saindueri ez diote eman behar-ordu batean edo bertzean baizik gure laguntzeko ahala; San Josepen ahala aldiz, frogaturik badakit, hedatzen da denetarat.»— Hein batean gauza bertsua erran ditake San Antonioz. Zer-nahi behar-orduetan, ala arimakoetan, ala gorphutzekoetan, hel egin zakion, ez da alferretan haren laguntza eskatzen. Bizkitartean San Antoniori othoitz egiten zaio bereziki gauza galduen atzemateko; eta maiz eta ardura San Antoniok holako othoitza entzuten du eta saristatzen. Zertarik ethorria da giristinoen sinheste hori? Nondik jakin dute San Antoniok bazukela gauza galduen kausiarazteko ahal berezi bat? Zerk ekharri ditu ahal horren frogatzerat? Xuxen ez dakigu; bainan hainitzek uste dute debozione hori, San Antonio bizi zelarik gertatu mirakuilu baten ondorioa dela.

        Frantzian zen orduan gure Saindua. Erran dugun bezala, prediku ederrak ematen zituen, prediku xoragarriak. Erleak, lorez lore ibiliz, eztia egiten duen bezala, San Antoniok, Liburu Sainduetako hitzetarik ederrenak hartuz, heiekin arimentzat hazkurri guziz gozoa eta hazkarra egiten zuen. Bada prediku hetarik zenbeit berak iskribuz ezarriak zituen liburu batean, eta liburu huni hainitz atxikia zen.— Egun batez, haren komentu berean bizi zen fraile gai batek ebasten dio liburu hura, eta badoa ihesi. Mentsa! Uste zuen, bere tenorean, liburu harekin San Antoniok bezen ongi predikatuko zuela. Liburuez bertzerik behar baita ordean ongi predikatzeko.— Dena dela, zer bihotz-mina. San Antoniorentzat, ohartzen denean bure liburu maitea eskas duela! Ez dezake asma nork ereman dion; ez daki nori galde. Zer eginen du beraz? Beti bezala, bere behar-orduetan, othoitz, othoitz khartsuki eta luzeki. Eta, oro dazkien Jainkoak entzuten du.

        Bidez bide ihesi, ohoina ur handi baten bazterrerat heldua zen. Zubian sartzerat doalarik, mamu izigarri bat agertzen zaio haizkora bat eskuan, eta erraten dio boz samin batekin: «Hoa gihelat, sar hadi berritz hire komentuan, eta emok frai Antoniori bere liburua. Bertzenaz, Jainkoaren manuz, hiltzen haut eta urerat artikitzen.»

        Ikharaturik, ohoina itzultzen da komenturat; eta, San Antonioren aintzinean ahuspez eta nigarrez, galdetzen dio barkha diezon, eta lagun dezan bere othoitzez.

        Bertze batzuek diote, jendek ikusirik zenbat arimeri San Antoniok bihurtzen zioten galdu zuten fedea, beren baitan egin zutela, bazukela naski gorphutzeko gauzentzat ere indar bera; eta hala hasia, eta emeki emeki, jendea ongi heltzen zelakotz, finkatua dela debozione hori.

        Dena dela, gauza segura da, non-nahi eta noiz-nahi San Antonio othoiztu eta othoizten dela gauza galduen kausitzeko, eta maiz eta ardura, othoitz horien ondotik, kausitu direla.

 

aurrekoa hurrengoa