www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN KAPITULUA

EGITEN DA SAN FRANTSESEN FRAILE

(1220)

 

        Zenbeit urthe zuen bakharrik San Frantses Asisakoak bere fraile ordena berria [Frantzizkanoak eta Kaputxinoak San Frantsesen fraile dire] egin zuela. San Frantses bizi zen oraino, eta haren lehen xedetarik bat zen, bere fraileak misionest bezala igortzea Mahometanoenganat, hauien Jesu-Kristoren legerat biltzeko. Orduan, orai bezala, Mahometano gehienak Afrikan zagotzin. Eta horra zergatik, Portugaletik Afrikarat itsas bide errexa eta laburra delakotz, San Frantsesek bi komentu finkatu zituen Portugaleko lurretan. Komentu hetarik bat Coimbreko komentutik hurbil zen; eta, nola San Frantsesen fraileak esketik bereziki bizi baitire, maiz eske heldu ziren Coimbreko komenturat, San Agustinen kalonjetarat. Hola ezagutu zituen Fernandok.

        Bada, 1219an, bortz San Frantsesen fraile Italiatik Afrikarat joan ziren Portugalean barna. Bidean, aterbe izan zuten Coimbreko komentuan. Heiekin nasaiki mintzatu zen Fernando; hobeki jakin zuen nor eta zer zen San Frantses, zenbat mirakuilu egiten zuen, nola eta zertako egin zuen bere fraile ordena berria. Ikusi zuen bertzalde Mahometanoenganat zoazin misionest heien fede khartsua, ikusi zoin gogotik emanen zuketen beren bizia Jesu-Kristorentzat, arimen Jesu-Kristori irabazteko; eta, ordutik, sortzen abiatu zen haren bihotzean misionest eta martir izateko gutizia.

        Doi-doia aiphatu misionestak, Afrikara heldu orduko, predikatzen hasi ziren: «Jesu-Kristo, zioten goraki, Jesu-Kristo egiazko Jainkoa da, Mahomet aldiz gezurti bat.» Laster preso eman zituzten, eta hil. Bainan heien erlikiak, mirakuiluz bezala, Portugalerat ekharri ahal izan ziren. Portugaleko erregeak nahi zuen Coimbreko eliza nausian ezartzea. Zer-nahi jende joan zen biderat, aphezekin, aphezpikuarekin; erregea bera han zen. Bainan huna non, Fernando zagon komenturat hurbiltzearekin, erlikiak zaramatzan abrea gelditzen den; eta nihork ez deusek ez dezake aintzinat joanaraz. Jendearen oihuak eta azantza aditurik, heldu dire San Agustinen kalonjeak, idekitzen dute beren kaperako athea; eta, ordu berean, abrea sartzen da kapera hartan, badoa aldare aintzineraino, eta han gurturik ematen eta egoten, erlikiak bizkarretik khendu artio.

        Jainkoak horrela bere nahia garbiki irakusten zuen. Han beraz, Coimbreko komentuko kaperan, utzi zituzten bortz martiren erlikiak. Zer zoriona Fernandorentzat! Maiz, erlikia saindu heien aintzinean ahuspez, bere baitan egiten zuen: A! nik ere, horiek bezala, nere odola ixurtzen ahal banu arimentzat, Jesu-Kristorentzat! Azkenean, 1220eko uztailean, nola, usaiaren arabera, San Frantsesen fraileak eske ethorriak baitziren Coimbreko komenturat, Fernando lañoki mintzatzen zaiote, eta erraten diote gogotik egin litakela hura ere San Frantsesen fraile, baldin hitzematen baliote igorriko dutela fedearen predikatzerat Mahometanoen arterat. Hitzematen diote, eta, handik laster, bere Coimbreko komentuko aintzindarien baiarekin, Fernando sartzen da San Frantsesen frailen komentuan, eta, han sartzean, hartzen du izentzat: ANTONIO.— Oraitik, Antonio deituko dute guziek, eta guk ere hala eginen dugu. Hogoi-ta bortz urthe zituen orduan Antoniok; urthetsu bat izan behar zuen apheztua zela.

 

aurrekoa hurrengoa