www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

BERE KARGUA UTZIRIK,
MUNDUTIK URRUN BIZI DA

(1230)

 

        1230eko primaderan, jadanik akabatua zen Asisan, San Frantsesen gorphutza han ezartzeko, egin zuten eliza guziz ederra. Phesta handiak izatu ziren orduan; eta nork erran, nork asma zer bihotzeko gozoarekin Antoniok othoitz egin zuen San Frantses bere Aitaren erlikien aintzinean!

        Phesten ondotik, izan zen fraile aintzindari guzien biltzarre osoa. Ordu artio, ala Frantzian, ala Italian, Antoniok, bere misionez kanpo, hainitz lan izan zuen. Kargu handia da alabainan komentu buruzagi izatea, jakitate, zuhurtzia, atzartasun handia galdegiten duen kargua. Antoniok beti kargu hortako eginbideak ahalik hobekiena bethe zituen, beti bere hitza bere egintzez finkatuz. Fraile on, Jainkoaren araberako fraile izateko, aski zuten Antonioren azpiko zirenek beren buruzagiaren urhatseri jarraikitzea. Bainan orai, bai nekhatua delakotz, bai eta bere denbora eta indar guziak misionetako izateagatik, ez luke gehiago fraile laguneri buruz batere kargurik eta kargarik nahi. Fagore hari galdetzen dio beraz san Frantsesen frailen buruzagi lehenari, eta ardiesten du; eta, gehiago dena, buruzagi nausiak haizu uzten du nahi duen tokian egoterat. Antoniok hautatzen du Paduako hiria, bai hango jendek fede arras bizia zutelakotz, bai berak hainitz maite zituelakotz; bai eta hiri hartan san Frantsesen haurreri hainitz atxikiak zirelakotz. Bainan, Paduarat joan baino lehen, egon nahi izan zen zenbeit egunez bakhartasunean, ixiltasunean, othoitzari eta penitentziari emana, mundutik osoki berex, Jainkoarekin buruz buru. Hola baititu arimak nasaikiago zerutikako argiak ardiesten, hola baita Jainkoaren amodio garbiz gero-ta-gehiago sustatzen. Joan zen beraz Albernako gainerat: han laket zuen san Frantsesek, Jesusek Olibetako baratzean bezala, othoitz egitea; han aingeru batek san Frantsesen haragi bizian ezarri zuen Salbatzailearen zaurien iduria. Mendi saindu hari zarraizkon orhoitzapenek Antonioren bihotzean piztu zuten lehia berri bat, Jainkoaren ezagutza eta amodioa munduaren artean gero-ta-hobeki hedatzeko.

        Handik Paduarat jautsi zenean, loriatu ziren guziak. Jende xehe, jende handi, aphez, hiriko aintzindari, oro ethorri zitzaizkon, berritz ere predikatzen has zadin galdez. Etzakiten oraino, etzezaketen urrundik ere asma, zenbat aiphatua eta ohoratua izanen zen Padua Antoniorengatik! Etzakiten zer izurritetik begiratu behar zituen Antoniok!

 

aurrekoa hurrengoa