www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Antonio Paduakoa
Laurent Diharasarri
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Antonio Paduakoa, Laurent Diharassarry. Lasserre Baitan, 1897.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN KAPITULUA

SORTZETIK ETA HAMABORTZ URTHETARAINO

(1195-1210)

 

        Antonio sortu zen Lisbona, Portugaleko hiri nausian, 1195ean, Aboztuaren 15ean. Aitoron seme, aitaren aldetik arbasoak Frantsesak zituen, amaren aldetik Espainia Asturietako erregen odolekoak. Aitak izena zuen: Martin de Bouillon; amak: Teresa Tavera. Lehen haurra zuten hau, eta bathaioan izena eman zioten: FERNANDO.

        Teresak bazakien, ama izatea kargu eder bezen karga handi dela, ohore horrek badakhartzala eginbiderik hertsienak, eta arta eta atzartasun handienekin lehiatu zen giristino legearen ezagutza eta amodioa bere haurrari ematerat. Andre-dena Mariarenganat bereziki itzuli zuen ahalaz Fernandoren bihotza. Alabainan, Mariari galdegin zion Teresak seme bat; Mariaren eliza batean bathaiarazi zuen, Mariari bathaiotik lekora kontsekratu; eta bere besoetan edo altzoan zaukalarik, Mariaren izena zion maiz errepikatzen, irakasten. Haurra handituxe zen bada, Teresak noiz-nahi berekin kantarazten zion Ama Birjinaren himno eder eta gozo bat.

        Ez da beraz harritzeko, Fernandok bere bizi guzian Mariarentzat izan badu debozionerik samurrena. Haur-haurra, nigarra utzirik, eztiki irriz hasten da Andre-dena Mariaren potret bat ikusi orduko. Fraile, osoki emanen da Ama Birjinaren gerizan eta eskuetan. Misionest, Mariaren laudorioak, Mariari Jainkoak eman dohain bereziak goraki errepikatuko ditu; eta, hiltzeko orenean berean, haurretik eta beti hanbat laket izan zitzaion kantua adiaraziko du: O gloriosa Domina, o ene andre loriosa.

        Hamar urthetan Fernando eskoletan eman zuten. Denbora hetan eliza nausi edo kathedrale gehienek bazituzten beren eskolak, eta jende handiek gogotik beren haurrak ezartzen zituzten eskola hetan. Fernando sartu zen Lisbonako eliza nausiari zarraikon eskolan, eta han egon zen bortz urthe. Buru ona zuen, errextasun handia zer-nahiren ikasteko; beti bere nausien erranari behatzen zen, eta hauk lorietan zagotzin ikusiz mutiko gazte bat hain ernea eta eskolako gauzeri jarraikia, eta guziz hain prestua eta Jainkotiarra: Fernandoren atseginik hoberena zen elizako ofizioetan kantatzea, eta meza sainduaren laguntzea.

        Maiz eta ardura elizarat joaten zen, eta han luzaz othoitzean egoten. Egun batez, aldare aintzinean zagolarik belhauniko, debrua, izitu nahiz eta elizatik kasatu, agertzen zaio itxurarik itsusienarekin. Fernando orhoitzen da gurutzearen seinalearen indarraz; berehala egiten du lurreko harriaren gainean, eta debrua ihesi badoa, sunsitzen da. Gehiago dena, harria lur beratz bat izan balitz bezala, Fernandok erhia erabili zuen tokian gurutzearen itxura agertzen da eta finkatzen, eta egungo egunean oraino, Lisbonako eliza nausian, beilatiarrek errespeturekin besarkatzen dute mirakuiluzko marka hura.

        Etsaiak Fernando Jainkoarenganik urrundu nahi zuken. Bainan, aitzitik, debrua hola jazarriz geroz, mutil gaztea are hobeki sartzen da bere baitan. Hobeki ezagutzen du mundu huntako ohoreak, atseginak eta aberastasunak deus ez direla; eta, hamabortz urthetan, hartzen du xedea komenturat joateko eta fraile egiteko.

 

aurrekoa hurrengoa